220. ALDIZKARIA - 2023ko Octoberren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

2145/2023 EBAZPENA, 2023ko urriaren 6koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak emana, Nafarroako Unibertsitate Publikoko atal, bulego eta antzeko unitateetako burutzak merezimendu-lehiaketaren bidez betetzeko deialdia onesten duena.

Gobernu Kontseiluaren 2018ko ekainaren 19ko Erabakiak, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazioko eta Zerbitzuetako langileen lanpostuak betetzeko arautegia onesten duenak, xedatzen du Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langileen plantilla organikoak funtzionarioentzat gordetzen dituen eta izendapen librekoak ez diren lanpostu hutsak merezimendu-lehiaketaren bidez beteko direla, eta horien artean daude, beste batzuen artean, unitate organikoen zuzendaritzak edo burutzak.

Aintzat harturik Nafarroako Unibertsitate Publikoko ataletako, bulegoetako eta antzeko unitateetako burutzak betetzearren Nafarroako administrazio publikoetan lanpostuak betetzeko aplikatzekoa den araudian ezarritakoari jarraitu behar zaiola, eta kontuan hartuta Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langileen lanpostuak betetzeko arautegiaren berezitasunak.

Ikusirik Langileria Kudeatzeko Ataleko buruak egin duen proposamen txostena, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak ontzat eman duena.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak errektoretza-taldearen egitura orokorra onetsi eta bere funtzioak zehazteko 2023ko ekainaren 20an eman zuen 1306/2023 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Onestea Nafarroako Unibertsitate Publikoko atal, bulego eta antzeko unitateetako burutzak merezimendu lehiaketaren bidez betetzeko deialdia, baita haren oinarriak eta baremoa ere. Oinarriak eta baremoa I. eta II. eranskinetan daude zehazturik, eta burutzak III.ean.

Bigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Unibertsitatearen intranetean argitara dadila agintzea.

Hirugarrena.–Ebazpen honek administrazio bidea agortzen du, Unibertsitate Sistemari buruzko 2023ko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoaren 38.4 artikuluak xedatzen duenaren arabera, eta zilegi da berraztertzeko errekurtsoa jartzea, errektoreari zuzendua, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegietan, hilabeteko epean lehenbiziko kasuan, eta bi hilabeteko epean bigarrenean, biak ere ebazpena jakinarazi eta biharamunetik kontatzen hasita.

Iruñean, 2023ko urriaren 6an.–Kudeatzailea, Joaquín Romero Roldán.

I. ERANSKINA.–NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO ATAL, BULEGO ETA ANTZEKO UNITATEETAKO BURUTZAK MEREZIMENDU LEHIAKETAREN BIDEZ BETETZEKO DEIALDIAREN OINARRIAK

1.–Xedea.

Deialdiaren xedea da Nafarroako Unibertsitate Publikoko atal, bulego eta antzeko unitateetako burutzak (aurrerantzean burutzak), deialdiko III. eranskinean agertzen direnak, merezimendu lehiaketaren bidez betetzea.

Merezimendu lehiaketaren tramitazioa egin bitartean deialdiko burutzetakoren bat kentzen bada Nafarroako Unibertsitate Publikoko egitura organikoa aldatu delako, kudeatzaileak deialdia baliorik gabe uzteko ebazpena emanen du aipatu burutzari dagokionez.

2.–Arau aplikagarriak.

Merezimendu lehiaketa hau arautzeko, honako hauek hartuko dira kontuan: Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazioko eta Zerbitzuetako Langileen Lanpostuak betetzeko Erregelamendua, Gobernu Kontseiluak 2018ko ekainaren 19an onetsia; 1993ko abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bateginaren hirugarren xedapen gehigarria; Nafarroako Administrazio Publikoetan Langileen Lanpostuak betetzeko Erregelamendua, 1985eko azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsia; deialdi honen oinarriak, eta aplikatzekoak diren gainerako araudi guztiak.

3.–Argitalpenak.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.1.b) artikuluan ezarritakoari jarraikiz, deialdi honek eragiten dituen argitalpenak, Nafarroako Aldizkari Ofizialari dagokiona izan ezik (6.2 oinarrian aipatutakoa), Nafarroako Unibertsitate Publikoaren intranetean azalduko dira (https://portal.unavarra.es), eta ez dira baliozkoak izanen bestelako tokietan agertzen direnak.

4.–Burutzen ezaugarriak.

III. eranskinean zehazten da deialdiko burutza bakoitza zein mailari atxikita dagoen, eta zein betekizun espezifiko dituen.

5.–Izangaiek bete beharrekoak.

Merezimendu lehiaketako burutzak betetzeko prozesuan parte hartzen dutenek baldintza hauek bete behar dituzte eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean eta izendapena egiten denean:

a) Nafarroako Unibertsitate Publikoko funtzionarioa izatea zerbitzu aktiboan, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian.

Halaber, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazioko eta Zerbitzuetako Langileen Lanpostuak betetzeko Gobernu Kontseiluak 2018ko ekainaren 19ko erabaki baten bidez onetsitako Erregelamenduaren hirugarren xedapen iragankorra zer langileri aplikatzen zaien, horiek ere zilegi dute lehiaketan parte hartzea.

b) Bete nahi den burutzarako eskatzen den mailakoa izatea (III. eranskinean daude adieraziak), edo, maila bat baino gehiago onartzen badira, haietako batekoa izatea.

c) III. eranskinean aipatu burutzarako ezarritako baldintza espezifikoak betetzea, beharrezkoa bada.

6.–Eskaerak, epea eta aurkezteko modua.

6.1. Eskaerak.

Lehiaketa honetan parte hartu nahi dutenek modu telematikoan aurkeztu beharko dute eskaera, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez, helbide honetako "Hasi tramitea" botoian:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/instancia-general+?languageId=100001

Izangaiek zein burutzatarako lehiaketan parte hartuko duten jarri behar dute parte hartzeko orrian.

Parte hartzeko orriarekin batera, lehiatzaileek aipatu burutzarako baldintza espezifikoak betetzen dituztela frogatzen duen dokumentazioa aurkeztu behar dute, salbu eta aipatu dokumentazioa jada Nafarroako Unibertsitate Publikoak duenean (hala bada, eskabidean adierazi beharko da hori). Nolanahi ere, Giza Baliabideen Zerbitzuak ez baditu aipatu dokumentuak lortzen, zilegi izanen du horiek eskatzea izangaiei.

6.2. Epea.

Eskabideak aurkezteko epea hamabost egun natural igaro ondoren bukatuko da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

6.3. Eskaeraren aurkezpena.

Merezimendu lehiaketa honetan parte hartu nahi dutenek telematikoki aurkeztu beharko dute eskaera Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez, esteka honetako "Hasi tramitea" sakatuta:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/instancia-general+?languageId=100001

"Erantsi fitxategiak" eremuan, izangaiek 5. oinarrian aipatzen diren betekizunen egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte, aipatu dokumentazioa jada Nafarroako Unibertsitate Publikoak duenean izan ezik; hala bada, eskabidean adierazi beharko da. Nolanahi ere, Giza Baliabideen Zerbitzuak ez baditu aipatu dokumentuak lortzen, zilegi izanen du horiek eskatzea izangaiei.

7.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

7.1. Eskabideak aurkezteko epea igaro eta gero, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak ebazpen bat emanen du deialdi hauetan onartutako eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrendak onesteko.

Behin-behinean baztertu dituzten edo aipatu ez dituzten izangaiek, behin-behineko zerrenda argitaratu eta ondorengo 5 egun naturaleko epean, zilegi dute erreklamazioak aurkeztea, eta, akatsik baldin badago, haiek zuzentzea. Behin betiko bazterturik geldituko dira aipatutako epean zerrendetan ez agertzearen aurka alegatu eta onartuen zerrendan egoteko eskubidea justifikatzen ez duten edo akatsa zuzentzen ez duten izangaiak.

7.2. III. eranskineko burutzetakoren baterako eskaerarik aurkeztuko ez balitz ezarritako epean, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak ebazpena emanen du burutza hori betetzeko lehiaketa hutsik gelditu dela adierazteko.

7.3. Erreklamazioetarako epea iragan eta haiek ebatzi ondoren, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak ebazpena emanen du onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda onesteko.

Hautaprobetako onartuen behin betiko zerrendan egoteak ez du esan nahi, inola ere, Unibertsitateak aitortzen duenik izangaiek deialdiko oinarrietan eskatzen diren baldintzak betetzen dituztela. Aurkeztutako dokumentazioa edo Unibertsitatearen eskura dagoena aztertuta, ikusten bada izangairen batek ez daukala eskatzen diren betekizunetakoren bat, deialdian parte hartzeak dakartzan eskubide guztiak bertan behera geldituko dira.

7.4. Onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean epea ezarriko da izangaiek txosten lana aurkez dezaten.

Txosten lana telematikoki aurkeztu beharko da, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez, helbide honetan "Hasi tramitea" sakatuta:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/instancia-general+?languageId=100001

Lehiatzaileek, "Erantsi fitxategiak" eremuan, txosten lana aurkeztuko dute.

Dena dela, lehiatzaileek alegatutako merezimenduen egiaztagiriak txosten lanaren balorazioa egin eta gero aurkeztuko dira, epaimahai kalifikatzaileak horretarako ezartzen duen epean. Txosten lanari dagokion proba izangai bakar batek gainditzen badu, ez da aurkeztu beharrik izanen.

7.5. Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin, egin beharreko jakinarazpena egin dela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluak xedatzen duenarekin bat etorriz.

8.–Epaimahai kalifikatzaileak.

8.1. Honako hauek osatuko dituzte deialdiko burutza bakoitzaren merezimendu lehiaketak kalifikatu behar dituzten epaimahaiak:

–Epaimahaiburua: NUPeko Kudeatzailetzaren titularra, edo bete nahi den burutzari dagokion unitate organikoaren ardura daukan errektoreordea edo burutza horretako nagusi hierarkiko bat edo haiek eskuordetutako pertsona.

–Ordezko epaimahaiburua: NUPeko Kudeatzailetzaren titularrak eskuordetutako pertsona, edo bete nahi den burutzari dagokion unitate organikoaren ardura daukan errektoreordea edo burutza horretako nagusi hierarkiko bat.

–Epaimahaikidea: Administrazioko eta Zerbitzuetako Langileen Batzordeak izendatua.

–Ordezko epaimahaikidea: Administrazioko eta Zerbitzuetako Langileen Batzordeak izendatutako pertsona.

–Epaimahaikide idazkaria: bete nahi den burutzari dagokion unitate organikoaren ardura daukan zerbitzuko zuzendaria. Zerbitzu bati atxikiak ez dauden burutzen kasuan, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendaria edo hark eskuordetutako pertsona arituko da epaimahaikide idazkari.

–Ordezko epaimahaikide idazkaria: bete nahi den burutzari dagokion unitate organikoaren ardura daukan zerbitzuko zuzendariak eskuordetutako pertsona. Zerbitzu bati atxikita ez dauden burutzen kasuan, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendaria izanen da ordezko epaimahaikide idazkaria.

8.2. Burutza bakoitzerako onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean jasoko dira Epaimahai kalifikatzaileko kideen eta ordezkoen izenak.

8.3. Administrazio prozedura erkidearen arauetan aipaturiko arrazoiren bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta horren berri eman deialdia egin duen organoari. Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, aipatu egoera horietako bat gertatzen denean.

8.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren arauen interpretazioan eta aplikazioan sortzen diren zalantzak.

8.5. Epaimahaiak sei hilabete izanen ditu gehienez ere, eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunetik kontatzen hasita, lehiaketaren atalen balorazioak egiteko eta dagokion proposamena kudeatzaileari bidaltzeko.

8.6. Jakinarazpenak egiteko eta bestelako gorabeheretarako, epaimahaiaren egoitza Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazioko eta Kudeaketako eraikina izanen da.

9.–Elementuen balorazioa.

9.1. Elementu hauek balioetsiko dira, ehun puntuko balio maximoa edukiko duen eta honela banatuta egonen den eskala batean:

a) Administrazio publikoetan emandako zerbitzuak: hogeita hamabost puntu gehienez.

b) Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta beste merezimendu batzuk: hogeita bost puntu gehienez.

c) Lehiaketaren xede den burutzari edo zuzendaritzari buruzko txosten lana: berrogei puntu gehienez.

9.2. Aurreko apartatuetan adierazitako puntuazioari hizkuntzak jakiteari dagokion balorazioa gehituko zaio II. eranskinean ezarritako baremoarekin bat etorriz.

10.–Baloratzeko prozedura.

10.1. Dokumentu honen 7.4 oinarrian adierazitako ebazpenak ezartzen duen epean, izangaiek txosten lan bat aurkeztu beharko dute, honako hauek osatua:

a) Burutzako edo zuzendaritzako eginkizunen analisi bat.

b) Eginkizunak betetzeko beharrezkoak diren betekizunak, baldintzak eta bitartekoak.

c) Deialdiko unitate organikoaren antolaketa tekniko-administratiboa.

Epe hori igarota txosten lana aurkezten ez dutenak lehiaketatik kanpo geldituko dira.

10.2. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren intranetean iragarriko den jendaurreko ekitaldi batean, izangai bakoitzak bere txosten lana ahoz aurkeztu eta defendatu beharko du epaimahaiaren aurrean, eta epaimahaikideek, halaber, zilegi izanen dute aurkezpenari buruz egokitzat jotzen dituzten galderak egitea.

10.3. Izangairen bat txosten lana aurkeztu eta defendatzera agertzen ez bada, lehiaketatik kanpo geldituko da automatikoki.

10.4. Txosten lana baztertzailea izanen da; berrogei puntuko balorazioa jaso ahal izanen da gehienez, eta hogei puntu lortu beharko dira gutxienez.

10.5. Ondoren, eta txosten lanaren proba gainditzen duten izangaien kasuan baino ez, 9. oinarriaren a) eta b) apartatuei dagokienez alegatu dituzten merezimenduak baloratuko ditu epaimahaiak, II. eranskinean ezarritako baremoarekin bat etorriz.

Izangaiek, horretarako, bost egun naturaleko epea izanen dute, txosten lanaren balorazioaren emaitzak argitaratu ondotik, II. eranskinean ageri diren merezimenduen egiaztagiriak aurkezteko. Txosten lanari dagokion proba izangai bakar batek gainditzen badu, ez da aurkeztu beharrik izanen.

Ez da dokumentaziorik aurkeztu beharko baldin eta, ordurako, Nafarroako Unibertsitate Publikoan baldin badago. Eskabidean hala dela adierazi beharko da betiere. Nolanahi ere, Giza Baliabideen Zerbitzuak ez baditu aipatu dokumentuak lortzen, zilegi izanen du horiek eskatzea izangaiei.

Ez da inola ere Administrazio Publikoetan emandako zerbitzuen egiaztagiria aurkeztu beharko baldin eta NUPek aitortu baditu. Orobat, ez da aurkeztu beharko NUPek antolatutako prestakuntza-ekintzetan parte hartu izanaren ziurtagiririk baldin eta Langilearen Atarian jasoak badaude. Dokumentazio hori zuzen-zuzenean sartuko da lehiatzailearen espedientean, eta epaimahaiaren esku egonen da baremazioa egin dezan.

Alegatzen dituzten merezimenduak akreditatzeko dokumentuak telematikoki aurkeztu behar dira Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoaren bitartez, "Hasi tramitea" sakatuta eta "Erantsi fitxategiak" botoia erabilita, helbide honetan:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/instancia-general+?languageId=100001

10.6. Epaimahaiak inola ere ez du onartuko izangaiek alegatu ez duten edo agirien bidez frogatu ez duten merezimendurik, eta ezin izanen du atal bakoitzean adierazitako gehieneko puntuazioa baino handiagorik eman. Epaimahai kalifikatzaileak edozein unetan azalpenak eta datu osagarriak eskatzeko aukera du, izangaiek garaiz eta forman alegatu eta frogaturiko merezimenduen gainean.

10.7. Txosten lanari dagokion proba izangai bakar batek gainditzen badu, ez dira baloratuko lehiaketaren gainerako atalak.

Halaber, atala baino maila txikiagoko unitateetako burutzen kasuan, hautagai bakarra dagoenean eta deialdia baino lehenagoko bi urteetan lanpostuan etenik gabe jardun duenean, lehiaketa pertsona horren alde ebatziko da automatikoki.

11.–Gainditu duten pertsonen zerrenda, izendapena eta lanpostuaz jabetzea.

11.1. Txosten lanaren proba gainditzen duten izangaiek lortutako puntuazioa merezimenduen kalifikazioan lortutakoari gehituko zaio, izangaietako bakoitzaren guztizko puntuazioa lortzeko.

Izangaiek lehiaketan guztira lortzen dituzten puntuetan berdinketarik bada, administrazio publikoen zerbitzuan antzinatasunik handiena dutenen alde joko da. Berdinketak jarraitzen badu, izangai zaharrenaren alde ebatziko da.

11.2. Lehiaketako elementu guztiak baloratu ondoren, epaimahaiak prozesua gainditu duten izangaien zerrenda argitaratuko du, guztira lortutako puntuazioaren arabera ordenatua, eta bost egun naturaleko epea irekiko du interesdunek dagokiena alega dezaten balorazioaren gainean. Pertsona bakar baten txosten lana baloratu bada, proba horretan lortu duen puntuazioa baizik ez da argitaratuko.

11.3. Behin erreklamazioak ebatzi ondoren, edo epea igarota erreklamaziorik aurkeztu ez bada, epaimahai kalifikatzaileak behin betiko puntuazioak argitaratuko ditu, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileari igorriko dio proba gainditu duten izangaien behin betiko zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera ordenatua, espediente osoarekin batera.

11.4. Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak puntuaziorik altuena lortu duen pertsona izendatuko du burutza bakoitzerako.

11.5. Izendapenak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko dira.

11.6. Izendatuak diren lehiatzaileek izendapenaren jakinarazpena egin eta hurrengo hamar egun naturaleko epean jabetu behar dute burutzaz.

Ezarritako epean burutzaz jabetzen ez direnek izendatu dituzten burutzan aritzeko eskubide guztiak galduko dituzte salbu eta behar bezala egiaztatutako ezinbesteko kausa dagoenean. Kasu horietan, onartutakoen zerrendako hurrengo izangaiek hartuko dituzte lanpostuak (zerrenda hori oinarri honen bigarren apartatuan aipatutakoa da).

12.–Datu pertsonalen tratamendua.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak langileen kudeaketaren arloan antolatutako prozesuetan parte hartzeak interesdunen datuak tratatzea ekarriko du berekin. Datu horien tratamenduaren arduraduna Nafarroako Unibertsitate Publikoa da.

Datuen tratamendua aplikatzekoa zaion araudiari jarraikiz eginen da, hots, Datuak Babesteko 2016/679 EB Erregelamendu Orokorrari eta Datu Pertsonalak Babesteko 2018ko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoari jarraikiz. http://www.unavarra.es webgunean argitaratutako Tratamendu Jardueren Erregistroan kontsulta daiteke nola eginen den tratamendu hori, "Giza baliabideak" atalean.

Tratatuko diren datuak batez ere hautaketa-prozesuetako izangaienak eta NUPeko langileenak izanen dira; hauek hain zuzen ere: izena, deiturak, NANa, datu akademikoak eta profesionalak eta, beharrezkoa denean, bankuko datuak eta Gizarte Segurantzakoak, edo ondoren deskribatzen den xedea betetzeko beharrezkoak direnak.

Datuen tratamendua justifikatzen duen xedea hau da: hautaketa-prozedurak, mugikortasunekoak, egoera administratiboak, ziurtagiriak, edo Giza Baliabideen arloan NUPen eskumenekoak diren beste batzuk tramitatzea.

Xede horrek interes publikoa edo botere publikoa legitimatzen du, Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.e) artikuluak ezartzen duen bezala. Hauek dira oinarri juridikoak, langileei buruzko beste arau batzuen artean: Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategina onesten duen 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, 2015eko urriaren 30ekoa, eta Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzura dauden Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, 1993ko abuztuaren 30ekoa.

Datuak tratatzeko jarduerei dagokienez, interesdunek eskubidea dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, mugatzeko, haiei kontra egiteko eta transferitzeko. Horretarako, mezu bat bidali behar dute delegado.protecciondatos@unavarra.es helbidera, Datu Pertsonalak Babesteko Lege Organikoaren 11. artikulutik 18. artikulura bitartekoei jarraikiz. Desadostasunen bat izanez gero, Datuak Babesteko Espainiar Agentziara jo dezakete, https://www.aepd.es/ domeinuaren bidez.

13.–Errekurtsoak.

Epaimahai kalifikatzaileak ematen dituen egintza eta ebazpenen kontra zilegi da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, errektoreari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

Deialdi honen aurka, haren oinarrien aurka eta beroriek aplikatzeko egintzen aurka, epaimahaiak egindakoak ez direnean, zilegi da ondoko errekurtsoetako bat jartzea, arau indardunekin bat etorriz:

a) Aukerako berraztertze-errekurtsoa errektoreari zuzendua, hilabeteko epean, aurkatutako erabakia jakinarazi edo iragarri eta biharamunetik aurrera.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Justizia Auzitegi Gorenaren Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, aurkatutako erabakia jakinarazi edo iragarri eta biharamunetik aurrera.

II. ERANSKINA.–MEREZIMENDUAK BALORATZEKO BAREMOA

a) Administrazio publikoetan emandako zerbitzuak: 35 puntu gehienez.

a.1) Edozein administrazio publikotan emandako zerbitzuak, deialdian eskatzen diren mailako/taldeko eta titulazioko lanpostuetan: 1,50 puntu urte bakoitzeko.

a.2) Edozein administrazio publikotan emandako zerbitzuak, aurrekoetan ez bezalako lanpostuetan: 0,37 puntu urte bakoitzeko.

Oharra a) atalari buruz: urte kopurua osoa ez bada, zerbitzualdiari proportzioan dagokion puntuazioa esleituko zaio.

b) Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta beste merezimendu batzuk: 25 puntu gehienez.

Oharra b) atalari buruz: atal honetan, deialdiko lanpostuarekin zerikusia duten merezimenduak besterik ez da aintzat hartuko.

b.1) Erakundeek zentro publikoentzat eta unibertsitateentzat antolatutako prestakuntza-jardueretan parte hartu izana: 0,10 puntu kreditu akademiko edo horren baliokide bakoitzeko (10 ikastordu); 10 puntu gehienez.

Oharrak b.1. atalari buruz:

1. Baloratu beharreko prestakuntza-jardueretako ikastorduen zatikiak hainbanatuko dira.

2. Ikastorduen kopurua adierazten ez duten ziurtagiriak kreditu batekotzat hartuko dira.

3. Ikasturte bateko iraupena adierazten duten ziurtagiriak 12 kreditukotzat hartuko dira.

4. Puntuazio berarekin balioetsiko da prestakuntza-jardueretan parte hartu izana baldin eta, erakunde antolatzailearen baldintzak bete ez arren, Unibertsitatearen aginduz egin badira edo Unibertsitateak baliozkotu baditu. Horien artean espresuki sartuko dira sindikatuek administrazio publikoen Etengabeko Prestakuntza Akordioen barrenean antolatutakoak.

5. Titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak, nola unibertsitarioak hala unibertsitatez kanpokoak, ez dira atal honetan baloratuko.

b.2) Biltzar edo jardunaldietan txostenak edo komunikazioak aurkeztu izana, beka edo saria jaso duten zientzia edo ikerketa lanak egin izana eta aldizkari espezializatuetan lanak argitaratu izana: 3 puntu gehienez, epaimahaiak balioetsi beharrekoak, betiere kontuan harturik lana edo jarduera bakarka edo taldean egina den eta biltzarrak edo argitalpenak nolako maila duen, hots, lokala, eskualdekoa, nazionala edo nazioartekoa.

b.3) Sektore publikoan prestakuntza saioak antolatzea edo halakoetan irakasle aritzea: 2 puntu gehienez ere, epaimahai kalifikatzaileak balioetsi beharrekoa jardueren iraunaldiaren arabera.

b.4) Deialdian eskatzen ez diren titulazioak eta espezialitate akademikoak: 4 puntu gehienez ere.

b.5) Deialdian eskatzen den titulazioari dagokion doktore gradua edo lizentzia: 2 puntu gehienez ere.

b.6) Bestelako merezimenduak, epaimahaiak baloratu beharrekoak, hala nola sektore pribatuko lanak, bekak edo prestakuntza egonaldiak, edo kontsultako, aholkularitzako, partaidetzako edo ordezkaritzako organoetan parte hartzea: 4 puntu gehienez ere.

c) Puntuazio gehigarria hizkuntzak jakiteagatik.

c.1) Frantsesa, ingelesa edo alemana jakiteagatik, Europar Batasuneko hizkuntza ofizialak baitira, gehienez 5 puntu hizkuntza bakoitzarengatik.

c.2) Euskara jakiteagatik, gehienez ere 6,90 puntu.

Oharrak c) atal osoari buruz:

1. Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren C1 mailaren baliokidea den ezagutza-maila egiaztatzen duen titulu edo ziurtagiri bat duenak gehieneko balorazioa eskuratuko du.

2. Titulazio edo ziurtagiri hori ez badu, gehieneko puntuazioaren 1/5 emanen zaio Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren A1 mailaren baliokidea den titulu edo ziurtagiri bat duenari, 2/5 A2 mailaren baliokidea duenari, 3/5 B1 mailaren baliokidea duenari, eta 4/5 B2 mailaren baliokidea duenari.

III. ERANSKINA.–ATAL, BULEGO ETA ANTZEKO UNITATEETAKO BURUTZEN ZERRENDA, MEREZIMENDU LEHIAKETAREN BIDEZ DEITU DIRENENA

Bulegoko burutza (Aurrekontuak eta Plangintza Ekonomikoa) / Aurrekontuen eta Plangintza Ekonomikoaren Atala / Ekonomia Gaietarako Zerbitzua.

Lanpostu zenbakia: 64.

Baldintza espezifikoak: C/D maila.

Bulegoko arduraduna (Banakako Argitalpenak) / Erosketen atala / Liburutegi Zerbitzua.

Lanpostu zenbakia: 192.

Baldintza espezifikoak: B maila.

Bulegoko burutza (Kirol Praktika Zuzendua) / Kulturako eta Kiroletako Unitatea / Unibertsitate Zabalpenaren Atala / Informazio eta Komunikazio Zerbitzua.

Lanpostu zenbakia: 268.

Baldintza espezifikoak: C maila.

Bulegoko burutza (Irakaskuntza Programatu eta Antolatzeko Unitatea) / Graduondoko Ikasketetarako eta Irakaskuntzaren Antolamendu eta Programaziorako Atala / Irakaskuntza Zerbitzua.

Lanpostu zenbakia: 442.

Baldintza espezifikoak: C maila.

Bulegoko arduraduna (Gizarte Zientziak) / Ikerketa Bildumen Atala / Liburutegi Zerbitzua.

Lanpostu zenbakia: 460.

Baldintza espezifikoak: B maila.

Bulegoko burutza (Proiektuen Jarraipena) / Ikerketa Zerbitzua.

Lanpostu zenbakia: 514.

Baldintza espezifikoak: C/D maila.

Bulegoko burutza / Agirien Kudeaketaren eta Artxibo Nagusiaren Atala / Zerbitzu Juridikoa.

Lanpostu zenbakia: 573.

Baldintza espezifikoak: C/D maila.

Iragarkiaren kodea: F2314768