219. ALDIZKARIA - 2023ko urriaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

288E/2023 EBAZPENA, irailaren 28koa, Turismoko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita energia-efizientziari buruzko aholkularitza jasoko duten erabilera turistikoko eraikin publikoak hautatzeko deialdia, Europar Batasunak (Next Generation EU) finantzatzen duen Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan. DDBN identifikazioa: 718803.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren bidez ezarritako Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa (SEM) «Next Generation EU» programaren osagai nagusia da (programa hori ekonomia bultzatzeko tresna da, Europar Batasunak finantzatua, COVID-19aren pandemiak eragindako krisiari aurre egiteko).

SEMean sartu ahal izateko, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana (aurrerantzean SEEP) onetsi zuen Espainiak, Ministroen Kontseiluak 2021eko apirilaren 27an hartutako Erabakiaren bidez. SEEPek aurreikusten dituen hamar politika bultzatzaileen barruan hogeita hamar ekintza ildo identifikatzen dira. Horietako bat 14. osagaia da, "Turismo sektorearen modernizazio eta lehiakortasun plana", eta barnean hartzen du "Helmugetako jasangarritasun turistikorako planen programa", 1. inbertsioko 2. azpineurri gisa (C14.I1.2).

2021eko abenduaren 21ean, Turismoko Konferentzia Sektorialean erabaki zen zer irizpideren arabera banatuko zen SEEPeko 14. osagaiaren (1. inbertsioa) esparruan toki erakundeek inbertsio-jarduketak finantzatzera bideratutako kreditua eta nola eginen zen ondoriozko banaketa autonomia-erkidegoen artean (2021eko 312. Estatuko Aldizkari Ofiziala, abenduaren 29koa). Erabaki horretan jasota dagoenez, Nafarroari 21.970.000 euroko kreditua esleitu zaio "Nafarroako Foru Komunitateko Helmugetako Jasangarritasun Turistikorako Lurralde Plana 2022-2024" delakoan sartutako esku-hartzeetarako, honela banatuta: 5.492.500 euro "Nafarroako Erribera" HJTPrako, 5.492.500 euro "Iruña SF365" HJTPrako eta 10.985.000 euro "Nafarroa landatarra" HKJrako.

HKJ (helmugen arteko kohesio jarduketa) horren helburuetako bat da turismo establezimenduen energia-efizientzia handitzea, eta, horretarako, establezimendu batzuk hautatuko dira arlo horretako aholkularitza jaso dezaten turismo arloan eskudun den zuzendaritza nagusiak berariaz kontratatutako enpresen aldetik. Aholkularitza hori auditoretzak egin eta energia-efizientziaren ziurtagiriak ematean datza, eta gauzazko laguntzatzat joko da.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusiaren ekainaren 20ko 93E/2022 Ebazpenaren bidez onetsi da Helmugako Jasangarritasun Turistikorako Planeko "Nafarroa landatarra HKJ" kudeaketa plana (0010-4249-2022-000017 espedientea). Era berean, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariaren apirilaren 27ko 69E/2022 Foru Aginduaren bidez onetsi da departamentu honen SEMen kargura finantzatutako proiektuen kudeaketa esparruko iruzurraren aurkako neurrien plana.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Deialdi bat onestea energia-efizientziaren arloko aholkularitza jasoko duten erabilera turistikoko eraikin publikoak hautatzeko, Europar Batasunak (Next Generation EU) finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan.

2. Hautapen hori arautuko duten oinarriak onestea. Ebazpen honen eranskinean ageri dira.

3. 60.000 euroko gastua baimentzea deialdi honen ondoriozko konpromisoei aurre egiteko, 2023ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako "SEM. Toki erakundeei energia-komunitateak diruz laguntzea" izeneko 830000 83000 4609 432100 aurrekontu-partidaren kontura (PEP: E22/000502-03).

Gehieneko 60.000 euroko zenbateko gehigarria finkatzen da. Zenbateko hori dirulaguntzei aplikatzeko, ez da beste deialdi bat egin beharko.

Zenbateko hori eraginkorra izan dadin, kreditu gehigarria baimendu beharko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 a) artikuluan aurreikusitako inguruabarren bat gertatzeagatik. Gastu gehigarria baimentzeak eta argitaratzeak ez du berekin ekarriko eskaerak aurkezteko beste epe bat irekitzea, ezta dirulaguntzak ematearen gainean ebazteko eta hori jakinarazteko gehieneko epearen kontaketa berriz hastea ere.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2023ko irailaren 28an.–Turismoko zuzendari nagusia, Ana Rivas Allo.

ERANSKINA.–ENERGIA-EFIZIENTZIAREN ARLOKO AHOLKULARITZA JASOKO DUTEN ERABILERA TURISTIKOKO ERAIKIN PUBLIKOEN HAUTAKETAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria.–Xedea.

Ebazpenaren azalpen zatian aipatzen den "Nafarroa landatarra" HKJn aurreikusten diren jarduketetako bat, hirugarrena, "Nafarroako turismo sisteman energia-efizientzia sustatzea" da, Foru Komunitatea turismo jasangarriaren arloan erreferente bilaka dadin.

Jarduketa horren helburua da gutxienez 45 turismo establezimenduk jasotzea energia-efizientziaren arloko aholkularitza eta 30 turismo establezimenduk lortzea A eta B energia-ziurtagiria 2024ko abenduaren 31rako.

Horretarako, arautu behar da nola hautatu Nafarroako toki erakundeen titulartasuneko erabilera turistikoko eraikin publikoak, profitatuko direnak energia-efizientziaren arloko aholkularitzaz (auditoretzen eta ziurtagiri energetikoen bidez) turismo arloan eskudun den zuzendaritza nagusiak horretarako kontratatzen dituen enpresen aldetik, zeinak aukeratuko baitira Nafarroako turismo-sektorerako energia-efizientziaren, ingurumen-jasangarritasunaren eta inklusibitatearen arloko aholkularitza estrategikoei buruzko esparru-akordioan hautatutako enpresen artetik, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusiaren urtarrilaren 24ko 8E/2023 Ebazpenaren bidez.

Jarduketa ildo honi esleitutako etiketa klimatikoa 073 da (mugikortasun jasangarrirako eta energia-efizientziarako ekintzak helmuga turistikoetarako). Etiketa horri helburu klimatikoetarako %100eko ekarpena eta ingurumen helburuetarako %40 ekarpena dagozkio, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 Erregelamenduaren VI. eranskinaren arabera (erregelamendu horren bidez ezarri da Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa).

2. oinarria.–Hautatua izateko baldintzak.

1. Hautatu nahi diren erabilera turistikoko eraikin publikoek baldintza espezifiko hauek bete behar dituzte:

a) Nafarroako toki erakunderen bateko titulartasun publikoko eraikinak izatea.

Eraikin horietan eskainitako zerbitzuen kudeaketa publikoa edo pribatua izan daiteke; azken kasu horretan, toki erakundearen eta adjudikaziodunaren arteko kontratuaren bidez.

b) Turistei zerbitzu hauetakoren bat eskaintzea:

1. Ostatua.

2. Jatetxea.

3. Erakusketa-zentroak eta/edo museoak.

4. Bisitarientzako turismo-informazioko guneak eta zerbitzuak.

Ez da onartuko kirol edo kultura arloko udal azpiegitura edo eraikinik, ez eta bertako biztanleei bestelako zerbitzurik eskaintzen dienik ere, aurreko zerrendan berariaz adierazitakoak ez badira.

c) Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatuta egon behar duten turismo-azpiegitura arautuen kasuan, azpiegitura horiek behar bezala erregistratuta egon behar dira, eta kudeaketaren titulartasunaren datuak eguneratuta erregistro horretan, eskaera aurkezten den egunean.

d) Gutxienez 8 hilabetez jendearentzat irekita egotea urte naturalaren barnean.

e) Gutxienez 150 m²-ko azalera izanen du b) ataleko erabileretako batek.

f) Instalazio edo eraikin independente bat izatea edo, eraikin baten parte izanik, instalazio independenteak edukitzea, bide emanen dutenak energia-ebaluazio indibidualizatua egiteko.

c) baldintza betetzen dela egiaztatuko du zerbitzu kudeatzaileak Nafarroako Turismo Erregistroko unitate arduradunarekin, eta gainerakoak, eskaera-orriaren eta eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioaren bidez.

2. Toki erakunde onuradunak Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Legearen 3.1 artikuluan zehaztutakoak dira, eta honako baldintza orokor hauek bete behar dituzte:

a) Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta, kasua bada, ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.

b) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako ezein debekurik ez urratzea.

Baldintza horiek betetzen direla frogatzeko, eskaera-orrian dagoen erantzukizunpeko adierazpena erabiliko da.

3. oinarria.–Energia-efizientziaren arloko aholkularitza.

1. Hautatzen diren turismo establezimenduek aholkularitza tekniko hau jasoko dute, turismo arloan eskudun den zuzendaritza nagusiak horretarako kontratatutako enpresek emanen dutena:

a) Energia-auditoretzak.

Auditoretzak egiteko, otsailaren 12ko 56/2016 Errege Dekretuan ezarritakoa beteko da. Errege dekretu horren bidez transposizioa egiten zaio Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2012ko urriaren 25eko 2012/27/EB Zuzentarauari (energia-efizientziari buruzkoa, energia-auditoretzei, zerbitzu-hornitzaileen eta energia-auditoreen egiaztapenari eta energia-horniduraren efizientziaren sustapenari dagokienez) (2016ko 38. Estatuko Aldizkari Ofiziala, otsailaren 13koa).

b) Energia-efizientziaren ziurtagiriak.

Ziurtagiriak emateari dagokionez, ekainaren 1eko 390/2021 Errege Dekretua beteko da, eraikinen energia-efizientziaren ziurtapenerako oinarrizko prozedura onesten duena (2021eko 131. Estatuko Aldizkari Ofiziala, ekainaren 2koa).

2. Hautatua izateko aurkezten den eskaeran adierazi beharko da mota bakarreko aholkularitza teknikoa eskatzen den edo bi motetakoa eskatzen den.

4. oinarria.–Eskaerak aurkeztea eta eskatutako dokumentazioa.

1. Epea:

Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

2. Modua:

a) Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoko fitxa erabiliz: https://www.navarra.es/eu/web/servicios-empleado/tramites/on/-/line/seleccion-de-edificios-publicos-de-uso-turistico-objeto-de-asesoramiento-en-materia-de-eficiencia-energetica, bertan dagoen eskaera-orria erabiliz.

b) Ordezkaritza-ahalorde askietsia duen pertsonaren sinadura elektronikoa erabiliko da eskaera aurkezteko. Eskaeraren sinadura elektronikoaren bidez, eskaerarekin batera aurkeztutako agirien kopia digitalizatuen jatorrizkoarekiko fideltasuna bermatuko da.

c) Jakinarazpenak eta komunikazioak eskatzaileen helbide elektroniko gaitura (HEG) bidaliko dira.

3. Baldintzak:

a) Eskaera bat aurkeztuko da toki erakundearen titulartasuneko erabilera turistikoko eraikin publiko bakoitzeko.

b) Erabilera turistikoko zenbat eraikin publikoren titulartasuna duen bakoitzak, horrenbeste eskaera aurkezten ahalko du.

c) Aholkularitza teknikoaren bi mota aipatzen dira 3. oinarrian (auditoretza eta ziurtagiria), eta horietako bat bakarrik eskatzen ahalko da edo biak eskatzen ahalko dira.

4. Eskaera-orriarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

a) Eraikinaren memoria deskribatzailea, gutxienez honako hauei buruzko informazio xehatua jasotzen duena:

–Eraikinean turistari eskaintzen zaion zerbitzu mota.

–Argiztatzeko, berotzeko, hozteko eta etxeko ur beroko instalazioen ezaugarriak.

–Gaur egun erabiltzen diren energia-iturriak.

b) Baldin eta erabilera turistikoko instalazioa eraikin baten parte bada, non beste instalazio batzuk baitaude diruz laguntzeko modukoak ez diren beste erabilera batzuetarako, memoriak inguruabar horren berri jasoko du, bai eta kontagailurik edo neurketa-tresnarik dagoen ere, instalazio horren kontsumoen banakako ebaluazio energetikoa egin ahal izateko, eraikinaren gainerako kontsumoetatik aparte.

c) Eraikina enpresa batek kudeatzen badu, harremanetarako datuak eta enpresa identifikatzeko datuak.

d) Eraikina dagoen lurzatiaren zedula.

e) Toki erakundearen idazkaritzaren ziurtagiria, honako hauek egiaztatzen dituena:

–Eraikinaren titulartasuna.

–Urtean gutxienez 8 hilabetez dagoela irekita.

5. Eskaera-orrian jasotako adierazpenak:

a) Erantzukizunpeko adierazpen bat, 2 oinarrian eskatutako betebehar orokorrak betetzeari buruzkoa.

b) Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planeko (SEEP) jarduketak gauzatzeari buruzko adierazpenak, laguntzaren fitxaren I. eranskineko ereduaren arabera.

6. Baimenak:

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileari toki erakundeari emandako energia-efizientziaren ziurtagiriaren edo auditoretzaren kopia bat eskura dezan, "Nafarroa landatarra" HKJn konprometitutako adierazleak betetzen direla justifikatu ahal izateko.

7. Zuzenketak:

Eskaerak betebehar horiek betetzen ez baditu edo osorik ez badago, eskatzaileari eskatuko zaio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

5. oinarria–Hautapen-prozesua.

1. Eskaerak aurkezteko hurrenkeraren arabera hautatuko dira turismo-establezimenduak.

2. Zerbitzu kudeatzaile eskudunak, oinarri hauetan eskatutako betekizunak eta baldintzak betetzen direla egiaztatu ondoren, hautapen-proposamena igorriko dio turismoaren arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiari.

3. Hautapenari buruzko ebazpena gehienez ere 3 hilabeteko epean emanen du aipatu organoak, eskaera aurkezten denetik hasita. Epe horretan eskatzaileari ebazpen espresurik jakinarazi ezean, eskaera ezetsitzat joko da.

Ebazpen horretan adieraziko da erabilera turistikoko zein eraikin publiko hautatu den eta 3. oinarrian ezarritako aholkularitza tekniko motetatik zein jasoko duen.

Hautatzen ez diren eskatzaileei hautatu ez izanaren arrazoia adieraziko zaie.

6. oinarria.–Auditoretza-txostenak eta energia-efizientziaren ziurtagiriak ematea.

Gauzazko laguntzak direnez, hautatutako erabilera turistikoko establezimenduen titularrak diren toki erakundeek ez dute inolako zenbateko ekonomikorik jasoko, eta auditoretza-txostena edo eraginkortasun energetikoaren ziurtagiria lortzea izanen da laguntza.

Txostenak edo/eta ziurtagiriak ebazpen bidez emanen dira. Ebazpenean txosten edo/eta ziurtagiri bakoitzaren amaierako kostua zehaztuko da, zenbateko hori onuradunak jasotako dirulaguntzatzat joko baita.

Organo emaileak auditoretzaren eta ziurtagiriaren kostua ordainduko dio enpresa egileari, eta enpresa hori "ordezko ordaintzailea" izanen da gauzazko laguntzaren hartzaile den turismo establezimenduarentzat.

7. oinarria.–Betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Betebehar hauek izanen dituzte hautatutako erabilera turistikoko eraikinen titularrak diren toki erakundeek:

a) Aholkularitza enpresari bere lana egin ahal izateko eskatzen duen informazio guztia ematea, hark adierazten dituen epeetan.

b) Laguntza kudeatzen duen zerbitzuari jakinaraztea beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatutatik helburu bererako jasotzen den zernahi laguntza, diru-sarrera edo baliabide. Jakin bezain laster egin behar da komunikazio hori.

c) Energia-auditoretza egin bada, proiektua aurkeztea, auditoretzan proposatutako inbertsioekin (inbertsio osoak edo zati bat), Nafarroako Gobernuak 2024an helburu horretarako onesten duen dirulaguntza-deialdiren batean.

Erakundeak, deialdia kudeatzen duen zerbitzuak aldez aurretik errekerimendua egin ondoren, inbertsioak egiteko aurkeztutako dirulaguntzaren eskaeraren kopia aurkeztu beharko du.

d) Erabilera turistikoko eraikin publikoak horretan jarraitzea gutxienez ere 2 urtez etenik gabe, auditoretza edo energia-efizientziaren ziurtagiria emateko ebazpenaren datatik hasita.

e) Eskaerarekin batera aurkeztu diren erantzukizunpeko adierazpenetan hartutako konpromisoak eta deialdi honi aplikatzekoa zaion araudi guztia betetzea.

f) Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoak (SEM) finantzatutako dirulaguntzen onuradunek bete behar dituzten betebeharrak betetzea, laguntzaren fitxaren II. eranskinean jasotzen direnak.

g) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak betetzea.

2. Oinarri hauetan ezarritako betebeharren bat ez betetzeak berekin ekar dezake laguntza itzuli behar izatea, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, ordaindu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da. Zehazki, turismo jarduera aurreko apartatuan adierazitako epean mantentzen ez bada, itzuli beharreko diru kopurua epea betetzeko gelditzen den denborarekiko zuzenki proportzionala izanen da.

8. oinarria.–Bateraezintasuna.

Gauzazko laguntzak energia-efizientziari buruzko aholkularitza teknikoaren kostuaren %100 betetzen du, eta horregatik bateraezina da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko edo pribatu batzuek eta partikularrek, Estatukoak nahiz nazioartekoak izan, gastu beretarako ematen dituzten beste dirulaguntza batzuekin.

9. oinarria.–Finantzaketa bikoitza.

Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzen duen 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 9. artikuluaren arabera, SEMen esparruan emandako laguntza Europar Batasuneko beste programa eta tresna batzuen baitan emandakoari gehituko zaio. Eraberritzeek eta inbertsio proiektuek Europar Batasunaren beste programa eta tresna batzuen laguntza jasotzen ahalko dute, laguntza horrek kostu bera estaltzen ez badu.

10. oinarria.–Iruzur arriskuaren ebaluazioa.

Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariaren apirilaren 27ko 69E/2022 Foru Aginduaren bidez onetsi da iruzurraren aurkako neurrien plana, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren (SEM) kargura finantzatzen diren Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuko proiektuen kudeaketaren esparruan.

Aipatutako planean jasotzen denaren arabera, oinarri arautzaile hauek onesteko espedientean jasoa dago iruzur arriskuaren ebaluazioa (bandera gorrien egiaztapen zerrenda) eta, orobat, "Interes gatazkarik ezaren adierazpena" (IGEA), haren prestaketan eta tramitazioan parte hartu duten pertsona guztiei dagokiena, eta halaber, onuradunak hautatu eta baldintzak betetzearen egiaztapen prozeduran parte hartzen duten guztiei dagokiena. Adierazpen hori eguneratuta mantentzeko konpromisoa hartzen dute, egoera aldatzen bada jatorrizko adierazpenaren aldean, horrek galaraziko baitie prozeduran parte hartzea.

Gainera, laguntza eskatzen dutenek beren IGEA aurkeztuko dute, eskaera-orrian dagoen adierazpenaren barnean.

11. oinarria.–Laguntzen publizitatea.

Laguntzak kudeatzen dituen zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako gauzazko laguntzak Ogasuneko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (https://www.pap.hacienda.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta zenbatekoa.

Deialdi honen emaitzak, halaber, laguntzen fitxan argitaratuko dira.

12. oinarria.–Oinarri arautzaile hauen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iragarkiaren kodea: F2314147