1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
358E/2023 EBAZPENA, urriaren 3koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onartzen baita Orkoiengo udal mugartean papera, kartoia, plastikoa eta paletak errekuperatzeko, ontzi hutsak kudeatzeko eta dokumentuak suntsitzeko dagoen instalazio baten ingurumen baimen bateratuan ezarritako funtzionamendu baldintzen aldaketa. Instalazioaren titularra Bidasoa Eco Gestión SL da.
Egun jardunean dagoen instalazio horrek badu lehendik ingurumen baimen bateratua, zeina eman baitzitzaion Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen hirugarren xedapen iragankorra aplikatuta; izan ere, jarduera hori sarturik dago aipatutako foru lege horren 1. eranskineko 5.1 taldean.
2022ko urriaren 25ean, 2023ko martxoaren 10ean eta 2023ko maiatzaren 5ean, titularrak bere ingurumen baimen integratuan dauden baldintzak aldatzeko eskatu du, zehazki, ingurumen baimen bateratuaren III. eranskinean, instalazioan sortzen diren hondakinen zerrendan, hondakin mota berri batzuk sartzeko.
Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak berrikusi du aurkeztutako eskaera, eta balorazio hau egin:
PROZESUA | EUROPAKO HONDAKINEN ZERRENDA | DESKRIBAPENA | BALORAZIOA |
R120302 Tratamendu mekanikoa (birrintzea, zatikatzea, ebakitzea, trinkotzea, etab.). Plastikoa// Plastikoa berreskuratzea | 020104 | Plastikoen hondakinak (enbalajeak izan ezik) | (*) |
R130107 Hondakinak biltegiratzea, bilketaren esparruan. Beste batzuk// Metalezko ontzi hutsak kudeatzea | 150105 | Ontzi konposatuak: erabili gabeko blisterrak | (*) Bestalde, bidezkoa da prozesuaren deskribapena aldatzea, oro har hondakin ez-arriskutsuak biltegiratzeko prozesu gisa hartuta. |
(*) Ontzat jotzen da hondakin berria sartzea hondakinen kudeaketa-prozesu horretan, ingurumenean eragin berririk sortzen ez duen bitartean. Ez da aldatzen instalazioak hondakinak biltegiratzeko duen ahalmena. Hondakinen biltegiratze berrien ondorioz ez da handituko suteetatik babesteko legediaren arabera egindako balorazioan instalaziorako kalkulatutako arrisku intrintsekoa.
Onartutako aldaketek ez dute eragozten instalazioaren funtzionamendu egokia ingurumenari dagokionez, eta bat datoz ingurumen baimen bateratuan isurketarako ezarritako gehieneko mugarekin eta gainerako eskakizunekin, bai eta teknika erabilgarri onenen aplikazioarekin ere.
Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 28. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, bidezkoa da ingurumen baimen bateratua aldatzea.
Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.
Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiak azaroaren 8an emandako 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
Lehena.–Onartzea Orkoiengo udal mugartean papera, kartoia, plastikoa eta paletak errekuperatzeko, ontzi hutsak kudeatzeko eta dokumentuak suntsitzeko dagoen instalazio baten ingurumen baimen bateratuan ezarritako funtzionamendu baldintzen aldaketa. Horrenbestez, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean adierazitako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Bidasoa Eco Gestión SL da.
Bigarrena.–Suteen aurkako segurtasuna dela eta (abenduaren 3ko 2267/2004 Errege Dekretua), instalazioan biltegiratutako hondakin kopuruak ez du handitu behar ingurumen baimen bateratua emateko espedientearen dokumentazio teknikoan kalkulatutako arrisku intrintsekoaren maila.
Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Laugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute haren kontra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.
Bosgarrena.–Ebazpen hau Bidasoa Eco Gestión SLri eta Orkoiengo Udalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2023ko urriaren 3an.–Klima Aldaketaren Ataleko burua, Javier Vera Janín, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren ordez, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren 291E/2019 Ebazpenean xedatutakoari jarraikiz.
Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.
Iragarkiaren kodea: F2314260