226. ALDIZKARIA - 2023ko urriaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

346E/2023 EBAZPENA, irailaren 28koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez partez onartzen baita ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzei dagokienez eskatutako aldaketa, Orkoiengo udal mugartean dagoen gainazalak tratatzeko instalazio batean; horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen I. eranskinean ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Cromados Oreja SA da.

Instalazio horrek Ingurumen baimen integratua du, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren irailaren 26ko 370/2007 Foru Aginduaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren uztailaren 24ko 335E/2014 Ebazpenaren bidez aldatu zena.

2022ko abenduaren 1ean, titularrak eskatu zuen instalazioaren ingurumen baimen integratuko baldintzak aldatzea, zehazki, pH-aren mugako balioa aldatzea eta isurketa parametroak kentzea, baimendutako ikuskapen entitate (BIE) batek isurien gainean egin beharreko kontrolen maiztasuna aldatzea, hondakinekin lotutako aldaketak (hondakin batzuk sartzea, beste batzuk eguneratzea eta kodeak aldatzea), eta finantza-bermea kentzea.

Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak berrikusi du aurkeztutako eskaera, eta balorazio hau egin:

ALDAKETAREN
DESKRIBAPENA

BALORAZIOA

ONDORIOAK

1

Baimendutako ikuskapen entitate (BIE) batek urtean behin egin beharreko isurien kontrola kentzea, fluoruroei, berunari, manganesoari, burdinari, gai inhibitzaileei, boroari, hidrokarburoei, aluminioari eta selenioari dagokienez; azken 14 urteetako analisietan, parametro horien balioak isurketa mugetatik oso behera izan dira.

2026ko azaroaren 4an indarra hartuko duen Erabakiaren (1) 8. TEOa (teknika erabilgarririk onena) betetzeko, manganesoaren, gai inhibitzaileen, aluminioaren eta selenioaren parametroak kenduko dira, ez baitira agertzen.

Hala ere, aurkeztutako analisietan gehieneko isurketa balioak betetzen direla ikusten bada ere, fluoruroen, berunaren, burdinaren, boroaren eta hidrokarburoen kontrolari eutsiko zaio; hiru hilean behin monitorizatu beharko dira, zeharkako isurketa delako.

Partez onartu da eta II. eranskina aldatu da.

2

pH-aren balio tartean, gehieneko mugako balioa 9,5etik 10era aldatzea, Zn eta Ni metalen prezipitazioa hobeki doitu ahal izateko, horrela udalaren saneamendu sarera isuriko den karga murriztuko delako.

Legegintzako Errege Dekretuaren (2) 7. artikuluak esaten duenez, ingurumen baimen integratuan mugako isurketa balioak zehazteko, kontuan hartu behar dira, baimena ematen den egunean indarrean diren arauetan finkatutako mugako isurketa balioez gain, isurketen izaera, ingurune batetik bestera hedatzeko duten ahalmena, eta nolako eragina izan dezaketen ukitutako gizakien osasunean eta animalien eta landareen osasuneko baldintza orokorretan.

Erabakiak (1) ez du tarterik edo mugako isurketa baliorik ezartzen pH-rako. 31.b TEOak xedatzen du hondakin urak neutralizatu beharko direla, uretara egiten diren isuriak murrizteko.

Kasu honetan, pH-aren balioa altua izateari esker, Foru Dekretuan (3) ezarritako gehieneko mugaren (9,5) gainetik, osorik prezipita daitezke, bereziki, zinka eta, oro har, metal astunak (kobrea, nikela, zinka eta kromoa), instalazioko bainuetan egon daitezkeenak.

Isuriaren emaria txikia da. Beraz, haren pH-a handiagoa izanda ere, behar bezain beste diluituko lukete hondakin uren udal araztegira egiten diren gainerako isuriek, eta izan lezakeen eragina ezereztu. Horrela, bada, araztegian ez litzateke funtzionamendu arazorik izanen.

Onartu da eta II. eranskina aldatu da.

3

Kromo (VI) parametroa kentzea BIEak hilero eta urtero egin beharreko analisietatik, ekoizpen sistematik kendu delako.

Kromo (VI)-a jada ez da erabiltzen ekoizpen prozesuan. Haren ordez erabiltzen diren produktu kimikoen segurtasun fitxetan egiaztatu da ez dutela Cr VI-rik.

Erabakiaren (1) 9. TEOa betetzen da.

Onartu da eta II. eta III. eranskinak aldatu dira.

4

Hondakin berriak sartzea, EHZ kode hauek dituztenak: 15 01 06, industria zaborra, 15 01 02, plastikozko ontziak, plastikozko filma, 16 05 04*, aerosolak.

Onartu da sortutako hondakinen zerrendan sartzea.

III. eranskina aldatu eta datu-basea eguneratu da.

5

Lehendik baimenduta zeuden EHZ kode hauek aldatzea: 20 01 01, papera eta kartoia, 13 01 05*, hondakin olioa, eta 08 03 17*, tonerra; eta horien ordez egokiagoak diren beste batzuk paratzea, honako hauek: 15 01 01, 13 02 05* eta 08 03 18, hurrenez hurren.

Onartu dira proposatutako aldaketak. EHZ kodeak ordeztu dira.

6

Erregistroan eguneratzea 2014ko uztailaren 31ko IBIaren aldaketan baimendutako hondakin arriskutsuak. Ez dira ageri: 11 01 98*, agortutako xaboi bainua, desugerketa lohiak eta 08 01 17, pintura ezabatzearen ondoriozko hondakinak.

Hondakin horiek baimenduta daude jada. Erregistroa eguneratu da.

7

Hondakin baten izena aldatzea, "Cr (II)" bidezko pasibotze bainu agortuak dagoen tokian, "Cr (III)" idatziz.

Idazketa akatsa ikusita, hondakinaren izena eguneratu da erregistroan.

8

Truke erretxinen azken tratamendua aldatzea, D9 izan dadin.

Onartu da proposatutako kudeaketa eragiketa. Erregistroa eguneratu da.

9

Finantza-bermeko neurriak kentzea, ingurumen arriskuen azterketa bat egin denez gero eta Ingurumen arloko Erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legearen 28. artikulua aplikatuz, titularra salbuetsia dagoelako nahitaezko finantza-bermea eratzeko betebeharretik.

Onartu da.

V. eranskina aldatu da.

10

Erantzuna, eskuzko linearen instalazioetan aldaketa ez-funtsezko bat egiteko 2020-04-23ko eskaerari.

Titularrak ez-funtsezkotzat eta garrantzirik gabetzat jo zuen desugertzeko eta garbitzeko upela aldatzea eskuzko zinkeztatze lerroan. Aintzat hartuz izandako isiltasuna eta eskaera egin zen unean indarrean zen araudia, onartu da upel horien edukierak aldatzea, IBIaren I. eranskinean zehaztuta daudenak.

I. eranskina aldatu da.

11

LER 16 05 06* kodea, laborategiko erreaktibo agortuak, aldatu eta, haren ordez, LER 18 01 06* jartzea.

Ez da onartu proposatutako kodea, titularraren jarduerarekin bat ez datorren epigrafe batekoa delako: Amaetxeetako eta giza eritasunen diagnostiko, tratamendu edo prebentzioko hondakinak.

Onartutako kodea utzi da.

Aplikatu beharreko araudia:

(1) 2022/2110 (EB) Betearazpen Erabakia, zeinaren bidez ezartzen baitira teknika erabilgarri onenei buruzko ondorioak, burdin metalak eraldatzeko industriarako.

(2) 1/2016 Legegintzako Errege Dekretua, abenduaren 16koa, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onesten duena.

(3) 12/2006 Foru Dekretua, otsailaren 20koa, urak saneamenduko kolektore publikoetara isurtzen ahal dituzten jarduerak ezartzeko eta funtzionatzeko baldintza teknikoak ezartzen dituena.

Onartutako aldaketek ez dute eragozten instalazioaren funtzionamendu egokia ingurumenari dagokionez, eta bat datoz ingurumen baimen integratuan isurketarako ezarritako gehieneko mugarekin eta gainerako eskakizunekin, bai eta teknika erabilgarri onenen aplikazioarekin ere.

Sortutako hondakinen zerrendan 200301 kodea agertzen da, etxeko hondakin bati buruzkoa. Kode horrek zerrenda horretatik kanpo egon behar du, Iruñerriko Mankomunitateak kudeatu behar baitu nahitaez; beraz, sortutako hondakinen zerrendatik kentzen da.

Gainera, titularrak eskatu zuen haren ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak aldatzeko, zehazki, salbuets dezatela finantza-bermea kontratatzetik, Ingurumen arloko Erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legearen 28. artikuluan xedatutakoan oinarrituta. Eskaera oinarritzen da titularrak, Ingurumen arloko Erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legea partez garatzeko Erregelamenduaren 33. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzu honi 2021eko urriaren 15ean igorri zion erantzukizunpeko adierazpenean, haren arabera uste baitu nahitaezko finantza-bermea eratzetik salbuetsita dagoela, kalteak konpontzeko kalkulatu den zenbatekoa 300.000 eurotik beherakoa delako.

Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak aztertu du aurkeztutako eskaera, eta egiaztatu du operadoreak bete dituela urriaren 23ko 26/2007 Legean eta hura partzialki garatzeko erregelamenduan ezarritako baldintzak, hots, finantza-bermea zehaztu eta, hala badagokio, eratzekoak.

Kasu honetan, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 35. artikuluan ezarritako inguruabarrak gertatzen direla uste da, eta, ondorioz, bidezkoa da ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzea, artikulu horretan ezarritako administrazio prozedurarekin bat etorriz, eta ez da egokitzat jotzen aldaketa-espediente hau jendaurrean jartzea.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez. Ebazpen honen eranskinean jaso dira titularrak aurkeztu dituen alegazioen zerrenda eta haiei emandako erantzunak.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiak azaroaren 8an emandako 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehendabizikoa.–Partez onartzea ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzei dagokienez eskatutako aldaketa, Orkoiengo udal mugartean dagoen gainazalak tratatzeko instalazio batean; horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen I. eranskinean ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Cromados Oreja SA da.

Bigarrena.–Indarrean mantentzea instalazio horren ingurumen baimen integratuan sartuta dauden hondakin uren isurketari eta hondakinak sortzeari buruzko baimen eta inskripzioak, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren uztailaren 24ko 335E/2014 Ebazpenaren bidez eguneratu zirenak, ebazpen honetan xedatutakoari aurka egiten ez dioten heinean.

Hirugarrena.–Ebazpen honetan jasotako baldintzak betetzen ez baldin badira, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotako ingurumen-diziplinako neurriak hartuko dira (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen testu bategina), eta, subsidiarioki, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen-araubidean jasotakoak, ezertan galarazi gabe legeria sektorialean ezarritakoa, aurrerantzean ere aplikatu beharko baita.

Laugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Bosgarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

Seigarrena.–Ebazpen hau Cromados Oreja SAri eta Orkoiengo Udalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2023ko irailaren 28an.–Klima Aldaketaren Ataleko burua, Javier Vera Janín, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren ordez, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren 291E/2019 Ebazpenean xedatutakoari jarraikiz.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.

Iragarkiaren kodea: F2314090