226. ALDIZKARIA - 2023ko urriaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK

10C/2023 EBAZPENA, irailaren 28koa, Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiak emana; honen bidez erabaki da Corellako Udaleko langile funtzionarioentzako Akordioa erregistratu, gordailutu eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Corellako Udaleko funtzionarioentzako akordioaren testua aztertu da (kodea: 31100161132017), 2023ko ekainaren 7an sartu baitzen erregistro honetan, udaleko eta sindikatuetako ordezkariek 2023ko apirilaren 20an sinatu ondoren.

Langile funtzionarioen eta administrazio kontratua duten langileen gaineko laneko agintaritzak akordioaren testuaren kontrol formalaren eskumena besterik ez du betetzen, egiaztatzeko Langileen Estatutuaren 85.3 artikuluan hitzarmen kolektiboentzat ezarritako gutxieneko edukia betetzen duela.

Esandakoa hala delarik ere, ohartarazi behar da toki erakundeak abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren aplikazio eremuari atxikiak direla; haren bidez onetsi ziren Nafarroako Administrazio Publikoetan ari diren Langileen Estatutua eta haren garapenerako erregelamenduak. Han jasotzen diren arauak bete beharrekoak dira, eta ez minimoetakoak.

Honako hauetan xedaturikoa aintzat hartuta: Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onetsi zuen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 84.3 artikulua; Langileen Estatutuari buruzko Legearen Testu Bategina onetsi zuen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. idatz-zatiak; eta Hitzarmen kolektiboen, lan akordio kolektiboen eta berdintasun planen erregistratze eta gordailutzeari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretua.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.–Hitzarmen edo Akordio hau Nafarroako Hitzarmen Kolektiboen, Lan Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan inskribatzeko agintzea: Corellako Udala (Kode zenbakia: 31100161132017).

Bigarrena.–Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, jendaurrean egon dadin.

Hirugarrena.–Ebazpen hau eskatzaileari jakinaraztea, eta ohartaraztea ebazpenak ez diola amaiera ematen administrazio bideari, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal zaiola Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariari, hilabeteko epean, jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

Iruñean, 2023ko irailaren 28an.–Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusia, Iñaki Mendióroz Casallo.

Corellako Udaleko langile funtzionarioentzako akordioa (PDF).

Iragarkiaren kodea: F2313887