226. ALDIZKARIA - 2023ko urriaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK

7C/2023 EBAZPENA, irailaren 27koa, Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiak emana; honen bidez erabakitzen da Antsoaingo Udaleko funtzionarioei, administrazio-kontratudunei eta lan-kontratudunei buruzko Akordio edo Itun Mistoa erregistratu, gordailutu eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Antsoaingo Udaleko funtzionarioei, administrazio-kontratudunei eta lan-kontratudunei buruzko Akordio edo Itun Mistoa aztertu da (kode zenbakia: 31100062142023); 2023ko maiatzaren 17an sinatu zuten udalaren ordezkariek eta udal langileen sindikatu ordezkariek, eta erregistro honetan sartu zen 2023ko ekainaren 19an.

2023ko uztailaren 5ean zuzentzeko errekerimendua egin ondoren, 2023ko abuztuaren 23an zuzendutako testua aurkeztu da.

Funtzionarioen eta administrazio-kontratudunen gaineko laneko agintaritzak akordioaren testuaren kontrol formalaren eskumena besterik ez du betetzen, egiaztatzeko Langileen Estatutuaren 85.3 artikuluan hitzarmen kolektiboentzat ezarritako gutxieneko edukia betetzen duela.

Esandakoa hala delarik ere, ohartarazi behar da toki erakundeak abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren aplikazio eremuari atxikiak direla; haren bidez onetsi ziren Nafarroako Administrazio Publikoetan ari diren Langileen Estatutua eta haren garapenerako erregelamenduak. Han jasotzen diren arauak bete beharrekoak dira, eta ez minimoetakoak.

Honako hauetan xedaturikoari jarraikiz: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 84.3 artikulua, Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bategina onetsi zuen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. idatz-zatiak eta Hitzarmen kolektiboen, lan akordio kolektiboen eta berdintasun planen erregistratzeari eta gordailutzeari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretua.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.–Nafarroako Hitzarmen Kolektiboen, Lan Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan inskribatzeko agintzea.

Bigarrena.– Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, jendaurrean egon dadin.

Hirugarrena.–Ebazpen hau eskatzaileari jakinaraztea, eta ohartaraztea ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

Iruñean, 2023ko irailaren 27an.–Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusia, Iñaki Mendióroz Casallo.

Antsoaingo Udaleko funtzionarioentzako, administrazio-kontratudunentzako eta lan-kontratudunentzako Akordio edo Itun Mistoa (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2313884