1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
902E/2023 EBAZPENA, irailaren 30ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, "Ledeako Udal Plan Orokorraren aldaketa, Valdefoz parajea" aldaketaren aldeko ingurumeneko txosten estrategikoa ematen duena. Sustatzaileak unitatearen jabeak dira.
Aldaketa 2023ko otsailaren 20an hasiera batez onetsi ondoren, jendaurrean egoteko epea ireki zen, iragarki bat argitaratuz 2023ko 49. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, martxoaren 9koan.
Aldaketaren xedea da Valdefoz parajeko eremu baten lurzoruaren sailkapena aldatzea. Garapen-eredua babesteko (hiri-zabaltzearen erreserba), lurzoru hori gorde beharreko lurzoru urbanizaezina izatetik lurzoru urbanizagarria izatera pasatuko da, 114 etxebizitzatarako edukiera duen bizitegi-garapena antolatzeko.
Eremu hori 1. poligonoko 682., 683. eta 843. lursailei eta 3. poligonoko 401., 414. eta 415. lursailei dagokie. Haren azalera 4,6 hektareakoa da eta zabalagoa den lurzoru baten parte da, NA-2420 errepidetik ekialderantz dagoena, bizitegirako lurzoru-erreserba gisa ezarritakoa. Eremuaren mugak hauek dira: iparraldean, baserriaren bidea; ekialdean, Abrevadero erreka-zuloa; mendebaldean, NA-2420 errepidea, eta hegoaldean, errota zaharraren bidea, nondik Irati trenaren ibilbide zaharreko bide berdea baitoa.
Sektore guztia, Valdefoz izena duena, bizitegi-erabilerarako lurzoru urbanizagarria izatera pasatuko da, exekuzio-unitate bakar batekin (UE-1). Baldintza topografiko ederrak dituen eremu bat da, eguteran dagoena eta erraz sartzekoa, eta nekazaritzarako erabiltzen diren lurrak daude bertan. Ez dago naturagune azpimarragarririk; hala ere, eremua iparretik hegora zeharkatzen duen La Nava erreka-zuloak potentzial handia dauka, izaten ahal delako "Leireko mendilerroa eta Arbaiungo arroila" KBEaren eta "Irati, Urrobi eta Erro ibaien ibai-sistema"ren arteko konektore biologikoa. Beste alde batetik, Abrevadero erreka-zuloak eremuko hegoaldeko muga definitzen du, eta eremutik kanpo dago.
Proposamena errepidearekin paraleloa den berdegune batean, trantsizio-espazio gisa, erdiko bizitegi-eremu batean eta ipar-ekialdeko muturrean baratze pribatuetarako espazio batean gauzatzen da. Bizitegi-eredua familia bakarreko etxebizitzarena da (90 etxebizitza), bi eraikin kolektiborekin (24 etxebizitza) eta ekipamendu publiko batekin, urbanizazio berrian zentroan geratzen den plaza bat eratzen duena.
Bide-sistemak lau bide perimetral, partekatzeko bideak eta oinezkoentzako bideak ditu. Ardatz nagusien inguruan aparkalekurako eremu nagusiak daude. Aparkalekuak 190 plaza edukiko ditu, gutxienez.
Antolaketak eramaten ditu berdeguneak NA-2420 errepidearen ingurumarira eta La Nava erreka-zulora; bai espazio libre publikoen sistema orokorrak (SG-1.1, SG-1.2 eta SG-1.3), bai tokiko sistemak (ZV-1.1, ZV-1.2, ZV-1.3 eta ZV-1.4). Ingurumenaren ikuspuntutik, neurri positiboa da, aukera ematen duelako erreka-zuloaren inguruan espazio erabilgarria egotea, balia daitekeena korridore biologiko egituratuago bat eratzeko. Gaur egun tamaina txikiko ibilgu bat da, landare natural gutxi dituena, alde batera uzten baditugu Populus nigra espezieko ale bakan batzuk eta zuhaixka-geruza eskas bat. Ingurumen-dokumentu estrategikoak egoki biltzen duen bezala, La Nava erreka-zuloa bilakatu nahi bada udalerriko azpiegitura berdearen elementu interesgarria, beharrezkoa da haren ertzetako jarraitutasun biologikoa aldeztea eta zaharberritze proiektuak ezartzea.
Beste ibilguari, hau da, Abrevadero erreka-zuloari dagokionez, eskura dagoen lurzatien planoaren arabera, aldaketa proposamenak ez du zuzenean ukitzen. Hala ere, erreka-zuloaren ondoan partekatzeko bide bat (VC 6) diseinatu da. Horrek eragina eduki dezake ertzetako iragazgaizpenaren eta lurzoruaren zigilatzearen ondorioz.
Baratzetarako gorde den espazioa, eraikinik gabea, lurzoru urbanizaezinerako trantsizio-gune bat izatera pasatzen da, eta ez diruri lurzoruaren erabilera berriak eraginik edukiko duenik.
Ingurumen-dokumentuak ingurumen balioak eta aldaketarengatik gerta daitezkeen efektuak identifikatzen ditu. Azken ondorioa da ez dela uste izatekoa efektu negatibo nabarmenik ekarriko duen aldaketa esanguratsurik izanen denik. Beraz, ez du neurri zuzentzailerik edo konpentsaziozkorik ezartzen. Hala ere, urbanizazio-proiektuari zuzendutako zenbait prebentzio-neurri identifikatu ditu.
Aldaketak plan partzial bati dagokion definizio eta xehetasun maila dauka; beraz, birpartzelazio eta urbanizazio proiektu baten bidez garatuko da. Beraz, aldaketaren arau partikularretan ezartzen dira zehaztapen orokorrak eta partikularrak. Hori horrela, 2023ko uztailean aurkeztutako dokumentazio berrian, artikulu berri bat sartu da, honi buruzkoa: "ingurumenaren gaineko efektu negatiboen aurka ezarritako neurriak". Hor biltzen dira, egoki bildu ere, ingurumen-dokumentu estrategikoan azaltzen diren ingurumen neurri prebentiboak, baita Biodibertsitatearen Zerbitzuaren 2023ko ekainaren 19ko txostenean adierazten direnak ere. Urbanizazio-proiekturako ezartzen diren ingurumen neurrien artean hauek nabarmentzen dira, besteak beste: La Nava erreka-zuloaren berreskuratzea eta jarraitutasun ekologikoa, berdegunean eta aparkalekuak aldaketa klimatikoari egokitzeko irizpideekin kudeatzea, euri-urak kudeatzea ezarriz drainatze-sistema urbanoak eta jasangarriak ezarriz, eta erreka-zuloa ingurumenaren aldetik garrantzia duen elementu funtzionaltzat hartuz.
Biodibertsitatearen Zerbitzuak adierazi du ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura egoki egin dela.
Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 30eko 74/2023 Foru Dekretua,
EBAZTEN DUT:
1. "Ledeako Udal Plan Orokorraren aldaketa, Valdefoz parajea" aldaketaren aldeko ingurumeneko txosten estrategikoa ematen da, aldaketak ez duelako ingurumen arloko ukipen esanguratsurik sortzen. Sustatzaileak unitatearen jabeak dira.
2. Neurri hau sartzea proposatzen da: Abrevadero erreka-zuloaren ertza trinkotu dadin galaraztea (gutxienez 5 metro ezpondaren gailurretik); hori dela eta, erreka-zuloaren ondoko partekatzeko bidea (VC 6) errodadura zabalera gutxiagotuz edo material iragazkorra erabiliz diseinatuko da.
3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
4. Ebazpen hau Hirigintza Atalari eta Ledeako Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2023ko irailaren 30ean.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.
Iragarkiaren kodea: F2314239