229. ALDIZKARIA - 2023ko azaroaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

425/2023 EBAZPENA, urriaren 24koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioko eta "Pablo Sarasate" Musika Kontserbatorio Profesionaleko zuzendarien esku uzten duena norberaren ikastetxearen funtzionamendurako beharrezkoak diren musika-tresnak erosteko eskumena eta, horrekin batera, eskumen hori erabiltzeko prozedura ezartzen duena.

Kontserbatorio horien beharrezko autonomia bermatzeko eta autonomia hori Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legea errespetatzearekin eta betetzearekin uztartzeko, beharrezkoa da arlo horretako eskumenen beste eskuordetze bat onestea kontserbatorio horien alde.

Hortaz, proposatzen da Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioko eta "Pablo Sarasate" Musika Kontserbatorio Profesionaleko zuzendarien esku uztea norberaren ikastetxearen funtzionamendurako beharrezkoak diren musika-tresnak erosteko eskumena eta, horrekin batera, eskumen hori erabiltzeko bi prozedura ezartzea, bata 5.000 euro bitarteko erosketetarako, eta bestea, kopuru horretatik gorakoak izanda ere 15.000 euro gainditzen ez duten erosketetarako; bi kasuetan BEZa kontuan hartu gabe.

Bat etorriz Hezkuntza Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 30eko 67/2023 Foru Dekretuaren artikulu bakarrean xedatutakoarekin, eta Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioko eta "Pablo Sarasate" Musika Kontserbatorio Profesionaleko zuzendarien esku uztea norberaren ikastetxearen funtzionamendurako beharrezkoak diren musika-tresnak erosteko eskumena, beren kargura dituzten finantza-baliabideak eta baliabide materialak kudeatu ahal izan ditzaten.

2. Eskuordetu diren eskumenak garatzeko prozedurak honako hauek dira:

2.1. Kontserbatorio horietako zuzendariek ikastetxeen irakaskuntza-funtzionamendurako behar diren musika-tresnak erosten ahalko dituzte, 5.000 euro bitartekoak, BEZik gabe.

Erosketaren egokitasuna baloratzeko, zenbatekoa edozein dela ere, aurretik Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuaren oniritzi teknikoa beharko dute, edo, bestela, kontserbatorioa Hezkuntza Departamentuaren zein unitateren mende dagoen, unitate horrena.

2.2. Kontratuak aurreko puntuan ezarritako zenbatekoa gainditzen badu, baina betiere 15.000,00 euroko zenbatekoa gainditu gabe (BEZa kanpo), Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiak berariazko baimena eman beharko du.

Horretarako, ikastetxeko zuzendaritzak dokumentu bat egin beharko du, kontratuaren xedearen deskribapena jasoko duena, kontratuaren gutxieneko baldintza teknikoak argi eta garbi adierazita.

Dokumentu hori kontratua gauzatzeko gaitasuna duten hiru enpresa edo profesionali bidaliko zaie, gutxienez, epe jakin batean eskaintza aurkez dezaten. Ondasunaren izaeragatik nahikoa hornitzailerik ez badago, baldintza hau ez da bete beharko.

Aurkezten diren eskaintzak ikusita, eta aurreko dokumentuan finkatutako irizpideen arabera eskaintzak baloratu ondoren, ikastetxeko zuzendaritzak erosketa esleitzeko txosten-proposamen bat eginen du. Horrekin batera, espedientea osatzen duten agiri guztiak bilduko ditu, bai eta aurreko izapideak bete direla justifikatzen duten agiriak ere.

Dokumentazio hori Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzura bidaliko du, edo kontserbatorioa mendean duen unitatera, hark txosten teknikoa egin dezan proposatutako kontratazioaren beharrari buruz. Gero, txosten hori Idazkaritza Tekniko Nagusiko Aurrekontuen eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalera bidaliko da, atal horrek txostena egin dezan ikastetxeak kontratazio hori egiteko duen bideragarritasun ekonomikoari buruz. Txostena ikusita, aipatutako zerbitzuak gastua baimentzeari buruzko erabakia hartuko du.

3. Ikastetxeen kontratazio guztiek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak kontratazioaren arloan duen araudia bete beharko dute.

Hezkuntza Departamentuak erabaki dezake kontratazioa bere kabuz egitea, egokitzat jotzen badu.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau igortzea Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Hezkuntzakoan duen kontu-hartzaile delegatuari, Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuari, Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioari, "Pablo Sarasate" Musika Kontserbatorio Profesionalari eta Idazkaritza Tekniko Nagusiko Aurrekontuen eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2023ko urriaren 24an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

Iragarkiaren kodea: F2315098