1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
187/2023 EBAZPENA, urriaren 17koa, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuko zuzendariak emana, aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena ematen duena Smurfit Kappa Navarra SAren autokontsumorako eguzki instalazio fotovoltaiko baterako, Zangozako udal mugartean.
2023ko uztailaren 27an, eta Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legean eta energia elektrikoko instalazioen garraioko, banaketako, merkaturatzeko eta hornidurako jarduerak eta baimen-prozedurak arautzen dituen abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz, Smurfit Kappa Navarra SAk aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena eskatu ditu Zangozako 1. poligonoko 738. lurzatian autokontsumorako eguzki instalazio fotovoltaiko bat jartzeko, 7.750 kW-eko potentzia instalatua duena, bai eta haren transformazio- eta ebakuazio-azpiegituretarako ere.
Aurkeztutako dokumentazio teknikoaren arabera, instalazioa honako hauek osatuko dute:
- Akcome Chaser M12/132P motako 12.135 modulu fotovoltaiko, 700 Wp-koa bakoitza, guztira 8.494,5 kWp.
- Sungrow SG250HX motako 31 inbertsore, 250 kWn-ekoa bakoitza, 7.750 kWn-eko potentzia nominalerako.
- 2 transformazio-zentro berri, aurrefabrikatuak, 5 MVAko transformadorearekin eta 6.000/800 V transformazio-erlazioarekin, gelaxka hauekin:
- TZ1: lineako bi gelaxka, neurketako bat eta etengailu automatikoko bat.
- TZ2: lineako gelaxka bat eta etengailu automatikoko bat.
- 6 kV-eko lurrazpiko linea eta RH5Z1 3x2x300mm² Cu 6/10kV eroalea, honako tarte hauekin:
- 1. tartea: 320 metro, RH5Z1 3x1x300mm² Cu 6/10kV eroalearekin, TZ2 eta TZ1 artean, 310 metroko zangan lurperatuta.
- 1. tartea: 330 metro, RH5Z1 3x2x300mm² Cu 6/10kV eroalearekin, TZ1en eta banaketa-zentroaren artean, 310 metroko zangan lurperatuta.
Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 125. artikuluan xedatutakoa betez, espedientea jendaurrean jarri zen 30 egun balioduneko epean, iragarkia 2023ko 176. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abuztuaren 24koan, argitaratuz, eta dokumentazioa Nafarroako Gobernu Irekiaren dagokion web-fitxan argitaratu zen.
Ez da alegaziorik jaso.
Era berean, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 127. eta 131. artikuluak aplikatuz, kontsulta egin zitzaion Zangozako Udalari, eta 30 egun balioduneko epea eman, eskatutako baimenaren alde edo aurka zegoen adierazteko eta, hala bazegokion, baldintza teknikoak ezartzeko.
Ez da txostenik jaso.
Bidezkoa da eskatutakoa betetzea, aurkeztutako dokumentazioa ikusita eta kontuan hartuta honako hauetan xedatutakoa: Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen IX. titulua, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren VII. titulua, Energia-iturri berriztagarrietan, kogenerazioan eta hondakinetan oinarrituta energia elektrikoa ekoizteko jarduera arautzen duen ekainaren 6ko 413/2014 Errege Dekretua eta Energia elektrikoaren autokontsumoaren baldintza administratibo, tekniko eta ekonomikoak arautzen dituen apirilaren 5eko 244/2019 Errege Dekretua.
Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak azaroaren 18an emandako 52/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidan eskumenak (2019ko 234. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, azaroaren 27koa), Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. eta 11. artikuluetan ezarritakoa betetzeko,
EBAZTEN DUT:
1. Aurretiazko administrazio-baimena ematea Smurfit Kappa Navarra SAri, autokontsumorako instalazio fotovoltaiko hori egiteko.
2. Eraikitzeko administrazio baimena ematea, Alacanteko Ingeniari Tekniko Industrialen Elkargo Ofizialak ikus-onetsitako 20230411002023 eta 0520230411002026 zenbakidun proiektuak, 2023ko apirilaren 11koak, onetsita, eta hogeita lau hilabeteko epea ematea obrak egiteko.
3. Instalazioak aurkeztutako proiektuaren arabera egin beharko dira, eta honako hauetan xedatutakoa bete beharko dute: abuztuaren 2ko 842/2002 Errege Dekretua, behe-tentsiorako erregelamendu elektroteknikoa onesten duena; otsailaren 15eko 223/2008 Errege Dekretua, goi-tentsioko linea elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun-bermeei buruzko erregelamendua eta haren jarraibide tekniko osagarriak onesten dituena (ITC-LAT 01etik 09ra); eta maiatzaren 9ko 337/2014 Errege Dekretua, goi-tentsioko instalazio elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun-bermeei buruzko erregelamendua eta haren jarraibide tekniko osagarriak onesten dituena (ITC-RAT 01etik 23ra).
4. Baimen hau emanda ere, instalazioa gauzatzeko beharrezkoak diren kontzesio, lizentzia eta baimen guztiak, publikoak nahiz pribatuak, lortu beharko ditu instalazioaren eskatzaileak, bat etorrita aplikatzekoak diren beste xedapen batzuekin.
5. Proiektua gauzatu ondoren, eskatzaileak instalazioa Behe Tentsioko Instalazio Elektrikoen Erregistroan inskribatuko du, abuztuaren 2ko 842/2002 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera. Ondoren, eskatzaileak instalazioa zerbitzuan jartzeko akta eskatu beharko du, bai eta Autokontsumoko Administrazio Erregistroan inskribatzeko ere. Horretarako, web-fitxa honetan eskuragarri dagoen formularioa aurkeztu beharko du Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuan: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/energia-elektrikoaren-autokontsumorako-instalazioen-tramitazioa-eta-erregistro-administratiboa.
6. Ebazpen hau Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzura igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
7. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.
8. Ebazpen hau Smurfit Kappa Navarra SAri jakinaraztea, eta ohartaraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean. Hartan espediente zenbakia adierazi beharko da.
9. Ebazpen hau Zangozako Udalari jakinaraztea, eta aditzera ematea honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, ezertan galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Iruñean, 2023ko urriaren 17an.–Trantsizio Energetikorako, Proiektu Estrategikoen eta S4ren zuzendari nagusia, Uxue Itoiz Mariñelarena.
Iragarkiaren kodea: F2314764