223. ALDIZKARIA - 2023ko urriaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

214E/2023 EBAZPENA, urriaren 2koa, Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, hasiera batez onesten duena Rocaforteko (Zangoza) industrialdea handitzeko udalez gaindiko plan sektorialaren aldaketa, bi exekuzio unitate mugatzeari eta erabilera balioanitza murrizteari buruzkoa. Sustatzailea Nafarroako Lurzorua eta Etxebizitzak SA da.

Aldaketa honen xedea da Rocaforteko industrialdea handitzeko udalez gaindiko plan sektorialaren esparrua bi exekuzio unitatetan (UE1 eta UE2) zatitzea, zeinak bat baitatoz planean bertan definitutako urbanizazio-faseekin, eta bi lurzatiren (P.1 eta P.2) kalifikazioa aldatzea, erabilera balioanitz pribatua izatetik erabilera industriala izatera pasatuko baitira, baita haien lerrokadurak ere.

Era berean, plan sektoriala garatzeko egutegia aldatuko da, eta epe bereiziak ezarriko dira mugatutako unitate bakoitzerako, UE1 unitatea UE2ren aurretik programatuta.

Azkenik, erabileraren aldaketa horren ondorioz, banaketa areako ereduzko aprobetxamendua aldatuko da.

Hala, aurkeztutako dokumentuaren arabera, "aldaketa horien bidez, eremu hori errazago garatu eta gauzatu gogo da, Zangozako eskualdean jarduera ekonomikoa ezartzen eta finkatzen laguntzeko." Horri dagokionez, adierazi behar da plan sektorial hori garatzeke dagoela, eta ez dela onetsi eta ez dela izapidetzen ari urbanizazio-, kudeaketa- eta birpartzelazio-proiekturik.

Gainera, memoriak azaltzen duenez, "bi exekuzio unitate zehaztuta, planeamendua nola kudeatu eta gauzatu denboran doitu nahi da, horien jabeek landa izaerako lurren erabilerarekin, gozamenarekin eta xedapenarekin jarraitu ahal izateko, [...] planeamendua ondoz ondoko faseetan gauzatzen ez den bitartean. Horrela, ez da okupatuko epe laburrean garatzea aurreikusita ez dagoen lurzorua, eta produkzio-xedeari eusten zaio (zerealaren laborantza) benetan gauzatu arte."

Bukatzeko, aldaketa honek, mugaketari bere horretan eutsiko badio ere, industriako sektorearen azalera eta sistema orokorrarena doituko ditu: 187.568 m²-ko eta 8.294 m²-ko azalerak izanen dituzte hurrenez hurren, eta ez 187.347 m² eta 8.292 m². Horri dagokionez, memoriak azaltzen du "alde hori ez dela eremuaren aldaketa baten ondorio, baizik eta ordutik hona katastroko lurzatien azaleretan egin diren aldaketen ondorio".

Ulertzen da aipatutako justifikazio hori katastroko lurzatien neurketan egindako doikuntzei dagokiela.

Ingurumen Eraginaren Atalak, 2023ko uztailaren 28an, honako hau adierazi zuen txosten batean: "Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen aplikazio esparruan ez dago".

Era berean, espedientean jasota dago Babes Zibileko Zerbitzuak eginiko aldeko txosten baldintzatua, 2023ko ekainaren 19koa, non adierazten baita bete egin beharko direla azaroaren 15eko 893/2013 Errege Dekretuan jasotako baldintzak (errege dekretu horren bidez, baso-suteetarako larrialdiko babes zibila antolatzen duen oinarrizko jarraibidea onetsi zen, II. eranskina), eta beste gomendio batzuk ezarri baitira, hiriko drainatze iraunkorreko sistemen erabilerari buruzkoak, industria-suteak zabaltzeko arriskua murrizteko.

Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitatearen txostena jasotzeko dago.

Aldaketa honetan, exekuzio unitateen mugaketa ukitzen da, baita bi lurzatiren kalifikazio xehatua eta banaketa-arearen ereduzko aprobetxamendua ere. Horrenbestez, hirigintza-antolamendu xehatuko determinazioak ukitzen dira (Lurralde Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 49.3. a), d), g) eta k) artikulua; testu bategin hori 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).

Hirigintza-antolamenduko determinazioak aldatzeko, jaso beharko da haien izaera eta helburua kontuan izanik beharrezko eta egoki den dokumentazioa, udalez gaindiko plan sektorialetarako oro har xedatutakoaren artetik, bai eta legeria sektorialak agindutakoa ere. Horiek horrela, honako hau falta dela atzeman da, eta, beraz, dokumentazioa osatu behar da:

–Lurzatiak kokatuta dauden udal-mugartean indarrean dagoen hirigintza-planeamendua aipatzea (Lurralde Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legaren testu bateginaren 43.1h) artikulua).

–"CODSIUN_ambito" izeneko fitxategia erantsi arren, hari lotutako atributuen taula osatu gabe dago. "CODSIUN" eta "FECHAPROB" atributuak ofizioz erantsi beharko dira, oraindik ez baitira ezagutzen dagozkien balioak; hala ere, balio hauek esleitu beharko zaizkie gainerakoei, eta atributuen taula honela geratu beharko da:

ATRIBUTUAREN IZENA

EDUKIAREN AZALPENA

CODSIUN

UDALERRIAK

ZANGOZA

CODTIP

MPSIS

TIPINSTRUM

Udalez gaindiko plan eta proiektu sektorialaren aldaketa

FECHAPROB

Era berean, kontuan izanda zer dagoen xedatuta aldaketan, zehazki, 4/2022 Foru Legean jatorri berriztagarriko energia sortzeko eskatzen den lurzoru-erreserbaren aplikazioari buruzko atalean, ohartarazi behar da ezen, nahiz eta udalez gaindiko plan sektorialaren araudiak erreproduzitzen ez dituen, 4/2022 Foru Legeak eremuan aplika daitezkeen beste artikulu batzuk dituela, hala nola 52.3 artikulua, zeinak eskatzen baitu aparkatzeko lekuak erreserbatzea emisiorik gabeko ibilgailuen erabilera esklusiborako.

Bestalde, erabilera anitzeko ekipamendurako azalera murrizteko justifikazioei dagokienez, dokumentua osatu egin behar da. Justifikazio horiek industrialdearen behar kolektiboak bermatzeko egin behar dira, eta horretarako, hurbil egonen dira hark behar bezala funtzionatzeko behar diren adina zerbitzu, zuzkidura eta ekipamendu. Alde batera utzita erabilera horietarako lurzatiak saltzeko edo garatzeko aurreikuspena.

Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak 2023ko irailaren 26an egindako txostena ikusita, eta Lurralde Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginarekin bat etorriz (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen), eta Lurralde Kohesiorako Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen urriaren 30eko 69/2023 Foru Dekretuarekin bat etorriz,

EBAZTEN DUT:

1. Hasiera batez onestea Rocaforteko (Zangoza) industrialdea handitzeko udalez gaindiko plan sektorialaren aldaketa, bi exekuzio unitate mugatzeari eta erabilera balioanitza murrizteari buruzkoa. Sustatzailea Nafarroako Lurzorua eta Etxebizitzak SA da.

2. Sustatzaileari adieraztea ebazpen honen azalpen-zatian jasotako oharrak kontuan hartu beharko dituela, espedientea ebatzi aurretik.

3. Espedientean eskatu diren txosten sektorialetan xedatutakoa, eta/edo kasuan kasuko gainerako baimenetan xedatzen dena bete beharko da.

4. Espedientea jendaurrean jartzea eta ukitutako udalari entzunaldia ematea, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuz. Bi tramite horiek aldi berean eginen dira, eta hilabete iraunen dute.

Horretarako, aldaketaren dokumentua Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren web-orri honetan egonen da ikusgai: https://www.navarra.es/eu/lurraldea-pasaia-eta-hirigintza/jendaurrean-jarrita-dauden-planak-proiektuak-eta-azterketak, eta epe horretan, egoki jotzen diren alegazio-idazki guztiak aurkezten ahalko dira.

5. Ebazpen hau jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan, Zangozako Udalari, Ingurumen Eraginaren Atalari, Babes Zibileko Zerbitzuari, Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitateari eta espedientearen sustatzaileari.

6. Sustatzaileari igortzea eskatutako txosten sektorialak, bai eta Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak 2023ko irailaren 23an emandako txostena ere, horren berri izan dezan eta ondorioak izateko.

Iruñean, 2023ko urriaren 2an.–Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusia, José Antonio Marcén Zunzarren.

Iragarkiaren kodea: F2314228