229. ALDIZKARIA - 2023ko azaroaren 3a

3. ESTATUKO ADMINISTRAZIOA

GOBERNUAREN ORDEZKARITZA

Ebazpena, Energia Politikako eta Meatzeetako Zuzendaritza Nagusiak emana, zeinaren bidez ezesten baita Desarrollo Empresarial Traxman SLren eskaera, Nafarroako eta Errioxako probintzietan ezarri beharreko 49,9 MWp-ko eta 48,118 Mwn-ko "RIOJA 3" eguzki-instalazio fotovoltaikoaren eta haren ebakuazio-azpiegituraren proiekturako aurretiazko administrazio-baimenari buruzkoa, eta erabakitzen baita PFot-406 espedientea artxibatzea.

Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53. artikuluan eta Energia elektrikoa garraiatu, banatu, merkaturatu eta horniketa egiteko jarduerak eta instalazioak baimentzeko prozedurak arautzen dituen abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat, Energia Politikako eta Meatzeetako zuzendari nagusiak honakoak kontuan hartu ditu:

I.–Aurrekariak.

Lehena.–Aurretiazko administrazio-baimenaren eskaera.

Desarrollo Empresarial Traxman SLk (aurrerantzean, sustatzailea edo Desarrollo Empresarial Traxman SL), 2020ko azaroaren 28an, aurretiazko administrazio-baimena eskatu zuen 49,9 MWp-ko eta 48,118 MWn-ko "RIOJA 3" eguzki-instalazio fotovoltaikorako eta honako hauek osatutako haren ebakuazio-azpiegiturarako: 30 kV-ko ebakuazio-lineak Rioja azpiestazioraino (30/132 kV), Rioja azpiestazioa (30/132 kV) eta 132 kV-ko aireko ebakuazio-linea, Rioja azpiestaziotik (30/132 kV) Santa Engracia azpiestazio biltzailera (132/400kV), Nafarroako eta Errioxako probintzietan (aurrerantzean, proiektua).

Bigarrena.–Izapidetzeko onartzea.

Zuzendaritza nagusi honek egiaztatu zuen Nafarroako eta Errioxako probintzietan ezarri beharreko Rioja 3 eguzki-instalazio fotovoltaikoaren eta haren ebakuazio-azpiegituraren proiekturako aurretiazko administrazio-baimenaren eskaera aurkeztu eta izapidetzeko onartu zela.

Era berean, zuzendaritza nagusi honek, 2021eko ekainaren 10ean, metatze-erabakia eman zuen, RIOJA 1 (SGEE/PFot-590), RIOJA 2 (SGEE/PFot-591) eta RIOJA 3 (SGEE/PFot-406), bakoitza 49,896 MWp / 48,118 MWn-ekoa, instalazio fotovoltaikoen eta haien ebakuazio-azpiegituren aurretiazko administrazio-baimenaren espedienteak batera izapidetzeko (PFot-406 AC espediente-zenbakia dute).

Hirugarrena.–Eskaera abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren arabera izapidetzea.

Zuzendaritza nagusi honek Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzako Industria eta Energia Arlora eta Gobernuak Errioxan duen Ordezkaritzako Industria eta Energia Arlora igorri die espedientea, horiek baitira baimen-eskaeraren espedientea izapidetzeko eskumena duten organoak, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 113. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuan eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera, aurretiazko administrazio-baimenaren eskaera, proiektuarekin eta ingurumen-inpaktuaren azterketarekin batera, jendaurrean jarri zen, Estatuko Aldizkari Ofizialean eta ukitutako probintzietako Aldizkari Ofizialean behar bezala argitaratuta, eta, era berean, dagozkion txostenak eskatu zaizkie zerbitzu publikoko edo interes orokorreko zerbitzuetako administrazio, organismo eta enpresei, instalazioak haien kargurako ondasun eta eskubideetan eragin dezakeen zatian, bai eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen arabera txostena aurkeztu behar duten erakundeei ere.

2021eko azaroaren 15ean, Gobernuak Errioxan duen Ordezkaritzako Industria eta Energia Arloaren txostena eta izapidetze-espedientea jaso ziren, eta 2021eko urriaren 28an, berriz, Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzako Industria eta Energia Arloaren txostena eta izapidetze-espedientea.

Laugarrena.–Ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa.

2021eko abenduaren 20an, Ingurumen Ebaluaziorako Zuzendariordetza Nagusiari bidali zitzaion espediente hori, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura hasteko, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 39. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Ingurumen Kalitatearen eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusiak, 2022ko ekainaren 17an, ebazpena eman zuen RIOJA 3 eguzki-parke fotovoltaikoaren eta hari lotutako ebakuazio-azpiegituraren kontrako ingurumen-inpaktuaren adierazpena eginez (aurrerantzean, kontrako ingurumen-inpaktuaren adierazpena), ondorioztatu baitzuen proiektu horrek, ziur aski, kalte esanguratsuak izanen dituela ingurumenean, eta sustatzaileak aurreikusitako prebentzio-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak ez direla berme nahikoa ingurumena behar bezala babesteko. Ebazpen hori esteka honetan eskuratu daiteke:

https://www.boe.es/diario_boe/txt.php?id=BOE-A-2022-10649

Sustatzaileak, 2023ko otsailaren 24an, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu zuen Nafarroako eta Errioxako probintzietan kokatutako RIOJA 3 instalazio fotovoltaikoaren eta haren ebakuazio-azpiegituren aurretiko administrazio-baimena administrazio-isiltasunez ustez ezetsi izanaren aurka.

Bosgarrena.–Espedienteen metaketa desegiteko erabakia.

Proiektu metatuaren gaineko ingurumen-inpaktuaren adierazpena egin ondoren, Energia Politikako eta Meatzeetako Zuzendaritza Nagusi honek erabaki zuen, 2023ko ekainaren 7an, proiektuak bereizita izapidetzea, bakoitzari buruzko behin betiko ebazpena eman aurretik. Horrenbestez, metaketa horrek ez du ondoriorik izanen, eta bereiz ebatziko dira Nafarroako eta Errioxako probintzietan ezarri beharreko Rioja 1, Rioja 2 eta Rioja 3 (49,99 MW-ekoa bakoitza) eguzki-parke fotovoltaikoetarako eta haien ebakuazio-azpiegiturarako aurretiazko administrazio-baimenaren espedienteei dagozkien prozedura guztiak.

Horrenbestez, Nafarroako eta Errioxako probintzietako 49,99 MW-eko "Rioja 3" eguzki-parke fotovoltaikoaren eta haren ebakuazio-azpiegituraren proiektuari administrazio-baimena emateko prozedura PFot-406 kodeko espedientean gauzatuko da.

Seigarrena.–Sarbide- eta konexio-baimenak.

Proiektuak garraio-sarera sartzeko eta konektatzeko baimenak lortu zituen, sarera sartzeko bidegarritasun txostenaren bidez, konexiorako baldintza teknikoen betetzeari buruzko txostenaren bidez eta konexiorako baldintza teknikoen egiaztapenari buruzko txostenaren bidez, Red Eléctrica de España SAUren jabetzako 400 kV-eko SANTA ENGRACIA azpiestazioan.

2023ko ekainaren 15ean, Red Eléctrica de España SAUren idazki bat sartu zen ministerio honen erregistroan, zeinaren bidez jakinarazten baita iraungi egin direla ekainaren 23ko 23/2020 Errege Lege-dekretuan xedatutakoa aplikatuz emandako sarbide- eta konexio-baimenak. 23/2020 Errege Lege-dekretuak energiaren arloko eta ekonomia suspertzeko beste eremu batzuetako neurriak onesten ditu.

Zazpigarrena.–Entzunaldiaren izapidea.

2023ko irailaren 5ean jakinarazi zen proiektuaren aurretiazko administrazio-baimenaren eskaera ezesten duen ebazpen-proposamenari buruzko entzunaldiaren izapidea, SGEE/PFot-406 espedientean.

2023ko irailaren 25ean, sustatzaileak erantzun zuen ez zegoela ados IIAren oinarriekin, eta, beraz, aldeko beste IIA bat emateko eskatu zuen, ondorioak kontrako IIA eman zen egunera atzera eramateko eta sarbide- eta konexio-baimenak indarrean daudela deklaratzeko, bere garaian aldeko administrazio-baimenaren ebazpena eman ahal izateko.

Jasotako dokumentazioa aztertu ondoren, Energia Politikako eta Meatzeetako Zuzendaritza Nagusi honek ebazpen hau eman du.

II.–Oinarri juridikoak.

Lehena.–Aplikatu beharreko arauak.

Kontuan hartu da abenduaren 26ko 24/2013 Legean, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuan, Ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Energia elektrikoa garraiatzeko eta banatzeko sareetarako sarbideari eta konexioari buruzko abenduaren 29ko 1183/2020 Errege Dekretuan ezarritakoa.

Bigarrena.–Energia elektrikoa ekoizteko instalazioen baimena.

Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legeak energia elektrikoa ekoizteko jarduerei buruzko 21. artikuluan xedatzen duenez, energia elektrikoa ekoizteko instalazio bakoitza abian jartzeko, aldatzeko, aldi baterako ixteko, eskualdatzeko eta behin betiko ixteko, 53. artikuluan eta hori garatzeko araudian ezarritako baimen-araubidea bete beharko da aldez aurretik.

53. artikuluak garraiorako, banaketarako, ekoizpenerako eta zuzeneko lineetarako instalazio berriak martxan jartzea arautzen du, eta honako administrazio baimen hauek lortu behar dituela ezartzen du: aurretiazko administrazio-baimena, eraikitzeko administrazio-baimena eta ustiatzeko baimena.

Abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 3.13 artikuluaren arabera, Estatuko Administrazio Orokorrari dagozkio, lege horretan ezarritako baldintzetan, honako eskumen hauek:

"Instalazio elektriko hauek baimentzea:

a) Energia elektrikoa ekoizteko penintsulako instalazioak, horien ebakuazio-azpiegiturak barne, 50 MW elektrikotik gorako potentzia elektriko instalatua dutenak, penintsulako garraio primarioko instalazioak eta 380 kV-eko edo gehiagoko tentsioko hartuneak."

[...] b) Autonomia erkidego baten lurralde-eremua gainditzen duten ekoizpen-instalazioak, horien ebakuazio-azpiegiturak barne, bai eta Estatuaren eskumeneko sorkuntza-instalazioei konektatutako linea zuzenak ere.

Aurretiazko administrazio-baimenari dagokionez, abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53. artikuluak xedatzen duenez, instalazioaren aurreproiektuarekin izapidetuko da, dokumentu tekniko gisa, eta, hala badagokio, ingurumen inpaktuaren ebaluazioarekin, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera, eta enpresa baimenduari instalazio jakin bat baldintza jakin batzuetan egiteko eskubidea emanen dio. Energia sortzeko instalazioen administrazio baimena ezin izanen da eman titularrak ez baditu aldez aurretik lortu kasuan kasuko garraio edo banaketa sareetarako sarbide- eta konexio-baimenak. Halaber, baimen-eskaerak urriaren 1eko 39/2015 Legean oro har jasotako administrazio-baldintza orokorrak bete behar ditu, baita aplikatzekoa den araudi sektorialean jasotako baldintza orokor teknikoak ere.

Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuak 121., 122., 123. eta 124. artikuluetan arautzen ditu, oro har, administrazio-baimenaren eskaerari buruzko zenbait gai. Bereziki, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 124. artikuluak ezartzen duenez, energia elektrikoa ekoitzi, garraiatu eta banatzeko instalazioen proiektuek ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa beharko dute, arlo horretan aplikatzekoa den legeriak hala eskatzen duenean.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 42. artikuluak ezartzen du organo substantibo horrek behar bezala kontuan hartu beharko duela, proiektua baimentzeko prozeduran, egindako ingurumen inpaktuaren ebaluazioa.

Hirugarrena.–Ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen proiektuei aplikatu beharreko ingurumen inpaktuaren ebaluazioa.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeak proiektuen ingurumen inpaktuaren ebaluazioa arautzen du; besteak beste, haren aplikazio-eremuan sartzen diren obrak eta instalazioak egitea, ulertuta ebaluazioa prozesu bat dela non aztertzen baitira, baimena eman aurretik, proiektuek ingurumenean dituzten edo izan ditzaketen ondorio esanguratsuak, esan nahi baita biztanlerian, giza osasunean, floran, faunan, biodibertsitatean, geodibertsitatean, lurrean, lurzoruan, lurpean, airean, uretan, kliman, klima-aldaketan, paisaian, ondasun materialetan (kultura-ondarea barne), bai eta aipatutako faktore guztien arteko interakzioa ere. Lege horrek Europar Batasuneko zuzenbidearen transposizioa egiten du arlo horretan.

II. tituluko lehen atalean, ingurumen inpaktuaren adierazpena egiteko ingurumen inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura arautzen da.

Hala, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluak ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta beharko duten proiektuak zein diren xedatzen du, eta, horien artean, I. eranskinean jasotakoak, bai eta, zatikatuta aurkeztuta ere, I. eranskineko atalaseetara iristen direnak ere, aztertutako proiektu bakoitzaren magnitudeak edo dimentsioak metatuta.

Ingurumen Kalitatearen eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusiari dagokio Estatuaren eskumeneko proiektuen ingurumen inpaktua ebaluatzeko prozedurez ebaztea, Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren oinarrizko egitura organikoa garatzen duen eta urtarrilaren 28ko 139/2020 Errege Dekretua, ministerioetako departamentuen oinarrizko egitura organikoa ezartzen duena, aldatzen duen apirilaren 28ko 500/2020 Errege Dekretuaren 7.1 c) artikuluaren arabera.

Prozedura horren barruan, ingurumen-organoak egiten du, batetik, azterketa formala, proiektua eta ingurumen-inpaktuaren azterketa jendaurrean jartzeari dagokionez, eta ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei egindako kontsultena, nahitaezko txostenekin, eta, bestetik, ingurumen-ebaluazioaren espedientearen azterketa teknikoa.

Ingurumen-organoak, ingurumen inpaktuaren ebaluazioari buruzko espedientearen azterketa teknikoa amaitu ondoren, ingurumen inpaktuaren adierazpena egiten du. Eta, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41. artikuluaren 2. apartatuaren arabera:

"Ingurumen-inpaktuaren adierazpena nahitaezko txosten erabakigarria izanen da, eta proiektuak ingurumenean dituen ondorio esanguratsuei buruz erabakiko du. Halaber, egitekotan, ezarriko du zer baldintzak bete beharko diren 35.1 c) artikuluan adierazitako faktoreak behar bezala babestuta egon daitezen proiektua gauzatzean eta ustiatzean, eta, hala badagokio, bertan behera uztean, desmuntatzean edo eraistean, bai eta zer prebentzio, zuzenketa eta konpentsazio neurri beharko diren ere."

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41. artikuluaren 3. eta 4. apartatuen arabera, ingurumen-inpaktuaren adierazpena Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, adierazpena egin eta hamar egun balioduneko epean, eta ez da errekurrituko, hargatik eragotzi gabe proiektua baimentzen duen egintzaren aurka administrazio bidean eta bide judizialean bidezkoak diren errekurtsoak jartzea.

5. artikuluan agerian geratu denez, ingurumen inpaktuaren adierazpena nahitaezko txosten erabakigarria da, ingurumen-organoak emana eta ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta amaitzen duena.

Horrez gain, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 42. artikuluaren 1. apartatuak xedatzen duenez:

"Organo substantiboak, proiektua baimentzeko prozeduran (arrazoizko epe batean ebatzi beharko da), behar bezala aintzat hartu beharko du egindako ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa, kontsulten emaitzak barne."

Bestalde, abenduaren 9ko 21/2013 Legeak honako hau dio zioen azalpenean, horri buruzko jurisprudentzia dagoela aipatuz:

"Ingurumen-irizpenen izaera erabakigarria bi alderditan adierazten da: formala eta materiala.

[...] Ikuspuntu materialetik, hau da, ebazpena ematen duen organoarentzat haren edukia loteslea izateari dagokionez, txosten bat erabakigarria izateak esan nahi du, oraintsuko jurisprudentziaren arabera, txostena beharrezkoa dela ebazteko eskumena duen organoak iritzia osatu ahal izan dezan txostenean bertan aipatzen diren gaiei buruz.

Izaera erabakigarri hori gauzatzen da lege honetan desadostasunak ebazteko aurreikusitako mekanismoan, eta, hortaz, ingurumen-irizpenetan jasotako baldintzek lotzen dute organo substantiboa; izan ere, bere eskumenen esparruan bakarrik aldentzen ahalko da haietatik, arrazoiak emanda eta dagokion desadostasuna planteatuta Ministro Kontseiluari edo kasuan kasuko autonomia-erkidegoko gobernu kontseiluari, edo, hala badagokio, erkidego horrek erabaki duen organoari."

Horrenbestez, proiektuak ingurumenean izan ditzakeen eragin esanguratsuei buruz ingurumen-organoak ateratako ondorioak lotesleak dira ebazten duen organoarentzat, ingurumen-inpaktuaren adierazpena erabakigarria delako, Auzitegi Gorenaren jurisprudentziak behin eta berriz adierazten duen bezala, adibidez, eta besteak beste, uztailaren 11ko 962/2022 Epaian:

"IELren zioen azalpenean azaldutako gogoetetatik ondorioztatzen da ingurumen-ebaluazioaren prozedura halakotzat hartzearen inguruabar garrantzitsuetako bat, hain zuzen ere loteslea dela organo substantiboarentzat, hau da, transkribatutako paragrafoan adierazten den bezala, IEA erabakigarria denez, berekin dakar bertan ezartzen diren baldintzak ezartzea organo substantiboari, hau da, izapidetutako antolamendu-tresnaren proiektua onestean."

Laugarrena.–Proiektuaren kontrako ingurumen inpaktuaren adierazpena.

Proiektuaren kontrako ingurumen inpaktuaren adierazpenaren edukia kontuan hartu da, ezesteko ebazpen hau arrazoitzeko balio baitu.

Bosgarrena.–Elektrizitatea garraiatzeko eta banatzeko sareetara sartzeko eta konektatzeko administrazio-baldintzak betetzeari buruz.

Ekainaren 23ko 23/2020 Errege Lege-dekretuak, energiaren arloko eta ekonomia suspertzeko beste eremu batzuetako neurriak onesten dituenak, 1. artikuluaren 1. apartatuan xedatzen du energia elektrikoa sortzeko instalazioetarako sarbide-baimenen titularrek, baldin eta baimen horiek 2017ko abenduaren 31ren ondoren eta errege lege-dekretu hori indarrean jarri aurretik eskuratu badituzte, aldeko ingurumen inpaktuaren adierazpena lortu beharko dutela 31 hilabeteko epean, eta aurretiazko administrazio-baimena, berriz, 34 hilabeteko epean.

Arestikoa lotu behar da abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53. artikuluarekin, zeinaren arabera ezin izanen baita sorkuntzarako instalazioetako administrazio baimenik eman titularrak ez baditu aldez aurretik lortu banaketa- edo garraio-sareetan sartzeko eta konektatzeko baimenak.

Hona ekainaren 23ko 23/2020 Errege Lege-dekretuaren 1. artikuluaren 2. apartatuak dioena:

Administrazio-baldintza horiek behar den moduan eta epean bete direla frogatzen ez bazaio sarearen kudeatzaileari, besterik gabe iraungiko dira emandako sarbide-baimenak, bai eta, hala badagokio, sarbide- eta konexio-baimenak ere, eta administrazio baimenak emateko eskumena duen organoak berehala betearaziko ditu berme ekonomikoak, garraio- eta banaketa-sareetarako sarbide-eskaera izapidetzeko aurkeztutakoak. Hala ere, sustatzaileari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik ingurumen-inpaktuaren adierazpena aldekoa ez bada, berme horiek ez dira betearaziko.

Seigarrena.–Berme ekonomikoak.

Sustatzaileak aurkeztutako bermeei abenduaren 29ko 1183/2020 Errege Dekretua aplikatuko zaie, zehazki, 23.6 artikuluan ezarritakoa, eta hark hala eskatuz gero.

Aurkeztutako dokumentazioa ikusirik, egindako izapidetzeak kontuan hartuta, eta abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53. artikuluarekin bat etorriz, Energia Politikako eta Meatzeetako Zuzendaritza Nagusi honek, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuak, energia elektrikoaren instalazioak baimentzeko prozedurak eta energia elektrikoa garraiatu, banatu, merkaturatu eta hornitzeko jarduerak arautzen dituenak, ematen dizkion eskumenak baliatuz, honako hau,

EBAZTEN DU:

Bakarra.–Ezestea Errioxako eta Nafarroako probintzietan ezarri beharreko 49,99 MW-eko "Rioja 3" eguzki-parke fotovoltaikoaren eta haren ebakuazio-azpiegituraren proiekturako aurretiazko administrazio-baimenari buruzko eskaera, eta erabakitzea PFot-406 espedientea artxibatzea.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 62.2.i) artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Energiaren estatu-idazkariari zuzendua, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Epe hori iraganik errekurtsoa jarri gabe, ebazpena irmoa izanen da ondorio guztietarako. Epeak hilabeteka zenbatzeko, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 30. artikuluan xedatutakoa bete beharko da.

Madrilen, 2023ko irailaren 28an.–Zuzendari nagusia, Manuel García Hernández.

Iragarkiaren kodea: E2314591