229. ALDIZKARIA - 2023ko azaroaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

114/2023 EBAZPENA, urriaren 10ekoa, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, graduatu ondokoentzat beka bat emateko deialdia onesten duena. Graduatu ondokoen tituluak honako hau izan behar du: gradua Albaitaritza,n gradua Biologian, gradua Biokimikan, gradua Biokimika eta Biologia Molekularrean, gradua Bioteknologian edo aurrekoen baliokidetzat jo den beste titulu bat. Beka Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Nekazaritzako Elikagaien Laborategiaren Atalean aritzeko da, animalien osasuneko teknika analitikoekin (immunologikoak, molekularrak, entomologikoak eta mikrobiologikoak) zerikusirik duten lanetarako. DDBN identifikazioa: 721077.

Abeltzaintza Zerbitzuak proposatu du graduatu ondoko beka bat emateko deialdia egitea, Nekazaritzako Elikagaien Laborategiaren Atalean aritzeko. Eskatzen den titulazioa honako hau da: gradua Albaitaritzan, gradua Biologian, gradua Biokimikan, gradua Biokimika eta Biologia Molekularrean, gradua Bioteknologian edo aurrekoen baliokidetzat jo den beste titulu bat.

Bekaren helburua da animalien osasuneko teknika analitikoen (immunologikoak, molekularrak, entomologikoak eta mikrobiologikoak) gaineko ezagutzak eskuratzea.

Bekadunei eskatuko zaizkien azterketek lanbide esperientzia baliotsua ekarriko diete, eta, aldi berean, oso baliagarriak izanen dira departamentu honentzat.

Ebazpen honi honako arau hauek aplikatuko zaizkio: azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea, Dirulaguntzei buruzkoa, eta apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duena.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Graduatu ondokoentzat beka bat emateko deialdia onestea. Beka Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Nekazaritzako Elikagaien Laborategiaren Atalean aritzeko da, animalien osasuneko teknika analitikoekin (immunologikoak, molekularrak, entomologikoak eta mikrobiologikoak) zerikusirik duten lanetarako. Beka eskuratzeko oinarri arautzaileak ebazpen honen eranskinean daude.

2. 11.497,08 euroko gastua baimentzea, "Bekak" izeneko 700000-70100-4809-411103 partidaren kargura, honela banatuta diru kopuruaren eta denboraren arabera:

–2023ko ekitaldi ekonomikoa: 1.916,18 euro, 2023ko gastu-aurrekontuko "Bekak" izeneko 700000-70100-4809-411103 partidaren kargura; hilean 900 euroko bi hilekori dagozkien laguntzak dira, gehi 58,09 euro hilabetean, Gizarte Segurantzaren kontzeptuan.

–2024ko ekitaldi ekonomikoa: 9.580,9 euro, 2024ko gastu-aurrekontuko "Bekak" izeneko 700000-70100-4809-411103 partidaren kargura, edo 2024ko gastu-aurrekontuan horretarako gaitzen den partida baliokidearen kontura, kreditu egokia eta nahikoa izateko baldintzarekin; hilean 900 euroko hamar hilekori dagozkien laguntzak dira, gehi 58,09 euro hilabetean, Gizarte Segurantzaren kontzeptuan.

3. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

4. Ebazpen hau igortzea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Abeltzaintza Zerbitzura, Nekazaritzako Elikagaien Laborategiaren Atalera, Ekonomia Aferetarako Bulegora eta Langileria Bulegora.

5. Deialdi hau eta oinarri arautzaileak erregistratzea Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean (NGDDB).

6. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2023ko urriaren 10ean.–Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

ERANSKINA.–BEKA BAT LANDA GARAPENEKO ETA INGURUMENEKO DEPARTAMENTUKO NEKAZARITZAKO ELIKAGAIEN LABORATEGIAREN ATALEAN ARITZEKO. DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

Lehena.–Xedea.

Graduatu ondokoentzat beka bat emateko deialdia onestea. Graduatu ondokoen tituluak honako hau izan behar du: gradua Albaitaritzan, gradua Biologian, gradua Biokimikan, gradua Biokimika eta Biologia Molekularrean, gradua Bioteknologian edo aurrekoen baliokidetzat jo den beste titulu bat. Beka Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Nekazaritzako Elikagaien Laborategiaren Atalean aritzeko da, animalien osasuneko teknika analitikoekin (immunologikoak, molekularrak, entomologikoak eta mikrobiologikoak) zerikusirik duten lanetarako.

Bigarrena.–Iraupena.

Bekak 12 hilabete iraunen du gehienez, 2023ko azaroaren 1etik 2024ko urriaren 31ra bitarte. Nekazaritzako Elikagaien Laborategiaren Atalak eskatuz gero, beka luza daiteke, aldi berdinetarako, hiru urte egin arte gehienez, hasierako aldia eta luzapenak kontuan izanda. Luzapen hori onartuko da aurrekontuetan horretarako behar adina diru badago.

Hirugarrena.–Zenbatekoa.

Bekak 11.497,8 euroko zuzkidura edukiko du, eta 900 euroko hileroko epeetan ordainduko da, edo zati alikuota, gehi 58,09 euro hilean, Gizarte Segurantzako kotizazio-arauak garatzen dituen Gizarte Segurantzako kontzeptuagatik.

Ordaintzen den diruari pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari dagokion konturako atxikipena eginen zaio, indarra duten arauei jarraikiz hala egin behar baldin bada.

Onuradunari ematen zaion dirua ez da inolaz ere soldata edo lansaritzat hartuko, dirulaguntza publikotzat baizik.

Laugarrena.–Betebeharrak.

Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean betebehar hauek guztiak betetzen dituzten pertsona fisikoak izaten ahal dira prestakuntza bekaren onuradun:

a) Adinez nagusia izatea.

b) Espainiarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo, Europako Erkidegoak sinatu eta Espainiako estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa. Espainiako nazionalitatea ez duenak gaztelaniaz behar adina badakiela frogatu beharko du.

c) Jarduteko gaitasun osoa izatea eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen laguntza eta dirulaguntza publikoak jasotzeko desgaitua ez egotea.

d) Bizitokia Nafarroan izatea, deialdiaren eguna baino urtebete lehenagotik gutxienez.

e) Gradu hauetako baten jabea izatea: gradua Albaitaritzan, gradua Biologian, gradua Biokimikan, gradua Biokimika eta Biologia Molekularrean, gradua Bioteknologian edo aurrekoen baliokidetzat jo den beste titulu bat, Espainiako agintariek emanda edo homologatua.

f) Eskatutako titulua eskuratua izatea prestakuntza bekarako deialdia egin aurreko hiru urteen barrenean.

g) Hala badagokio, beka emateko ebazpenaren aurretik frogatzea zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela. Horrekin batera, adierazpen edo hitzemate idazki bat aurkeztu beharko du, aditzera emateko ez duela kobratzen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren beste departamentu batetik edo beste administrazio edo entitate publiko edo pribatu batetik helburu bera duen beste edozein laguntza publiko, bekarekin bateraezina dena.

h) Ez izatea ezintasun fisikorik edo gaixotasunik, bekaren xedeko prestakuntzan aritzea galaraz diezaiokeenik.

Betebehar horiek guztiak bekak irauten duen denbora osoan bete beharko dira.

Bosgarrena.–Eskaerak aurkeztea.

1. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko hamabost egun baliodunean aurkeztuko dira eskaerak.

2. Eskaerak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren Erregistroan aurkeztuko dira (González Tablas kalea 9), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatzen diren tokietatik edozeinetan.

Telematika bidez ere aurkezten ahal dira, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoko dagokion fitxa erabiliz (https://www.navarra.es/eu/tramiteak). Fitxa horretan, esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki behar da.

Behar diren baliabideak ez dituzten edo aholkularitza behar duten eskatzaileen tramitazioa errazteko, Nafarroako Gobernuak erabiltzaileari arreta emateko Info 012 gunea jartzen du haien eskura, Tuterako Foruen plazako 5-6 zenbakietan. Han aholku emanen zaie eskaerak aurkezteko moduaz, baina horretarako, aurreko paragrafoan ezarri bezala, behar-beharrezkoa izanen da ziurtagiri digitala izatea.

3. Eskaerarekin batera honako agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Eskabidea, eredu normalizatuaren araberakoa, https://www.nafarroa.eus web-orrian eskuragarri dagoena.

b) Curriculum vitae-a, non adieraziko baitira egindako ikasketak, burututako jarduerak, argitalpenak, lortutako sariak eta aipatu nahi diren merezimendu guztiak.

c) Ikasketa-espedientearen ziurtagiria, maila bakoitzeko irakasgai guztien kalifikazioekin, espresuki aipatuta zein deialditan gainditu zituen.

d) Seigarren oinarriko 2.2. puntuan adierazten diren merezimenduen egiaztagiriak.

e) Dituen titulu eta diplomen fotokopiak.

f) Nortasun Agiri Nazionalaren edo baliokidea den identifikazio agiriaren kopia.

g) Nafarroan duela urtebete bizi dela frogatzen duen erroldatze-ziurtagiria.

h) Eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, adierazten duena ez dagoela onuradun izatea galarazten dioten egoeretako bakar batean ere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluaren arabera.

Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.

6. Epe barrenean aurkeztutako eskaeran behar diren datu guztiak jasotzen ez badira edo eskatutako agiriak eransten ez bazaizkio, interesdunari eskatuko zaio gehienez ere hamar egun balioduneko epean akatsak zuzendu ditzala edo agindutako agiriak aurkez ditzala. Halaber, jakinaraziko zaio ezen, hori egiten ez badu, ulertuko dela eskaeran atzera egiten duela. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko ebazpena emanen da, eta interesdunari jakinaraziko zaio.

Deialdian ezarritako merezimenduei buruzko agiriak aurkezten ez badira, ezin izanen da zuzenketarik egin.

Eskatzaileek beren helbide elektronikoa emanen dute, behar diren komunikazioak edo jakinarazpenak egiteko.

5. Prestakuntza beka jasotzeko eskaera aurkezteak berekin dakar eskatzaileak deialdiaren oinarriak onartzea.

Seigarrena.–Eskaeren ebaluazioa.

1.–Ebaluazio batzorde batek baloratu eta hautatuko ditu deialdiko baldintzak betetzen dituzten eskaerak. Honako hauek osatuko dute batzordea:

Batzordeburua: Elena San Miguel Ibáñez, Nekazaritzako Elikagaien Laborategiaren Ataleko burua.

Epaimahaikidea: Manuel Barrón Perea, Animalien Osasunaren Bulegoko burua.

Epaimahaikidea: Felicidad Berrueta Diestro, Enologia Laborategiaren Bulegoko burua.

Idazkaria: Pablo Fraile Jiménez de Maquirriain, Nekazaritzako Elikagaien Laborategiaren Ataleko kimikaria.

Batzordeko kideren bat kanpoan edo gaixorik badago, haien ordezkoak Abeltzaintza Zerbitzuko langileak izanen dira, Nekazaritzako Elikagaien Laborategiaren Atala zerbitzu horri atxikita baitago, betiere deialdi honetan eskatzen den maila bereko edo altuagoko titulazioa badute.

Beka hau norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17. artikuluan xedatzen den moduan. Hortaz, aurkezten diren eskaerak alderatuta emanen da beka, baremoko ordenaren arabera, dokumentazio osoa dagoela egiaztatu ondoren.

2.–Ebaluazio Batzordeak izangaiek alegatu eta frogatutako merezimenduak kalifikatuko ditu, balorazio hauen arabera:

2.I. Ikasketa espedientea:

Ikasketa-espedientearen batez besteko nota hartuko da kontuan. Batez besteko nota 10 bada, 5 puntu emanen dira; gainerako notekin, horren araberako hainbanaketa eginen da.

2.II. Bekaren jarduera esparruari lotutako arloetako prestakuntza:

Ikastaroak: Bekaren xedearekin lotura duten ikastaroak baloratuko dira:

–40 ordu baino gutxiagoko ikastaroak: 0,05 puntu ikastaroko.

–40tik 199 ordura bitarteko ikastaroak: 0,1 puntu ikastaroko.

–200 ordu baino gehiagoko ikastaroak: 0,2 puntu ikastaroko.

Tituluak:

–Beste titulu batzuk: 0,6 puntu titulu osoko. Tituluan baldin badaude bekarekin lotura duten edukiak eta loturarik ez dutenak, hainbanatzen ahalko dira, orduen eta kredituen arabera.

2.III. Lanak.

Bekaren xedearekin lotura duten jardueretan lan egindako urte bakoitzeko 0,6 puntu emanen dira, edo haren banaketa proportzionala.

2.IV. Hizkuntzak.

Ingelesa baloratuko da, interes zientifikoko hizkuntza den aldetik; hizkuntza eskola ofizialetako tituluak hartuko dira kontuan, edo Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenean aitortutako erakundeetakoak. Ebazpen horrek baliozkotzeak ezarri zituen euskararen eta Europar Batasuneko hizkuntzen jakite-maila frogatzen duten titulu eta ziurtagirien artean, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera.

A2 maila: 0,2 puntu.

B1 maila: 0,3 puntu.

B2 maila: 0,5 puntu.

C1 maila: 0,75 puntu.

C2 maila: 1 puntu.

Puntuazio orokorrean berdinketa gertatuz gero, lehenik, ikasketa-espedientearen 2.I atalean lortutako puntuazioa hartuko da kontuan. Berdinketak jarraituz gero, prestakuntzaren eta beste titulu batzuen atalean lortutako puntuazioa hartuko da kontuan, eta horrela hurrenez hurren, balorazio irizpideen zerrendaren ordena berean.

3.–Merezimenduak kalifikatzeko prozesua bukatuta, ebaluazio batzordeak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren iragarki-taulan (González Tablas kalea 9, Iruña) argitaratuko du aukeraturiko izangaien zerrenda, lortutako puntuazioaren araberakoa; Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoko berariazko fitxan ere argitaratuko da (https://www.navarra.es/eu/tramiteak).

4.–Ebaluazio batzordeak organo eskudunari igorriko dio bekak emateko proposamena, loteslea izanen dena.

5.–Hautatutako gainerako eskatzaileekin ordezkapenetarako zerrenda bat osatuko da, guztira lortzen duten puntuazioaren araberako hurrenkerari jarraikiz; hurrenkera horri zorrotz jarraituko zaio sortzen ahal diren bajak betetzeko, onuradunak uko egiten duenean, ezinbesteko kasuetan, baldintzak betetzen ez dituenean edo behar bezala arrazoitutako beste edozein kasutan.

Zazpigarrena.–Beka emateko ebazpena.

1. Ebazpen proposamena ikusirik, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak beka emateari buruzko ebazpena emanen du.

2. Prozedura ebazteko epea hiru hilabetekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Epe hori bukatzen denerako berariazko ebazpena argitaratu edo jakinarazi ez bada, uler daiteke eskaerak ezetsi egin direla administrazioaren isiltasunez.

3. Administrazio prozedura erkideari buruzko legedian ezarritako bideak erabiliko dira interesdunei jakinarazteko nori esleitu zaion beka eta, halakorik bada, gainerako eskaerak ukatu direla. Hori guztia Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren iragarki-taulan argitaratuko da (González Tablas kalea 9, Iruña), baita Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko zerbitzuen katalogoko fitxan ere (https://www.navarra.es/eu/tramiteak). Beka emateari buruzko jakinarazpenean zehaztuko da zer baldintza ezarriko zaizkion onuradunari.

Zortzigarrena.–Jabetza intelektuala.

Egiten diren dokumentu eta lanen jabetza intelektuala Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuarena izanen da, eta berak baizik ez du izanen haiek zabaldu eta argitaratzeko eskubidea.

Bederatzigarrena.–Jardueren hasiera eta ukoak.

1. Prestakuntza beka jasotzen duenak organo eskudunak agintzen dion egunean hasi beharko du jardunean, edo, bestela, bekaren esleipena jakinarazi eta hamar eguneko epearen barruan. Hori egin ezean, ulertuko da onuradunak bekari uko egin diola behin betiko, non ez den ezinbesteko arrazoirik edo behar bezala justifikatutako beste edozein gorabehera.

2. Emandako bekari edozein arrazoirengatik uko eginez gero, organo eskudunak zilegi izanen du beka hori ebaluazio batzordeak ezarritako zerrendan hurrengo postuan ageri denari ematea, deusetan galarazi gabe onuradunak uko egin arte dituen betebeharrak betetzea.

Hamargarrena.–Betebeharrak eta bateraezintasunak.

1. Bekadunek apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren 16. eta 19. artikuluetan ezarritako bateraezintasun araubidea eta betebehar orokorrak bete beharko dituzte (foru dekretu horren bidez ezarri zen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra).

2. Prestakuntza beka bateraezina izanen da administrazio beraren eta beste administrazio publiko batzuen bekekin.

3. Jarduerak hasten diren unean, onuradunak ez dira jasotzen ariko bekarekin bateraezina den beste edozein laguntza publiko edo pribatu.

4. Onuradunak, gainera, betebehar hauek izanen ditu:

a) Beka emateak dakarren prestakuntza teoriko-praktikoko jarduera betetzea, eta bekaren xedearekin eta haren jarduketa-eremuekin lotutako jardueretan eta lanetan laguntzea. Beka jasotzen dutenek beren kabuz joan beharko dute departamentuaren instalazioetara.

b) Bekadun gisa aritu dela adieraztea bekaren zuzeneko ondorio diren jarduera eta argitalpen guztietan.

c) Sekretua eta konfidentzialtasuna gordetzea prestakuntza jarduera gauzatu bitartean ezagutzen duen isilpeko informazio tekniko edo administratiboaren gainean.

d) Onuradunak egindako prestakuntza jardueraren azken memoria aurkeztu beharko du. Memoriak tutorearen adostasuna izan beharko du, eta hark balorazio bat gehituko du beka emateko baldintzen eta aurreikusitako helburuen betetze-mailari buruz.

Hamaikagarrena.–Tutoretza eta jarduerak.

1. Bekadunari tutore bat esleituko zaio. Tutoreak eginkizun jakin batzuk ezarriko dizkio, ordutegiak finkatuko ditu eta bekadunen betebeharrak eta jarduerak betetzen diren begiratuko du, haren ardura izanen baita bekaduna gainbegiratzea.

2. Beka emateak ez du inolaz ere sortuko lan, kontratu edo estatutu bidezko harremanik Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin edo haren erakunde autonomoekin.

3. Onuradunak 2,5 egun naturaleko atsedenaldia izanen du bekaldiaren hilabete bakoitzeko.

4. Zein unitate administratibotan egiten diren jarduerak, haren barne edo funtzionamendu araubideari jarraituko zaio eskubide horiek erabiltzeko.

5. Bekadunak prestakuntzarako beharrezkoak diren joan-etorriak egin beharko ditu.

Hamabigarrena.–Kalte-ordainak.

1. Bekadunak eskubidea du Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren 21. artikuluan ezarritako kalte-ordainak jasotzeko.

Hamahirugarrena.–Kalteengatiko erantzukizuna.

Administrazio Publikoa izanen da bekadunak bere prestakuntza jardueran beste batzuei eragiten dizkien kalte-galeren erantzulea, baina administrazio horrek zilegi izanen du bekadunak dolo, erru edo zabarkeria larriagatik izan dezakeen erantzukizuna eskatzea.

Hamalaugarrena.–Bekaren bukaera.

Honako hauek dira beka bukatzeko arrazoiak:

a) Bekaren epea bukatzea, luzapenik izan gabe.

b) Luzapenaren gehieneko epea bukatzea.

c) Bekari probetxurik ez ateratzea.

d) Bekadunak bere gain hartutako betebehar eta eginkizunak ez betetzea, jarduerak egitean ardurarik ez jartzea, prestakuntzari errendimendu edo probetxu eskasa ateratzea edo prestakuntza batere ez aprobetxatzea, edo lanak kalitate gabekoak izatea.

Hamabosgarrena.–Araubide juridikoa.

Oinarri hauetan ezarrita ez dagoen orotan, arau hauetan xedatutakoari jarraituko zaio: 172/2004 Foru Dekretua, apirilaren 19koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duena, eta 11/2005 Foru Legea, azaroaren 9koa, Dirulaguntzei buruzkoa.

Hamaseigarrena.–Errekurtsoak.

Oinarri arautzaile hauen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute interesdunek, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iragarkiaren kodea: F2314639