225. ALDIZKARIA - 2023ko urriaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

134/2023 EBAZPENA, urriaren 5ekoa, Trantsizio Energetikorako, Proiektu Estrategikoen eta S4ren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ukatzen baita aurretiazko administrazio baimena ematea energia elektrikoa ekoizteko "Amaya Solar 4 eguzki instalazio fotovoltaikoa" izeneko instalaziorako.

1. 2020ko urriaren 9ko eskaera.

2020ko urriaren 9an Solaria Promoción y Desarrollo Fotovoltaico SLk aurretiazko administrazio baimena eskatu zuen Adiosko udal-mugartean energia elektrikoa ekoizteko 47.982 MWp-eko "Amaya Solar 4 eguzki instalazio fotovoltaikoa" izeneko instalaziorako eta haren ebakuazio azpiegituretarako, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikuluak eta Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53. artikuluak ezartzen dutena aplikatuz.

2. Aurreproiektua eta ingurumen-inpaktuaren azterketa jendaurrean jartzea, eta ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei kontsultak egitea.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikuluarekin bat, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak jendaurrean jarri zuen Solaria Promoción y Desarrollo Fotovoltaico SLk egindako eskaera, iragarki bat argitara emanez 2021eko 241. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urriaren 18koan, eta Nafarroako Gobernuko Gobernu Irekiaren webgunean.

Era berean, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikuluari jarraikiz, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak kontsulta egin zien Administrazio Publikoei eta interesdunei.

Separatak bidali ziren, halaber, erakunde publikoetara eta zerbitzu publikoak edo interes orokorreko zerbitzuak ematen dituzten enpresetara, instalazioak haien kargupeko ondasun eta eskubideak ukitzen dituen zatiari dagokionez.

3. Jendaurreko informazioaren eta kontsulten emaitza sustatzaileari igortzea.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 38. artikuluari jarraikiz, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak 2022ko urtarrilaren 18an bidali zizkion Solaria Promoción y Desarrollo Fotovoltaico SLri jendaurreko informazioaren eta kontsulten tramiteetan jasotako txostenak eta alegazioak.

4. Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta hasteko eskaera, 2022ko uztailaren 21ekoa.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 39.1 artikulua betetzeko, 2022ko uztailaren 21ean Solaria Promoción y Desarrollo Fotovoltaico SLk dokumentazioa aurkeztu zuen ingurumen ebaluazio arruntaren hasiera eskatzeko, jendaurreko informazioari buruzko tramitean jasotako alegazio eta txostenei emandako erantzuna ere erantsita.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 39.3 artikuluan ezarritakoarekin bat, 2022ko uztailaren 22an, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak eskaera igorri zuen Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko Ingurumen Eraginaren Atalera.

5. Ingurumen-inpaktuaren adierazpena.

Ingurumeneko zuzendari nagusiaren martxoaren 9ko 239E/2023 Ebazpenaren bidez, ingurumen-inpaktuaren aldeko adierazpena egin zen Solaria Promoción y Desarrollo Fotovoltaico SLk sustatutako Serena Solar 1, Serena Solar 3 eta Amaya Solar 4 eguzki-parke fotovoltaikoen eta haien ebakuazio-azpiegituren proiektuetarako.

6. Atzera egiteko eta berme ekonomikoa itzultzeko eskaera.

2023ko ekainaren 7an, Solaria Promoción y Desarrollo Fotovoltaico SLk eskatu zuen atzera egitea Amaya Solar 4 eguzki-parkea baimentzeko eskaeran, nahiz eta ingurumen-inpaktuaren aldeko adierazpena jaso. Izan ere, adierazpen horrek eta Ingurumen Eraginaren Atalaren aurretiazko errekerimenduak funtsezko doikuntzak eragiten dituzte instalazioaren eta haren ebakuazio-azpiegituren diseinuan, eta horrek azalera eta potentzia murriztea dakar, eta, Solaria Promoción y Desarrollo Fotovoltaico SLren ustez, horrek ez du ahalbidetzen proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa.

Era berean, Solaria Promoción y Desarrollo Fotovoltaico SLk, aurrekoa oinarri hartuta, eskatu du instalazioaren sarbide- eta konexio-baimenari lotutako bermea itzultzeko.

7. Aurretiazko administrazio baimena ukatzeko proposamena.

Espedientearen azterketa teknikoa eta atzera egiteko sustatzailearen eskaerarena egin ondoren, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuko Azpiegitura Energetikoen Atalak ondorioztatu du prozedura behar bezala egin dela, eta proposatu du ukatzea eskatutako aurretiazko administrazio baimena espedientea ebazteko.

Adierazitakoarekin eta espedientean jasotako agiriekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabilita,

EBAZTEN DUT:

1. Ukatzea aurretiazko administrazio baimena, Solaria Promoción y Desarrollo Fotovoltaico SLk eskatutakoa, Adiosko udal-mugartean energia elektrikoa ekoizteko 47,982 MWp-eko "Maya Solar 4 eguzki instalazio fotovoltaikoa" izeneko instalaziorako.

2. Agindua ematea Diruzaintza Atalari sarbide eta konexio prozedurari lotutako 2.000.000 euroko bermea itzul dezan; Solaria Promoción y Desarrollo Fotovoltaico SLk jarri zuen berme hori 2020ko ekainaren 3an (erregistro zenbakia: 5020000133 CFNA 2020 (Av-NAV-0244)).

3. Ebazpen hau igortzea Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzura, Ingurumen Eraginaren Atalera, Lurraldearen Antolamenduaren Atalera, Ondare Historikoaren Zerbitzura, Ureztalurren eta Lurzati Berrantolamenduaren Atalera, Herri Lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiko Zainketa Zerbitzura eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Ekonomia eta Finantza Zerbitzuko Diruzaintza Atalera, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

5. Ebazpen hau jakinaraztea Solaria Promoción y Desarrollo Fotovoltaico SLri, Ebroko Konfederazio Hidrografikoari, Compañía Logística de Hidrocarburosi (CLH), Enagasi, Trenbide Azpiegituren Administratzaileari (ADIF), I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUri eta Red Eléctrica de España SAUko Sarbide Departamentuari. Ohartarazten da, halaber, ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daitekeela, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik aurrera, espediente zenbakia adierazita.

6. Ebazpen hau Adios, Biurrun, Tebas-Muru Artederreta eta Ukarko udalei jakinaraztea, eta aditzera ematea haren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2023ko urriaren 5ean.–Trantsizio Energetikorako, Proiektu Estrategikoen eta S4ren zuzendari nagusia, Uxue Itoiz Mariñelarena.

Iragarkiaren kodea: F2314460