1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
327E/2023 FORU AGINDUA, urriaren 17koa, Osasuneko kontseilariak emana, baimena ematen duena Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua erakunde autonomoan ematen diren ebazpenak prestatu, igorri, argitaratu eta artxibatzeko lanak Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Ebazpenak Kudeatzeko Bulegoari esleitzeko.
Osasuneko kontseilariaren abuztuaren 5eko 112/1013 Foru Aginduaren bidez abuztuaren 8ko 52/2012 Foru Agindua aldatu zen, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren egitura ezartzen zuena osasun laguntzaz kanpoko atalen eta osasun laguntzaz kanpoko unitateen mailan; izan ere, horren ondorioz Ebazpenak Kudeatzeko Unitatea kendu zen erakunde autonomoaren egitura organikotik. Unitate horrek erakunde autonomoan ematen diren ebazpenak prestatu, igorri, argitaratu eta artxibatzearen gaineko zenbait eginkizun zituen esleiturik.
Ondoren, Osasuneko kontseilariaren abuztuaren 5eko 111/2013 Foru Aginduaren bidez, departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Antolaketa Atalari atxiki zitzaion unitate hori, eta Ebazpenak Kudeatzeko Bulego izena hartu zuen.
Osasun Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 132/2015 Foru Dekretuaren lehenbiziko xedapen gehigarrian ezartzen da ezen Barne Araubidearen eta Modernizazioaren Atalari atxikitzen zaiola Ebazpenak Kudeatzeko Bulegoa, Antolaketa Atalaren menpekoa; edonola ere, Osasun Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 269/2019 Foru Dekretuak balio gabe utzi zuen aipatu xedapena, eta, geroztik, atal horren izena Kudeaketa Administratiboaren eta Modernizazioaren Atala da. Foru dekretu horren xedapen iragankor bakarrak ezartzen duenez, atal mailatik beherako unitate organikoek ordura arteko izenari eta eginkizunei eutsiko diete, eta egitura berriko organoei atxikiko zaizkie behin-behinekoz, ordura arte betetzen zituzten eginkizunen arabera.
Kontuan harturik berariaz esleitzen diren xede eta helburuei buruz instrumentaltasun printzipioak agintzen duena (printzipio hori erakunde publikoen araubide juridikoan jasotzen da), gomendagarria izan daiteke erakunde publiko jakin baten zenbait eginkizun orokor erakunde publiko horri atxikita ez dauden administrazio organoek egitea, kudeaketa-esleipen baten bidez. Eginkizun horien artean daude Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua erakunde autonomoan ematen diren ebazpenak prestatu, igorri, argitaratu eta artxibatzeko lanak.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 14. artikuluak honako hau xedatzen du: "Foru Administrazio Publikoko organoek zilegi izanen dute beste organo batzuei edo zuzenbide publikoko beste erakunde eta entitate batzuei –lotutakoak edo haien menpekoak– eskuordetzea beren eskumeneko jarduera materialak eta teknikoak egitea, dela eraginkortasun-arrazoiengatik, dela lan horietarako baliabide tekniko egokiak ez dituztelako".
Osasuneko kontseilariaren urriaren 10eko 356E/2019 Foru Aginduaren bidez (2019ko 208. Nafarroako Aldizkari ofizialean argitaratua, urriaren 21ekoan), baimena eman zen Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua erakunde autonomoan ematen diren ebazpenak prestatu, igorri, argitaratu eta artxibatzeko lanak Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Ebazpenak Kudeatzeko Bulegoari esleitzeko. Kudeaketa-esleipen hori Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak urriaren 22an emandako 1149/2019 Ebazpenaren bidez egin zen.
Osasuneko kontseilariaren urriaren 23ko 309E/2020 Foru Aginduaren bidez (2020ko 265. Nafarroako Aldizkari ofizialean argitaratua, urriaren 26koan), baimena eman zen Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua erakunde autonomoan ematen diren ebazpenak prestatu, igorri, argitaratu eta artxibatzeko lanak Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Ebazpenak Kudeatzeko Bulegoari esleitzeko. Esleipen hori Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen urriaren 26ko 982/2020 Ebazpenaren bidez onetsi zen, hiru urterako, 2020ko urriaren 27tik hasita; horregatik, indarra iraungitzear dagoenez, bidezkoa da esleipen berri baterako baimena ematea.
Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 14. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
AGINTZEN DUT:
1. Baimena ematea Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Ebazpenak Kudeatzeko Bulegoari esleitzeko Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua erakunde autonomoan ematen diren ebazpenen gaineko jarduketa hauek:
a) Ebazpenak prestatzea, administratiboki gainbegiratzea, igortzea eta, hala badagokio, argitaratzera bidaltzea.
b) Ematen diren ebazpen guztiak katalogatu eta artxibatzea.
c) Administrazio egintza horiei buruzko ziurtagiriak prestatzea.
2. Esleipenak hiru urteko indarraldia izanen du, eta ondorioak sortuko ditu 2023ko urriaren 27tik aurrera.
3. Foru agindu hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Kudeaketa Zuzendaritzara eta Araubide Juridikoaren Zerbitzura.
4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Iruñean, 2023ko urriaren 17an.–Osasuneko kontseilaria, Fernando Domínguez Cunchillos.
Iragarkiaren kodea: F2314897