229. ALDIZKARIA - 2023ko azaroaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

375E/2023 EBAZPENA, urriaren 16koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez eguneratzen baita Artaxoako udal mugartean zerealak bildu eta lehortzeko dagoen instalazio baten ingurumen baimen bateratua. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Cooperativa Agrícola Caja Rural de Artajona da.

Egun martxan dagoen instalazio horrek badu lehendik ingurumen baimen bateratua, zeina eman baitzitzaion Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen hirugarren xedapen iragankorra aplikatuta; izan ere, jarduera hori sarturik dago aipatutako foru lege horren 1. eranskineko 9.3 taldean.

Dena dela, ez dago ingurumen baimen bateratuaren dokumenturik, instalazio horrek bere jarduera aurrera eramateko bete behar dituen ingurumen baldintzak biltzen dituenik. Badaude jarduera sailkatuaren udal lizentzia emateko edo aldatzeko zenbait ebazpen, eta horien bidez joan dira ezartzen funtzionatzeko ingurumen baldintzak denboran zehar.

Beharrezkotzat jo da eman diren jarduera sailkatuaren udal lizentzia guztiak eta haien aldaketak biltzen dituen dokumentu bategin bat prestatzea, instalazioaren funtzionamenduak bete behar dituen ingurumen baldintzak zein diren errazago ikusi ahal izateko.

Horregatik, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 59. artikuluan xedatutakoa aplikatuta, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak bere ekimenez hasi du prozedura hau.

Azken urteotan, ingurumen arau sektorial berri batzuk sartu dira indarrean, erreferentziako instalazioari eragiten diotenak, hala nola apirilaren 8ko 7/2022 Legea, hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzkoa, ekonomia zirkular baterako.

Ondorioz, bidezkoa da ingurumen baimen bateratua eguneratzea, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoarekin.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiak azaroaren 8an emandako 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Eguneratzea zerealak bildu eta lehortzeko instalazio baten ingurumen baimen bateratua. Instalazioa Artaxoako udal mugartean dago, eta haren titularra Cooperativa Agrícola Caja Rural de Artajona da. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.

Bigarrena.–Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariaren otsailaren 10eko 0039/2012 Ebazpenaren bidez instalazio horri emandako ingurumen baimen bateratuan lurzoru urbanizaezinari eta hondakin uren isurketari buruz sartuta dauden baimen eta inskripzioen indarraldia mantentzea, ebazpen honetan xedatutakoari aurka egiten ez dioten heinean.

Hirugarrena.–Atmosferara isuriak egiteko baimena mantentzea, zeina jasota baitago Airearen Kalitateari eta Atmosfera Babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 13.2 artikuluan, bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 12. artikuluan xedatutakoarekin. Ebazpen honen II. eranskinean jasotzen da instalazioak zer isuri egiten ahalko dituen atmosferara eta zer baldintza bete beharko dituen. Baimenak zortzi urteko indarraldia izanen du, eta epe hori igarotakoan, berritzeko aukera izanen da iraupen bereko epeetarako. Atmosferara egiten diren isurietan izandako edozein aldaketa jakinarazi beharko zaio Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari.

Laugarrena.–Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak ofizioz aldatzen edo berrikusten ahalko ditu ingurumen baimen bateratua emateko baldintzak, baldin eta Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 27. artikuluan jasotako inguruabarren bat gertatzen bada.

Bosgarrena.–Instalazioan edozein aldaketa egiteko, titularrak aldez aurretik jakinarazi beharko du, eta arrazoiak emanda adierazi beharko du aldaketa funtsezkoa edo ez-funtsezkoa den, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Seigarrena.–Ebazpen honetan jasotako baldintzak bete ezean, ingurumen arloko diziplina-neurriak hartuko dira, hain zuzen, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen araubidean biltzen direnak, deusetan galarazi gabe sektoreko legedian ezarritakoa, hori ere aplikatuko baita.

Zazpigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Zortzigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

Bederatzigarrena.–Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Cooperativa Agrícola Caja Rural de Artajonara, Artaxoako Udalera, Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzura eta NILSAra.

Iruñean, 2023ko urriaren 16an.–Klima Aldaketaren Ataleko burua, Javier Vera Janín, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren ordez, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren 291E/2019 Ebazpenean xedatutakoari jarraikiz.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F2314698