Iragarkia
220. ALDIZKARIA - 2023ko urriaren 24a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
900E/2023 EBAZPENA, irailaren 30ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen-inpaktuaren txostena egiten baita inausketa hondarrekin konposta egiteko instalazioaren eta biohondakinekin konposta egiteko instalazioaren proiektuei buruz. Proiektuok Nafarroako Hiri Hondakinen Tratamendurako Partzuergoak sustatu ditu, Nafarroako Erdialdean.
2023ko martxoaren 28an, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak Biodibertsitatearen Zerbitzuari igorri zion goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskaera.
Espediente hori sartuta dago Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 9. multzoan, e) apartatuan. Txosten honen I. eranskinean laburbildu dira proiektuaren funtsezko datuak, eta II. eranskinean laburpen bat sartu da, ingurumen-agiriarena eta proiektuak hartzen duen eremuaren ingurumen-balioena.
Bat etorriz 21/2013 Legearen 46. artikuluan ezarritakoarekin, Biodibertsitatearen Zerbitzuak kontsulta egin dio, ingurumen-inpaktuaren txostena egin aurretik, Tafallako Udalari eta Hondakinen Atalari, ukitutako administrazioak baitira, eta kontsulta egin zaio, baita ere, interesdun diren aldetik, Nafarroako Erdialdeko Tokiko Ekintza Taldeari eta ingurumenaren babesarekin zerikusia duten lau elkarteri (Gurelur-Fondo Navarro para la Proteccion del Medio Natural, Lurra-Asociación en Defensa de La Tierra Lurra, Sustrai Erakuntza Fundazioa eta Erriberako Ekologistak Martxan-Landazuria).
Tramite horretan, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko Hondakinen Atalak adierazi du aurkeztu den proiektua bi prozesu dituen gune bakar gisa ulertzen dela, eta prozesu horien xedea, bi kasuetan, udalerrietako biohondakinekin konposta egitea dela. Halaber, adierazi du gune hori egitea aurreikusita dagoela, dagoeneko, oraingo Nafarroako Hondakinen Planean (2021-2027); izan ere, lehendik dagoen transferentziagunea handitzeko asmoa dago, horretarako behar den tokia prestatuta, planean bertan zehaztu bezala. Proiektuak badu Ondare Historikoaren Zerbitzuaren aldeko txostena.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak ezartzen du ingurumen-organoak ebazpen arrazoitua emanen duela proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin beharrari buruz edo ingurumen-inpaktuaren txostena egin beharrari buruz, txosten honetan ezartzen denarekin bat etorriz.
Proiektuaren analisia, 21/2013 Legearen III. eranskineko irizpideak kontuan hartuta.
Proposamenaren helburua ekonomia zirkularraren aldekoa da, eta bidea ematen du deuseztatu beharreko hondakinen bolumena murrizteko. Espero diren inpaktu nagusiak ingurumen-kalitatearekin dute zerikusia (emisioak, usainak, isuriak, hondakinak, etab.); horiei dagokienez, behar diren neurri zuzentzaileak zehaztuko dira ingurumen-baimen bateratuaren prozeduran, zeina Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuan tramitatzen ari baita.
Proiektuak ez du ukitzen ez Natura 2000 Sarea, ez naturagune babesturik, ez eta onura publikoko mendirik ere. Tafallako 19. poligonoko 887. lurzatia –hor eginen dira instalazio berriak– Romerales mendilerro txikiaren hegoaldeko hegalaren behealdean dago. 2022ko ekainean, sute bat izan zen mendilerro horretan.
Proiektuko lurzatia ureztalurra da, eta sartutako dago Nafarroako Ubidearen eremu ureztagarrietan. Proposamenean instalazio berrietarako jaso den sarbideak, horrek bakarrik, puntualki eraginen die baso-eremuei eta larreei, hain zuzen, lurzatiaren ekialdean dagoen ibilguaren ertzeetan eta Romerales mendilerroaren ezponda batean, transferentziagunearen eta instalazio berrien artean.
Adierazi bezala, proiektua eta lurzatiaren ekialdean NA-6140 errepiderantz doan ibilgua alboz albo doaz; ibilguak errepidea zeharkatzen du, drainatze-obra baten bidez, eta, azkenik, eremu horretako sakan nagusian amaitzen da (Dongalindo-Candaraiz). Instalazio berrietarako zelaiguneek parte batean okupatzen dute lurzati barruko ibarbide bat, zeina mendebaldetik behera baitoa eta hegoaldean zabaltzen baita; hor, antza, lurrak istildu egiten dira, eta maila freatikoa altu samarra da. Ibarbideko urak modu lausotuan ebakuatzen dira NA-6140 errepideko arekan, eta lurzatiaren ekialdetik datorren ibilguarekin elkartzen dira, errepide azpiko pasabiderako kutxatilan.
Instalazio berrien eremuaz kanpoko euri-uretarako eta eremuaren barneko euri-uren eta lixibiatuen kudeaketarako proposatzen diren neurriekin, bai eta ingurumen-baimen bateratuan zehazten diren neurriekin ere, proiektuaren eremuko lurzorua, akuiferoak, azaleko urak eta azaleko uren azpikoak kutsatzea eragotziko da.
Nolanahi ere, inausketa hondarren instalazioan lurra berdintzeko eta soberako lurrak bildu eta barreiatzeko –dokumentazioan, instalazioen zelaigunearen mendebaldean eta hegoaldean proposatu da–, lurzatiaren ibarbidea okupatuko da; horrek ibarbidearen morfologia moldatuko du, eta drainatzen dituen uren ebakuazio erregimena aldatuko; izan ere, ebakuazioa lausotua izan beharrean fokalizatua izanen da, beste ebakuazio puntu batean. Inpaktu horiek minimizatu daitezke baldin eta instalazioen eta inguruaren urbanizazioa egoki diseinatzen bada.
Instalazioetan eginen diren jarduerek basafauna erakar dezakete (ornogabeak, karraskariak eta karniboro txikiak), eta baliteke hegaztiak ere erakartzea (harrapariak, zikoniformeak, korbidoak, etab.), basafaunako espezieei jarraitzen badiete. Horren ondorioz, baliteke halako espezieen portaera desnaturalizatzea, harrapaketa-arriskuak gora egitea ondoko errepidean edo inguruko linea elektrikoetan hegaztien hilkortasuna handitzea (bereziki Romerales mendilerroa ekialdetik mendebaldera gurutzatzen duen linea elektrikoan). Hala ere, fauna erakar dezaketen operazioak instalazioetako pabiloien barruan eginen dira, eta hortaz, a priori, ez litzateke halakorik gertatu behar.
Kanpoko argiek ondorioak izan ditzakete gaueko animalia, intsektu, kiroptero eta abarrengan, eta horrez gain, eremuko argi-kutsaduran ere eragin dezakete.
Landareztatzeari dagokionez, jardueraren perimetroa osatzen duten ezpondetarako, karraska errenkadak landatuko dira hiruzuloka, jarduera landare pantaila batez hornitzeko. Agian ez da nahikoa izanen jarduera ahalik eta hobekien integratzeko, eta ez da bermatzen ezpondak higatuko ez direnik. Komenigarria da, halaber, ahalegina egitea transferentziaguneko eta haren iparraldeko eremuetan dauden ezpondak landareztatzeko edo basoberritzeko; izan ere, eremu horietan barreiatu zen transferentziagunea ezarri zenean lortutako lurra, baina eremu horiek 2022ko sutean kiskaldu ziren.
Proiektuak eremu marjinal batzuk sortuko ditu proiektuaren lurzatian (instalazioaren eta lixibiatu-baltsaren ekialdean, sarbidearen bi alboetan, eta beste bi tokitan, instalazioen iparraldean zein hegoaldean); eremu horiek ezin izanen dira landu, eta haietarako ez da ingurumen-neurririk ezarri. Eremu horiek naturalizatu edo landareztatzen badira, jarduera errazago pantailatuko da, eta ingurumenean errazago integratuko. Bereziki interesgarria izan daiteke jardueraren hegoaldeko eremua espezie higrofiloekin basoberritzea (makalak, tamarizeak, etab.), eta are, deprimitutako eremu bat sortzea, bidea emanen duena eremu horretan jariatze-urak laminatzeko errepidearen arekan edo lurzatiaren ekialdean dagoen ibilguan ebakuatu aurretik.
Kontsulten emaitzak kontuan izanik, eta 21/2013 Legearen III. eranskinean horretarako jasotzen diren irizpideetan oinarrituta, Biodibertsitatearen Zerbitzuak, Ingurumen Eraginaren Atalaren bidez, jakinarazi du ez dela espero proiektuak eragin kaltegarri esanguratsurik izatea ingurumenean. Horregatik, ez da beharrezkoa proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea. Dena den, horrek ez du kentzen indarreko legeriaren arabera behar diren bestelako baimenak lortu beharra.
Ingurumen-ebaluazio sinplifikatuaren prozedura modu egokian bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 30eko 74/2023 Foru Dekretua,
EBAZTEN DUT:
1. Inausketa hondarrekin konposta egiteko instalazioaren eta biohondakinekin konposta egiteko instalazioaren proiektuek, zeinak Nafarroako Hiri Hondakinen Tratamendurako Partzuergoak sustatu baititu, Nafarroako Erdialdean, ez dute eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-inpaktuaren txosten honetan ezarrita bezala, eta, horrenbestez, ez du bete behar 21/2013 Legearen II. tituluko I. kapituluko 1. atalean ezarritako ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta.
Aurrekoa gorabehera, proposamenak baldintza hauek bete beharko ditu:
• Proiektuan txertatuko dira jardueraren baimen substantiboan ezartzen diren determinazioak eta baldintzak, zeinen helburua, batez ere, inguruaren degradazioa ekiditea eta lurzorua eta ibilguak ez kutsatzea izanen baita.
• Ahal dela, ez zaio eraginen eremuaren drainatze naturalari, hots, inausketa hondarrak tratatzeko instalazioak ahalik eta gutxien okupatuko du lurzatiaren mendebaldean eta hegoaldean dagoen ibarbidea. Ibarbide horren parte bat halabeharrez okupatu behar bada, ura ateratzeko beste lerro naturalizatu bat definituko da (kanalizatu gabea) instalazio berriaren mendebaldean, eta "eta aukera emanen da, haren hegoaldean, ibarbidearen ibilgua zabaltzeko eta ura modu lausotuan ebakuatzeko errepideko arekan eta mendebaldeko ibilguan.
• Hori dela eta, hondeaketa-lanen ondorioz soberan gelditzen den lurra ezin izanen da inola ere instalazio berrien mendebaldean eta hegoaldean barreiatu. Lur hori beste leheneratze lan edo planen batean erabiliko da, hondakinen arloan indarreko legeria betez.
• Instalazio berriak baino gorago (topografikoki) dauden eremuak babesteko eta lur-erauzketak direla-eta sortzen diren ezpondak zaintzeko, babes-areka bat eginen da erauzitako eremuaren goiko aldean; horrela indartuko da ezponda horien behealdean proiektatu diren zelaiguneetako areka perimetralen funtzioa.
• Erauzitako eremuaren goiko aldea biribilduko da, eta trantsizio topografiko naturalizatua eginen da erauzitako eremuetatik eta ezponda perimetraletatik ondoko lur eremuetara.
• Ezponda perimetraletan egin asmo diren landatzeen aurretik, hidroereitea eginen da; espezie autoktonoak erabiliko dira (zurkarak eta belarkarak), hain zuzen, Mediterraneoko garriga-gune, erromerodi, otadi eta abarretan berez egoten direnak, proiektuaren eremuan daudenak baitira. Beharrezkoa eta bideragarria izanez gero, hidroereiteak eginen dira, baita ere, transferentziaguneko ezponda eta eremu leheneratuetan.
• Proiektuaren lurzatiaren barruan sortzen diren eremu marjinaletan bide emanen zaio bilakaera naturalari, eta, posible bada, eremu horiek basoberrituko dira espezie autoktonoak landatuta. Hala, instalazioen iparraldeko eta ekialdeko eremu marjinaletan, garriga-guneetan eta erromerodietan berez izaten diren espezieak erabiliko dira, eta, aldiz, mendebaldeko eta hegoaldekoetan, ibaiertzetan, gatz-lurretan eta urmaletan berez izaten direnak.
• Argi-kutsadura, argi arrotza eta faunaren gaineko ukipena murrizteko, bete beharko da Kanpo-argiztapeneko instalazioen energia-efizientziari buruzko erregelamendua onesten duen azaroaren 14ko 1890/2008 Errege Dekretuan eta haren jarraibide tekniko osagarrietan (EA-01etik EA-07ra bitartekoak) ezarritakoa eta, zehazki, argi-puntuek zabaltzen dituzten goi-hemisferioko gehieneko fluxuak %5ekoak edo txikiagoak izan beharko dira kanpo argiteriako argi-puntu guztietan (EA-03 jarraibide tekniko osagarria, 1.1 atala. Argi emisioen mugak).
• Gomendioa da, ahal dela, argi zuri-urdinxka isurtzen duen lanpararik ez jartzea (LEDen kasua da hori, LED anbarrak salbu), eta, berriz, sodio-lurrunezko lanparak edo LED anbarrak erabiltzea (argi zuri-horia), edo 440 nm-tik beherako uhin-luzeren erradiazioa iragaztea. Hori ezinezkoa denean, kanpoko argiztapena behar den lanorduetan edo lanetan baino ez da erabiliko, eta gainerakoan itzalita egon beharko da.
• Instalazioa irekitzeko eskaerarekin batera honako hauek deskribatzen dituen agiria aurkeztu beharko da: batetik, ibarbidea drainatzeko lerro berriaren konfigurazio naturalizatua, eta, bestetik, txosten honetan ezarritakoa betetzeko hartu diren edo hartu asmo diren neurriak, ingurumen-integrazioari, landareztatzeari eta basoberritzeari dagokienez, instalazioen hegoaldeko eta hego-ekialdeko eremu marjinalean bereziki.
• Instalazioen ingurumen arloko zaintza planean sartuko da hartutako ingurumen-neurrien eta egindako landareztatzeen jarraipena, eta, baita ere, faunarekin loturik gerta daitezkeen baina lehendik aurreikusi gabeko gorabeheren jarraipena. Basafaunarentzako balizko erakargune bihurtzearekin zerikusia dutenak izanen dira gorabehera horiek: basafaunaren portaera desnaturalizatzen dutenak eta animaliak ondoko errepidean harrapatuak izateko edo hegaztiak proiektuaren eremua zeharkatzen duten linea elektrikoetan hiltzeko arriskua dakartenak.
2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
3. Ebazpen hau igortzea Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalari, Tafallako Udalari, Basozaintzari (10. barrutia, "Tafalla-Zangoza") eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2023ko irailaren 30ean.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.
I. ERANSKINA.–PROIEKTUAREN DESKRIBAPENA
Proiektua bi instalaziotarako da: batetik, biohondakinak (hondakin solidoen zati organikoa) tratatzeko instalazioa, konposta egiteko, eta, bestetik, haren ondoan, inausketa hondarrak (lorezaintza, nekazaritza eta basolanetakoak) tratatzeko instalazioa. Hari esker inausketa hondarrak egoki kudeatuko dira, eta biohondakinak tratatzeko instalazioari material egituratzailea emanen zaio.
Proiektuak Tafallako 19. poligonoko 887. lurzatia hartuko du nagusiki (Nafarroako Ubidearen ureztalurren barrukoa da, eta aspertsoreak ditu); beste bi lurzatitan ere eragina izanen du: Tafallako 19. poligonoko 845. lurzatia (Romerales mendilerroko basoaren parte da) eta Tafallako 19. poligonoko 886. lurzatia, larrez estalitako ubide naturala. Lurzati horren ipar-ekialdean, egungo transferentziagunea dago.
Lurzati horren 26.000 m² inguru okupatuko dira (lurzatiaren azaleraren erdia, gutxi gorabehera). Horietatik 20.000 m² zelaiguneak izanen dira, 3.000 m² ezponda perimetatralak, eta gainerakoak transferentziagunetik sartzeko bideak. Zelaiguneak malda apaltxoa izanen du ipar-mendebaldetik hego-ekialdera, eta 374 m-ko kotan izanen da, batez beste, itsasoaren mailaren gainetik.
Elkarri lotutako bi gune errektangularretan banatuko da. Lehenbiziko gunea ipar-ekialdean egonen da, transferentziaguneko instalazioetatik hurbil, eta biohondakinekin konposta egiteko instalaziorako izanen da; bigarren gunea, hego-mendebaldean, inausketa hondarrak tratatzeko izanen da. Zelaigunea egiteko, lurra erauziko da, eta betelanak eginen. Iparraldean eta mendebaldean lur-erauzketen ondoriozko ezpondak sortuko dira (2H:1V), 5 metro garai bitartekoak; hegoaldean eta ekialdean malda bereko lubeta bat sortuko da, gehienez ere 2 edo 3 metro garai izanen dena. Zelaigunearen hego-ekialdean arazketa-eremua egonen da: banatze/dekantatze ontzi bat eta lixibiatu-baltsa bat (650 m³-ko edukiera, 3 m-ko sakonera). Instalazioak sare metalikoz itxiko dira. Soberako lurrak 5.200 m³ izanen direla aurreikusi da, eta asmoa da horiek proiektuaren lurzatiaren eremu marjinaletan barreiatzea, 0,65 - 1 m-ko potentziako geruzatan, zelaigunearen ekialdean eta hegoaldean eta lixibiatu-baltsaren eremuan.
Biohondakinak tratatu eta konposta egiteko instalazioak honako hauek izanen ditu: hondakinak hartu eta nahasteko pabiloi nagusi bat; 7 eremu hartzidura aerobikorako, lubakitan; bahe birakari bidezko kribatze eremu bat; heltze pabiloi bat; kribatze bidezko finketa eremu bat, eta sortutako konposta biltzeko eremu bat. Inausketa hondarrak tratatzeko instalazioari dagokionez, harrera gunea izanen da aletegi batean, makineria egoki bidez birrintzeko eremuaren ondoan; eultzi eremua, aire zabalean, irauliko diren metatan biltzeko, eta bidalketa eremua. Inausketa hondarrak tratatzeko prozesuaren zenbait unetan sortzen diren gaiak, haien jatorria zein den, biohondakinekin konposta egiteko prozesuan erabiltzen ahalko dira (material egituratzailea, medeagarri organikoa, mulching-a, etab.).
Proiektuaren lurzatiaren gainetik dauden eremuetako jariatze-urak arekatan bilduko dira, bi instalazioak kokatuko diren zelaigunearen lur perimetraletan; horrela proiektuaren lurzatiko egungo eremu naturalera ebakuatuko dira. Pabiloietako teilatuetatik datozen euri-ur garbiak bildu eta kanpo drainatzera bideratuko dira (NA-6140 errepidearen ondoko kutxatilara) urak kutsa ditzakeen eremurik ukitu gabe. Biohondakinak tratatzeko instalazioko eremu estaligabeetatik datozen euri-ur zikinetarako sare bat egonen da; ur horiek banatze/dekantatze ontzira eramanen dira (22 m³-ko edukiera, 100 l/s-ko tratamendu-emaria), prozesuan berriro erabil daitezen edo euri-ur garbien toki berean isurtzeko. Inausketa hondarren instalazioko lixibiatu-urak lixibiatu-baltsara eramanen dira, eta, bertatik, dekantatze ontzira eta transferentziaguneko araztegira ponpatuko. Biohondakinak tratatzeko instalazioko lixibiatuak dekantatze ontziaren ondoko ontzira (60m³) bideratuko dira, eta, bertatik, transferentziaguneko araztegira ponpaturik eramanen dira, edo instalazioko prozesuetan bertan erabiliko dira, lubakietara bideratuta.
Horrez gain, instalazioetan industria-uretarako sare bat egonen da, prozesuetan laguntzeko. Sare hori transferentziagunetik etorriko da. Halaber, barneko eta kanpoko argiztapena duen instalazio elektrikoa egonen da, eta jardueraren funtzionamendurako eta segurtasunerako beharrezkoak diren bestelako zuzkidurak. Zuzkidura horien artean aipatu beharrekoa da transferentziaguneko ur araztuak baltsa artifizial batean isuriko direla azkenean. Baltsa hori Tafallako katastroko 19. poligonoko 884 B azpilurzatian kokatutako jarduerarena da –NA-6140 errepidearen ondoan dago, transferentziagunera sartzeko bidearekiko lotunean–.
II. ERANSKINA.–INGURUMEN ARLOKO LABURPENA
Eskaerarekin batera, sustatzaileak ingurumen arloko agiri bat aurkeztu du dokumentazio teknikoarekin, bat etorriz Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean exijitzen denarekin. Ingurumen arloko dokumentu horretan sartuta dago lur-erauzketen eta betelanen ondoriozko ezponda perimetralak landareztatzeko proposamena. Landare pantaila bat proposatu da, karraskak errenkadatan landaturik (Quercus ilex ssp rotundifolia); izan ere, karraska berez da bertako landaretzaren parte. Bi izerdiko 533 ale erabiliko dira. Lerrokadurak sestra-kurben araberakoak izanen dira, desnibeleko 3 m bakoitzeko; hala, lerrokadura bakoitzean, aleen arteko tartea 3 metrokoa izanen da. Tantakako ureztapena eta babesak jarriko dira, eta garantiazko 2 urteetan, mantentze-lanak eginen dira, galdutako aldeak ordeztuko eta txorkoak jorratuko.
Romerales mendilerroko hegoaldeko mendi-hegalean eginen da proposamena. Bertan, ibarbide sistema dago, larre edo soroetan, eta gatz-sakanak osatzen dituzte amaieran, edo idoi endorreikoak elikatzen (Romerales idoia kasu, izen bereko mendilerroan). Tafallako 19. poligonoko 887. lurzatian, batez besteko malda %6koa da.
Horregatik, transferentziaguneaz gain, proiektuaren lurzatiaren iparraldean eta ipar-mendebaldean, Romerales mendilerroko baso lurrak daude (basoberritutako pinudia, Alepo pinuez, karraska bat edo bestez eta erromero masa handiz osatua); mendilerroaren parte bat, baina, 2022ko suteen ondorioz galdu zen. Izan ere, zuhaitz gehienak kiskali ziren, eta ia erabat galdu da zuhaixka-geruza. Hala ere, landarerik ez duten eremuekin mosaiko bat osatuz, belar-formazio trinko samarrak onera ekartzen ari dira.
Lurzatiaren mendebaldeko zatian ibarbide bat dago, eta hor drainatzen dira Romerales mendilerroko lurren –alegia, Romerales idoiaren ondoko lurren– azaleko urak eta azaleko uren azpikoak. Ibarbide hori lurzatiaren hegoaldera zabaltzen da, eta urak modu lausotuan ebakuatzen dira NA-6140 errepidearen arekara, 4,5 kilometro-puntuaren (KP) inguruan. Hor, proiektuaren lurzatiaren ekialdean eta hego-ekialdean, ondoko ibilgu batekin elkartzen da. Tafallako 19. poligonoko 886. lurzatian da hori (larreetarako erabiltzen da lurzatia), eta hori da muga proiektuaren lurzatiaren eta Tafallako 19. poligonoko 885. lurzatiaren artean. Ibilgu horrek jasotzen ditu transferentziaguneko ipar-ekialdeko lurren urak; instalaziora sartzeko errepidetik jaisten dira, eta NA-6140 errepidea zeharkatu ondoren Dongalindo-Candaraiz sakanean ateratzen dira.
Ibarbidearen mendebaldean, hura itxiz, iparraldetik hegoaldera doan mendi-bizkar bat dago (Tafallako 19. poligonoko 888. eta 106. lurzatiak); baso-lurra da, erromerodia, 2022an ere kiskalia.
Iragarkiaren kodea: F2314140
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
