225. ALDIZKARIA - 2023ko urriaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

135/2023 EBAZPENA, urriaren 5ekoa, Trantsizio Energetikorako, Proiektu Estrategikoen eta S4ren zuzendari nagusiak emana, "Muruarte Solar I" energia elektrikoa ekoizteko instalazio fotovoltaikoari eta haren ebakuazio azpiegiturei aurretiazko administrazio-baimena ukatzen diena. Instalazioa Añorbeko, Tirapuko, Biurrun-Olkozko eta Tebas-Muru Artederretako udal-mugarteetan kokatzekoa zen.

1. 2020ko abenduaren 28ko eskaera.

2020ko abenduaren 28an, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikuluak eta Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53. artikuluak ezartzen dutena aplikatuz, MES Solar XVII SLk aurretiazko administrazio-baimena eskatu zuen 14,997 MWp-ko "Muruarte Solar I" energia elektrikoa ekoizteko instalaziorako eta haren ebakuazio azpiegituretarako. Instalazioa Añorbeko, Tirapuko, Biurrun-Olkozko eta Tebas-Muru Artederretako udal-mugarteetan kokatzekoa zen.

2. Jendaurreko informazioa eta kontsulten tramitea.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikuluarekin bat, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak jendaurrean jarri zuen MES Solar XVII SLk egindako eskaera, iragarki bat argitara emanez 2021eko 47. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, martxoaren 1ekoan, eta Nafarroako Gobernuko Gobernu Irekiaren webgunean. Era berean, iragarkia bidali zen ukitutako udaletako ediktu-taulan argitaratzeko.

Sustatzaileak emandako informazio osagarria jaso ondoren, proiektua jendaurrean jarri zen bigarren aldiz, iragarkia argitara emanda 2021eko 280. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 15ekoan, Nafarroako Gobernuaren Gobernu Irekiaren webgunean eta ukitutako udaletako ediktu-tauletan.

3. Ingurumen-inpaktuaren adierazpena eta lurzoru urbanizaezinetako jarduera baimengarriak baimentzea.

Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 22ko 1202E/2022 Ebazpenaren bidez, ingurumen-inpaktuaren aldeko adierazpena egin zen honen gainean: PFV Muruarte Solar I (5085-CE) eta PFV Muruarte Solar II proiektua, Barasoain haize-parkearen hegoaldeko inguratzailean (Tirapuko udal-mugarteko 4. poligonoko 43tik 46ra bitarteko katastro-lurzatien zati batean) eta haien ebakuazio-azpiegitura. Era berean, ingurumen-inpaktuaren kontrako adierazpena egin zen Muruarte Solar II (5086-CE) proiektuaren gainean, Barasoain haize-parkearen iparraldeko bi inguratzaileetan.

Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariaren martxoaren 29ko 136E/2023 Ebazpenaren bidez, baimena ukatu zen Muruarte Solar I eta Muruarte Solar II eguzki-parke fotovoltaikoak Añorben eta Tirapun ezartzeko, bai eta Biurrun-Olkozko eta Tebas-Muru Artederretako udal-mugarteak ere ukitzen dituen ebakuazio-azpiegiturak ere.

2023ko apirilaren 26ko sarrera-erregistroarekin, MES Solar XVII SLk gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu zuen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariaren martxoaren 29ko 136E/2023 Ebazpen horren aurka. Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariaren uztailaren 28ko 132E/2023 Foru Aginduaren bidez ezetsi zen gora jotzeko errekurtsoa.

4. Berme ekonomikoa itzultzeko eskaera.

2023ko irailaren 26an, MES Solar XVII SLk eskatu zuen "Muruarte Solar I" eta "Muruarte Solar II" instalazioen sarbide- eta konexio-baimenari lotutako bermea itzultzeko.

5. Aurretiazko administrazio-baimena ukatzeko eta bermea itzultzeko proposamena.

Lurralde Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 118.1 c) artikuluak ezartzen duenez, "energiaren eta meategien arloan eskudun den departamentuak baimenaren ebazpena soilik ematen ahalko du lurzoru urbanizaezinetako jarduera baimengarriak baimendu ondoren".

Halaber, apirilaren 14ko 4/2021 Foru Lege Dekretuak, Suspertzerako Europako Bitartekoaren funtsekin finantza daitezkeen jarduketak kudeatzeko eta gauzatzeko premiazko neurriak onesten dituenak, 24.4 artikuluan ezartzen duenez, "Instalazioaren aurretiazko administrazio-baimena eman baino lehen emanen da lurzoru urbanizaezinean jarduera baimengarriak egiteko baimena, araututa dagoena lurralde-antolamenduaren eta hirigintzaren arloan indarrean dagoen legerian".

Espedientearen azterketa teknikoa eta bermea itzultzeko sustatzailearen eskaerarena egin ondoren, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuko Azpiegitura Energetikoen Atalak ondorioztatu du prozedura behar bezala gauzatu dela, eta proposatu du aurretiko administrazio-baimena ukatzea eta instalazioaren sarbide- eta konexio-baimenari lotutako bermea itzultzea, ebazpena ebazteko.

Adierazitakoarekin eta espedientean jasotako agiriekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabilita,

EBAZTEN DUT:

1. MES Solar XVII SLk proiektu honetarako eskatutako aurretiazko administrazio-baimena ukatzea: energia elektrikoa ekoizteko "Muruarte Solar I" instalazio fotovoltaikoa eta haren ebakuazio-azpiegiturak, Añorbeko, Tirapuko, Biurrun-Olkozko eta Tebas-Muru Artederretako udal-mugarteetan.

2. Agindua ematea Diruzaintza Atalari sarbide eta konexio prozedurari lotutako 600.000 euroko bermea itzul dezan; MES Solar XVII SLk jarri zuen berme hori 2020ko abenduaren 11n (erregistro zenbakia: 5020000379 CFNA 2020 (Av-NAV-0266)).

3. Ebazpen hau igortzea Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzura, Ingurumen Eraginaren Atalera, Lurraldearen Antolamenduaren Atalera, Ondare Historikoaren Zerbitzura, Herri Lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiko Zainketa Zerbitzura eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Ekonomia eta Finantza Zerbitzuko Diruzaintza Atalera, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

5. Ebazpen hau jakinaraztea MES Solar XVII SLri, Trenbide Azpiegituren Administratzaileari (ADIF), Enagasi, I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUri, Compañía Logística de Hidrocarburosi (CLH), Telefónica de España SAri eta Red Eléctrica de España SAUko Sarbide Departamentuari. Ohartarazten da, halaber, ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daitekeela, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik aurrera, espediente zenbakia adierazita.

6. Ebazpen hau Añorbeko, Tirapuko, Biurrun-Olkozko eta Tebas-Muru Artederretako udalei eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoari jakinaraztea, eta aditzera ematea haren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2023ko urriaren 5ean.–Trantsizio Energetikorako, Proiektu Estrategikoen eta S4ren zuzendari nagusia, Uxue Itoiz Mariñelarena.

Iragarkiaren kodea: F2314461