223. ALDIZKARIA - 2023ko urriaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

136/2023 EBAZPENA, urriaren 5ekoa, Trantsizio Energetikorako, Proiektu Estrategikoen eta S4ren zuzendari nagusiak emana, "Muruarte Solar II" energia elektrikoaren ekoizpenerako instalazio fotovoltaikoari eta haren ebakuazio azpiegiturei aurretiazko administrazio-baimena ukatzen diena. Instalazioa Añorbeko, Tirapuko, Biurrun-Olkozko eta Tebas-Muru Artederretako udal-mugarteetan dago.

1. 2020ko abenduaren 28ko eskaera.

2020ko abenduaren 28an, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikuluak eta Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53. artikuluak ezartzen dutena aplikatuz, MES Solar XVII SLk aurretiazko administrazio-baimena eskatu zuen 9,998 MWp-eko "Muruarte Solar II" energia elektrikoa ekoizteko instalaziorako eta haren ebakuazio azpiegituretarako. Instalazioa Añorbeko, Tirapuko, Biurrun-Olkozko eta Tebas-Muru Artederretako udal-mugarteetan dago.

2. Jendaurreko informazioa eta kontsulten tramitea.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikuluarekin bat, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak jendaurrean jarri zuen MES Solar XVII SLk egindako eskaera, iragarki bat argitara emanez 2021eko 47. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, martxoaren 1ekoan, eta Nafarroako Gobernuko Gobernu Irekiaren webgunean. Era berean, iragarkia bidali zen, ukitutako udalen ediktuen taulan argitaratzeko.

Sustatzaileak emandako informazio osagarria jaso ondoren, proiektua jendaurrean jarri zen bigarren aldiz, iragarkia argitara emanda 2021eko 280. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 15ekoan, Nafarroako Gobernuaren Gobernu Irekiaren webgunean eta ukitutako udaletako ediktu-tauletan.

3. Ingurumen-inpaktuaren adierazpena eta lurzoru urbanizaezinetako jarduera baimengarriak baimentzea.

Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 22ko 1202E/2022 Ebazpenaren bidez, proiektu honen ingurumen-inpaktuaren aldeko adierazpena egin zen: Muruarte Solar I (5085-CE) eta Muruarte Solar II parke fotovoltaikoak, Barasoain haize-parkearen hegoaldeko inguratzailean (Tirapuko udal-mugarteko 4. poligonoko 43tik 46ra bitarteko katastro-lurzatien zati batean) eta haren ebakuazio-azpiegitura. Era berean, ingurumen-inpaktuaren kontrako adierazpena egin zen Muruarte Solar II (5086-CE) proiektuaren gainean, Barasoain haize parkearen iparraldeko bi inguratzaileetan.

Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariaren martxoaren 29ko 136E/2023 Ebazpenaren bidez, baimena ukatu zen Muruarte Solar I eta Muruarte Solar II eguzki-parke fotovoltaikoak Añorben eta Tirapun ezartzeko, bai eta Biurrun-Olkozko eta Tebas-Muru Artederreta udal-mugarteak ere ukitzen dituen ebakuazio-azpiegiturak ere.

2023ko apirilaren 26ko sarrera-erregistroarekin, MES Solar XVII SLk gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu zuen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariaren martxoaren 29ko 136E/2023 Ebazpen horren aurka. Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariaren uztailaren 28ko 132E/2023 Foru Aginduaren bidez ezetsi zen gora jotzeko errekurtsoa.

4. Berme ekonomikoa itzultzeko eskaera.

2023ko irailaren 26an, MES Solar XVII SLk eskatu zuen "Muruarte Solar I" eta "Muruarte Solar II" instalazioen sarbide- eta konexio-baimenari lotutako bermea itzultzeko.

5. Aurretiazko administrazio-baimena ukatzeko eta bermea itzultzeko proposamena.

Lurralde Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 118.1 c) artikuluak ezartzen duenez, "energiaren eta meategien arloan eskudun den departamentuak baimenaren ebazpena soilik ematen ahalko du lurzoru urbanizaezinean jarduera baimengarriak egiteko baimena eman ondoren".

Halaber, apirilaren 14ko 4/2021 Foru Lege Dekretuak, Suspertzerako Europako Bitartekoaren funtsekin finantza daitezkeen jarduketak kudeatzeko eta gauzatzeko premiazko neurriak onesten dituenak, 24.4 artikuluan ezartzen duenez, "Instalazioaren aurretiazko administrazio-baimena eman baino lehen emanen da lurzoru urbanizaezinean jarduera baimengarriak egiteko baimena, araututa dagoena lurralde-antolamenduaren eta hirigintzaren arloan indarrean dagoen legerian".

Espedientearen eta sustatzaileak bermea itzultzeko egin duen eskaeraren azterketa teknikoa egin eta gero, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuaren Azpiegitura Energetikoen Atalak atera duen ondorioa da prozedura egoki eraman dela, eta proposatzen du espedientea ebaztea aurretiazko administrazio-baimenari uko eginez, eta instalazioan sartzeko eta konektatzeko baimenari lotutako bermea itzuliz.

Adierazitakoarekin eta espedientean jasotako agiriekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabilita,

EBAZTEN DUT:

1. "Muruarte Solar II" energia elektrikoaren ekoizpenerako instalazio fotovoltaikoari eta haren ebakuazio azpiegiturei aurretiazko administrazio-baimena ukatzea, MES Solar XVII SLk eskatutakoa. Instalazioa Añorbeko, Tirapuko, Biurrun-Olkozko eta Tebas-Muru Artederretako udal-mugarteetan dago.

2. Diruzaintza Atalari sarbide eta konexio prozedurari lotutako 400.000 euroko bermea itzul dezan agintzea; MES Solar XVII SLk jarri zuen berme hori 2020ko abenduaren 11n –erregistro zenbakia: 5020000380 CFNA 2020 (Av-NAV-0267)–.

3. Ebazpen hau igortzea Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzura, Ingurumen Eraginaren Atalera, Lurraldearen Antolamenduaren Atalera, Ondare Historikoaren Zerbitzura, Herri Lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiko Zainketa Zerbitzura eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Ekonomia eta Finantza Zerbitzuko Diruzaintza Atalera, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

5. Ebazpen hau ondoko hauei jakinaraztea: MES Solar XVII SLri, Trenbide Azpiegituren Administratzaileari (ADIF), Enagasi, I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUri, Compañía Logística de Hidrocarburosi (CLH) Telefónica de España SAri eta Red Eléctrica de España SAUko Sarbide Departamentuari. Ohartarazten da, halaber, ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daitekeela, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik aurrera, espediente zenbakia adierazita.

6. Ebazpena jakinaraztea Añorbeko, Tirapuko, Biurrun-Olkozko eta Tebas-Muru Artederretako udalei eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoari, eta ohartaraztea zilegi dela haren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2023ko urriaren 5ean.–Trantsizio Energetikorako, Proiektu Estrategikoen eta S4ren zuzendari nagusia, Uxue Itoiz Mariñelarena.

Iragarkiaren kodea: F2314462