229. ALDIZKARIA - 2023ko azaroaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

398/2023 EBAZPENA, irailaren 28koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Gobernuaren Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) eskuratzeko azterketaren 2024ko deialdia onesten duena, eta azterketa egiteko eskubideengatik ordaindu beharreko tarifak ezartzen dituena.

Abenduaren 15eko 463/1998 Foru Aginduak ezartzen duenez, Hezkuntza Departamentuak zehaztuko du azterketa hori egiteko lege esparrua, eta probak egiteaz arduratuko diren organo eskudunak eratuko ditu.

Bat etorriz Hezkuntza Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 30eko 67/2023 Foru Dekretuaren artikulu bakarrean xedatutakoarekin, eta Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako Gobernuaren Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) eskuratzeko 2024ko azterketarako deia egitea.

2. Deialdiaren oinarriak onestea. Ebazpen honen eranskinean zehazten dira. Halaber, 26,20 euroko tarifa ezartzen da azterketa eskubideengatik.

3. Nafarroako Gobernuaren Euskararen Gaitasun Agiriaren (EGA) Batzorde Ofiziala eratu eta honako eginkizun hauek esleitzea:

–Aipatu agiria eskuratzeko probak antolatu, diseinatu eta gainbegiratzea.

–Proben prestatzaileak hautatzea.

–Erreklamazioei eman beharreko erantzuna koordinatzea.

–Probak ebaluatzeko eta zuzentzeko irizpideak ezarri eta epaimahaiak irizpide horiek aplikatzen dituela begiratzea.

4. 2024. urteko azterketarako, honako hauek izendatzea Nafarroako Gobernuaren Euskararen Gaitasun Agiriaren (EGA) Batzorde Ofizialeko kide:

–Ignacio Miguel Catalán Librada jauna, batzordeburu.

–Josune Aznarez Alkat andrea.

–Miren Garbiñe Basurto Luzuriaga andrea.

–Eneritz González Fernández andrea.

–Nora Iriarte Osés andrea.

–Fernando Rey Escalera jauna.

–Castillo Suárez García andrea.

–Mikel Vilches Plaza jauna.

–Miren Edurne Ugarte Oiarbide andrea, idazkari.

5. Nafarroako Gobernuaren Euskararen Gaitasun Agiriaren (EGA) Epaimahai Ofiziala eratzea 2024ko azterketarako, eta haren gain uztea probak egin eta zuzentzeko lan teknikoak, laneko batzordeetan parte hartzea eta Batzorde Ofizialak esleitu eginkizun oro egitea. Eginkizun horiek oro Batzorde Ofizialak koordinatuko ditu.

6. Honako hauek izendatzea Nafarroako Gobernuaren Euskararen Gaitasun Agiriaren (EGA) Epaimahai Ofizialeko kide:

–Miren Edurne Ugarte Oiarbide andrea, batzordeburu.

–Miren Garbiñe Basurto Luzuriaga andrea, idazkari.

–Monika Agirre Cascallana andrea.

–Josune Aznarez Alkat andrea.

–Ainhoa Díaz Piñar andrea.

–Izaskun Fernández de Las Heras Ansorena andrea.

–Patxi Flores Lazkoz jauna.

–Joseba Andoni Goikoetxea Barandiaran jauna.

–Eneritz González Fernández andrea.

–Maite Gorospe Lizaso andrea.

–Nora Iriarte Osés andrea.

–Miren Edurne Leonis Sarratea andrea.

–Margarita Macho Aguillo andrea.

–Jose Ramón Olano Etxabe jauna.

–Yolanda Olasagarre Mendinueta andrea.

–Miren Oteiza Piera andrea.

–Fernando Rey Escalera jauna.

–Castillo Suárez García andrea.

–Ana Telletxea Coscolin andrea.

–Mikel Vilches Plaza jauna.

7. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuak bere gain hartuko ditu matrikulatzeko eta kontrolatzeko lanak, tituluak ematea proposatzekoak eta, orobat, gai horietan eskudunak diren beste erakunde ofizial batzuekin izan beharreko harreman instituzionalak.

8. 2024ko azterketako probak bukaturik, epaimahaiak gainditu dutenen eta huts egin dutenen zerrenden aktak igorriko dizkio Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuari. Hezkuntzako zuzendari nagusiak, ebazpen baten bidez, baimena emanen du probak gainditu dituztenei Nafarroako Gobernuaren Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) emateko. Agiri horiek Hezkuntzako kontseilariak sinatuko ditu.

9. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

10. Ebazpen hau eta dagokion eranskina igortzea Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzura, Euskara Atalera, EGAren Bulegora, Euskararen Irakaskuntzarako Baliabide Zentrora, Langileen Araubide Juridikoaren Zerbitzura, Idazkaritza Tekniko Nagusira, eta aipatu batzordeko eta epaimahaiko kideei, behar diren ondorioak izan ditzaten.

11. Ebazpen honen aurka zilegi da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, ebazpen hau argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Iruñean, 2023ko irailaren 28an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

I. ERANSKINA.–DEIALDIAREN OINARRIAK

1. oinarria. Baldintzak.

a) Azterketetan parte hartzeko, 16 urte beterik izan beharko dira 2023ko abenduaren 31rako.

b) Desgaitasunen bat duten pertsonek azterketak egiteko neurri bereziak jartzeko eska dezakete. Izena emateko orrian eskatu beharko dute hori, eta desgaitasuna behar bezala frogatzeko organo eskudunak emandako agiriaren kopia konpultsatua aurkeztu. Batzorde Ofizialak beharrezkoak diren egokitzapenak ezarriko ditu eta une oro azterketan frogatu beharreko gaitasun maila ez dela murrizturik geldituko bermatuko du.

2. oinarria. Azterketaren egitura.

Azterketak hiru proba ditu:

1.–Atariko proba:

Test erako 80 galdera (80 puntu), ondorengo gaitasun eta jakintzak ebaluatzeko:

–Hizkuntza baliabideen erabilera. Bi ariketa izanen ditu, hizkuntzaren erabileraren zuzentasuna eta egokitasuna neurtzeko:

a) 40 itemeko testa, aukera anitzekoa (a-b-c-d). 40 puntu.

b) 10 itemeko cloze testa, aukera anitzekoa (a-b-c). 10 puntu.

–Ahozko ulermena. Grabatutako testuen gaineko zenbait ataza dira. Grabazioak bi aldiz entzunen dira. Atazak zenbait motatakoak izan daitezke: aukera anitzeko itemak, ahozko testuak enuntziatuekin lotzea...

–Idatzizko ulermena. Testu idatzien gaineko zenbait ataza dira. Atazak zenbait motatakoak izan daitezke: aukera anitzeko itemak; testu idatzietako zatiak enuntziatu laburrekin lotzea; paragrafoak enuntziatu luzeekin osatzea; hutsuneak osatzea, erantzuteko emandako aukeretako bat hautatuz.

Atariko probak 2 ordu eta 30 minutu iraunen du.

2.–Idatzizko proba. Bi ataza ditu:

–1. idazketa: erreklamazio, eskaera edo kexa bat egiteko gutun formala edota gutun pertsonala, lagunarteko erregistroan. 180 hitz, gutxienez. Bi gai emanen dira, bat aukeratzeko.

–2. idazketa: argudio edo azalpen testua, 250 hitzekoa, gutxienez. Bi gai emanen dira, bat aukeratzeko.

Idatzizko probak 2 ordu iraunen du.

3.–Ahozko proba. Bi ataza ditu:

–Gai bat ahoz azaltzea, testu bat abiapuntu harturik. Azterketari bakoitzak 5 minutu izanen ditu testu hori ahoz azaltzeko. Aurretik 30 minutu izanen ditu prestatzeko.

–Elkarrizketa: bakarkako azalpenak bukaturik, azterketariek bat-bateko iritzi-trukea eginen dute azalpen horietan hizpide izan dituzten gaien gainean. Bigarren zati hau 10 minutukoa izanen da.

Ahozko proba, salbuespenak salbuespen, binaka eginen da.

3. oinarria. Proben balorazioa.

a) Atariko proban 80 puntu atera daitezke, gehienez. Proba gainditzeko eta azterketaren hurrengo fasera pasatzeko, 52 puntu atera behar dira, gutxienez (%65).

b) Idatzizko probaren atazen kalifikazioek alderdi hauek hartuko dituzte kontuan: a) genero diskurtsiboari egokitzea; b) diskurtsoaren antolaketa; c) hizkuntzaren aberastasuna eta zehaztasuna; d) zuzentasuna. Atazetako bakoitzak 10 puntu balioko du, gehienez ere, eta amaierako puntuazioa bi ataza horietan lortutako puntuazioen batura izanen da. Proba gainditzeko 10 puntu atera behar dira, gutxienez. Amaierako kalifikazioa zenbakiz eta Gai edo Ez Gai jarriz adieraziko da.

c) Ahozko probaren atazen kalifikazioek alderdi hauek hartuko dituzte kontuan: a) egokitasuna; b) jarioa; c) diskurtsoaren antolaketa; d) hizkuntzaren aberastasuna eta zehaztasuna; e) zuzentasuna; f) interakzioa.

Atazetako bakoitzak 10 puntu balioko du, gehienez ere, eta amaierako puntuazioa bi ataza horietan lortutako puntuazioen batura izanen da. Proba gainditzeko 10 puntu atera behar dira, gutxienez. Amaierako kalifikazioa zenbakiz eta Gai edo Ez Gai jarriz adieraziko da.

d) EGA agiria eskuratzeko, azterketako hiru probak (atarikoa, idatzizkoa eta ahozkoa) nahitaez eta elkarren jarraian gainditu beharko dira. Aipatutako probak baztergarriak izanen dira eta deialdi batetik bestera ez da notarik gordeko.

4. oinarria. Agiriak eta matrikula egiteko epeak.

a) Azterketarako matrikula egiteko epea azaroan eta/edo abenduan izanen da. Data zehatzak www.nafarroa.eus eta www.ega.navarra.es webguneetan argitaratuko dira.

b) Matrikula formalizatzeko, interesdunek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, beterik, Hezkuntza Departamentuaren Erregistroan, Nafarroako Gobernuaren Erregistroan edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako edozein lekutan (urriaren 1eko 39/2015 Legearen xedapen indargabetzaile bakarra):

–Eskabide orokorra.

–NANaren fotokopia.

–Matrikula inprimakia.

–Familia ugariaren txartelaren edo familia-liburuaren fotokopia irakurgarria, kasua bada.

–Azterketa egiteko eskubideengatik ordaindu beharrekoa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren dirua biltzeko kontuan sartu izanaren gordekina (bidezkoa denean).

–Desgaitasuna frogatzeko, organo eskudunak emandako legezko agiriaren kopia konpultsatua.

–Genero-indarkeriaren biktima dela frogatzeko, organo eskudunak emandako legezko agiriaren kopia konpultsatua.

–Guraso bakarreko familiaren kide dela frogatzeko, organo eskudunak emandako legezko agiriaren kopia konpultsatua.

–Terrorismoaren biktima dela frogatzeko, organo eskudunak emandako legezko agiriaren kopia konpultsatua.

d) Azterketa eskubideak.

–Azterketa egiteko eskubideengatik 26,20 euro ordaindu beharko dira.

–1. kategoriako familia ugariko kide izanez gero, 13,10 euro ordaindu beharko da, eta 2. kategoriako familia ugariko kide izanez gero, matrikula doan izanen da. Bi kasuetan, tarifa murrizketak 21 urte bete arte balioko du, hots, matrikula egiten den egunean 21 urte edo gutxiago badute. Murrizketa 25 urte bete arte luza daiteke, azterketaria bere adinaren eta titulazioaren araberako ikasketak egiten ari bada. Hala denean, ikasketa horiek egiaztatzeko, ziurtagiria edo matrikula ofizialaren agiria eta matrikula ordaindu izanaren frogagiria aurkeztu beharko ditu.

–Guraso bakarreko familia orokorreko kide izanez gero, 13,10 euro ordaindu beharko da, eta guraso bakarreko familia bereziko kide izanez gero, matrikula doan izanen da.

–Ekintza terroristen biktimak, baita haien ezkontide eta seme-alabak ere, azterketa eskubideak ordaintzetik salbuetsirik daude.

–Genero-indarkeriaren biktimak, baita haien seme-alabak ere, azterketa eskubideak ordaintzetik salbuetsirik daude.

–%33ko desgaitasuna edo handiagoa duten pertsonek, 13,10 euro ordainduko dituzte.

–%65eko desgaitasuna edo handiagoa dutenak azterketa eskubideak ordaintzetik salbuetsirik daude.

–Izena eman eta gero, izangaiak ez du eskubiderik matrikularen zenbatekoa itzul dakion, ez bada salbuespenezko arrazoi bat dagoela tartean, eta beti dagokion frogagiria aurkeztu eta gero.

e) Onartu eta baztertuen behin-behineko zerrendak eta behin betikoak 2024ko urtarrilean eta/edo otsailean argitaratuko dira.

f) Azterketara onartu eta baztertu direnen behin-behineko zerrendak argitaratzen direnean jakinaraziko dira zerrenda horiei erreklamazioak jartzeko epeak. Data zehatzak www.navarra.es eta www.ega.navarra.es webguneetan argitaratuko dira 2024ko urtarrilean eta otsailean.

Epe horiek amaiturik, interesdunek ez dute inolako dokumentazio gehigarririk aurkezten ahalko.

g) Azterketara onartu eta baztertu direnen behin betiko zerrendak erreklamazio epeak igarotakoan argitaratuko dira, eta epe horiek gorago aipatu diren onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrendekin batera emanen dira ezagutzera. Data zehatzak www.navarra.es eta www.ega.navarra.es webguneetan argitaratuko dira.

h) Probak egin ahal izateko, azterketariek NANa edo agiri baliokideren bat aurkeztu beharko dute.

5. oinarria. Probak egiteko eguna eta emaitzak argitaratzea.

a) Proba guztiak egiteko ezartzen diren egunak finkoak dira azterketari guztientzat, eta ezin izanen dira aldatu. Azterketaren lehendabiziko proba (atariko proba) 2024ko otsailean eginen da. Onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrendak argitaratzeaz batera adieraziko dira proben noiz, non eta zein ordutan hasiko diren. Data zehatzak www.navarra.es eta www.ega.navarra.es webguneetan argitaratuko dira.

Geroago, proben emaitzekin batera, epaimahaiak jakinaraziko du gainerako probak noiz eta non eginen diren.

b) Erreklamaziorik egin nahi izanez gero, idatziz aurkeztuko dira, EGA azterketaren hiru probetako bakoitzaren kalifikazioak jendaurrean jarri eta biharamunetik hasita bi egun balioduneko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurrez ikusitako baliabideetako edozein erabiliz, urriaren 1eko 39/2015 Legearen lehendabiziko xedapen indargabetzaile bakarraren indarrez. EGAren Batzorde Ofizialak erreklamazioak ebatziko ditu.

c) Proben berrikuspena EGA azterketa osatzen duten proba guztiak bukatu eta gero hasiko da, behin betiko kalifikazioak eta horiei egindako erreklamazioen emaitzak argitaratu eta gero, eta horrek ez du ekarriko kalifikazio-aldaketarik. Ekitaldi horretara azterketaria joanen da, beste inor ez, NANa edo dokumentazio baliokidea aldean duela.

d) Proben berrikuspenen helburua azterketariak emandako erantzunak ikustea izanen da, bakar-bakarrik; helburua ez da inoiz izanen epaimahaiak azterketako probetan proposatutako ataza ikustea. Horrela, atariko proban azterketariak bere erantzun-orria baino ez du ikusiko, plantilla ofizialaren arabera zuzenduta, baieztatu ahal izateko asmatutako erantzunen puntuazioen batura ongi dagoela; idatzizko proban, bere idazketak ikusiko ditu, eta ahozko proban, bere ahozko ekoizpenaren bideo-grabazioa.

e) Proba bakoitza amaitzean, azterketariak informazio-orri bat jasoko du, egin berri duen probari buruzko xehetasunekin: behin-behineko kalifikazioen argitaratze eguna, behin betiko kalifikazioen argitaratze eguna, erreklamazio prozesua eta berrikuspenaren prozesua.

f) Azterketa gelara azterketaria baino ezin izanen da sartu.

g) Atariko proba arkatzez eginen da, ahal dela.

h) Idatzizko proba ezin da ez arkatzez ez boligrafo ezabagarriz egin.

i) Hautagai bat portaera bidegabeagatik probetatik baztertzen bada, unean uneko deialdiko azterketa egiteko eskubideak galduko ditu. Hautagaia probatik baztertuko da eta ez du bere azterketa kalifikatzeko eskubiderik izanen.

j) Argazkiak edo grabazioak egiteko balio duten gailu elektroniko guztiek, hala nola telefono edo erloju adimendunek, itzalita eta poltsan gordeta egon beharko dute. Arau hori betetzen ez duena berehala baztertuko da, eta, horrenbestez, azterketa egiten segitzeko eskubidea galduko du.

6. oinarria. Ahozko proba grabatzea.

Oro har, ahozko proba guztiak grabatuko dira.

7. oinarria. Agiria emateko eskubideak.

Behin betiko emaitzak argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Nafarroako Gobernuaren Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) lortzeko probak gainditu dituzten azterketariek, EGAko Bulegotik bidaliko zaizkien oharrei jarraituz, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren diru-bilketako kontuan sartu ahal izanen dute titulua eskuratzeko tarifa, eta diru-sarrera egin dutela dioen gordekinarekin, titulua eskatzen ahalko dute.

Tarifa hori foru lege batean ezarriko da, hots, zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeari buruzkoan, titulua emateko unean indarra duen hartan.

Era berean, tituluaren beste agiri bat eskatzen bada, dela aurrekoa galdu delako, dela izangaiaren datuak aldatu direlako, aipatu foru lege horretan ezarritako tarifa ordaindu beharko da.

Iragarkiaren kodea: F2314075