2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ODIETA
Erabakia, eten dadin lizentziak ematea, edozein kategoriatako lurzoru urbanizaezinean eraikitzeko, edo halako lurzoruetan ezartzeko energia berriztagarrien instalazio berriak (instalazio fotovoltaikoak, eolikoak edo gisakoak) eta haien ebakuazio azpiegiturak
Odietako Udalak, 2023ko urriaren 26an egin osoko bilkura berezian, honako erabaki hau hartu zuen:
Odietako Udal Planean ez dago berariazko arauketarik xedatzen duenik bateragarria ote den lurzoru urbanizaezinean ezartzea energia berriztagarrien instalazioak (instalazio fotovoltaikoak, eolikoak edo gisakoak) eta haien ebakuazio azpiegiturak. Hortaz, horrelako arauketa orokor eta lausoak interpretazio arazoak sor ditzake planeamenduan. Batetik, ez dago argi zer araubide aplikatu behar zaien proiektu mota horiei, lurzoru urbanizaezinean baimengarriak edo debekatuak diren jarduketei dagokienez, eta, bestetik, ez dago argi planean egun definituta dauden lurzoru urbanizaezineko azpikategorietatik zeinekin diren bateragarriak.
Ikusirik, hortaz, alderdi horiek arautzeko beharra dagoela (horretarako, dagokion azterlana egin eta gero, behar den arau-aldaketa egin eta izapidetuko da Odietako Udal Plan Orokorrean).
Ikusirik zer dioen, 70.1 artikuluan, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginak (onetsi zen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez); alegia, hirigintzako planak onesteko eskumena duen administrazioak aukera duela, horiek onetsi baino lehen, lizentzien ematea eteteko, eremu eta erabilera jakin batzuetarako egin nahi diren lurren partzelazioen, eraikitzeen eta eraispenen kasuan; helburua da horien eraketa edo aldaketa aztertzea, alderdi horiek guztiak garbi zehaztuta.
Ikusirik erabaki nahi dela lizentzien ematea etetea, Odietako udalerriko edozein kategoriatako lurzoru urbanizaezinean eraikitzeko edo halako lurzoruetan ezartzeko energia berriztagarrien instalazio berriak (instalazio fotovoltaikoak, eolikoak edo gisakoak) eta haien ebakuazio azpiegiturak, salbu eta lehendik dauden eraikinen estalkietan jartzen direnak eta autokontsumorako direnak.
Ikusirik etenak iraunen duela Udal Plan Orokorra aldatzeko hartu beharreko denboran; alegia, aldaketa hori aztertzeko, eratzeko eta izapidetzeko behar den denboran, gehienez urtebetez, asmoa izanik lurzoru urbanizaezina egoki arautzea; hori dena, jarraikiz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 70.3 artikuluari. Epe horretan hasierako onespena ematen bazaio, etena mantendu eginen da planeamenduko determinazio berrien ondorioz hirigintza-antolamendua aldatzen duten eremuetan, eta eten horren ondorioak behin betiko iraungiko dira bi urte pasatutakoan planeamendua edo haren erreforma aztertzeko hartutako etendura-erabakitik. Baldin hasierako onespena gertatzen bada urtebeteko epea pasatu ondoren, gehienez urtebete iraunen du hasierako onespen horretatik heldu den etenak.
Ikusirik Udaleko Hirigintzako Zerbitzuaren eta Idazkaritzaren txostenen edukia, eta aplikatuz uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 70. artikulua (legegintzako foru-dekretu horren bidez onetsi zen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina), eta apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 22.2.c artikulua (lege horren bidez arautzen dira toki araubidearen oinarriak).
ERABAKI DA:
1. Jarraikiz uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 70.1 artikuluari (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina), dekretatzea Odietako udalerrian eten egiten dela lizentziak ematea lurzoru urbanizaezinean eraikitzeko eta halako lurzoruetan ezartzeko energia berriztagarrien instalazio berriak (instalazio fotovoltaikoak, eolikoak edo gisakoak) eta haien ebakuazio azpiegiturak (kategoria guztietan), salbu eta autokontsumorakoak, jartzen direnak lehendik dauden eraikinen estalkietan; izan ere, zenbait alderdi aztertu nahi dira: lurraldea, ingurumen-, etnografia- eta konektibitate-ezaugarriak, lurraldean instalazio horiek sortzen duten inpaktua eta abar. Alderdi horiek kontuan hartuta, bada, erabakiko da zein diren mota horretako instalazioak hartzeko eremu egokienak lurzoru urbanizaezinean, eta zein izanen den aplikatuko zaien araudi partikularra. Horretarako aldaketa bat izapidetuko da Odietako Udal Plan Orokorrean.
2. Ezartzea etenak iraunen duela Udal Plan Orokorra aldatzeko hartu beharreko denboran; alegia, aldaketa hori aztertzeko, eratzeko eta izapidetzeko behar den denboran, gehienez urtebetez, asmoa izanik lurzoru urbanizaezina egoki arautzea; hori dena, jarraikiz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 70.3 artikuluari. Epe horretan hasierako onespena ematen bazaio, etena mantendu eginen da planeamenduko determinazio berrien ondorioz hirigintza-antolamendua aldatzen duten eremuetan, eta eten horren ondorioak behin betiko iraungiko dira bi urte pasatutakoan planeamendua edo haren erreforma aztertzeko hartutako etendura-erabakitik. Baldin hasierako onespena gertatzen bada urtebeteko epea pasatu ondoren, gehienez urtebete iraunen du hasierako onespen horretatik heldu den etenak.
3. Agintzea lizentziak emateko prozeduraren etena, eta erabaki hau jakinaraztea, hartu baino lehenago lizentzia eskaera egina duten guztiei.
4. Erabaki hau jakinaraztea Odietako udalerriko kontzejuei, izan ditzan Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 70.5 artikuluan ezarritako ondorioak, eta xedatzea argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Foru Komunitatean editatzen diren egunkarietan eta Udalaren iragarki-taulan eta webgunean.
5. Ohartaraztea erabaki honen kontra errekurtso hauetako bat aurkez daitekeela, hautara:
1.–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzendua Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioko organo eskudunari, bi hilabeteko epean, erabaki hau argitaratu eta biharamunetik hasita.
2.–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau argitaratu eta biharamunetik hasita.
3.–Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau argitaratu eta biharamunetik aurrera.
Erripan (Odieta), 2023ko urriaren 26an.–Alkatea, Alberto Urdaniz Elizondo.
Iragarkiaren kodea: L2315398