223. ALDIZKARIA - 2023ko urriaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

270/2023 EBAZPENA, urriaren 9koa, Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariak emana, argitara ematen dituena Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoen eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehenengo bi kurtsoen zonifikazioa eta departamentu honen menpeko ikastetxe eta programetako plantillak, eta zehazten dituena lanpostuak ezabatzeko eta lanpostu ibiltariei atxikitzeko eskaeren prozedurak eta 2023-2024 ikasturteko lekualdatze-lehiaketaren deialdian bete beharreko behin-behineko lanpostu hutsak (maisu-maistren kidegoko edo lanpostu parekatuetako irakasleei dagozkienak).

Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariaren urriaren 6ko 269/2023 Ebazpenaren bidez, lekualdatze-lehiaketarako deialdia egiten da autonomia-erkidego osorako, kidego hauetako irakasle funtzionarioentzat: maisu-maistrak, Bigarren Hezkuntzako katedradunak eta irakasleak, Lanbide Heziketako irakasle teknikoak (desagertzear dagoen kidegoa), Lanbide Heziketako sektore berezietako irakasle espezialistak, Hizkuntza Eskola Ofizialetako katedradunak eta irakasleak, Musikako eta Arte Eszenikoetako katedradunak eta irakasleak eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko katedradunak, irakasleak eta lantegiko maisu-maistrak, baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko unibertsitateaz kanpoko irakasle funtzionarioak ere, atzerriko hizkuntza-eskakizuna duten lanpostuetarako izendatuak.

Ebazpen horren laugarren oinarrian ezartzen da ezen deialdi horretan beteko diren lanpostu hutsak, hala behin-behinekoak nola behin betikoak, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariaren ebazpenaren bidez zehaztuko direla, eta Hezkuntza Departamentuaren web-orrian argitaratuko direla: https://www.educacion.navarra.es/eu.

Azaldutakoarekin bat, bidezkoa da argitaratzea Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoen eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehenengo bi kurtsoen zonifikazioa eta departamentu honen mendeko ikastetxe eta programetako plantillak.

Bestalde, beharrezkoa da zehaztea lanpostuak formalki ezabatzeko eskaeren prozedura kasuan kasuko plantillan lanpostua aurreikusia ez duten maisu-maistren kidegoko edo lanpostu parekatuetako irakasleentzat, baita lanpostu ibiltariei atxikitzeko eskaeren prozedura ere.

Halaber, bidezko da zehaztea 2023-2024 ikasturteko lekualdatze-lehiaketaren deialdian bete beharreko behin-behineko lanpostu hutsak (maisu-maistren kidegoko edo lanpostu parekatuetako irakasleei dagozkienak).

Horiek horrela, Hezkuntza Departamentuko Langileriaren eta Azpiegituren zuzendari nagusiaren abuztuaren 31ko 1/2023 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ebazpen honen I. eranskin gisa argitaratzea Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoen eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehenengo bi kurtsoen zonifikazioa.

Zonifikazio hori urriaren 29ko 1364/2010 Errege Dekretuaren 16. eta 17. artikuluetan aurreikusitako egoeretan dauden maisu-maistren kidegoko edo lanpostu parekatuetako irakasleek lehentasunezko eskubidea erabil dezaten aplikatuko da, apirilaren 30eko 37/2014 Foru Dekretuaren 7. artikuluan xedatutakoari jarraituz. Errege dekretu horren bidez, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan adierazitako irakasleen kidegoetako funtzionarioen estatuko lekualdatze-lehiaketak eta haiek bete beharreko lanpostuak betetzeko beste prozedura batzuk arautu ziren.

2. Ebazpen honen II. eranskin gisa argitaratzea Nafarroako Foru Komunitateko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetako plantillak, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehenengo bi kurtsoetakoak eta beste ikastetxe eta programa batzuetakoak, eta zehaztea zein diren 2023-2024 ikasturteko lekualdatze-lehiaketaren deialdian bete beharreko behin-behineko lanpostu hutsak (maisu-maistren kidegoko edo lanpostu parekatuetako irakasleei dagozkienak).

Lanpostu hutsen zutabean agertzen den minus ikurrak esan nahi du lehiaketaren ondoriozko lanpostuak amortizatu eginen direla, eta, hortaz, bete beharreko lanpostu kopurua ez dela handituko.

Ebazpen honetan aurreikusitako lanpostu hutsei lekualdatze-lehiaketaren deialdia ebaztearen ondorioz sortzen direnak gehituko zaizkie. Horiez gain, gutxienez 2023ko abenduaren 31ra arte erretiroengatik, heriotzengatik edo lanpostua gordetzeko eskubiderik gabeko eszedentziengatik sortzen diren lanpostu hutsak ere sartuko dira. Lanpostu horiek guztiek eskola plangintzan aurreikusiak egon beharko dute.

3. Deialdia ebatzi eta gero Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehenengo bi kurtsoetan eman gabe geratzen diren lanpostu hutsak, baita deialdiaren ondoriozko lanpostuak ere, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoko funtzionarioei eskainiko zaizkie, baldin eta eskola plangintzan aurreikusiak baldin badaude.

4. Ebazpen honen bidez onesten diren plantilletan ez da lanposturik ezabatuko. Horrela, onetsitako plantillatik gora gelditzen diren lanpostuak, "(+)" ikurra daukatenak, amortizatu eginen dira erretiroak, eszedentziak edo lanpostua galtzea dakarten ezabaketak direla-eta, hutsik gelditzen badira lehiaketaren, heriotzaren edo antzeko arrazoien ondorioz.

5. Behin betiko destinoa duten maisu-maistren kidegoko funtzionarioek, baldin eta beren lanpostua onetsitako plantilletan aurreikusia ez badago, beren lanpostua ezabatzeko eskatzen ahalko dute, prozedura honen arabera:

a) Kasuan kasuko plantillan aurreikusi ez diren edo murriztu diren lanpostuei atxikiak dauden maisu-maistrek lanpostua kentzeko eskaera egiten ahalko diote Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuari, eta, horretarako, ebazpen honen III. eranskinean azaltzen den agiria beteko dute. Eskaera hori aurkezteko epea 5 egun baliodunekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Murriztutako lanpostuak baino gehiago badira murriztutako espezialitateko edo hizkuntzako lanpostuei atxikitako maisu-maistra eskatzaileak, hurrengo irizpideak bata bestearen ondoren aplikatzetik ateratzen diren maisu-maistrak izanen dira ukituak:

1. Behin betiko langile gisa etengabeko antzinatasun handiena izatea ikastetxean edo eskualdean, lanpostu bereziei atxikitako maisu-maistren kasuan.

2. Maisu-maistren kidegoko karrerako funtzionario gisa edo atzerriko hizkuntza-eskakizuneko lanpostuetarako izendapen bidez emandako benetako zerbitzu-denbora luzeagoa.

Kidegoan abenduaren 30eko 31/1991 Legearen 29. xedapen gehigarriari jarraikiz sartu ziren irakasleei dagokienez, maisu-maistren kidegoko karrerako funtzionario gisa duten antzinatasunari lan-kontratudun finko gisa egiaztaturik dutena gehituko zaie, lehen zerbitzu urtea kenduta.

3. Kidegoan sartu zen zaharrena, edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan atzerriko hizkuntza-eskakizuna duten lanpostuetarako irakasle funtzionario izendatu zuten zaharrena.

4. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan atzerriko hizkuntza-eskakizuneko lanpostuetarako izendatutako irakasleen kidegoan edo funtzionario gisa sartzeko erabili zen hautaketa-prozeduran lortutako zerrenda-zenbaki txikiagoa edo puntuazio handiagoa.

c) Lanpostua ezabatzeak 5 egun balioduneko epearen azken egunean izanen ditu ondorioak, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Hortaz, interesdunek ikasturte honetako lekualdatze-lehiaketan erabiltzen ahalko dute lanpostuak betetzeko araudian aurreikusitako lehentasunezko eskubidea, bat etorriz Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariaren urriaren 8ko 269/2023 Ebazpenean ezarritako baldintzekin. Ebazpen horren bidez lekualdatze-lehiaketa autonomikorako deia egiten da, kidego hauetako irakasle funtzionarioentzat: maisu-maistren kidegoa, Bigarren Hezkuntzako katedradunen eta irakasleen kidegoa, Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoa (desagertzear), Lanbide Heziketako sektore berezietako irakasle espezialistak, Hizkuntza Eskola Ofizialetako katedradunen eta irakasleen kidegoa, Musikako eta Arte Eszenikoetako katedradunen eta irakasleen kidegoa eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko katedradunen, irakasleen eta lantegiko maisu-maistren kidegoa, baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko unibertsitateaz kanpoko irakasle funtzionarioak ere, atzerriko hizkuntza-eskakizuna duten lanpostuetarako izendatuak.

6. Maisu-maistren kidegoko edo lanpostu parekatuetako irakasleek behin betiko destinoa ikastetxe bateko lanpostu arruntean baldin badute, plantillan ibiltari gisa ageri dena, lanpostu ibiltari berriari atxikitzea hautatzen ahalko dute, ikastetxean duten antzinatasuna ondorio guztietarako mantenduz, edo, bestela, lanpostua ezabatzea hautatu, aurreko atalean adierazitako baldintzetan.

Lanpostu ibiltariari atxikitzea erabakitzen badute, IV. eranskineko ereduaren araberako eskaera bete eta Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzura igorri beharko dute, 5 egun balioduneko epean, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Lanpostu berriko atxikipenak 2024ko irailaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

Destinoa ikastetxe bati atxikitako lanpostu ibiltarian duten maisu-maistren kidegoko edo lanpostu parekatuetako funtzionarioen kasuan, lanpostu hori ikastetxeko lanpostu arrunt gisa ageri bada plantillan, ofizioz atxikiko zaizkio ikastetxeko lanpostu arrunt berriari, eta horrek 2024ko irailaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

7. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta eranskinak Hezkuntza Departamentuaren web-orrian (www.educacion.navarra.es/eu/) argitara daitezen agintzea.

8. Ebazpen honen eta bere eranskinen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko dute interesdunek, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera.

9. Ebazpen hau eta eranskinak Hezkuntza Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko Lanpostuak Betetzeko Atalera, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura eta Kudeaketa Juridiko-administratiboaren Atalera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2023ko urriaren 9an.–Langileen Araubide Juridikoaren Zerbitzuko zuzendaria (27/2023 Ebazpena, urriaren 5ekoa, Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak emana), Javier Lacarra Albizu.

Iragarkiaren kodea: F2314533