1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
34E/2023 EBAZPENA, urriaren 9koa, Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiak emana, gastua handitzea baimentzen duena, langile autonomoei dirulaguntzak emateko 2023an negozioak eskualdatzeagatik ordaindutako gastuak estal ditzaten, negozio horiek Nafarroako 2.500 biztanletik beherako herrietan kokatuta badaude. DDBN identifikazioa: 708754.
Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiak ekainaren 30ean emandako 473E/2023 Ebazpenaren bidez, behar den gastua baimendu zen 2023an langile autonomoei dirulaguntzak emateko 2023an negozioak eskualdatzeagatik ordaindutako gastuak estaltzeko, negozio horiek Nafarroako 2.500 biztanletik beherako herrietan kokatuta badaude, eta, horrekin batera, dirulaguntza-deialdi horren oinarri arautzaileak onetsi ziren. Deialdi hori 2023ko 169. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abuztuaren 17koan.
Deialdi horretarako baimendu zen gastua 50.000 eurokoa zen, 2023ko gastu-aurrekontuko "Autonomoendako laguntzak belaunaldi erreleborako" izeneko 810012 81500 4709 494100 partidaren kargura. Halaber, zenbateko gehigarri bat finkatu zen, 50.000 eurokoa gehienez, eta dagokion kreditu erreserba egin. Zenbateko hori dirulaguntza hauetarako erabiltzeko ez da beste deialdirik egin beharko.
Lan Zerbitzuko zuzendariak txosten bat egin zuen irailaren 21ean, eta hartan proposatu zuen aipatu kreditu gehigarri hori baimendu dadila, hasiera batean ezarri zen kopurua ez baita nahikoa aurkeztu diren eskaera guztiei erantzuteko. Laguntza deialdi honen araubidea banakako ebaluazioarena da, hala baimendu baitzen 2023ko apirilaren 19ko Gobernu Erabakiaren bidez, eta eskaerak aurkezteko epea laster amaituko da, 2023ko azaroaren 30ean, alegia. Horrexegatik, kreditua handitzeak ez dakar eskaerak aurkezteko beste eperik ireki beharra, epea oraindik zabalik dago-eta.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 30.1 artikuluak adierazten du dirulaguntzen deialdiek gasturako baimena behar dutela.
Agindutako kreditua handitu denez, beharrezkoa da beste gastu bat baimentzea; izan ere, aipatutako foru legearen 31.1 artikuluaren arabera, ezin da deialdian zehaztutakoa baino dirulaguntza handiagorik eman.
Adierazitakoarekin bat, eta dagozkidan eskudantziak erabiliz, hala ematen baitizkit 32. artikuluan Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak,
EBAZTEN DUT:
1. Baimena ematea Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiak ekainaren 30ean emandako 473E/2023 Ebazpenaren bidez onetsi zen dirulaguntza deialdiko kreditua 50.000 euroan handitzeko,"Autonomoendako laguntzak belaunaldi erreleborako" izeneko 810012 81500 4709 494100 partidaren kargura.
2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
3. Ebazpen honen berri ematea Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Baseari, behar diren ondorioak izan ditzan.
4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
Iruñean, 2023ko urriaren 9an.–Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusia, Iñaki Mendióroz Casallo.
Iragarkiaren kodea: F2314559