219. ALDIZKARIA - 2023ko urriaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

2121/2023 EBAZPENA, 2023ko urriaren 3koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak emana, deialdi bat onesten duena Nafarroako Unibertsitate Publikoan OLko administrari izateko 22 lanpostu (C maila) oposizioaren sarrera-prozeduraren bidez betetzeko.

Gobernu Kontseiluak 2023ko ekainaren 27an hartutako erabaki baten bidez (Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 144 zk., 2023ko uztailaren 11koa) onetsi zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoko teknikarien eta kudeaketako eta administrazioko eta zerbitzuetako langileen 2023ko lan publikoaren eskaintza, eta han, besteak beste, OLko administrari izateko hogeita bi lanpostu jaso ziren, funtzionarioen araubidekoak (C maila).

Estatuko 2023. urterako Aurrekontu Orokorrei buruzko 2022ko abenduaren 23ko 31/2022 Legean ezarritakoa aplikatuz onetsi zen lan publikoaren eskaintza hori. Izan ere, lege horrek administrazio eta erakunde publikoen lan publikoaren eskaintzak arautzen ditu, eta aditzera ematen du ezen, unibertsitate publikoei dagokienez, langileen birjarpen tasa hauen bidez artikulatuko dela eskaintza:

–Tasa orokor bat, % 120koa, unibertsitate publikoentzat ezarria, lehentasunezko sektoretzat jotzen baitira legearen 20. artikuluaren Bi.3.A) apartatuan ezarritakoaren arabera.

–Tasa espezifiko bat, zeina, aipatutako legearen 20. artikuluaren Bi.4 apartatuan ezarritakoaren arabera, administrazio bakoitzak baimentzen ahalko baitu, salbuespen gisa, enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko neurri urgenteei buruzko 2021eko abenduaren 28ko 20/2021 Legean ezarritako helburua betetzeko, alegia, enplegu publikoan behin-behineko lanpostuak egiturazko lanpostuen ehuneko 8 baino gehiago ez izatea bere arloetako bakoitzean, betiere justifikatua baldin badago eduki beharreko urte anitzeko plangintza-tresnaren arabera.

Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko neurri urgenteei buruzko 2021eko abenduaren 28ko 20/2021 Legearen arabera, 2024ko abenduaren 31rako bete behar dira behin-behinekotasuna murrizteko helburu horiek, eta, beraz, data horretarako gauzatu behar dira aipatutako tasa espezifikoa aplikatzearen ondorioz onetsitako lan publikoaren eskaintzak.

Helburu hori lortzeak beharrezkoa egiten du aipatutako lan publikoaren eskaintzaren ondoriozko hautaketa-prozesuen deialdiak ahalik eta lasterren egitea, eta horrek justifikatu egiten du, 1985eko ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Administrazio Publikoetan Sartzeko Erregelamenduaren 3.3 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, aldi berean argitaratzea haiek eta lanpostuak sarrera-prozeduren bidez bete aurretik ebazpena nahitaezkoa duten lekualdatze-lehiaketak.

Aurreko guztia kontuan izanik, bidezkoa da Nafarroako Unibertsitate Publikoan OLko administrari izateko hogeita bi lanpostu oposizio bidez betetzeko deialdia onestea, baita haren oinarriak ere.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak 2023ko irailaren 26an emandako 2079/2023 Ebazpenaren bidez deitutako lekualdatze-lehiaketa ebatzi ondoren zehaztuko da zein diren lanpostuak eta bakoitzaren zenbakia, baldintzak eta lantokia.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak errektoretza-taldearen egitura orokorra onetsi eta bere funtzioak zehazteko 2023ko ekainaren 20an eman zuen 1306/2023 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Onestea Nafarroako Unibertsitate Publikoan OLko administrari izateko 22 lanpostu (C maila) oposizioaren sarrera-prozeduraren bidez betetzeko deialdia, baita haren oinarriak ere.

Bigarrena.–Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta "Estatuko Aldizkari Ofizialean" argitaratzeko agintzea.

Iruñean, 2023ko urriaren 3an.–Kudeatzailea, Joaquín Romero Roldán.

OL-KO ADMINISTRARI IZATEKO 22 LANPOSTU (B MAILA) OPOSIZIO BIDEZ BETETZEKO DEIALDIA

Hauek dira deialdia arautuko duten

OINARRIAK

1.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen helburua Nafarroako Unibertsitate Publikoan OLko administrari izateko 22 lanpostu (funtzionarioen araubidekoak eta C mailakoak) oposizio bidez betetzea da. Lanpostuak txanda hauetan banatuko dira:

–9 lanpostu txanda librean.

–10 lanpostu igoera-txandan.

–3 lanpostu %33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten pertsonentzako erreserba-txandan.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzailearen beste ebazpen baten bidez zehaztuko da zein diren lanpostuak eta bakoitzaren zenbakia, baldintzak eta lantokia, betiere Gobernu Kontseiluak 2018ko ekainaren 19an hartutako erabakiaren bidez onetsitako Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazioko eta Zerbitzuetako Langileen Lanpostuak betetzeko Arautegiaren 9.2 artikuluan ezarritakoaren arabera xede horrekin deitzen den lekualdatze-lehiaketa ebatzi ondoren.

1.3. Izangaiek hautaprobak gainditzeko eskatutako gutxieneko puntuazioa lortu ez dutelako hutsik gelditzen diren igoera-txandako lanpostu hutsak txanda librera pasatuko dira.

Era berean, baldin eta desgaitasunen bat dutenentzako erreserba-txandako lanpostu hutsak bete gabe gelditzen badira izangaiek ez dutelako lortu hautaprobak gainditzeko eskatutako gutxieneko puntuazioa, dagokien txandakoei gehituko zaizkie, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren 15.4 artikuluan ezarritako banaketa-ordenari jarraikiz.

Bestalde, igoera-txandan edo desgaitasunen bat dutenentzako erreserba-txandan dauden lanpostu hutsak baino izangai gehiagok gainditzen badute, txanda horiek gainditu baina lanposturik gabe gelditzen direnek aukera izanen dute txanda irekiko lanpostu hutsak betetzeko, txanda horretako izangaiekin lehian, lortutako azken puntuazioaren arabera.

Era berean, deialdi honen 10.2 oinarrian aipatzen diren agiriak aurkezteko epea amaitzen den unean 2.1.2 oinarrian eskatzen diren baldintza bereziak betetzen ez dituzten igoera-txandako izangaiak ere txanda libreko lanpostu hutsetara aurkezten ahalko dira, aurreko paragrafoan adierazitako moduan.

1.4. Halaber, deialdi honen xedea hautaketa-prozeduran lanposturik lortzen ez dutenekin aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda bat osatzea da, deialdi honen 12. oinarrian xedatutakoarekin bat.

1.5. 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.1.b) artikuluan ezarritakoaren arabera –Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa–, hautaketa-prozesu honek eragiten dituen argitalpenak, Nafarroako Aldizkari Ofizialari eta Estatuko Aldizkari Ofizialari dagozkionak izan ezik (deialdien oinarriek berariaz aipatutakoak), Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-ohol elektronikoko esteka honetan azalduko dira, deialdi honi dagokion aipamenean, eta ez dira baliozkoak izanen bestelako tokietan agertzen direnak:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/iragarki-ohol-elektronikoa/enplegu-publikoa/azl-en-deialdiak?opcion=3

2.–Baldintzak.

2.1. Oposizioan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte:

2.1.1. Izangai guztiek bete beharrekoak:

a) Espainiako nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europako Erkidegoak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estaturen batekoa.

Halaber, Espainiako, Europar Batasuneko estatuetako eta aipatu nazioarteko tratatuak aplikatzen diren eremuko estatuetako nazionalitatea dutenen ezkontideek har dezakete parte, betiere zuzenbidearen arabera bananduak ez badaude; herritartasuna duenaren ondorengoek eta haren ezkontidearen ondorengoek ere parte hartzeko aukera dute, zuzenbidearen arabera bananduak ez badaude, baldin eta 21 urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanda ere, gurasoen kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteta edukitzea, eta nahitaezko erretirorako gehieneko adina beteta ez edukitzea.

c) Batxilergoko titulua, bigarren mailako lanbide-heziketako titulua edo haien baliokidetzat jotakoren bat edukitzea, edo, bestela, titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren frogagiria, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Atzerrian lortutako titulazioen kasuan, baliokidetasun-ziurtagiria edo, bestela, homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.

d) Dagozkien eginkizunak betetzeko gaitasun fisikoak eta psikikoak edukitzea.

e) Eginkizun publikoetarako desgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publiko baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

f) Deialdi honetan parte hartzeko ezarritako tasa ordainduta izatea edo ordaintzetik salbuetsita dagoela frogatzea.

2.1.2. Igoera-txandako izangaientzako baldintza espezifikoak:

Igoera-txandako izangaiek, aurreko apartatuan adierazitako baldintzez gain, honako hauek ere bete beharko dituzte:

a) Nafarroako Unibertsitate Publikoko funtzionarioa izatea eta lanpostuz igotzeko erabili nahi den jatorrizko lanpostuan borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea, salbu eta borondatezko eszedentzian dagoen izangaia deialdia egin duen administrazio bereko beste lanpostu finko edo aldi baterako lanpostu batean ari bada lanean.

b) Deialdiko lanpostu hutsen maila berekoa edo beheragokoa izatea.

c) Administrazio publikoetan bost urteko antzinatasun onartua izatea.

d) Titulazioaren baldintza bete ordez, administrazio publikoetan zortzi urteko antzinatasun aitortua duela egiaztatzen ahalko du izangaiak.

2.1.3. Desgaitasunen bat dutenentzako erreserba-txandako izangaiek bete beharreko baldintza bereziak:

Desgaitasunen bat duten pertsonentzako erreserba-txandako izangaiek, 2.1.1 apartatuan adierazitako baldintzez gain, %33ko edo hortik gorako desgaitasun bat izan behar dute ofizialki aitortua.

2.1.4. Hizkuntza-eskakizuna duen lanpostu bat lortu nahi izanez gero, izangaiak hizkuntza-maila egiaztatzen duten titulu edo ziurtagirietako bat eduki beharko du, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren araberakoa eta Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen 2010eko irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenean zerrendatutakoetakoa, edo ofizialki aitortutako titulazio baliokidea.

2.2. Baldintza horiek eskabideak aurkezteko epea bukatzen den unean bete beharko dira, lanpostuaz jabetu arte.

2.3. Baldintza horiek deialdi honen oinarrietan zehazten den unean egiaztatu beharko dituzte izangaiek.

3.–Eskaerak eta dokumentazioa.

3.1. Eskaerak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea hogeita hamar egun natural igaro ondoren bukatuko da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita. "Estatuko Aldizkari Ofizialean" ere argitaratuko da deialdia. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

3.2. Eskaeraren aurkezpena eta formalizazioa.

Hautaketa-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek modu telematikoan aurkeztu eta formalizatu beharko dute eskaera, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez, helbide honetako "Hasi tramitea" botoian:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/azl-oposizioa?languageId=100001

3.3. Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentuak.

Online eskabidea aurkeztean, izangaiek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, eskaneatuta, dagokienaren arabera:

a) Parte hartzeko eskubidearen tasa ordaindu izanaren egiaztagiria, edo 4.2 oinarrian aipatzen den ordainketaren salbuespenaren egiaztagiria.

b) Desgaitasunen bat aitortua duten pertsonen kasuan, IMSERSOk edo autonomia-erkidegoko erakunde eskudunak emandako ziurtagiria, edo Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpen bat, zeinak prestazioa jasotzeko eskubidea aitortzen baitu ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia izateagatik.

4.–Tasa.

4.1. Hautaketa-prozesua egiteko behar diren zerbitzuak emateagatik ordaindu beharreko tasa 26 eurokoa izanen da.

Zenbateko hori Nafarroako Rural Kutxako ES16 3008 0001 18 0700190523 kontu korrontean sartuko da, eskudirutan zein transferentzia bidez, eta, frogagirian, izangaiaren izena eta "NUPeko oposizioa: OLko administraria" identifikazioa agertuko dira.

4.2. Tasak ordaintzetik salbuetsita egonen dira:

a) %33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua dutenak.

Aurreko paragrafoan desgaitasun aitortuari buruz ezarritako salbuespena IMSERSOk edo autonomia-erkidegoko erakunde eskudunak emandako ziurtagiriaren bidez egiaztatuko da, edo Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpen baten bidez, zeinak prestazioa jasotzeko eskubidea aitortzen baitu ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia izateagatik.

b) Deialdia argitaratu baino lehenago hilabete bat gutxienez egon direnak enplegu-eskatzaile gisara izena emanda.

Aurreko paragrafoan langabeziari buruz ezarritako salbuespena behar den enplegu bulegoak emandako ziurtagiriaren bidez egiaztatuko da, eta interesduna langabe gisara noiz inskribatu zen adierazi beharko da agiri horretan.

4.3. Salbuespenaren arrazoia egiaztatzen ez bada, eskaerak aurkezteko ezarritako epearen barnean tasa ez ordaintzeak izangaia baztertzea ekarriko du, eta hau konpondu ezin daitekeen baldintza da.

4.4. Azterketa-eskubidearen tasa ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko hautaketa-prozesuan parte hartzeko eskaera garaiz eta forman aurkeztu beharra.

5.–Izangaien onarpena.

5.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta gero, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak ebazpen bat emanen du izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrendak onesteko, azken horiek baztertzeko zergatiak azalduta, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

5.2. Eskaera edo 3.3 oinarrian aipatzen diren dokumentuak ez aurkezteagatik eta behar bezala ez formalizatzeagatik behin-behinean baztertzea galarazi gabe, ezin zuzendu daitezkeen baztertzeko arrazoiak hauek izanen dira: eskaera epez kanpo aurkeztea, deialdian eskatutako baldintzak ezarritako epean ez betetzea eta tasa epe barruan ez ordaintzea.

5.3. Zerrendan azaldu ez diren izangaiek eta behin-behinean baztertutakoek zilegi dute erreklamazioa egitea eta, akatsen bat badago, akatsak zuzentzea, behin-behineko zerrendak argitaratu eta hurrengo hamar egun balioduneko epean.

Erreklamazioak telematikoki aurkeztu beharko dira, eskabide orokor baten bitartez eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez, helbide honetan, "Hasi tramitea" botoia sakatuz:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/instancia-general+?languageId=100001

Aipatutako epean zerrendetan ez agertzearen aurka alegatu eta onartuen zerrendan egoteko eskubidea justifikatzen ez duten edo akatsa zuzentzen ez duten izangaiak behin betiko bazterturik geldituko dira lehiaketatik.

5.4. Erreklamazioetarako epea iragan eta haiek ebatzi ondoren, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak ebazpena emanen du izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrendak onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko du.

5.5. Onartuen behin betiko zerrendan egoteak ez du esan nahi, inola ere, Unibertsitateak aitortzen duenik izangaiek deialdiko oinarrietan eskatzen diren baldintzak betetzen dituztela. Aurkeztutako dokumentazioa edo Unibertsitatearen eskura dagoena aztertuta, ikusten bada izangairen batek baldintzaren bat ez duela betetzen, bertan behera geldituko dira deialdian parte hartzeak dakarzkion eskubide guztiak, alde batera utzi gabe faltsutasunagatik eragindako erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

5.6. Egozten ahal zaizkien arrazoiengatik izangaiak baztertzen direnean, ez da tasa itzuliko.

5.7. Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin, egin beharreko jakinarazpena egin dela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluak xedatzen duenarekin bat etorriz.

6.–Epaimahai kalifikatzailea.

6.1. Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 2015eko urriaren 1eko 40/2015 Legean kide anitzeko organoei buruz xedatutakoak arautuko du epaimahai kalifikatzailea, eta, subsidiarioki, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Kide Anitzeko Organoen Funtzionamendurako Erregelamendu Orokorra onesten duen 2018ko apirilaren 24ko Gobernu Kontseiluaren Erabakiak.

6.2. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuetako 111. artikuluan xedatutakoarekin bat, honako hauek osatuko dute epaimahai kalifikatzailea:

–Epaimahaiburua: errektorea edo hark eskuordetutako pertsona.

Ordezko epaimahaiburua: errektoreak izendatutako pertsona.

–Epaimahaikidea: Kudeatzailea edo hark eskuordetutako pertsona.

Ordezko epaimahaikidea: kudeatzaileak izendatutako pertsona.

–Epaimahaikidea: Nafarroako Foru Komunitateko beste administrazio publiko batzuetako edo Estatuko beste unibertsitate publiko batzuetako kide bat.

Ordezko epaimahaikidea: Nafarroako Foru Komunitateko beste administrazio publiko batzuetako edo Estatuko beste unibertsitate publiko batzuetako kide bat.

–Epaimahaikidea: Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langile bat, maila bereko funtzionarioen artetik zozketaz izendatua.

Ordezko epaimahaikidea: Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langile bat, maila bereko funtzionarioen artetik zozketaz izendatua.

–Epaimahaikide idazkaria: Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langile bat, Administrazioko eta Zerbitzuetako Langileen Batzordeak izendatua.

Ordezko epaimahaikide idazkaria: Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langile bat, Administrazioko eta Zerbitzuetako Langileen Batzordeak izendatua.

Onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean jasoko dira epaimahai kalifikatzaileko kideen izenak.

6.3. Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da.

Epaimahai kalifikatzailearen eraketak eta jardunak balio izan dezaten, gutxienez kide guztien gehiengo osoa beharko da.

Epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta epaimahaikide idazkariak edo haien ordezkoek egon behar dute bertan.

Epaimahai kalifikatzailea eratu ondoren, epaimahaiburua edo idazkaria gaixorik badago edo arrazoi justifikatu batengatik aldi baterako kanpoan badago, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru-sektore publiko instituzionalari buruzko 2019ko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 21.2 eta 22.2 artikuluetan ezarritakoa aplikatuko da.

6.4. Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko 2015eko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluak ezartzen duen arrazoiren bat gertatzen denean, epaimahai kalifikatzaileko kideek uko egin beharko diote parte hartzeari, eta horren berri eman deialdia egin duen organoari. Halaber, lege horren 24. artikuluak ezartzen duenaren arabera, izangaiek zilegi dute epaimahai kalifikatzaileko kideak errekusatzea aipatutako egoera horietakoren bat gertatzen denean.

Abstentzioa edota errekusazioa dela-eta epaimahaiaren osaeran gertatzen den edozein aldaketa Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoan argitaratuko da.

6.5. Hautaprobak aurrera egin ahala, epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdi honen oinarriak interpretatzetik eta aplikatzetik sortzen diren zalantzak, baita deialdian kontuan hartzen ez diren arazoak konpontzeko behar diren neurriak hartu ere.

6.6. Epaimahai kalifikatzaileak aukera izanen du proba guztietarako edo batzuetarako aholkulari adituak edukitzeko. Aholkulariek beren espezialitate teknikoetan baino ez dute lagunduko.

6.7. Jakinarazpenak egiteko eta bestelako gorabeheretarako, epaimahaiaren egoitza Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazioko eta Kudeaketako eraikina izanen da.

7.–Oposizioaren garapena.

7.1. Oposizio-fasea 2024ko otsailetik aurrera hasiko da.

Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrendak onesten dituen ebazpenean zehaztuko da non, noiz eta zer ordutan eginen den oposizioaren lehenbiziko proba.

Hurrengo probak hasi baino 48 ordu lehenago beranduenez argitaratuko du epaimahaiak horien deialdia, eta proba egitera deituak dauden izangaien zerrenda eta oposizioaren proba non, noiz eta zer ordutan eginen den adieraziko du.

Hautaproba bakoitzerako deialdia dei bakar baten bidez eginen da, eta epaimahaiak adierazitako tokian eta egunean egon beharko dira izangaiak, jardunak hasteko ezarritako orduan. Deialdi horretara agertzen ez direnak oposiziotik kanpo geldituko dira, probak ondoz ondoko ataletan banatzen badira ere. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiaren iritziz identifikaziorako balio duen beste agiriren bat eraman beharko dute aldean. Nortasuna esandako moduan egiaztatzen ez dutenak oposiziotik kanpo geldituko dira.

7.2. Probak.

7.2.1. Oposizioaren probak oinarri honetan adierazten direnak izanen dira, eta I. eranskineko gai-zerrendako gaietan oinarrituko dira.

Gaiei buruz eskatuko den edukia bat etorriko da deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarrean diren legeekin.

7.2.2. Desgaitasun aitortua izanik eskabidean hala eskatu duten izangaientzat, ariketak egiteko zehaztutako denboran eta baliabideetan izan litezkeen egokitzapenak ezarriko dira hautaprobak gauzatzeko.

7.2.3. Proben banaketa.

Proba hauek izanen ditu oposizioak:

7.2.3.1. Lehenbiziko proba:

Lehenbiziko probak bi ariketa izanen ditu, eta bata bestearen atzetik eginen dira:

Lehenbiziko ariketa. Mintzamenerako, zenbakietarako, ortografiarako eta pertzepziorako gaitasunei buruz, test motako galderak erantzun beharko dira idatziz. Galdera bakoitzak zenbait erantzun-aukera izanen ditu, eta horietako bat bakarra izanen da baliozkoa.

Bigarren ariketa. Deialdiaren I. eranskineko gai zerrendaren I. parteko gaiei buruz, test motako galdera batzuei erantzun beharko zaie idatziz. Galdera bakoitzak zenbait erantzun-aukera izanen ditu, eta horietako bat bakarra izanen da baliozkoa.

Bi ariketetan, akatsak formula honen arabera zigortuko dira:

Nota = Erantzun zuzenak –

Akatsak

k-1

Non:

k = aukera kopurua galdera bakoitzerako.

Epaimahai kalifikatzaileak ezarriko du, proba hasi baino lehen, bi ariketa horietako bakoitza egiteko zenbat denbora izanen den gehienez.

7.2.3.2. Bigarren proba:

Praktikoa izanen da, eta epaimahai kalifikatzaileak proposatutako kasu bat edo batzuk ebatzi beharko dira, ordenagailuz. Horretarako, I. eranskineko gai zerrendaren II. partean (Informatika) ageri diren aplikazioak eta sistema eragilea erabiliko dira. Bigarren proba egiteko, beharrezko baliabide teknikoak emanen zaizkie izangaiei.

Proba egiteko beharrezkotzat jotzen duen laguntza teknikoa eskatzen ahalko du epaimahai kalifikatzaileak.

Epaimahai kalifikatzaileak ezarriko du, proba hasi baino lehen, ariketak egiteko zenbat denbora izanen den gehienez.

Proba plika sistemaren bidez eginen da.

7.2.4. Oposizioko proben eta ariketen balorazioa.

Oposizioko proben balorazioan 100 puntu lortzen ahalko dira gehienez, honela banatuak:

7.2.4.1. Lehenbiziko proba (60 puntu gehienez):

Lehenbiziko ariketa: 0tik 30era kalifikatuko da.

Bigarren ariketa: 0tik 30era kalifikatuko da.

Bi ariketak baztertzaileak izanen dira, eta, beraz, bi ariketetako batean gehieneko puntuazioaren erdia gutxienez lortzen ez duten izangaiek ezin izanen dute bigarren proba egin.

Aurreko paragrafoan ezarritakoa alde batera utzirik, txanda libreari dagokionez, bigarren proba 250 izangaik egiten ahalko dute gehienez, eta, beraz, eskatutako gutxieneko puntuazioa dutenen kopurua hori baino handiagoa bada txanda horretan, kalifikaziorik hoberenak lortu dituztenak igaroko dira. 250. postuan kalifikazio bereko izangai bat baino gehiago badago, posizio horretan berdinduta dauden pertsona guztiak igaroko dira. Gainerako izangaiak oposizioaren hautaketa-prozesutik kanpo geldituko dira.

7.2.4.2. Bigarren proba (40 puntu gehienez):

0tik 40ra kalifikatuko da.

Proba baztertzailea izanen da, eta ariketan gehieneko puntuazioaren erdia gutxienez lortzen ez duten izangaiak bazterturik geldituko dira.

7.3. Proba bakoitzaren kalifikazioa amaiturik, epaimahaiak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-ohol elektronikoan argitaratuko ditu izangaiek lortutako puntuazioak, eta bost egun balioduneko epea irekiko du interesdunek eskubidez dagokiena modu telematikoan alegatu dezaten.

7.4. Hautaketa-prozesuko edozein unetan, epaimahaiak izangairen batek deialdi honetan eskatzen diren baldintza guztiak betetzen ez dituela jakinez gero, interesdunari entzun ondoren, hura kanporatzeko proposamena egin beharko dio Unibertsitateko kudeatzaileari, eta, era berean, izangaiak probetan sartzeko eskabidean egindako zehaztasun falta edo gezurren berri eman beharko dio, behar diren ondorioak izan ditzan.

8.–Azken puntuazioa.

8.1. Azken kalifikazioa probetako puntuazioen batura izanen da.

8.2. Berdinketa oro bigarren proban puntuaziorik handiena lortzen duenaren alde ebatziko da, eta, berdinketak jarraitzen badu, lehenbiziko probako bigarren ariketan eta lehenbiziko probako lehenbiziko ariketan lortutako puntuazioak hartuko dira kontuan, hurrenez hurren.

Berdinketak bere horretan badirau, zozketa bakar baten bidez ebatziko da, horretarako eginen den ekitaldi publiko batean. Zozketaren emaitzak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-ohol elektronikoan argitaratuko dira.

8.3. Azken proba bukatutakoan, epaimahai kalifikatzaileak probak gainditu dituztenen zerrenda argitaratuko du bakoitzak lortutako kalifikazioekin, txandaren eta lortutako puntuazioaren arabera banaturik. Zerrenda hori Nafarroako Unibertsitate Publikoko Giza Baliabideen Zerbitzuari emanen zaio ezagutzera, baldintzak egiaztatzeko eta lanpostu hutsak hautatzeko tramiteak egin ditzan.

9.–Baldintzen egiaztapena eta lanpostu hutsak aukeratzeko ekitaldia.

9.1. 10 egun balioduneko epea irekiko da, horretarako ezartzen den bidea erabiliz, honako baldintza hauek betetzen direla egiaztatzen duen dokumentazioa aurkezteko:

a) 2.1.1.c) oinarrian eskatzen den tituluaren jatorrizko dokumentua edo haren kopia erkatua edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina edo haren kopia erkatua.

b) Hizkuntza-eskakizuna duten lanpostuak lortu nahi dituzten pertsonek Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen 2010eko irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenean zerrendatutako eta Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuaren arabera eskatutako maila egiaztatzen duten titulu edo ziurtagirien jatorrizkoak edo kopia erkatuak aurkeztu beharko dituzte, edo, bestela, ofizialki aitortutako titulazio baliokideak, deialdi honen 2.1.4 apartatuan xedatutakoaren arabera.

9.2. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Giza Baliabideen Zerbitzuak, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-ohol elektronikoaren bidez, lanpostu hutsak hautatzeko ekitaldirako deialdia eginen du. Horretarako, honako hauek argitaratuko ditu: hautatu beharreko lanpostu hutsen zerrenda, hautaketara deitutako izangaien zerrenda –lanpostu hutsen kopuruaren araberakoa, lanpostu huts horiek hautatzeko duten lehentasunari jarraikiz eta puntuazioaren arabera ordenatua–, eta lanpostu hutsak hautatzeko ematen den hamar egun balioduneko epea.

9.3. Zerrenda horretan daudenek aditzera eman beharko dute, horretarako ezarritako epean, zein den deialdi honen xede diren lanpostu hutsak betetzeko duten lehentasun-ordena. Epe horretan, behar bezala justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, hautaketarik egiten ez duten izangaiek deialdi honen xede den lanpostuan aritzeko eskubide guztiak galduko dituzte. Kasu horretan, deialdi honen 10.6 oinarrian ezarritakoari jarraituko zaio.

9.4. %33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua duten izangaiek lanpostu hutsak hautatzeko lehentasuna izanen dute gainerako izangaien aurretik, betiere haientzako behar adina lanpostu baldin badaude.

Aurrekoa gorabehera, halako desgaitasun-maila duen izangairik badago eta desgaitasun horrek eragina badu lanpostu hutsetan jarduteko baldintzetan, bere desgaitasunerako egokienak direnak eskainiko zaizkio hautaketa egin aurretik, balorazio- eta orientazio-talde eskudunak horri buruz egiten duen txostena ikusita.

Bestalde, hautaprobak igoera-txandan gainditzen dituzten izangaiek lehentasuna izanen dute, txanda irekiko izangaien aldean, deialdiaren xede diren lanpostu hutsak aukeratzeko, desgaitasunen bat dutenen txandako izangaien salbuespena kontuan hartuta.

10.–Izendatzeko proposamena eta dokumentuen aurkezpena.

10.1. Hautapen-ekitaldia bukaturik, epaimahaiak proposamen bat igorriko dio kudeatzaileari gainditu duten izangaien artetik deialdiko lanpostu kopurua betetzeko puntuaziorik altuena lortu dutenak izendatu ditzan. Proposamen hori Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-ohol elektronikoan argitaratuko da.

10.2. Izendatzeko proposamena argitaratu eta biharamunetik hogeita hamar egun naturaleko epean, proposatutako izangaiek honako agiri hauek aurkeztuko dituzte:

a) Izangaiaren Nortasun Agiri Nazionalaren edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna ziurtatzeko agiri baliokide baten kopia erkatua.

b) Lanpostuari dagozkion eginkizunak betetzea galarazten dion gaixotasunik edo akats fisiko edo psikikorik ez duela egiaztatzen duen txosten medikoa.

c) Eginkizun publikoetarako desgaitua edo gabetua ez dagoela eta administrazio publiko baten zerbitzutik ez dela bereizia izan egiaztatzen duen erantzukizunpeko aitorpena. Espainiakoa ez beste nazionalitate bat dutenen kasuan, beren estatuetan diziplina-zehapen edo zigor-kondena baten bidez funtzio publikoetan aritzeko gabetuta ez egotearen erantzukizunpeko aitorpena aurkeztu beharko dute.

d) Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duelako, Konstituzioari eta legeei men eginen dielako eta karguari dagozkion betebeharrak zintzo beteko dituelako zina edo promesa.

10.3. Proposatutako izangairen batek desgaitasunen bat alegatzen badu, balorazio eta orientazio talde eskudunek ofizioz erabakiko dute desgaitasun hori deialdiko lanpostuarekin bateragarria ote den, eta espedientean adieraziko da.

10.4. Behar bezala justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, epe horretan norbaitek agiri horiek aurkezten ez baditu, edo deialdiaren 2. oinarrian eskatutako baldintzaren bat betetzen duela egiaztatzen ez badu, edo, dokumentazioa aztertu eta gero, ondorioztatzen bada norbaitek ez duela betetzen eskatutako baldintzaren bat, pertsona hori ezin izanen da izendatu, eta bere jarduketa guztiak baliogabetuko dira, alde batera utzi gabe eskaeraren faltsutasunagatik eragindako erantzukizuna.

10.5. Aurreko apartatuan ezarritako kasuan, 8. oinarrian aipatzen den gainditu dutenen zerrendan ondo-ondotik heldu den eta baldintzak betetzen dituen izangaiak beteko du hutsunea, eta aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera erabiliko da harekin ere.

10.6. Giza Baliabideen Zerbitzuak bere eskumenak baliatzeko eskatzen duen beste edozein agiri, ez bada deialdiaren xede den lanposturako betekizun eta baldintzen egiaztapena, proposatutako izangaiari eskatuko zaio, eta hark deialdi honen 10.2 apartatuan ezarritako moduan aurkeztu beharko du.

11.–Funtzionarioen izendapena, lanpostu hutsen esleipena eta lanpostuaz jabetzea.

11.1. Aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiak Nafarroako Unibertsitate Publikoko funtzionario izendatuko ditu Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak, OLko administrari izateko lanpostuan aritu daitezen, eta lanpostu hutsak ebazpen bidez esleituko dizkie.

11.2. Izendatzeak eta lanpostuaz jabetzeak nominako eta plantillako funtzionario bihurtuko ditu izendatutako pertsonak, Nafarroako Unibertsitate Publikoko funtzionarioen arloan indarrean dauden xedapenek adierazten dituzten eskubide eta betebehar guztiekin, eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatuko dira eta bertan alta emanen zaie, araubide horretan ezarritako babesarekin.

11.3. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta izendapenaren ebazpenean finkatutako egunean hartu beharko dute izendatuek lanpostuaren jabetza.

Epe horretan, ezinbesteko kasuetan salbu, norbaitek lanpostuaren jabetza hartzen ez badu, Nafarroako Unibertsitate Publikoko funtzionario izateko eskubide guztiak galduko ditu. Kasu horretan, 10.5 oinarrian ezarritakoari jarraituko zaio.

11.4. Izangairen bat funtzionario bihurtzen bada eta, lanpostuko eginkizunak bete gabe, berak eskatuta, lanpostuaz jabetzen den egunetik bertatik eragina izanen duen borondatezko eszedentzian deklaratzen badute une horretan beste administrazio publikoren batean ari delako lanean, orduan ere lanpostu hutsa bete eginen da, 10.5 oinarrian xedatutakoaren arabera.

11.5. Aurreko bi apartatuetan ezarritako kasuetan, ez da aldatuko izendapenaren aurretik egindako lanpostu hutsen hautaketa, eta egoera horien ondoriozko lanpostuak zuzenean esleituko zaizkie funtzionario berriei.

12.–Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak.

12.1.–Gobernu Kontseiluak 2014ko azaroaren 25ean Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langileen administrazio-araubidearen araberako kontratazioa arautzeko emandako erabakian ezarritakoarekin bat, kontrataziorako izangaien zerrenda hauek osatuko dira hautaketa-prozesuan parte hartu baina lanposturik lortu ez duten izangaiekin:

1) Prozesua gainditu baina lanposturik lortu ez dutenen zerrenda.

2) Gainditu ez eta lanposturik lortu ez dutenen baina gutxienez hautaketa-prozesuko probetako bat gainditu duten izangaien zerrenda.

Izangaiek zerrendetan izanen duten ordena zehazteko, kontuan hartuko da nork gainditu dituen proba gehiago, eta, horren barrenean, egindako proba guztiak batuta nork duen puntuaziorik handiena.

Berdinketarik egonez gero, deialdi honen 8.2 oinarrian berdinketak hausteko ezarritako irizpideei jarraikiz ebatziko da.

12.2. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak kudeatzeko araubidea Gobernu Kontseiluak 2014ko azaroaren 25eko erabakian ezarri zuena izanen da, hau da, Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langileen administrazio araubidearen araberako kontratazioa arautzen duen erabakian ezarritakoa.

12.3. Kontrataziorako deia jasotzen duten izangaiek bakarrik aurkeztu beharko dute lanposturako eskatzen diren baldintzak betetzen dituztela egiaztatzen duen dokumentazioa, kontratua formalizatzen den unean kopiak aurkeztuta.

12.4. Eskatutako agiriak aurkezten ez dituztenek eta eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenek galdu eginen dituzte sarbide deialdian parte hartzetik erator litezkeen eskubide guztiak, alde batera utzi gabe eskaeran datu faltsuak emateagatik izan dezaketen erantzukizuna.

12.5. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan sartzeak ez du esan nahi interesdunei lanpostuan eskatzen diren baldintzak aitortzen zaizkienik. Baldintza horiek oinarri honetan ezarritako moduan egiaztatu beharko dira.

13.–Datu pertsonalen tratamendua.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak langileen kudeaketaren arloan antolatutako prozesuetan parte hartzeak interesdunen datuak tratatzea ekarriko du berekin. Datu horien tratamenduaren arduraduna Nafarroako Unibertsitate Publikoa da.

Datuen tratamendua aplikatzekoa zaion araudiari jarraikiz eginen da, hots, Datuak Babesteko 2016/679 EB Erregelamendu Orokorrari eta Datu Pertsonalak Babesteko 2018ko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoari jarraikiz. Tratamendu Jardueren Erregistroan kontsultatzen ahal da nola eginen den tratamendu hori, https://www2.unavarra.es/gesadj/seguridadInf/normativa-proteccion-datos/registro-actividades-tratamiento-datos-UPNA.pdf estekan, "Giza baliabideak" atalean.

Tratatuko diren datuak batez ere hautaketa-prozesuetako izangaienak eta NUPeko langileenak izanen dira; hauek hain zuzen ere: izena, deiturak, NANa, datu akademikoak eta profesionalak eta, beharrezkoa denean, bankuko datuak eta Gizarte Segurantzakoak, edo ondoren deskribatzen den xedea betetzeko beharrezkoak direnak.

Datuen tratamendua justifikatzen duen xedea hau da: hautaketa-prozedurak, mugikortasunekoak, egoera administratiboak, ziurtagiriak, edo Giza Baliabideen arloan NUPen eskumenekoak diren beste batzuk tramitatzea.

Xede horrek interes publikoa edo botere publikoa legitimatzen du, Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.e) artikuluak ezartzen duen bezala. Hauek dira oinarri juridikoak, langileei buruzko beste arau batzuen artean: Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategina onesten duen 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, 2015eko urriaren 30ekoa, eta Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzura dauden Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, 1993ko abuztuaren 30ekoa.

Datuak tratatzeko jarduerei dagokienez, interesdunek eskubidea dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, mugatzeko, haiei kontra egiteko eta transferitzeko. Horretarako, mezu bat bidali behar dute delegado.protecciondatos@unavarra.es helbidera, Datu Pertsonalak Babesteko Lege Organikoaren 11. artikulutik 18. artikulura bitartekoei jarraikiz. Desadostasunen bat izanez gero, Datuak Babesteko Espainiar Agentziara jo dezakete, https://www.aepd.es/ domeinuaren bidez.

14.–Errekurtsoak.

Epaimahai kalifikatzaileak ematen dituen egintza eta ebazpenen kontra zilegi da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, errektoreari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

Deialdi honen aurka, haren oinarrien aurka eta beroriek aplikatzeko egintzen aurka, epaimahaiak egindakoak ez direnean, zilegi da ondoko errekurtsoetako bat jartzea, arau indardunekin bat etorriz:

a) Aukerako berraztertze-errekurtsoa errektoreari zuzendua, hilabeteko epean, aurkatutako erabakia jakinarazi edo iragarri eta biharamunetik aurrera.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzietako Jurisdikzioan, bi hilabeteko epean, egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aurrera.

I. ERANSKINA.–GAIAK

I. partea.–Oinarrizko araudia

1. gaia.–Administrazio Prozedura Erkidea I. Interesdunak. Administrazio publikoen jarduera: jarduteko arau orokorrak; mugak eta epeak. Prozeduraren bermeak. Prozeduraren hasiera, antolamendua, instrukzioa eta amaiera. Gauzatzea. (39/2015 Legea, 2015eko urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa: I., II. eta IV. tituluak).

2. gaia.–Administrazio Prozedura Erkidea II. Egintza administratiboak. Egintza administratiboen betebeharrak. Egintzen eraginkortasuna. Deuseztasuna eta deuseztagarritasuna. Egintzak administrazio bidean berrikustea: ofizioz berrikustea eta administrazio errekurtsoak. (39/2015 Legea, 2015eko urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa: III. eta V. tituluak).

3. gaia.–2/2023 Lege Organikoa, 2023ko martxoaren 22koa, Unibertsitate Sistemari buruzkoa I. Ikasketen antolamendua. Ikerketa eta ezagutzaren eta berrikuntzaren transferentzia eta trukea. (III. eta IV. tituluak).

4. gaia.–2/2023 Lege Organikoa, 2023ko martxoaren 22koa, Unibertsitate Sistemari buruzkoa II. Ikasleak Unibertsitate Sisteman. Unibertsitate publikoen araubide espezifikoa. VIII. eta IX. tituluak.

5. gaia.–Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuak, 2003ko maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuaren bidez onetsiak, eta Nafarroako Gobernuak 2011ko martxoaren 21ean hartu zuen erabaki baten bidez aldatuak.

6. gaia.–Nafarroako Unibertsitate Publikoko graduko eta unibertsitate masterreko ikasketen arauak. Gobernu Kontseiluak 2022ko martxoaren 15eko erabaki baten bidez onetsiak (73 zenbakiko NAOa, 2022ko apirilaren 12koa) eta 2022ko ekainaren 7ko eta irailaren 23ko erabaki batzuen bidez aldatuak (200 zenbakiko NAOa, 2022ko urriaren 7koa).

7. gaia.–43E/2023 Foru Agindua, 2023ko maiatzaren 29koa, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariak emana, Nafarroako Unibertsitate Publikoan titulu ofizialak eskuratzeko zerbitzu akademikoengatik eta gainerako eskubideengatik 2023-2024 ikasturtean ordaindu beharreko prezio publikoak finkatzen dituena.

8. gaia.–Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Ikasketa Berekien Arauak (Gobernu Kontseiluaren erabakia, 2023ko apirilaren 25ekoa. 99 zenbakiko NAOa., 2023ko maiatzaren 11koa).

9. gaia.–Bekak, ikasteko laguntzak.

10. gaia.–99/2022 Foru Dekretua, 2022ko azaroaren 16koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko unibertsitate irakaskuntza ofizialak ezarri, aldatu, egiaztapena berritu eta iraungitzeko prozedurak arautzen dituena (245 zenbakiko NAOa, 2022ko abenduaren 9koa).

11. gaia.–Kredituen europar sistema eta lurralde nazional osoan ofizialak eta baliodunak diren unibertsitateko titulazioetako kalifikazio-sistema. Tituluaren Europako Gehigarria.

12. gaia.–17/2019 Foru Legea, 2019ko apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa.

13. gaia.–3/2018 Lege Organikoa, 2018ko abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa.

14. gaia.–Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Datuak Babesteko Politika, Gobernu Kontseiluak 2022ko ekainaren 30ean hartutako erabaki baten bidez onetsia eta errektorearen 2022ko ekainaren 30eko 1368/2022 Ebazpenaren bidez argitaratua (153 zenbakiko NAOa, 2022ko abuztuaren 2koa), Gobernu Kontseiluak 2022ko azaroaren 2an hartutako erabaki baten bidez aldatua, errektorearen 2022ko azaroaren 24ko 2353/2022 Ebazpenaren bidez argitaratua (258 zenbakiko NAOa, 2022ko abenduaren 23koa).

15. gaia.–Erabakia, "Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Laneko Arriskuen Prebentzioko Plana" onesten duena (3/2011 Erabakia. Gobernu Kontseiluaren 2011-2-18ko bilera).

16. gaia.–Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Administrazio Elektronikoari buruzko Erregelamendua, Gobernu Kontseiluak 2022ko abenduaren 19an onetsia eta errektorearen 2022ko abenduaren 19ko 2519/2022 Ebazpenaren bidez argitaratua (1 zenbakiko NAOa, 2023ko urtarrilaren 2koa).

17. gaia.–Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Egoitza Elektronikoaren Arautegia, Gobernu Kontseiluak 2012ko abenduaren 20an hartutako erabaki baten bidez onetsia eta errektorearen 2012ko abenduaren 20ko 2017/2012 Ebazpenaren bidez argitaratua (NAO, 2013ko urtarrilaren 11koa), Gobernu Kontseiluak 2022ko abenduaren 19an hartutako erabaki baten bidez aldatua, errektorearen 2022ko abenduaren 19ko 2519/2022 Ebazpenaren bidez argitaratua (1 zenbakiko NAOa, 2023ko urtarrilaren 2koa).

18. gaia.–Nafarroako Unibertsitate Publikoaren V. Plan Estrategikoa (2020-2023). Oinarri estrategikoak.

19. gaia.–Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Informazioaren Segurtasunari buruzko Araudia, errektorearen 2019ko irailaren 10eko 1816/2019 Ebazpenaren bidez argitaratua (194 zenbakiko NAOa, 2019ko urriaren 1ekoa).

20. gaia.–Nafarroako Unibertsitate Publikoaren 2023ko aurrekontua betearazteko oinarriak. II. eta III. tituluak.

21. gaia.–Nafarroako Unibertsitate Publikoko Artxibo Nagusiaren Erregelamendua. 1-14, 23-25 eta 31-32 artikuluak.

22. gaia.–103/2017 Foru Dekretua, 2017ko azaroaren 15ekoa, euskararen erabilera arautzen duena Nafarroako administrazio publikoetan, haien erakunde publikoetan eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan. Nafarroako Unibertsitate Publikoan euskara erabiltzeko jarraibideak.

23. gaia.–ANECA. Tituluen ebaluazioa. Ebaluazio instituzionala. Unibertsitateko titulu ofizialen egiaztapena eta akreditazioa. MONITOR eta ACREDITA programak.

24. gaia.–Ikerketa Zientifiko eta Teknikorako eta Berrikuntzarako 2021-2023ko Estatu Plana: lerro estrategikoak, helburuak, egitura eta kudeaketa- eta finantzaketa-eragileak. Estatu Plana eta I+G+b: programak eta azpiprogramak.

25. gaia.–Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikerketa-institutuak. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketa Institutuen Araudia.

26. gaia.–Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikerketa-katedrak. Araudia. Garatzen dituzten jarduera motak eta jarduera horien kudeaketa.

27. gaia.–3/2022 Legea, 2022ko otsailaren 24koa, unibertsitateko bizikidetzari buruzkoa.

28. gaia.–Mugikortasuna: Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleen mugikortasunari buruzko araudia.

29. gaia.–Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langileak: araubide juridikoa eta motak. 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, 1993ko abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileriaren Estatutuaren testu bategina onesten duena: funtzionarioak hautatzea; funtzionario izaera hartu eta galtzea; mailak eta graduak; plantilla organikoak eta funtzionarioen zerrendak; egoera administratiboak; lanpostuak betetzea.

30. gaia.–Irakasle eta ikertzaileak: motak. Lanpostuen zerrenda. Unibertsitateko irakaskidegoak: araubide juridikoa; sarbidea; ordainsariak; bateraezintasunak. Unibertsitate publikoetako kontratupeko irakasle eta ikertzaileak: kontratazio modalitateak. Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle eta ikertzaileen banakako merezimenduei dagozkien ordainsari gehigarriak.

31. gaia.–971/2007 Errege Dekretua, 2007ko uztailaren 13koa, goi mailako eta errendimendu handiko kirolariei buruzkoa: definizioak, izaera hori eskuratzeko eta egiaztatzeko baldintzak eta balorazio irizpideak. 9/2012 Foru Dekretua, 2012ko otsailaren 22koa, Nafarroako Foru Komunitateko errendimenduko kirola eta goi mailako kirolarien zerrenda arautzen dituena. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Goi Mailako Kirolariaren Arautegia (Gobernu Kontseiluaren 2012ko maiatzaren 8ko Erabakia).

II. partea.–Informatika

32. gaia.–Windows 10i buruzko oinarrizko kontzeptuak. Mahaigaina eta haren elementuak; zereginen administratzailea; Windowsen arakatzailea; kontrol panela; gailuak eta inprimagailuak; hasierako botoia; ataza-barra; "Exekutatu" komandoa; "Laguntza"; sareko lana; erabiltzaile kontuak.

33. gaia.–Testu prozesadoreak: funtsezko kontzeptuak. Microsoft Word 2019: lan-eremua; aukera-zintak; idaztea eta editatzea; testu formatua; orrialdearen diseinua eta konposizioa; estiloak; txantiloiak; taulak; artxiboen administrazioa; korrespondentzia konbinatzea; eremuekin lan egitea; inprimatzea.

34. gaia.–Kalkulu-orriak: funtsezko kontzeptuak. Microsoft Excel 2019: oinarrizko kontzeptuak; lan-liburuak; orriak; gelaxkak; gelaxkak eta komandoak hautatzea; datuak sartzea; formulak eta loturak sortzea; funtzioak erabiltzea; orrialdeen diseinua eta konposizioa; kalkulu-orri bat editatzea; formatuak; grafikoak; inprimatzea.

35. gaia.–Datu-baseak: funtsezko kontzeptuak. Microsoft Access 2019: oinarriak; taulak; kontsultak; inprimakiak; txostenak; inprimatzea.

Oharra: gaiei buruz eskatuko den edukia bat etorriko da deialdi hau argitaratzen den egunean indarrean diren legeekin.

Iragarkiaren kodea: F2314765