229. ALDIZKARIA - 2023ko azaroaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

2240/2023 EBAZPENA, 2023ko urriaren 20koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak emana. Haren bidez, deialdi bat onesten da Nafarroako Unibertsitate Publikoan Liburutegiko OLko teknikari izateko 2 lanpostu (A mailakoak) barne igoerako prozedura murriztuan eta oposizio-lehiaketa bidez betetzeko.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gobernu Kontseiluak 2023ko otsailaren 27an hartutako erabaki baten bidez, Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langile funtzionarioen salbuespenezko promozio prozesu bat onetsi zen, baita prozesu horren ezaugarriak ere.

Prozesu hori gauzatzeko, deialdi bat onesten da plantillan existitzen diren baina bete gabe dauden Liburutegiko OLko teknikari izateko 2 lanpostu (A mailakoak) barne igoerako prozedura murriztuan eta oposizio-lehiaketa bidez betetzeko.

Kontuan harturik Langileria Kudeatzeko Ataleko buruak egin duen proposamen txostena, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak ontzat eman duena.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak errektoretza-taldearen egitura orokorra onetsi eta bere funtzioak zehazteko 2023ko ekainaren 20an eman zuen 1306/2023 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Onestea Nafarroako Unibertsitate Publikoan Liburutegiko OLko teknikari izateko 2 lanpostu (A mailakoak) barne igoerako prozedura murriztuan eta oposizio-lehiaketa bidez betetzeko hautaprobetarako deialdia.

Bigarrena.–Deialdi hau arautuko duten oinarriak onestea, zeinak ebazpen honi erantsi baitzaizkio.

Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoan argitara dadila agintzea.

Iruñean, 2023ko urriaren 20an.–Kudeatzailea, Joaquín Romero Roldán.

NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOAN LIBURUTEGIKO OL-KO TEKNIKARI IZATEKO 2 LANPOSTU (A MAILAKOAK) BARNE IGOERAKO PROZEDURA MURRIZTUAN ETA OPOSIZIO-LEHIAKETA BIDEZ BETETZEKO DEIALDIAREN OINARRIAK

1.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen helburua Nafarroako Unibertsitate Publikoan Liburutegiko OLko teknikari izateko bi lanpostu (funtzionarioen araubidekoak eta A mailakoak) barne-igoerako prozedura murriztuan eta oposizio-lehiaketa bidez betetzea da. Oinarri hauen II. eranskinean ageri da zein diren lanpostuen zenbakia, baldintzak eta lantokia.

1.2. Honako hauek arautuko dute deialdi hau: Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen 1993ko abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, 1985eko ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Administrazio Publikoetan Sartzeko Erregelamendua eta oinarri hauetan ezarritakoaren arabera aplikatzekoak diren gainerako arauak.

1.3. Osotara lortutako puntuazioaren arabera esleituko dira lanpostuak.

1.4. 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.1.b) artikuluan ezarritakoaren arabera –Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa–, hautaketa-prozesu honek eragiten dituen argitalpenak, Nafarroako Aldizkari Ofizialari dagozkionak izan ezik (deialdien oinarriek berariaz aipatutakoak), Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-ohol elektronikoko esteka honetan azalduko dira, deialdi honi dagokion aipamenean, eta ez dira baliozkoak izanen bestelako tokietan agertzen direnak:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/iragarki-ohol-elektronikoa/enplegu-publikoa/azl-en-deialdiak?opcion=5&submenu=yes&languageId=100001

2.–Izangaiek bete beharrekoak.

2.1. Hautaprobetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Nafarroako Unibertsitate Publikoaren zerbitzuko karrerako funtzionario izatea.

b) Deialdiko lanpostu hutsen maila berekoa edo beheragokoa izatea.

c) Administrazio publikoetan bost urteko antzinatasun onartua izatea.

d) Honako titulu hauetako bat edukitzea: Lizentzia, Ingeniaritza, Arkitektura edo Gradua, edo titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.

e) Ez egotea borondatezko edo nahitaezko eszedentzian, salbu eta borondatezko eszedentzian dagoen izangaia Nafarroako Unibertsitate Publikoko beste lanpostu finko edo aldi baterako lanpostu batean ari bada lanean.

f) Eginkizun publikoetarako desgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publiko baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

g) Dagozkion eginkizunak betetzeko gaitasun fisiko eta psikikoak edukitzea.

2.2. Aurreko baldintzak eskabideak aurkezteko epea amaitzen den unean bete beharko dira, eta hautaketa-prozedurak dirauen bitartean eta lanpostuaz jabetu arte mantendu.

3.–Eskaerak.

3.1. Eskaerak aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea hogei egun natural igaro ondoren bukatuko da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

3.2. Eskaeren aurkezpen telematikoa.

Hautaketa-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek modu telematikoan aurkeztu eta formalizatu beharko dute eskaera, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez, helbide honetako "Hasi tramitea" botoian:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/egonkortze-prozesua-oposizio-lehiaketa?languageId=100001

3.3. Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentuak.

Online eskabidea aurkeztean, izangaiek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, eskaneatuta, dagokienaren arabera:

a) Deialdi honen 2.1.d) oinarrian eskatutako titulazioaren baldintza betetzen dutela egiaztatzen duen dokumentazioaren kopia.

b) Desgaitasunen bat aitortua duten pertsonen kasuan, IMSERSOk edo autonomia-erkidegoko erakunde eskudunak emandako ziurtagiria, edo Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpen bat, zeinak prestazioa jasotzeko eskubidea aitortzen baitu ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia izateagatik.

% 33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten izangaiek, hautaprobak egiteko denbora edo bitartekoak egokitzeko eskatu nahi badute, helbide honetan eskuragarri dagoen eskabidearen bidez adierazi beharko dute:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/egonkortze-prozesua-oposizio-lehiaketa?languageId=100001

3.4. Eskaeran atzematen diren akats materialak edo egitatezko akatsak edonoiz konpontzen ahalko dira, ofizioz edo interesdunak hala eskatuta.

4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta gero, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak ebazpen bat emanen du izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrendak onesteko, azken horiek baztertzeko zergatiak azalduta, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

4.2. Eskaera edo 3.3 oinarrian aipatzen diren dokumentuak ez aurkezteagatik eta behar bezala ez formalizatzeagatik behin-behinean baztertzea galarazi gabe, ezin zuzendu daitezkeen baztertzeko arrazoiak hauek izanen dira: eskaera epez kanpo aurkeztea eta deialdian eskatutako baldintzak ezarritako epean ez betetzea.

4.3. Zerrendan azaldu ez diren izangaiek eta behin-behinean baztertutakoek zilegi dute erreklamazioa egitea eta, akatsen bat badago, akatsak zuzentzea, behin-behineko zerrenda argitaratu eta hurrengo hamar egun balioduneko epean.

Erreklamazioak telematikoki aurkeztu beharko dira, eskabide orokor baten bitartez eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez, helbide honetan, "Hasi tramitea" botoia sakatuz:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/instancia-general+?languageId=100001

Aipatutako epean zerrendetan ez agertzearen aurka alegatu eta onartuen zerrendan egoteko eskubidea justifikatzen ez duten edo akatsa zuzentzen ez duten izangaiak behin betiko bazterturik geldituko dira.

4.4. Erreklamazioetarako epea iragan eta haiek ebatzi ondoren, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak ebazpena emanen du izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko du.

4.5. Onartuen behin betiko zerrendan egoteak ez du esan nahi, inola ere, Unibertsitateak aitortzen duenik izangaiek deialdiko oinarrietan eskatzen diren baldintzak betetzen dituztela. Aurkeztutako dokumentazioa edo Unibertsitatearen eskura dagoena aztertuta, ikusten bada izangairen batek baldintzaren bat ez duela betetzen, bertan behera geldituko dira deialdian parte hartzeak dakarzkion eskubide guztiak, alde batera utzi gabe faltsutasunagatik eragindako erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

4.6. Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin, egin beharreko jakinarazpena egin dela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluak xedatzen duenarekin bat etorriz.

5.–Epaimahai kalifikatzailea.

5.1. Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 2015eko urriaren 1eko 40/2015 Legean kide anitzeko organoei buruz xedatutakoak arautuko du epaimahai kalifikatzailea, eta, subsidiarioki, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Kide Anitzeko Organoen Funtzionamendurako Erregelamendu Orokorra onesten duen 2018ko apirilaren 24ko Gobernu Kontseiluaren Erabakiak.

5.2. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuetako 111. artikuluan xedatutakoarekin bat, honako hauek osatuko dute epaimahai kalifikatzailea:

–Epaimahaiburua: errektorea edo hark eskuordetutako pertsona.

Ordezko epaimahaiburua: errektoreak izendatutako pertsona.

–Epaimahaikidea: kudeatzailea edo hark eskuordetutako pertsona.

Ordezko epaimahaikidea: kudeatzaileak izendatutako pertsona.

–Epaimahaikidea: Nafarroako Foru Komunitateko beste administrazio publiko batzuetako edo Estatuko beste unibertsitate publiko batzuetako kide bat.

Ordezko epaimahaikidea: Nafarroako Foru Komunitateko beste administrazio publiko batzuetako edo Estatuko beste unibertsitate publiko batzuetako kide bat.

–Epaimahaikidea: Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langile bat, maila bereko funtzionarioen artetik zozketaz izendatua.

Ordezko epaimahaikidea: Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langile bat, maila bereko funtzionarioen artetik zozketaz izendatua.

–Epaimahaikide idazkaria: Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langile bat, Administrazioko eta Zerbitzuetako Langileen Batzordeak izendatua.

Ordezko epaimahaikide idazkaria: Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langile bat, Administrazioko eta Zerbitzuetako Langileen Batzordeak izendatua.

Onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean jasoko dira epaimahai kalifikatzailearen kideen izenak.

5.3. Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da.

Epaimahai kalifikatzailearen eraketak eta jardunak balio izan dezaten, gutxienez kide guztien gehiengo osoa beharko da.

Epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta epaimahaikide idazkariak edo haien ordezkoek egon behar dute bertan.

Epaimahai kalifikatzailea eratu ondoren, epaimahaiburua edo idazkaria gaixorik badago edo arrazoi justifikatu batengatik aldi baterako kanpoan badago, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru-sektore publiko instituzionalari buruzko 2019ko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 21.2 eta 22.2 artikuluetan ezarritakoa aplikatuko da.

5.4. Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko 2015eko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluak ezartzen duen arrazoiren bat gertatzen denean, epaimahai kalifikatzaileko kideek uko egin beharko diote parte hartzeari, eta horren berri eman deialdia egin duen organoari. Halaber, lege horren 24. artikuluak ezartzen duenaren arabera, izangaiek zilegi dute epaimahai kalifikatzaileko kideak errekusatzea aipatutako egoera horietakoren bat gertatzen denean.

Abstentzioa edota errekusazioa dela-eta epaimahaiaren osaeran gertatzen den edozein aldaketa Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-ohol elektronikoan argitaratuko da.

5.5. Hautaprobak aurrera egin ahala, epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdi honen oinarriak interpretatzetik eta aplikatzetik sortzen diren zalantzak, baita deialdian kontuan hartzen ez diren arazoak konpontzeko behar diren neurriak hartu ere.

5.6. Epaimahai kalifikatzaileak aukera izanen du proba guztietarako edo batzuetarako aholkulari adituak edukitzeko. Aholkulariek beren espezialitate teknikoetan baino ez dute lagunduko.

5.7. Jakinarazpenak egiteko eta bestelako gorabeheretarako, epaimahaiaren egoitza Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazioko eta Kudeaketako eraikina izanen da.

6.–Oposizio-lehiaketaren garapena.

6.1. Deialdia osatzen duten faseak ordena honetan eginen dira: oposizio-fasea lehenbizi, eta, hura bukatutakoan, lehiaketa-fasea.

6.2. Oposizio-fasea 2024ko martxotik aurrera hasiko da.

Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko da non, noiz eta zer ordutan eginen den oposizioaren lehenbiziko proba.

Hurrengo probak hasi baino 48 ordu lehenago beranduenez argitaratuko du epaimahai kalifikatzaileak horien deialdia, eta proba egitera deituak dauden izangaien zerrenda eta oposizioaren proba non, noiz eta zer ordutan eginen den adieraziko du.

Hautaproba bakoitzerako deialdia dei bakar baten bidez eginen da, eta epaimahai kalifikatzaileak adierazitako tokian eta egunean egon beharko dira izangaiak, jardunak hasteko ezarritako orduan. Deialdi horretara agertzen ez direnak oposiziotik kanpo geldituko dira, probak ondoz ondoko ataletan banatzen badira ere. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala, pasaportea, gidabaimena edo epaimahai kalifikatzailearen iritziz identifikaziorako balio duen beste agiriren bat eraman beharko dute aldean. Nortasuna esandako moduan egiaztatzen ez dutenak oposiziotik kanpo geldituko dira.

6.3. Oposizioaren probak oinarri honetan adierazten direnak izanen dira, eta I. eranskineko gai-zerrendako gaietan oinarrituko dira.

Gaiei buruz eskatuko den edukia bat etorriko da deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarrean diren legeekin.

6.4. Desgaitasun aitortua izanik eskabidean hala eskatu duten izangaientzat, ariketak egiteko zehaztutako denboran eta baliabideetan izan litezkeen egokitzapenak ezarriko dira hautaprobak gauzatzeko.

6.5. Oposizio-fasean honako proba hauek egin beharko dira:

6.5.1. Lehenbiziko proba.

Idatziz garatu beharko dira I. eranskinean ageri den gai-zerrendako bi gai, epaimahai kalifikatzaileak ausaz hautatuak, bata I. partekoa eta bestea II. partekoa.

Epaimahai kalifikatzaileak, geroago, dei eginen die izangaiei garatutako gaia irakur dezaten, jendaurreko bilkuran.

Epaimahaiak ezarriko du, lehenbiziko proba hori hasi baino lehen, zenbat denbora izanen den hura egiteko; hiru ordu gehienez ere.

6.5.2. Bigarren proba.

I. eranskineko gai-zerrendako gaiei buruzko zenbait kasu teoriko-praktikori erantzun beharko zaie.

Baliteke proba hau ordenagailuz egin behar izatea.

Epaimahaiak ezarriko du, bigarren proba hori hasi baino lehen, zenbat denbora izanen den gehienez ere hura egiteko.

6.5.3. Hirugarren proba.

I. eranskineko gai-zerrendako gaiei buruzko kasu praktiko bat ebatzi beharko da, geroago ahoz azaldu eta defendatuko dena. Epaimahai kalifikatzaileak bi kasu praktiko proposatuko ditu, eta izangaiak horietako bat aukeratuko du.

Izangaiek nahi duten dokumentazioa ekarri eta erabiltzen ahalko dute, baita epaimahai kalifikatzaileak emanda tokian bertan egonen diren bitartekoak eta baliabideak ere.

Epaimahaiak ezarriko du, hirugarren proba hori hasi baino lehen, zenbat denbora izanen den hura egiteko; bi ordu gehienez ere.

Geroago, epaimahai kalifikatzaileak izangaiei dei egingo die kasuaren ebazpena ahoz azaldu eta defenda dezaten, jendaurreko bilkuran, gehienez ere 60 minutuz. Azalpena eman ondoren, epaimahai kalifikatzaileak izangaiarekin hitz eginen du, gehienez ere 15 minutuz, egindako azalpenarekin eta defentsarekin lotutako gaiei buruz.

6.6. Oposizioko proben balorazioa.

Oposizioko proben balorazioan 70 puntu lortzen ahalko dira gehienez, honela banatuak:

6.6.1. Lehenbiziko proba (30 puntu gehienez):

0tik 30era kalifikatuko da.

Jakintzaren zabaltasuna, ideien argitasuna eta ordena, idatzizko adierazpenaren kalitatea eta aurkezteko eta azaltzeko modua baloratuko dira.

Proba baztertzailea izanen da, eta proban gehieneko puntuazioaren erdia gutxienez lortzen ez duten izangaiak bazterturik geldituko dira.

6.6.2. Bigarren proba (20 puntu gehienez):

0tik 20ra kalifikatuko da.

Aztertzeko gaitasuna, idatziz adierazteko gaitasuna eta gai-zerrendako gaiei buruzko ezagutzak baloratuko dira.

Proba baztertzailea izanen da, eta proban gehieneko puntuazioaren erdia gutxienez lortzen ez duten izangaiak bazterturik geldituko dira.

6.6.3. Hirugarren proba (20 puntu gehienez):

0tik 20ra kalifikatuko da.

Kasuak ebazteko gaitasuna, ideien argitasuna eta ordena eta aurkezteko eta azaltzeko modua baloratuko dira.

Proba baztertzailea izanen da, eta proban gehieneko puntuazioaren erdia gutxienez lortzen ez duten izangaiak bazterturik geldituko dira.

6.7. Proba bakoitzaren kalifikazioa amaiturik, izangaiek lortutako puntuazioak argitaratuko ditu epaimahaiak, eta bost egun balioduneko epea irekiko du interesdunek eskubidez dagokiena alegatu dezaten.

6.8. Hautaketa-prozesuko edozein unetan, epaimahaiak izangairen batek deialdi honetan eskatzen diren baldintza guztiak betetzen ez dituela jakinez gero, interesdunari entzun ondoren, hura kanporatzeko proposamena egin beharko dio Unibertsitateko kudeatzaileari, eta, era berean, izangaiak probetan sartzeko eskabidean egindako zehaztasun falta edo gezurren berri eman beharko dio, behar diren ondorioak izan ditzan.

6.9. Lehiaketa-fasea eta balorazioa.

6.9.1. Epaimahaiak, jarraian, lehiaketa-fasea eginen du oposizio-fasea gainditu duten izangaiekin.

Oposizioa gainditu duten izangai guztiek modu telematikoan aurkeztu beharko dute merezimenduak egiaztatzeko dokumentazio guztia, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez, helbide honetan, "Hasi tramitea" botoia sakatuz:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/instancia-general+?languageId=100001

"Erantsi fitxategiak" eremuan, izangaiek beren merezimenduak egiaztatzeko dokumentuak aurkeztu beharko dituzte.

Aski izanen da dokumentu horien kopia arruntak aurkeztea. Nolanahi ere, aurkeztutako datu edo agiriak zehaztugabeak edo faltsuak badira, erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.

Izangaiek ez dute merezimenduak egiaztatzeko dokumentaziorik aurkeztu beharko baldin eta, ordurako, Nafarroako Unibertsitate Publikoan baldin badago. Eskabidean hala dela adierazi beharko da betiere. Nolanahi ere, Giza Baliabideen Zerbitzuak ez baditu dokumentu horiek lortzen, zilegi izanen du horiek eskatzea izangaiei.

Zehazki, ezein kasutan ez dira aurkeztu beharko administrazio publikoetan emandako zerbitzuak Nafarroako Unibertsitate Publikoak jada aitortuak baditu, eta epaimahaiari helaraziko zaizkio barema ditzan.

6.9.2. Alegatutako merezimenduak deialdi honen III. eranskinean ezarritako baremoaren arabera kalifikatu eta puntuatuko ditu epaimahai kalifikatzaileak.

Lehiaketa-fasearen balorazioa ez da baztertzailea izanen, eta 30 puntu lortzen ahalko dira gehienez.

6.9.3. Merezimenduak baloratzean, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu artekoak hartuko dira kontuan, eta ez dira aintzat hartuko egun horretatik aurrera lortutakoak.

Epaimahai kalifikatzaileak inola ere ez du onartuko izangaiek alegatu eta agirien bidez frogatu ez duten merezimendurik, eta ezin izanen du baremoan adierazitako gehieneko puntuazioa baino handiagorik eman apartatu bakoitzean.

Alegatu eta egiaztatutako merezimenduei buruzko argibideak eta datu osagarriak eskatzen ahalko dizkie epaimahai kalifikatzaileak izangaiei.

6.9.4. Izangai bakoitzak baremoko atal bakoitzean dituen merezimenduak baloratuko ditu epaimahaia kalifikatzaileak, eta ezin izanen du inola ere segurutzat jo alegatu ez den edo agiri bidez egiaztatu ez den merezimendurik, ezta atal bakoitzean adierazitako gehieneko puntuazioa baino handiagoa eman ere.

Aurkeztutako merezimenduak justifikatzeko dokumentazioa aztertzen denean ondorioztatu egiten bada izangairen batek ez dituela merezimendu horiek, horiengatik emandako puntuazioa kenduko zaio, alde batera utzi gabe faltsutasunagatik eragindako erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

6.9.5. Merezimenduen balorazioa amaitu ondoren, epaimahai kalifikatzaileak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-ohol elektronikoan argitaratuko ditu izangaiek lortutako puntuazioak, eta bost egun balioduneko epea irekiko du, horiek argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita, izangaiek merezimenduen balorazioari dagokionez erreklamazioak egin eta beren eskubideen alde egokitzat jotzen dutena alega dezaten.

Erreklamazioak telematikoki aurkeztu beharko dira, eskabide orokor baten bitartez eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez, helbide honetan, "Hasi tramitea" botoia sakatuz:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/instancia-general+?languageId=100001

6.9.6.–Epaimahai kalifikatzaileak, egiten diren erreklamazioak ebatzirik, izangaien behin betiko kalifikazioak argitaratuko ditu Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-ohol elektronikoan, lortutako puntuazioen arabera ordenatuak betiere. Zerrenda argitaraturik, bukatutzat emanen da lehiaketa-fasea.

7.–Gainditu dutenen zerrenda.

7.1. Lehiaketa-fasearen eta oposizio-fasearen puntuazioak batuta kalkulatuko da azken kalifikazioa.

7.2. Prozeduran parte hartzen duten izangaien puntuazioan berdinketarik bada, oposizio-fasean puntuaziorik handiena dutenen alde ebatziko da.

Berdinketak iraunez gero, III. eranskineko merezimenduen baremoaren a) apartatuan puntuaziorik handiena duenaren alde ebatziko da; irizpide hori aplikaturik ere berdinketak irauten badu, kontuan hartuko da apartatu horren barrenean nork lortu duen puntuaziorik handiena azpiapartatu bakoitzean, zerrendaturik dauden ordenan.

Irizpide horiek aplikaturik ere berdinketak irauten badu, epaimahai kalifikatzaileak zozketa eginen du, bat bakarra, berdinketa ebazteko. Puntuazio bera duten izangaien artetik bat hautatuko da ausaz eta, horretarako, haietako bakoitzari zenbaki bat esleituko zaio ordena alfabetikoan; halatan non ordena alfabetikoaren arabera ebatziko baitira berdinketa guztiak, zozketan ateratako zenbakia dagokion pertsonaren izen-deituretatik abiatuta.

7.3. Oposizio-fasea eta lehiaketa-fasea bukatuta, gainditu dutenen zerrenda argitaratuko du epaimahai kalifikatzaileak, eta lortutako kalifikazioak azalduko dira bertan, fasetan banatuak eta lortutako puntuazioaren arabera ordenatuak. Zerrenda hori Nafarroako Unibertsitate Publikoko Giza Baliabideen Zerbitzukoei emanen die aditzera.

8.–Lanpostu hutsen aukeraketa eta izendapen proposamena.

8.1. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Giza Baliabideen Zerbitzuak, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-ohol elektronikoaren bidez, lanpostu hutsak hautatzeko ekitaldirako deialdia eginen du. Horretarako, honako hauek argitaratuko ditu: hautatu beharreko lanpostu hutsen zerrenda, hautaketara deitutako izangaien zerrenda –lanpostu hutsen kopuruaren araberakoa, lanpostu huts horiek hautatzeko duten lehentasunari jarraikiz eta puntuazioaren arabera ordenatua–, eta lanpostu hutsak hautatzeko ematen den hamar egun balioduneko epea.

8.2. Zerrenda horretan daudenek aditzera eman beharko dute, horretarako ezarritako epean, zein den deialdi honen xede diren lanpostu hutsak betetzeko duten lehentasun-ordena. Epe horretan, behar bezala justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, hautaketarik egiten ez duten izangaiek deialdi honen xede den lanpostuan aritzeko eskubide guztiak galduko dituzte. Kasu horretan, gaindituen zerrendan ondo-ondotik heldu den eta baldintzak betetzen dituen izangaiak beteko du hutsunea.

8.3. % 33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua duten izangaiek, txandetako edozeinetan lanpostua lortzen badute, lanpostu hutsak hautatzeko lehentasuna izanen dute gainerako izangaien aurretik.

Aurrekoa gorabehera, halako desgaitasun-maila duen izangairik badago eta desgaitasun horrek eragina badu lanpostu hutsetan jarduteko baldintzetan, bere desgaitasunerako egokienak direnak eskainiko zaizkio hautaketa egin aurretik, balorazio- eta orientazio-talde eskudunak horri buruz egiten duen txostena ikusita.

8.4. Lanpostu hutsak hautatzeko tramitea amaituta, epaimahaia kalifikatzaileak proposamen bat igorriko dio kudeatzaileari, espediente osoarekin batera, gainditu duten izangaien artetik deialdiko lanpostu kopurua betetzeko puntuaziorik altuena lortu dutenak izenda ditzan. Proposamen hori Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-ohol elektronikoan argitaratuko da.

9.–Izendapena.

9.1. Errektoreak izendapen proposamenean dauden izangaiak Liburutegiko OLko teknikari izendatuko ditu, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko den ebazpen baten bidez.

9.2. Izendapenaren ebazpenean finkatutako egunean hartu beharko dute izendatuek lanpostuaren jabetza.

9.3. Adierazitako egunean, ezinbesteko kasuetan salbu, proposatutako izangairen batek lanpostuaren jabetza hartzen ez badu, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Liburutegiko OLko teknikari izateko eskubide guztiak galduko ditu. Kasu horretan, dagokion deialdiko gaindituen zerrendan ondo-ondotik heldu den eta baldintzak betetzen dituen izangaiak beteko du hutsunea.

9.4. Izangairen bat Liburutegiko OLko teknikari bihurtzen bada eta, lanpostuko eginkizunak bete gabe, berak eskatuta, lanpostuaz jabetzen den egunetik bertatik eragina izanen duen borondatezko eszedentzian deklaratzen badute indarra duen araudian aurreikusitako kasuren batean, orduan ere lanpostu hutsa bete eginen da, 9.3 oinarrian xedatutakoaren arabera.

9.5. Aurreko apartatuetan ezarritako kasuetan, ez da aldatuko izendapenaren aurretik egindako lanpostu hutsen hautaketa, eta egoera horien ondoriozko lanpostuak zuzenean esleituko zaizkie izendatu berriei.

10.–Datu pertsonalen tratamendua.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak langileen kudeaketaren arloan antolatutako prozesuetan parte hartzeak interesdunen datuak tratatzea ekarriko du berekin. Datu horien tratamenduaren arduraduna Nafarroako Unibertsitate Publikoa da.

Datuen tratamendua aplikatzekoa zaion araudiari jarraikiz eginen da, hots, Datuak Babesteko 2016/679 EB Erregelamendu Orokorrari eta Datu Pertsonalak Babesteko 2018ko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoari jarraikiz. Tratamendu Jardueren Erregistroan kontsultatzen ahal da nola eginen den tratamendu hori, https://www2.unavarra.es/gesadj/seguridadInf/normativa-proteccion-datos/registro-actividades-tratamiento-datos-UPNA.pdf estekan, "Giza Baliabideak" atalean.

Tratatuko diren datuak batez ere hautaketa-prozesuetako izangaienak eta NUPeko langileenak izanen dira; hauek hain zuzen ere: izena, deiturak, NANa, datu akademikoak eta profesionalak eta, beharrezkoa denean, bankuko datuak eta Gizarte Segurantzakoak, edo ondoren deskribatzen den xedea betetzeko beharrezkoak direnak.

Datuen tratamendua justifikatzen duen xedea hau da: hautaketa-prozedurak, mugikortasunekoak, egoera administratiboak, ziurtagiriak, edo Giza Baliabideen arloan NUPen eskumenekoak diren beste batzuk tramitatzea.

Xede horrek interes publikoa edo botere publikoa legitimatzen du, Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.e) artikuluak ezartzen duen bezala. Hauek dira oinarri juridikoak, langileei buruzko beste arau batzuen artean: Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategina onesten duen 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, 2015eko urriaren 30ekoa, eta Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzura dauden Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, 1993ko abuztuaren 30ekoa.

Datuak tratatzeko jarduerei dagokienez, interesdunek eskubidea dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, mugatzeko, haiei kontra egiteko eta transferitzeko. Horretarako, mezu bat bidali behar dute delegado.protecciondatos@unavarra.es helbidera, Datu Pertsonalak Babesteko Lege Organikoaren 11. artikulutik 18. artikulura bitartekoei jarraikiz. Desadostasunen bat izanez gero, Datuak Babesteko Espainiar Agentziara jo dezakete, https://www.aepd.es/ domeinuaren bidez.

11.–Errekurtsoak.

Epaimahai kalifikatzaileak ematen dituen egintza eta ebazpenen kontra zilegi da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, errektoreari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

Deialdi honen aurka, haren oinarrien aurka eta beroriek aplikatzeko egintzen aurka, epaimahaiak egindakoak ez direnean, zilegi da ondoko errekurtsoetako bat jartzea, arau indardunekin bat etorriz:

a) Aukerako berraztertze-errekurtsoa errektorearen aurrean, hilabeteko epean, aurkatutako erabakia jakinarazi edo iragarri eta biharamunetik aurrera.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Justizia Auzitegi Gorenaren Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, aurkatutako erabakia jakinarazi edo iragarri eta biharamunetik aurrera.

I. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA

I. partea.

1. gaia.–Unibertsitateko liburutegiak. kontzeptua, eginkizuna eta gizarte erantzukizuna. Liburutegiak antolatzeko ereduak. Joerak eta etorkizuna.

2. gaia.–Unibertsitateko liburutegietako eraikinen, espazioen eta ekipamenduaren antolaketa eta plangintza. Zerbitzu berrietarako espazio berriak: lankidetzarako espazioak, coworkinga, erabilera sozialak, etab.

3. gaia.–Bilduma bibliografikoaren kudeaketa: hura prestatzeko, mantentzeko eta ebaluatzeko irizpideak. Bilduma kudeatzeko planak.

4. gaia.–Baliabide elektronikoak: plataformak eta zerbitzuak, merkaturatze ereduak, erabilera eta neurketa-estandar nagusiak.

5. gaia.–Prozesu teknikoa eta haren normalizazioa. Katalogazioaren egungo joerak. Informazio bibliografikoaren egitura, arau deskriptiboak: ISBD, Espainiako katalogazio arauak, FRBR eta RDA. Kodetzeko eta bibliografia-trukerako formatuak (Marc 21, BIBFRAME).

6. gaia.–Autoritate kontrola. Autoritate kontrolerako tresna nagusiak. VIAF, SKOS, FRAD eta FRASAD.

7. gaia.–Interneteko gobernantza. WWWren gomendioak eta estandarrak. Elkarreragingarritasuna eta estandarrak liburutegi digitaletan. TCP/IP, HTTP, Z39.50, SRU, OAI Metadata Harvesting Protocol eta Open URL.

8. gaia.–Metadatuak, eta horiek diseinatzeko, ebaluatzeko eta mantentzeko irizpideak. Metadatuen eskemak eta ezaugarriak: Dublin Core, METS, PREMIS. Web semantikoa eta Linked Open Data. Datu masiboak eta datuen meatzaritza.

9. gaia.–Normalizazioa eta identifikazio bakarra: normalizazio bibliografikoa, bibliografiarako eta objektu digitaletarako identifikatzaile bakarrak; ikertzaileen identifikazio unibokoa.

10. gaia.–Zaintza- eta kontserbazio-politikaren plangintza eta ebaluazioa. Liburutegi digitala: diseinua, garapena eta mantentzea. Espainiako eta nazioarteko proiektuak. Humanitate digitalak eta unibertsitateko liburutegiak.

11. gaia.–Liburutegietako webguneen diseinuaren eta erabilgarritasunaren printzipioak. Zerbitzuak ingurune birtualetan antolatzea. Teknologia parte-hartzaileetan oinarritutako liburutegi zerbitzuak.

12. gaia.–Liburutegiko jardueren eta zerbitzuen automatizazioa. Kudeaketa osoko sistemak eta liburutegiko zerbitzuen plataformak. Aurkikuntza-plataformak.

13. gaia.–Lineako katalogoak: egungo egoera eta joerak. Informazioa eskuratzeko tresnak. Katalogo kolektiboak eta katalogazio partekatuko programak.

14. gaia.–Unibertsitateko liburutegietako marketina. 2.0 liburutegiaren printzipioak eta zerbitzuak. Marketina eta sare sozialak liburutegian. Komunikazio planak.

15. gaia.–Erabiltzaileen prestakuntza eta gaitasun digitalak. DIGCOMP, gaitasun digitalen esparrua unibertsitatean. Irakaskuntzarako eta ikaskuntzarako liburutegi zerbitzuak. Liburutegia unibertsitateko hezkuntza-eragile gisa.

16. gaia.–Lankidetza unibertsitateko liburutegietan. Lankidetza ikuspegi geografikotik eta gaiaren, helburuaren eta jardueren ikuspegitik: REBIUN, DIALNET eta beste adibide garrantzitsu batzuk.

17. gaia.–Informazio iturri nagusiak Zientzian eta Teknologian.

18. gaia.–Informazio iturri nagusiak Giza Zientzietan, Gizarte Zientzietan eta Zientzia Juridikoetan.

19. gaia.–Liburua eta liburutegiak inprenta asmatu zen arte. Inprenta asmatzea eta zabaltzea.

20. gaia.–Liburua eta liburutegiak XVI. mendetik XIX. mendera.

21. gaia.–Liburua eta liburutegiak XX. eta XXI. mendeetan. Internetek liburutegietan eta informaziorako sarbidean duen eragina.

II. partea.

22. gaia.–Zientzia Irekia. Nazioarteko babeseko adierazpenak eta ekimenak. Lege esparrua Espainian eta Europan. NUPen Zientzia Irekiko Politikak.

23. gaia.–Komunikazio zientifiko eta akademiko berria. Aldizkari zientifikoak gaur egun. Sarbide irekiko bideak argitalpen zientifikoetara eta sarbide irekiko argitalpenetara. Eraldaketa-akordioak.

24. gaia.–Erakundeen biltegiak, agregatzaileak eta biltzaileak. Liburutegiaren rola. Ikerketen eta ikasteko objektuen gordailu instituzionalak. Academica-e.

25. gaia.–Ikerketa-datuak: datuen kudeaketa eta kudeaketa-planak, berrerabilera eta aipuak, datuen gordailuak, etab. FAIR datuak.

26. gaia.–Ikerketa-jardueraren ebaluazioa. Egiaztatze eta ebaluazio zientifikorako informazio baliabideak. Ekoizpen zientifikoko atariak. CRIS.

27. gaia.–Identitate digitala. Online ospea eta ikusgarritasuna. Sare sozial akademikoak: ResearchGate, Academia.edu, LinkedIn. Sare sozial orokorrak eduki zientifikoak komunikatzeko tresna gisa.

28. gaia.–Bibliometria. Adierazleak ebaluatzeko eta hautatzeko metodoak. Argitalpen zientifikoen inpaktu faktorea eta kalitate zantzuak. Beste metrika batzuk.

29. gaia.–Argitalpenen industria eta informazioaren produktu eta zerbitzuen merkataritza gaur egun. Editoreak eta agregatzaileak, prezioen ereduak eta lizentziak. Informazio elektronikoaren merkatua.

30. gaia.–Unibertsitateko edizioa Espainian. Argitaletxeen arteko lankidetza Espainiako unibertsitate eremuan.

31. gaia.–Jabetza intelektuala eta liburutegiak, egile eskubidea ingurune digitalean eta eskubide digitalen kudeaketa. Creative Commons eta beste lizentzia mota batzuk. Jabetza intelektualaren eskubideen kontrol digitala.

32. gaia.–Administrazio publikoen modernizazioa. Administrazioa herritarren zerbitzura. Egoitza, erregistroa, autentifikazioa eta sinadura elektronikoa. NUPeko administrazio elektronikoa.

33. gaia.–Kalitaterako administrazioa. Kudeaketa-ereduak: EFQM eredua. Ziurtatzeko eta egiaztatzeko sistemak. Liburutegietako prozesuen eta zerbitzuen ebaluazioa. Lotutako ISO arauak. Liburutegien kudeaketa eta zerbitzuak ebaluatzeko, ziurtatzeko eta egiaztatzeko ereduak.

34. gaia.–Plangintza estrategikoa. Prozesuen araberako kudeaketa unibertsitateko liburutegietan. Prozesuen eta prozeduren mapak. Liburutegien estatistikak: bilketa eta erabilera. NUPeko Liburutegiaren plangintza estrategikoa.

35. gaia.–Unibertsitateko liburutegietako finantza-baliabideen kudeaketa. Sektore publikoko kontratuei buruzko legeria eta unibertsitateko liburutegietan duen eragina.

36. gaia.–Giza baliabideen kudeaketa. Hautaketa eta prestakuntza. Profil eta trebetasun profesional berriak. Online prestakuntza. Hobekuntza-taldeak. Gaitasunen araberako kudeaketa: kontzeptua eta gaitasun motak. Lanpostuen analisia eta deskribapena. Jardunaren ebaluazioa.

37. gaia.–Giza faktorea erakundean. Lidergoa: liderraren estiloak eta gaitasunak. Taldea antolakuntzan: lan dinamikak, taldeko lana. Motibazioa. Barneko komunikazioa erakundeetan.

38. gaia.–Unibertsitateko liburutegian erabiltzaileentzako zerbitzuak planifikatzea eta kudeatzea. Zerbitzuen karta, komunikazio-tresna gisa. Iradokizun eta kexen tratamendua. Jendearentzako arreta. Erabiltzailearekiko komunikazioa.

39. gaia.–Ikerketaren finantzaketa. I+G+B finantzatzeko laguntza publikoak. Europako ikerketa-politika. Esparru programak. Ikerketari laguntzeko nazioko eta eskualdeko programak.

40. gaia.–Garapen Jasangarrirako Helburuak eta 2030 Agenda. Gaur egungo egoera. Garapen Jasangarrirako 2030eko Estrategia eta liburutegiak.

Oharra: gaiei buruz eskatuko den edukia bat etorriko da deialdi hau argitaratzen den egunean indarrean diren legeekin.

II. ERANSKINA.–LIBURUTEGIKO OLKO TEKNIKARI IZATEKO LANPOSTUAK

LANPOSTU ZK.

ATXIKIPENA

ARAUBIDE JURIDIKOA

HERRIA

853

KUDEATZAILETZA / LIBURUTEGI ZERBITZUA

Funtzionarioa

Iruñea

854

KUDEATZAILETZA / LIBURUTEGI ZERBITZUA

Funtzionarioa

Iruñea

III. ERANSKINA.–MEREZIMENDUEN BAREMOA

A) Merezimendu profesionalak: 18 puntu gehienez ere.

Honako hauek baloratuko dira:

1.–Unibertsitate publikoetan emandako zerbitzuak, deialdiko lanpostuak dituen funtzioen antzeko eginkizunetan. Zerbitzuan emandako hilabete bakoitzarengatik 0,30 puntu; bost urte gehienez.

2.–Beste edozein administrazio publikotan emandako zerbitzuak, deialdiko lanpostuak dituen funtzioen antzeko eginkizunetan. Zerbitzuan emandako hilabete bakoitzarengatik 0,15 puntu; bost urte gehienez.

3.–Unibertsitate publikoetan emandako zerbitzuak, deialdiko lanpostuak dituen funtzioez bestelako eginkizunetan. Zerbitzuan emandako hilabete bakoitzarengatik 0,10 puntu; bost urte gehienez.

4.–Beste edozein administrazio publikotan emandako zerbitzuak, deialdiko lanpostuak dituen funtzioez bestelako eginkizunetan. Zerbitzuan emandako hilabete bakoitzarengatik 0,05 puntu; bost urte gehienez.

Emandako zerbitzu gisa ulertuko da bai lan-kontratuko funtzionario finkoek bai aldi baterako langileek emandakoak.

Emandako zerbitzuen denbora-tartea hilabete osoa ez denean, kontratuaren hasiera- eta bukaera-data kontuan hartuta denbora-tarte horri proportzionalki dagokion puntuazioa esleituko da.

Bateraezinak izanen dira gorago adierazitako azpiapartatuengatik emandako puntuazioak, baldin eta denbora-tarte berari egiten badiote erreferentzia; kasu bakoitzean, puntuazio altuena emanen da.

Zerbitzu-eginkizunetan eta prestakuntzarako eta lanbide-hobekuntzarako zerbitzu berezien egoeran egon diren langileen kasuan, egiatan bete duten lanpostuan emandako zerbitzuak hartuko dira kontuan.

Zerbitzu berezien gainerako egoeretan egon direnen kasuan, berriz, jatorrizko lanpostuan emandako denbora gisa kontatuko da.

B) Prestakuntza, irakaskuntza eta ikerketa: 4 puntu gehienez ere.

Oharra b) atalari buruz: atal honetan, deialdiko lanpostuarekin zerikusia duten merezimenduak besterik ez da aintzat hartuko.

B.1) Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako prestakuntza-jardueretan parte hartu izana: 0,10 puntu kreditu akademiko edo horren baliokide bakoitzeko (10 ikastordu); 2 puntu gehienez ere.

Oharrak B.1. apartatuari buruz:

1.–Baloratu beharreko prestakuntza-jardueretako ikastorduen zatikiak hainbanatuko dira.

2.–Ikastorduen kopurua adierazten ez duten ziurtagiriak kreditu batekotzat hartuko dira.

3.–Ikasturte bateko iraupena adierazten duten ziurtagiriak 12 kreditukotzat hartuko dira.

4.–Puntuazio berarekin baloratuko da prestakuntza-jardueretan parte hartu izana baldin eta, erakunde antolatzailearen baldintzak bete ez arren, Administrazioaren aginduz egin badira edo Administrazioak baliozkotu baditu. Horien artean espresuki sartuko dira sindikatuek administrazio publikoen Etengabeko Prestakuntza Akordioen barnean antolatutakoak.

5.–Titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak, nola unibertsitarioak hala unibertsitatez kanpokoak, ez dira atal honetan baloratuko.

B.2) Biltzar edo jardunaldietan txostenak edo komunikazioak aurkeztu izana, beka edo saria jaso duten zientzia- edo ikerketa-lanak egin izana eta aldizkari espezializatuetan lanak argitaratu izana: 1 puntu gehienez ere, epaimahaiak balioetsi beharrekoak, betiere kontuan harturik lana edo jarduera bakarka edo taldean egina den eta biltzarrak edo argitalpenak nolako maila duen, hots, lokala, eskualdekoa, nazionala edo nazioartekoa.

B.3) Sektore publikoan prestakuntza-saioak antolatu izana edo halakoetan irakasle aritu izana: puntu bat gehienez ere, epaimahai kalifikatzaileak baloratu beharrekoa jardueren iraunaldiaren arabera.

C) Hizkuntzak jakitea: 5 puntu gehienez.

c.1) Frantsesa, ingelesa edo alemana jakiteagatik, Europar Batasuneko hizkuntza ofizialak baitira, gehienez 1,5 puntu hizkuntza bakoitzarengatik.

c.2) Euskara jakiteagatik, gehienez ere 1,75 puntu.

Oharrak C) apartatu osoari buruz:

1.–Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren C1 mailaren baliokidea den ezagutza-maila egiaztatzen duen titulu edo ziurtagiri bat duenak gehieneko balorazioa eskuratuko du.

2.–Titulazio edo ziurtagiri hori ez badu, gehieneko puntuazioaren 1/5 emanen zaio Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren A1 mailaren baliokidea den titulu edo ziurtagiri bat duenari, 2/5 A2 mailaren baliokidea duenari, 3/5 B1 mailaren baliokidea duenari, eta 4/5 B2 mailaren baliokidea duenari.

D) Goi mailako beste titulazio batzuk: 3 puntu gehienez.

d.1) Deialdian eskatutakoaz bestelako unibertsitate-titulu ofizial bat izateagatik, baldin eta deialdian eskatutako mailakoa edo goragokoa bada, 1,5 puntu gehienez titulu bakoitzeko.

d.2) Deialdian eskatutakoa baino maila baxuagoko unibertsitate-titulu ofiziala izateagatik, 0,75 puntu gehienez titulu bakoitzeko.

Iragarkiaren kodea: F2315140