226. ALDIZKARIA - 2023ko urriaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

40/2023 EBAZPENA, urriaren 19koa, Langileriaren eta Azpiegituren zuzendari nagusiak emana. Honen bidez, unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publiko bakoitzeko zuzendaritzaren esku uzten da eskumena ikastetxearen funtzionamendurako beharrezkoak gertatzen diren gastu txikietarako obra, hornidura eta zerbitzu kontratuak egiteko, eta eskumen hori erabiltzeko prozedura ezartzen da.

Ikastetxe publikoek behar duten autonomia bermatzeko eta, aldi berean, Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legea betetzeko, beharrezkoa da beste eskuordetze bat onestea ikastetxe horiei arlo horretako eskumenak emateko, Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiaren otsailaren 10eko 26/2020 Ebazpenaren bidez egindako eskuordetzea ordeztuko duena.

Horrenbestez, Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzuko txostena ikusirik, eta bat etorriz Hezkuntza Departamentuko oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 30eko 67/2023 Foru Dekretuaren artikulu bakarrean ezartzen denarekin bat, Hezkuntza Departamentuko egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1.–Unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publiko bakoitzeko zuzendaritzaren esku uztea Kontratu Publikoei buruzko 2/2018 Foru Legearen 8. xedapen gehigarriak zuzendari nagusiei ematen dien eskumena, hau da, zuzendaritza nagusiaren administrazio unitateen funtzionamendurako beharrezko gertatzen diren gastu txikiak baimentzekoa, haren kargurako baliabide finantzario eta materialak kudeatzeko aukera izan dezan.

2.–Eskuordetzan emandako eskumena erabiltzeko prozedura:

2.1. Ikastetxearen gastu finkoak (energia elektrikoa, berokuntza, ura, garbiketa, kontserbazioa...) eta ikastetxearen funtzionamendu arrunterako bestelakoak ordaindu ondoren, ikastetxeak kudeaketa-funtsetako gerakinak erabiltzen ahalko ditu behar dituen obrak, hornidurak eta zerbitzuak kontratatzeko, baldin eta kontratazio zentralizatuaren programetan ez badaude.

2.2. Unibertsitateaz kanpoko ikastetxe bateko zuzendariak ikastetxearen funtzionamendurako behar diren obrak, hornidurak eta zerbitzuak kontratatzen ahalko ditu, baldin eta kontratuaren zenbatekoak 5.000 euro (BEZa kanpo) gainditzen ez baditu, salbu gastua zentralizatuta badago edo hornidura- edo laguntza-enpresarekin atxikipen akordioa bada.

2.3. Kontratuek aurreko atalean ezarritako zenbatekoa gainditu bai baina 15.000,00 euro (BEZa kanpo) gainditzen ez badituzte, Langileriaren eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiak berariazko baimena eman beharko du horiek egin ahal izateko.

Horretarako, ikastetxeko zuzendariak datu hauek biltzen dituen agiria eginen du:

a) Kontratuaren xedearen deskribapena, gutxieneko betekizun teknikoak argi eta garbi adierazita.

b) Zer balorazio irizpideren arabera eginen den kontratuaren adjudikazioa, eta haien haztapena.

–Agiria kontratua gauzatzeko gaitasuna duten hiru enpresa edo profesionali bidaliko zaie, gutxienez, epe jakin batean eskaintza aurkez dezaten. Ondasunaren izaeragatik nahikoa hornitzailerik ez badago, baldintza hau ez da bete beharko.

–Aurkeztutako eskaintzak ikusirik, eta aipatu agirian finkatutako irizpideen arabera baloraturik, ikastetxeko zuzendariak adjudikaziorako proposamen-txostena eginen du, eta eskola kontseilura edo onesteko eskumen duen organora bidaliko.

–Onespen hori lortuta, ikastetxeko zuzendariak Hezkuntza Departamentuarena eskuratu beharko du; horretarako, eskabidea eta espedienteko agiriak (aurreko tramiteen betearazpena frogatzeko agiri guztiak) aurkeztuko ditu.

Kontratuaren gaia kontuan hartuta, zerbitzu eskudunari bidaliko zaio eskaera, txosten teknikoa egin dezan kontratazioaren premiari buruz; Idazkaritza Tekniko Nagusiko Aurrekontuen eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalera bidaliko du txostena, atalak txostena egin dezan ikastetxeak kontratazioa egiteko duen bideragarritasun ekonomikoari buruz.

3.–Ikastetxeen kontratazio guztiek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak kontratazioaren arloan duen araudia bete beharko dute.

Zilegi izanen da Hezkuntza Departamentuak kontratatazioa berak egitea erabakitzea, komenigarritzat jotzen badu.

4.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5.–Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Hezkuntza Departamentuan duen kontu-hartzaile delegatuari, Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzura, Azterlan Ekonomikoen eta Nominen Zerbitzura, Egoitzen eta Ikastetxeen Mantentze-lanetarako Atalera, Ikastetxeen, Finantzaketaren eta Ikasketetarako Laguntzen Atalera, Idazkaritza Tekniko Nagusiko Aurrekontuen eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalera, Erosketa Bulegora eta Ikastetxe Publikoak Finantzatzeko Bulegora.

Iruñean, 2023ko urriaren 19an.–Langileriaren eta Azpiegituren zuzendari nagusia, Begoña Unzué Vela.

Iragarkiaren kodea: F2314971