223. ALDIZKARIA - 2023ko urriaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

382/2023 EBAZPENA, irailaren 28koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitatean unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzan ari diren irakasleei, euskara ikasteko edo hobetzeko, banakako laguntzak emateko deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 718897.

Nafarroako Hezkuntza Departamentuak, irakasleen prestakuntzaren inguruko gomendioak kontuan hartuta, eta indarreko legediari jarraikiz, bidezkotzat jotzen du irakasleen prestakuntza sustatzea, euskara ikasteko zein hobetzeko.

Hain zuzen, irakasleei dagokienez, ikusi da beharra dagoela euskara eta euskaraz ikasteko aukerak sortzeko, hezkuntza maila guztietan. Otsailaren 24ko 4/2015 Foru Legearen bidez, zati batean aldatu zen Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legea, D eredua –euskarazko irakaskuntza– Nafarroa osora hedatzeko (2015eko martxoaren 10eko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen foru lege hori, eta 2015eko apirilaren 28koan, haren akats zuzenketa; Estatuko Aldizkari Ofizialean, berriz, 2015eko martxoaren 20an argitaratu zen). Hedapen hori eta Helduen Oinarrizko Hezkuntzako ikastetxe publikoetan eta ikasgeletan ematen den euskarazko irakaskuntza ahalbidetzeko, euskarazko gaitasuna duten profesional gehiago beharko dira. Horrenbestez, destinoko ikastetxean jarraitzeari uko egin gabe eredu horretan sartu nahi dutenen ikaskuntza erraztu beharko da, bai eta Nafarroa osoko irakasleen etengabeko ikaskuntza eta hobekuntza ere.

Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuko Euskara Atalak txosten bat egin du Nafarroako ikastetxeetan unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzan ari diren irakasleei banakako laguntzak emateko deialdia onestearen alde, euskara ikasteko edo hobetzeko ikastaroak egin edo amaitu ditzaten 2023ko irailaren 1etik 2024ko abuztuaren 31ra. Ikastaro horiek, euskara ikastekoak nahiz hobetzekoak, zentro publikoetan (hizkuntza eskola ofizialak, unibertsitateak...) edo helduak euskalduntzeko zentro pribatu homologatuetan egiten ahalko dira. Helburu bakarra euskara ikastea duen prestakuntza baizik ez da diruz lagunduko.

Bat etorriz Hezkuntza Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 30eko 67/2023 Foru Dekretuaren artikulu bakarrean xedatutakoarekin, eta Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Deialdia, haren oinarriak (ebazpen honen 1. eranskinean jasoak) eta eranskin guztiak onestea, Nafarroako Foru Komunitatean unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzan ari diren irakasleei banakako laguntzak emateko, euskara ikas edo hobe dezaten zentro publikoetan (hizkuntza eskola ofizialak, unibertsitateak...) edo helduak euskalduntzeko pribatu homologatuetan, 2023ko irailaren 1etik 2024ko abuztuaren 31ra bitarte.

2. Beharrezko den gehieneko gastua baimentzea, 10.000 euro, 2024ko aurrekontuko "Irakasleentzako euskarazko prestakuntzarako laguntzak" izeneko 420001 42400 4809 321200 aurrekontu partidaren kargura, edo aurrekontuan helburu horrekin gaitzen den partidaren kargura, baldin eta kreditu egokia eta nahikoa badago.

3. Ebazpen hau eta eranskinak www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/inicio ("Berriak"-"Gaur-gaurkoa") eta www.nafarroa.eus ("Tramiteak") webguneetan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

4. Foru agindu honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta hurrengo egun baliodunetik hasita hilabeteko epean.

5. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Hezkuntza Departamentuan duen kontu-hartzaile delegatuari, Aurrekontu eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalera, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegora, Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzura, Euskara Atalera eta Euskararen Sustapenaren eta Didaktikaren Bulegora.

Iruñean, 2023ko irailaren 28an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

1. ERANSKINA–OINARRIAK, NAFARROAKO UNIBERTSITATEAZ KANPOKO IRAKASKUNTZAKO "IRAKASLEEI EUSKARA IKASTEKO EDO HOBETZEKO BANAKAKO LAGUNTZAK EMATEKO DEIALDIA" ARAUTZEN DUTENAK

Lehen oinarria.–Deialdiaren xedea.

Hezkuntza Departamentuak Nafarroako ikastetxeetako unibertsitateaz kanpoko irakasleei banakako laguntzak emateko deialdia egin du, euskara ikasteko edo hobetzeko ikastaroak egin edo amaitu ditzaten, 2023ko irailaren 1etik 2024ko abuztuaren 31ra arte. Ikastaro horiek, euskara ikastekoak nahiz hobetzekoak, zentro publikoetan (hizkuntza eskola ofizialak, unibertsitateak...) edo helduak euskalduntzeko zentro pribatu homologatuetan egiten ahalko dira. Helburu bakarra euskara ikastea duen prestakuntza baizik ez da diruz lagunduko.

Bigarren oinarria.–Parte hartzeko baldintzak.

2.1. Unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzako ikastetxe publikoetako eta itunduetako irakasleek eskatzen ahalko dituzte laguntzak, baldin eta ikasturtearen hasierako egunean edo matrikula egiten duten unean (ordainketa osoa edo partziala egiten dutenean) jarduneko zerbitzuan badaude edo administrazio edo lan kontratu bat badute, ikastetxe publikoen kasuan, edo lan kontratu bat, ikastetxe pribatu itunduen kasuan.

2.2. Prestakuntza jasotzen duten irakasleek eskubidea izanen dute 2023ko irailaren 1etik 2024ko abuztuaren 31ra bitartean egindako edo bukatutako ikastaroen matrikularen zati bat ordain diezaieten (barnetegietan egiten diren ikastaroetan, ostatu eta mantenu gastuen zati bat ere bai), baldin eta gutxienez laguntzaren xede den ikastaroan eskolen %80ra bertaratu badira. Eskolen gutxieneko ehuneko horretara bertaratu ez badira, ez da ordainduko eskatutako laguntza.

Hirugarren oinarria.–Banakako laguntzen deskribapena eta zenbatekoa.

3.1. Ikastaroen ezaugarriak.

Diruz lagunduko dira euskara ikastea edo hobetzea helburu duten aurrez aurreko ikastaro estentsibo nahiz trinkoak, baita barnetegiak, ikastaro erdipresentzialak eta online ikastaroak ere. Hobetzeko ikastaroen kasuan, irakasleek duten euskarazko hizkuntza-gaitasuna lantzea izanen da helburua.

Hortik kanpo daude metodologiari buruzko ikastaroak; izan ere, Euskararen Irakaskuntzarako Baliabide Zentroak (EIBZ) eta irakasleentzako laguntza zentroek irakasleentzako doako prestakuntza eskaintzen baitute tarte horretan.

Helburu bakarra euskara ikastea duen prestakuntza baizik ez da diruz lagunduko.

3.2. Zenbatekoa.

Laguntza, hasiera batean, matrikularen kostuaren %50 izanen da. Barnetegietako ikastaroen kasuan, ostatu eta mantenu gastuen %50 ere ordainduko da, gutxienez.

3.2.1. Ezarritako irizpideak aplikatu ondoren, aurrekontuan proposamen guztiei erantzuteko bezainbeste dirurik ez badago, hainbanaketa aplikatuko da guztietan, behar den ehuneko murrizketarekin.

3.2.2. Eskaera guztiei erantzun ondoan, helburu hori duen partidan dirua geratzen bada erabilgarri, hainbanaketa aplikatuko da, eta behar den ehunekoan handituko dira laguntza guztiak.

3.2.3. Jasotzen den laguntzak ez dio inolako onura ekonomiko pertsonalik ekarriko adjudikaziodunari.

3.3. Laguntzen banaketa.

Laguntzen %75 sare publikoko irakasleentzat izanen da, eta %25, sare itundukoentzat.

Sare bakoitzean erreserbatutako laguntza guztiak esleitzea posible ez bada, esleitu gabekoak beste sarean emanen dira.

Laugarren oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea 2024ko irailaren 2an hasi eta hilabete horren 16an bukatuko da, egun hori barne.

Bosgarren oinarria.–Eskaerak eta dokumentazioa aurkeztea.

5.1. Eskaerak aurkeztea.

a) Ahal izatera, eskaera egiteko web-formulario bat erabiliko da. Eskaerak egiteko epea hasten denean (irailaren 2an) emanen da formulario horren URLa. Eranskin honen 5.2 puntuan jasotzen den dokumentazioa web-formularioari atxikita aurkeztu beharko da. Hautapen batzordeak jatorrizko agiriak eskatzen ahalko ditu behar diren egiaztapenak egiteko, horrelakorik beharrezkotzat jotzen badu.

b) Bestela, ebazpen honen 2. eranskineko eskaera eta dagokion dokumentazioa Hezkuntza Departamentuko erregistroan aurkeztuko dira.

Hala ere, arestian esandakoa galarazi gabe, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean aurreikusitako edozein moduren bidez ere aurkezten ahalko dira.

Eskaera eta dokumentazioa posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian emanen zaizkio postako langileei, ziurtatu aurretik data eta zigilua jar diezazkieten.

Deialdiaren prozesu osoa (eskaera, dokumentazioa aurkeztea, etab.) telematikoki egiten ahalko da web-orri honetan: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Erregistro-Orokor-Elektronikoa Tramitatze elektronikorako beharrezkoa da NAN elektronikoa edo ziurtagiri digitala edukitzea.

Deialdi honetako laguntzetarako eskaerak Hezkuntza Departamentuko Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuari zuzenduko zaizkio beti.

5.2. Dokumentazioa.

–Web-formularioa edo eskaera (ebazpen honen 2. eranskina).

–Entitate antolatzaileak emandako ziurtagiria, eskatzaileak ikastaroan parte hartu duela esaten duena, honako hauek adierazita: parte-hartzailearen izena, ikastaroaren izena, maila, modalitatea (hirugarren oinarriko 1. puntua), prezioa, ikastaroa noiz hasi eta bukatu zen, ordu kopurua guztira, eta eskatzaileak guztira egindako ikastorduak, bertaratze ehunekoaren kalkuluarekin (ikus bigarren oinarriko 2.2 puntua). Datu horiek guztiak ezinbestekoak dira laguntza ordaintzeko.

–Matrikula tasa ordaindu izanaren frogagiria (ez bada agertzen entitate antolatzaileak emandako ziurtagirian).

–Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera (TOE). Eskaera egiten duten irakasleek jatorrizko "Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera (TOE)" erregistratu beharko dute, banketxeak bete eta zigilatu ondoren eta eskaera egiteko epearen barruan. Hori honako kasu hauetan egin beharko dute:

a) Lehendik ez badute halakorik egin.

b) Lehendik egin badute ere, kontu zenbakia aldatu badute.

Agiri hori helbide honetan ere jasota dago:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/nafarroako-foru-administrazioaren-inprimaki-orokorrak

Modu hauetan erregistratzen ahalko da:

1. Erregistro Orokor Elektronikoa:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Erregistro-Orokor-Elektronikoa

Hartzailea: Ekonomia eta Ogasun Departamentua. Diruzaintza Atala

2. Jatorrizko inprimaki ofiziala, banketxeak sinatu eta zigilatu ondoren, postaren bidez igorriko dena edo honako helbide honetan entregatuko dena:

Ekonomia eta Ogasun Departamentua.

Diruzaintza Atala.

Karlos III.aren etorbidea 4, 2. solairua.

31002 Iruña.

Bidalketa hori egin izana eta horren data Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio, posta elektronikoz (euskaraatala@navarra.es).

Seigarren oinarria.–Bateragarritasuna.

2023ko irailaren 1etik 2024ko abuztuaren 31ra zentro publiko edo pribatuetan euskara ikasteko edo hobetzeko prestakuntza ikastaroak egiteko edo bukatzeko beste administrazio publikoen laguntzarik jaso bada, jasotako zenbateko hori egiaztatzen duen ziurtagiria aurkeztu beharko da, administrazio emaileak egina. Hezkuntzako Departamentuaren laguntzaren eta gainerako laguntzen baturak inola ere ezinen du gainditu matrikularen zenbatekoa (edo matrikula gehi ostatuarena, barnetegietako ikastaroen kasuan). Edonola ere, eskatzaileak Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuari jakinarazi beharko dio jaso edo eskatu dituen laguntza guztiak.

Zazpigarren oinarria.–Hautapen batzordea.

Hautapen batzordea kide hauek osatuko dute:

–Euskara Ataleko burua, edo berak eskuordetzen duena.

–Euskararen Sustapenaren eta Didaktikaren Bulegoko burua.

–Euskara Ataleko irakaskuntzako aholkulari bat.

Hautapen batzordeak eskaera guztiak baloratu eta esleituko ditu, deialdi honetan ezarritako baldintzen arabera.

Zortzigarren oinarria. Deialdiaren ebazpena.

Hautapen batzordeak esleipen prozesuaren behin-behineko emaitzak zerrenda batean argitaratuko ditu, web-orri hauetan ("Berriak" menua-"Gaur-gaurkoa" atala):

https://www.educacion.navarra.es/web/dpto/actualidad (gaztelania).

https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/actualidad (euskara).

–Nafarroako Ataria (www.nafarroa.eus).

–Interesdunei informazio hori bidaliko zaie eskaeran adierazitako helbide elektronikora.

Zerrenda horretan honako hauek agertuko dira:

–Behin-behinean esleitu diren eskaeren zerrenda.

–Baztertutako eskaeren zerrenda, arrazoia zein izan den zehaztuta.

–Falta den dokumentazioa edo zuzendu behar den akatsa, kasua zein den.

Eskatzaileek gehienez 10 egun naturaleko epea izanen dute falta zaien dokumentazioa aurkezteko edo akatsa zuzentzeko, aipatutako behin-behineko zerrenda argitaratu eta biharamunetik hasita. Halakorik egiten ez badute, eta epea iraganik, eskaerari uko egin diotela ulertuko da.

Orobat, hautagaiek hautapen batzordearen aurrean erreklamazioak aurkezten ahalko dituzte, aipatutako behin-behineko zerrenda argitaratzen denetik hiru egun balioduneko epean . Epe hori iraganik, erreklamazioak aztertu eta ebatzi ondoren, eta dokumentazioa aurkezteko eta zuzentzeko epea iraganik, batzordeak esleitutako laguntzen behin betiko zerrenda argitaratuko du, eta adjudikaziodunei ebazpena jakinaraziko die.

Hezkuntzako zuzendari nagusiak gehienez hiru hilabeteko epean ebatziko du deialdi hau, batzordearen proposamenarekin bat, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Bederatzigarren oinarria.–Laguntzen ordainketa.

Deialdi honetan adierazitako baldintzekin bat, esleitutako laguntza osoa jaso aurretik bosgarren oinarrian aipatzen diren agiri guztiak aurkeztu behar dira.

Laguntza emateko kontuan hartu diren baldintzetan edozein aldaketak berekin ekartzen ahalko du laguntza emateko ebazpena aldatzea.

Laguntza hauen onuradunak Hezkuntza Departamentuari eskatzen dien informazio guztia ematera derrigortuta daude, eta behar diren finantza kontrolerako jarduketen menpe geldituko dira. Oinarriotan ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoa aplikatuko da.

Hamargarren oinarria.–Egiaztapena.

Euskarazko metodologia ikastaroen kasuan, Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuak ikastarora joan izanaren ziurtagirian zehazten den ordu kopuru bereko prestakuntza aldia aitortuko die irakasleei, eta horri izaera ofiziala emateko ziurtagiria eginen du.

Hamaikagarren oinarria.–Errekurtsoak

Deialdi honen eta honetatik sortzen diren egintzen aurka interesdunek zilegi dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, horiek jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

2. ERANSKINA–IRAKASLEEI BANAKAKO LAGUNTZAK EMATEKO DEIALDIA, EUSKARA IKASI EDO HOBE DEZATEN. PARTE HARTZEKO ESKAERA

(2023ko irailaren 1etik 2024ko abuztuaren 31ra)

DATU PERTSONALAK

DEITURAK

IZENA

NANa

HELBIDEA

HERRIA

PK

PROBINTZIA

TELEFONO MUGIKORRA

TELEFONO FINKOA

HELBIDE ELEKTRONIKOA

ERROLDATUTA DAGOEN HERRIA

DATU PROFESIONALAK. 2023-24 IKASTURTEA

IKASTETXEA

HERRIA

SAREA (publikoa edo itundua)

HIZKUNTZA EREDUA

ESPEZIALITATEA

HEZKUNTZA ETAPA ETA MAILA

LAN EGOERA, MATRIKULA EGITEKO UNEAN

(X bat jarri, behar den laukian)

Jarduneko funtzionarioa

Ikastetxe publikoko irakaslea (administrazio kontratua edo lan kontratua)

Ikastetxe itunduko irakaslea (lan kontratua)

(Ikastaroaren edo ikastaroen datuak eta sinadura, hurrengo orrialdean, edo orrialdeetan, ikastaro bat baino gehiago egin badira).

BANAKAKO LAGUNTZAK, ESKATZAILEAK KUDEATUTAKO EUSKARA IKASTAROAK EGITEKO

1. Ikastaroaren izena eta maila

Ikastaro mota

Estentsiboa (2023ko irailaren 1etik 2024ko abuztuaren 31ra)

Trinkoa (2023ko irailaren 1etik 2024ko abuztuaren 31ra)

(Erdi)presentzialak (2023ko irailaren 1etik 2024ko abuztuaren 31ra)

Online (2023ko irailaren 1etik 2024ko abuztuaren 31ra)

Barnetegia (2023ko irailaren 1etik 2024ko abuztuaren 31ra)

Hobetzeko ikastaroa (2023ko irailaren 1etik 2024ko abuztuaren 31ra)

Zentro antolatzailea

Herria

Egunak

Hasiera

Amaiera

Ikastaroaren ordu kopurua, osotara

Matrikularen gastuak

Egin den edo egin nahi den ikastaroaren web-orriaren helbidea

2. Ikastaroaren izena eta maila

Ikastaro mota

Estentsiboa (2023ko irailaren 1etik 2024ko abuztuaren 31ra)

Trinkoa (2023ko irailaren 1etik 2024ko abuztuaren 31ra)

(Erdi)presentzialak (2023ko irailaren 1etik 2024ko abuztuaren 31ra)

Online (2023ko irailaren 1etik 2024ko abuztuaren 31ra)

Barnetegia (2023ko irailaren 1etik 2024ko abuztuaren 31ra)

Hobetzeko ikastaroa (2023ko irailaren 1etik 2024ko abuztuaren 31ra)

Zentro antolatzailea

Herria

Egunak

Hasiera

Amaiera

Ikastaroaren ordu kopurua, osotara

Matrikularen gastuak

Egin den ikastaroaren web-orriaren helbidea

Sinadura

.............................................(e)n, 20......(e)ko .....................................aren ........(e)(a)n.

ELEANIZTASUNAREN ETA ARTE IKASKETEN ZERBITZUA

HEZKUNTZA DEPARTAMENTUA

3. eranskina.–Deskargatu transferentzia bidez ordaintzeko eskabidea.

Iragarkiaren kodea: F2314328