229. ALDIZKARIA - 2023ko azaroaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

929E/2023 EBAZPENA, urriaren 24koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen inpaktuaren txostena egiten baita Kasedan heste artifiziala egiteko dagoen instalazio batean gasen garbigailu berria instalatzeko proiektuari buruz. Proiektuaren sustatzailea Viscofan España SLU da.

2023ko maiatzaren 23an, Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalak goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuari hasiera emateko eskaera igorri zion Biodibertsitatearen Zerbitzuari.

Orain aldatzen den bilgarri artifizialak fabrikatzeko jarduera Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen I. eranskinean jasota dago, eta ingurumen baimen integratua eta ingurumen inpaktuaren adierazpena ditu, azken hori Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren uztailaren 5eko 402E/2019 Ebazpenaren bidez emana. Proposamen berriak jardueraren ingurumen baimen integratua nabarmen aldatzea dakar, eta, horrenbestez, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2.c) artikuluan xedatutakoa aplikatuz, ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura bete behar da.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak ezartzen du ingurumen organoak ebazpen arrazoitua emanen duela proiektuaren ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta egin beharrari buruz edo ingurumen inpaktuaren txostena egin beharrari buruz, txosten honetan ezartzen denarekin bat etorriz.

–Proiektuaren deskribapena.

Gaur egun, Viscofan-en instalazioan, 4. nabeko F40 eta F41 moduluetatik datozen gasak 1. nabeko 1. garbigailuan eta Oxidatzaile Termiko Birsortzailean (RTO) tratatzen dira.

Garbigailu bakar batekin funtzionatzeak mugatu egiten du instalazioaren ekoizpenaren plangintza, eta, horregatik, 4. nabearentzat Scrubber motako gas-garbigailu bertikal berri bat instalatzea proiektatu da, RTO delakoan tratatu beharreko gas-karga arintzeko. Garbigailu berria kanpoko ekipo bat izanen da, eremu urbanizatuan kokatuko dena.

–Proiektuaren azterketa, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskineko irizpideak kontuan hartuta.

Garbigailu berria jardueraren eremuaren barruan kokatuko da, eta instalatzeak ez dakar egungo industria-gunearen okupazioa handitzea, ez eta eraikin berriak egin beharra ere. Proposamenak eragiten duen ingurumen baimen integratuaren aldaketan neurri egokiak ezarriko dira proposatzen den aldaketak ingurumenaren kalitatean izanen dituen ondorioak kontrolatzeko, bereziki airearen kutsadurari dagokionez.

Espedientean dauden txostenak kontuan hartuta, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean horretarako jasotzen diren irizpideetan oinarrituta, Biodibertsitatearen Zerbitzuak, Ingurumen Eraginaren Atalaren bitartez, jakinarazi du proiektuak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, proiektuaren baimen substantiboan jasotako determinazioak betez gero, eta adierazi du ez dela bidezkoa ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea. Dena den, horrek ez du kentzen indarreko legeriaren arabera behar diren bestelako baimenak lortu beharra.

Ingurumen ebaluazio sinplifikatuaren prozedura modu egokian bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 30eko 74/2023 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. Kasedako udal mugartean heste artifiziala egiteko dagoen instalazio batean gasen garbigailu berria instalatzeko proiektuak ez du eragin nabarmenik ingurumenaren gainean, ingurumen inpaktuaren txosten honetan ezarritakoaren arabera, eta, beraz, ez da beharrezkoa abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. tituluko I. kapituluaren 1. atalean ezarritako aurreikusitako ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea. Proiektuaren sustatzailea Viscofan España SLU da.

2. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.6 artikuluak adierazten duenari jarraikiz, ingurumen txostenaren aurka ez da errekurtsorik jartzen ahalko, deusetan galarazi gabe proiektua onesteko xedapen orokorraren aurka auzibidean jartzen ahal direnak, edota plan edo programa onesteko egintzaren aurka administrazio bidean jartzen ahal direnak.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalari, Kasedako Udalari eta interesdunari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2023ko urriaren 24an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

Iragarkiaren kodea: F2315185