219. ALDIZKARIA - 2023ko urriaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

272/2023 EBAZPENA, urriaren 9koa, Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariak emana, deialdi bat onesten duena Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Hezkuntza Ikuskapen Zerbitzuan behin-behineko ikuskatzaile lanpostuak zerbitzu eginkizunetan aldi baterako betetzeko izangaien bi zerrenda eratzeko, bata euskaraz eta bestea gaztelaniaz.

Ekainaren 30eko 80/2008 Foru Dekretuaren bidez, Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako Ikuskapenaren antolaketa eta funtzionamendua arautu ziren. Foru dekretu horren hirugarren xedapen gehigarrian ezartzen denez, "Hezkuntzako ikuskatzaileen kidegoko plantillako lanpostu hutsak irakaskuntzako funtzionarioek beteko dituzte aldi batez, zerbitzu eginkizunetan, berdintasun, meritu, gaitasun eta publizitate printzipioak kontuan izanik. Irakaskuntzako funtzionario horiek Hezkuntzako ikuskatzaileen kidegoan sartzeko ezarri betekizunak bete beharko dituzte. Lanpostu huts horien adjudikazioan, lehentasuna emanen zaie betiere azken hautapen prozesuko oposizio fasea gainditu duten eta plazarik eskuratu ez duten hautagaiei, zerbitzuan behar diren lanbide eta hizkuntz profilekin bat etorriz".

Bestalde, Hezkuntzako kontseilariaren urtarrilaren 11ko 2/2022 Foru Aginduaren 6. artikuluan, honakoa ezartzen da (Foru agindu horren bidez arautzen dira Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren zerbitzuko behin-behineko ikuskatzaileen lanpostuak betetzeko izangaien zerrenden eraketa, antolamendua eta kudeaketa): Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak proposatuta eta arrazoituta, Hezkuntza Departamentuak berariazko deialdiak onetsiko ditu Hezkuntzako behin-behineko ikuskatzaile lanpostuetan aldi baterako ariko diren izangai berriak lortzeko.

2022-2023 ikasturtean, Hezkuntzako ikuskatzaileen kidegoan sartzeko hautapen-prozesu bat egin zen, eta 2023an lehenengo zerrenda espezifikoa eratu zen behin-behineko ikuskatzaileen deialdiaren bidez, Hezkuntzako kontseilariaren urtarrilaren 11ko 2/2022 Foru Aginduaren 6. artikuluko 2. puntuak ezartzen duen bezala.

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak eskatu duenez gero behin-behineko ikuskatzaileen lanpostuak aldi baterako betetzeko izangaien zerrenda espezifiko berri bat onets dadin, Hezkuntzako kontseilariaren urtarrilaren 11ko 2/2022 Foru Aginduaren 6.2 artikuluak ezartzen duenari jarraituz, bidezkoa da deialdi horren oinarriak onestea.

Horiek horrela, Hezkuntza Departamentuko Langileriaren eta Azpiegituren zuzendari nagusiaren abuztuaren 31ko 1/2023 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea deialdiaren oinarriak eta eranskina izangaien bi zerrenda eratzeko, euskaraz bata eta gaztelaniaz bestea, Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuan behar diren behin-behineko ikuskatzaile lanpostuak zerbitzu eginkizunetan aldi baterako betetzeko.

2. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

3. Ebazpen hau eta eranskina igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten, Hezkuntza Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira, Langileen Araubide Juridikoaren Zerbitzura, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzura eta Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura.

Iruñean, 2023ko urriaren 9an.–Langileen Araubide Juridikoaren Zerbitzuko zuzendaria, Javier Lacarra Albizu (Langileriaren eta Azpiegituren zuzendari nagusiaren urriaren 5eko 27/2023 Ebazpenean xedatutakoaren arabera).

DEIALDIA, NAFARROAKO GOBERNUAREN HEZKUNTZA DEPARTAMENTUKO HEZKUNTZAKO IKUSKAPEN ZERBITZUAN BEHIN-BEHINEKO IKUSKATZAILE LANPOSTUAK ZERBITZU EGINKIZUNETAN ALDI BATERAKO BETETZEKO IZANGAIEN BI ZERRENDA ERATZEKO, BATA GAZTELANIAZ ETA BESTEA EUSKARAZ. OINARRI ARAUTZAILEAK

Lehena.–Arau orokorrak.

1. Deialdi bat onesten da, Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuan behin-behineko ikuskatzaile lanpostuak zerbitzu eginkizunetan aldi baterako betetzeko izangaien bi zerrenda eratzeko, bata gaztelaniaz eta bestea euskaraz.

2. Hezkuntzako kontseilariaren urtarrilaren 11ko 2/2022 Foru Aginduaren 4.1 artikuluan xedatutakoarekin bat, bi zerrenda eginen dira: bata gaztelaniaz eta bestea euskaraz.

Bigarrena.–Izangaien betebeharrak.

Deialdi honetan parte hartzen dutenek baldintza hauek bete beharko dituzte onartuak izateko:

1. Baldintza orokorrak:

–Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari organikoki atxikitako irakasle funtzionarioa izatea.

–Jardunean, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egotea.

–Titulu hauetakoren bat izatea: doktoregoa, unibertsitate-masterra, lizentzia, ingeniaritza, arkitektura edo baliokidea.

–Irakaskuntzako funtzio publikoa osatzen duten kidegoetako batean, karrerako funtzionario gisa, gutxienez ere zortzi urteko antzinatasuna dutela frogatzea, eta denbora bereko esperientzia irakaskuntzan.

–Diziplina-zehapenik ez izatea.

2. Hezkuntzako ikuskatzaileen euskarazko lanpostuak lortzeko berariazko betebeharrak:

Baldintza orokorrak betetzeaz gainera, izangaiek EGA titulua (Euskararen Gaitasun Agiria) edo baliokidetzat jotzen den titulu bat izan beharko dute.

3. Oinarri honetan azaltzen diren baldintza eta betebehar guztiak eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean bete beharko dira, bai eta Hezkuntzako ikuskatzaile lanpostua betetzeko hautapen prozeduran eta zerbitzu eginkizunek iraun bitartean ere.

Hirugarrena.–Parte hartzeko eskabide telematikoa eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1. Parte hartzeko eskaerak nahitaez aurkeztu beharko dira telematikoki, Nafarroako Gobernuaren web orriaren bidez, deialdiari dagokion atalean.

Parte hartzeko eskaera bat baino gehiago aurkeztuz gero, eskaerak aurkezteko epearen barrenean aurkezten den azkeneko eskaera (eta horri lotutako dokumentazioa) baizik ez da izapidetuko, eta horrek bakarrik balioko du.

Eskaeran zehaztuko da zer hizkuntzatan (gaztelania ala euskara) lehiatu nahi den, deialdi honen lehendabiziko oinarrian jasotakoaren arabera.

2. Parte hartzeko eskabidearekin batera, izangaiek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Doktoregoko, unibertsitate-masterreko, lizentziako, ingeniaritzako edo arkitekturako tituluaren edo horietako baten baliokidearen kopia eskaneatua, edo titulu hori luzatzeko eskubideak ordaindu izanaren frogagiriarena.

Titulua atzerrian eskuratu bada, kopia eskaneatua ez ezik, titulua homologatuta edo onartuta dagoela egiaztatzen duen agiriaren kopia ere aurkeztu beharko da.

b) Hezkuntzako ikuskatzaileen euskarazko lanpostuetarako parte hartuz gero, EGA tituluaren (Euskararen Gaitasun Agiria) edo baliokidetzat jotzen den titulu baten kopia eskaneatua.

c) Deialdi honen eranskinean ageri den baremoan aipatzen diren merezimenduen frogagirien kopia eskaneatuak.

Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako burutuak dauden eta epe horretan aurkezten diren merezimenduak baizik ez dira baloratuko.

d) Memoria bat, honako honi buruzkoa: "Eskola antolamendua. Giza baliabideak eta baliabide materialak. Urteko programazio orokorra. Hezkuntza-komunitatearen parte-hartzea ikastetxeen funtzionamenduan eta gobernuan". Memoriak 15 orrialde izanen ditu gehienez (eranskinak barne, halakorik bada, eta azala kontuan hartu gabe), DINA4 neurrikoak, eta Arial 11 letra erabiliz idatzita egonen da.

3. Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuak aurkeztuko du ofizioz deialdian onartu direnen zerbitzu orria, betebehar gisa eskatzen diren zerbitzuak frogatzeko, bai eta merezimenduen baremoko I. eta II. atalei eta III. ataleko 3.1 eta 3.2.1 azpiatalei dagozkien merezimenduak baloratzeko ere, betiere parte-hartzaileen espediente pertsonalean dauden datuei jarraikiz. Beraz, izangaiak III. ataleko 3.2.2 azpiatalean eta IV. atalean aipatzen diren merezimenduak egiaztatzeko agiriak aurkeztu beharko ditu.

4. Atzerriko hizkuntza batean edo beste autonomia erkidego bateko hizkuntza ofizial berekian idatzitako dokumentuak (salbu eta euskaraz idatzitakoak edo atzerriko hizkuntzen titulazio edo egiaztagiriak) zinpeko itzultzaileek gaztelaniara itzulita aurkeztu beharko dira, jatorrizko dokumentuarekin batera.

5. Administrazioak noiznahi eskatzen ahalko dizkie izangaiei parte hartzeko eskaerarekin batera aurkeztutako dokumentazioaren jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak.

6. Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrendak onesten dituen Ebazpena onetsi ondotik egiaztatzen bada izangairen batek ez dituela baldintzak betetzen, haren jarduerak deuseztatu eginen dira, hasierako eskabideko faltsukeria dela-eta legokiokeen erantzukizuna galarazi gabe.

Laugarrena.–Eskaerak aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea hamabost egun baliodunekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Bosgarrena.–Izangaiak onartzea.

1. Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuak argitaratuko ditu Nafarroako Gobernuaren webgunean, deialdiaren atalean, hizkuntzen araberako izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrendak, baita baztertuak ez onartzeko arrazoiak ere.

Ebazpena argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoarekin bat.

2. Argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita hamar egun balioduneko epea izanen dute interesdunek zerrenda horien aurkako erreklamazioak eta zuzenketak aurkezteko Nafarroako Gobernuaren webguneko deialdiaren atalean. Era berean, beren datu pertsonalak ematean akatsak izan direla ohartu direnek epe horretan berean adierazten ahalko dute. Erreklamazioak hirugarren oinarrian aurreikusitakoaren arabera aurkeztuko dira.

Izangairen batek ez baditu akats formalak zuzentzen behin-behineko zerrendari erreklamazioak egiteko epean, eskaeran atzera egiten duela ulertuko da.

Izangaiek eskaerak aurkezteko epearen barruan alegatu gabeko merezimendu berriak edo hobetuak ez dira inoiz kontuan hartuko.

3. Erreklamazio eta/edo zuzenketa epe hori iraganik, bide beretik argitaratuko da Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariaren ebazpena, hizkuntzen araberako izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrendak onesten dituena, erreklamazio edo zuzenketen aktarekin batera.

Ebazpena argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoarekin bat.

Ebazpen horren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko dute interesdunek, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera.

4. Onartutako langileen zerrendan agertzea ez da aski deialdi honetan eskatutako baldintzak betetzen direla aitortzeko. Dokumentazioa azterturik ikusten baldin bada baldintzaren bat ez dela betetzen, prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte pertsona horiek.

Seigarrena.–Hautapen organoak.

1. Izangaiak hautatuko dituzte horretarako izendatu diren epaimahaiek.

Hizkuntza bakoitzerako epaimahai bat izendatuko da Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariak emandako ebazpen baten bitartez, zeina argitara emanen baita Nafarroako Gobernuaren webgunean, deialdiaren atalean.

Euskarazko zerrendetarako izangaiak baloratuko dituzten epaimahaietako kideek EGA edo baliokidetzat jotzen den titulu bat izan beharko dute.

2. Epaimahaiak ondokoek osatuko dituzte:

–Epaimahaiburu bat, Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuko zuzendaria izanen dena, edo horrek eskuordetzen duen pertsona.

–Bi epaimahaikide, zozketa bidez izendatuak, Hezkuntzako ikuskatzaileen kidegoko karrerako funtzionario izanen direnak, Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuaren mendekoak organikoki eta funtzionalki.

Era berean, aipatu titular bakoitzeko ordezko kide bat izendatuko da.

3. Epaimahaietako idazkariak izanen dira kidegoan antzinatasun txikiena duten kideak. Berdinketa gertatuz gero, gazteena izanen da, salbu eta epaimahaiak beste era batera ezartzea adosten badu.

4. Maiatzaren 16ko 202/1991 Foru Dekretuaren 1. artikuluak eta otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuaren 8.3 artikuluak diotenaren arabera, epaimahaietan parte hartzea nahitaezkoa da eta, horrelakoetan, aipatu foru dekretuan zehazten diren ordainak dagozkie epaimahaietako kideei.

5. Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan ezarritako abstentzio edo errekusazio kausetakorik izanez gero, epaimahaietako kideek ez dute esku hartzen ahalko eta Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariari jakinaraziko diote.

Azaldutako egoeraren batean egonez gero, horren berri eman beharko da izendapenaren ebazpena jakinarazi eta bost egun balioduneko epean.

Halaber, izangaiek epaimahaikideak ezesten ahalko dituzte, lehen paragrafoan aurreikusitako egoerak gertatzen direnean.

6. Deialdi honi dagokion hautaproba hasi aurretik, Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariak, beharrezkoa bada, ebazpena emanen du mahaikide izateari utzi diotenen ordez arituko diren kide berriak izendatzeko, aurreko atalean aurrez ikusitako arrazoiren batengatik edo ezinbesteko arrazoi batengatik.

7. Epaimahaiburuek deialdia egin ondoren, epaimahaiak eratuko dira, gutxienez kideen gehiengoa bertan dela, epaimahaiburua eta idazkaria barne, edo haien ordezkoak.

8. Epaimahaiak eratu ondoren, baliozkotasunez jarduteko, beharrezkoa da gutxienez epaimahaiko kideen gehiengoa bertaratzea, burua eta idazkaria barne, edo haien ordezkoak.

Zazpigarrena.–Hautapen prozedura.

1. Hautapen prozesuak izanen ditu hautaproba bat eta izangaiaren merezimenduen balorazioa.

2. Probak bi zati izanen ditu:

–Lehen zatia: memoria baten balorazioa, gai hauei buruzkoa: "Eskola antolamendua. Giza baliabideak eta baliabide materialak. Urteko programazio orokorra. Hezkuntza-komunitatearen parte-hartzea ikastetxeen funtzionamenduan eta gobernuan." Memoriak 15 orrialde izanen ditu gehienez (eranskinak barne, halakorik bada, eta azala kontuan hartu gabe), DINA4 neurrikoak, eta Arial 11 letra erabiliz idatzita egonen da.

–Bigarren zatia: bigarren zatia kasu praktiko bat izanen da, idatziz erantzuteko Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuan gerta daitezkeen egoera zehatzei.

Hautaprobaren bi zatiak gainditu ondoren, izangaien merezimenduak baloratuko dira.

Hautaprobaren zati bakoitzari 0 eta 10 arteko puntuazioa emanen zaio. Zati bakoitza gainditzeko beharrezkoa izanen da gutxienez 5 puntu eskuratzea, eta puntuazio hori erdiesten ez dutenak bazterturik geldituko dira. Hautaprobaren zati bakoitzean lortzen den puntuazioa izanen da epaimahaiko kideek emandakoen batezbesteko aritmetikoa.

Hautaprobaren puntuazio osoa izanen da lehenengo eta bigarren zatiko puntuazioen batezbesteko aritmetikoa.

3. Hautapen prozesua abiatuko da onartutako pertsonen behin betiko zerrendak argitaratzen direnean.

4. Izangaiei dei bakarra eginen zaie epaimahaien aurreko jarduketak egiteko, eta agertzen ez direnak hautapen prozesutik kanpo geldituko dira. Horretarako, taldekako ariketa batera deitzen diren pertsonak deialdietan zehazten diren egunean eta orduan agertu beharko dira epaimahaiaren aurrean. Bakarkako ariketetan, egun bakoitzerako deitutako izangaiek bertan egon beharko dute epaimahaiak jarduketak hasteko ezarritako orduan.

5. Izangaiak agertzeko data eta lekua argitaratuko dira Nafarroako Gobernuaren webguneko deialdiaren atalean, gutxienez ere 72 orduko aurrerapenaz.

Parte hartzeko hurrenkera, horrelakorik behar duten ariketetan, alfabetikoki zehaztuko da. Hala, lehen izangaia izanen da Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuak eginen duen zozketan ateratzen diren bi letrez hasten den lehen abizena duen pertsona, Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiaren otsailaren 21eko 66/2020 Ebazpenean ezarritakoari jarraituz.

6. Txostena baloratzeko, hautapen organoak irizpide hauek izanen ditu kontuan, gutxienez ere: aurkeztutako jarduketa proposamenaren funtzionaltasuna, baita eguneratua izatea eta indarra duen araudiari egokitua egotea ere, eta jarduketa hori Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren antolamenduan eta funtzionamenduan txertatua egotea.

Txostena ahoz azaldu eta defendatuko dute izangaiek hautapen organoaren aurrean, gehienez ere 30 minutuko agerraldi batean. Epaimahaiko kideek izangaiari galderak egiten ahalko dizkiote, azalpena bukatu ondoren eta gehienez ere 15 minutuz.

7. Kasu praktikoa baloratzeko, hautapen organoak irizpide hauek izanen ditu kontuan, gutxienez ere: kasuaren identifikazioa, lege-argudioak, balorazioa eta garapena, eta kasuaren soluzioa.

Kasu praktikoa garatzeko denbora 1,5 ordukoa izanen da gehienez. Horretan, izangaiek beren laguntza-materiala erabiltzen ahalko dute: idatzizko dokumentazioa edo formatu digitalekoa (ordenagailuak edo tableta), Interneteko konexiorik gabe. Baliabide guztiak interesdunek ekarri beharko dituzte.

Idatzizko ariketa egin ondoren, izangaiek epaimahaiaren aurrean irakurri beharko dute. Ondoren, epaimahaiko kideek egoki irizten dituzten galderak egiten ahalko dituzte edo azalpenak eskatzen ahalko dituzte, gehienez ere hamabost minutuz.

9. Hautaprobaren bi zatietako bakoitza amaitu eta gero, epaimahaiak argitaratuko du izangaiek lortutako puntuazioen zerrenda deialdiaren atalean. Puntuazio horien aurka, izangaiek erreklamazioa jartzen ahalko dute dagokien epaimahaiaren aurrean, bi egun balioduneko epean, argitara eman eta hurrengo egunetik hasita. Erreklamazio horiek Nafarroako Gobernuaren webgunean aurkeztuko dituzte, deialdiaren atalean. Epaimahaiak aztertuko du kalifikazioetan akatsik izan den (materiala, egitatezkoa, transkripziokoa edota aritmetikoa), eta behin betiko notak argitaratuko ditu adierazitako lekuan.

10. Hautaproba gainditu duten izangaien merezimenduak balioztatuko dira ebazpen honen eranskinean dagoen baremoaren arabera. Merezimenduen baremoko atal desberdinetan erdietsitakoak batuz aterako da azken puntuazioa, 10 puntu gehienez.

Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuari dagokio izangaiei esleitzea puntuazioa merezimenduen baremoko I. eta II. ataletan eta III. ataleko 3.1. eta 3.2.1 azpiataletan.

Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzua arduratuko da balorazioaz, hautapen organoen izenean, eta hautaproba gainditu duten izangaien berri emanen die memoriaren defentsa eta kasu praktikoaren azalpena bukatutakoan.

11. Hautaprobaren eta izangaien merezimenduen balorazio globala %50ean haztatuko da.

12. Guztirako puntuazioa ematean berdinketarik bada, irizpide hauei hurrenez hurren jarraikiz hautsiko da:

a) Probaren balorazioan lortutako puntuazio handiena.

b) Merezimenduen baremoko ataletan lortutako puntuazio handiena, eranskineko hurrenkeraren arabera.

c) Jendaurreko zozketa, Hezkuntza Departamentuak egina.

13. Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariak argitaratuko du deialdiaren behin-behineko ebazpena eta azalduko ditu hautaketa prozesuaren emaitzak deialdiaren atalean. Guztizko puntuazioaren arabera ordenatutako izangaien zerrenda izenduna argitaratuko da, zati eta baremoko atal guztien puntuazio partzialak ere zehaztuta izanen dituena.

14. Izangaiek hiru egun balioduneko epea izanen dute, argitaratu eta biharamunetik hasita, erreklamazioak aurkezteko.

15. Erreklamazioak aurkezteko epea igaro eta erreklamazio horiek ebatzi ondoren, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariak deialdiaren behin betiko ebazpena onetsiko du, eta deialdiaren atalean argitaratuko da.

Zortzigarrena.–Errekurtsoak.

Epaimahaien egintza eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariari zuzendua, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Ebazpen honen eta bere aplikazio egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Hori guztia bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluan xedatutakoarekin eta jarraikiz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei.

ERANSKINA.–MEREZIMENDUAK BALORATZEKO BAREMOA NAFARROAKO HEZKUNTZA DEPARTAMENTUKO BEHIN-BEHINEKO IKUSKATZAILEEN LANPOSTUAK ZERBITZU-EGINKIZUNETAN ETA ALDI BATERAKO BETETZEKO IZANGAIEN ZERRENDAK ERATZEKO DEIALDIETARAKO

Merezimenduen balorazioan, izangaiek 10 puntu lortzen ahalko dituzte gehienez.

I.–Ibilbide profesionala (2 puntu gehienez).

1.1. Irakaskuntzako funtzio publikoa osatzen duten kidegoetan karrerako funtzionario egindako urte bakoitzeko, parte hartzeko nahitaez eskatzen diren zortzi urteetatik gora: 0,500 puntu.

Hilabete edo urteko zatiki bakoitzeko atal honetan: 0,0416 puntu.

1.2. Katedradunen kidegoetakoa izateagatik: 2,000 puntu.

II.–Beste lanpostu batzuetan aritu izana hezkuntza administrazioan (4 puntu, gehienez ere).

2.1. Behin-behineko ikuskatzaile moduan emandako urte bakoitzeko: 0,750 puntu.

Hilabete edo urteko zatiki bakoitzeko atal honetan: 0,0625 puntu.

Atal honetan soilik kontuan hartuko dira sarrerako hautapen prozesuetatik (hezkuntzako ikuskatzaileen kidegorako oposizioa) eta berariazko zerrendetatik datozen lanpostuetan behin-behineko ikuskatzaile moduan emandako urteak.

2.2. Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza administrazioan unitate teknikoko buru, bulegoko buru, ataleko buru, Zerbitzuko zuzendari edo horien baliokideak izanik egindako zerbitzu-urte bakoitzeko: 0,500 puntu.

Hilabete edo urteko zatiki bakoitzeko atal honetan: 0,0416 puntu.

III.–Zuzendaritza karguetan eta koordinazio didaktikoko karguetan aritu izana (4 puntu gehienez).

3.1. Ikastetxe publikoetan edo irakasleen edo baliabideen zentroetan zuzendari gisa edo zuzendari alboko gisa egindako urte bakoitzeko, baldin eta balorazio positiboa lortu badu (balorazioa egin den kasuetan): 0,750 puntu.

Hilabete edo urteko zatiki bakoitzeko, atal honetan: 0,0625 puntu.

3.2. Zuzendaritzako edo koordinazio didaktikoko beste kargu batzuetan aritu izanagatik:

3.2.1. Ikastetxe publikoetan zuzendariorde, idazkari edo ikasketaburu gisa edo horiekin parekatutako karguetan egindako urte bakoitzeko: 0,500 puntu.

Hilabete edo urteko zatiki bakoitzeko, atal honetan: 0,0416 puntu.

3.2.2. Departamentuko buru, Lehen Hezkuntzako zikloko koordinatzaile, aholkulari edo antzeko gisa, zerbitzuan egindako urte bakoitzeko: 0,100 puntu.

Hilabete edo urteko zatiki bakoitzeko, atal honetan: 0,0083 puntu.

IV.–Prestakuntza zientifiko eta didaktikoa eta beste merezimendu batzuk (2 puntu gehienez).

4.1. Prestakuntza zientifiko eta didaktikoa (0,700 puntu gehienez).

4.1.1. Titulazioak.

4.1.1.1. Graduatu ondokoak, doktoretza eta aparteko sariak:

a) Ikasketa aurreratuen ziurtagiri-diplomagatik (apirilaren 30eko 778/1998 Errege Dekretua), master titulu ofizialagatik (urtarrilaren 21eko 56/2005 Errege Dekretuaren arabera, urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuaren arabera edo abuztuaren 5eko 1002/2010 Errege Dekretuaren arabera lortua), ikertzeko nahikotasunagatik edo beste edozein titulu baliokiderengatik, baldin eta titulu horiek irakaskuntzako funtzio publikoan sartzeko baldintza gisa eskatu ez badira: 0,350 puntu.

b) Doktore titulua izateagatik: 0,500 puntu.

c) Doktoretzan aparteko saria lortzeagatik: 0,350 puntu.

4.1.1.2. Unibertsitateko beste titulu batzuk:

Lizentziadun, ingeniari edo arkitekto titulu edo dagokien gradu bakoitzagatik, edo deialdirako alegatuaz gain, deklaratu den balio bereko beste titulu bakoitzagatik: 0,350 puntu.

4.1.2. Hezkuntza-sistemarekin zerikusia duten argitalpenak, arlo hauetako edozeini buruzkoak: ebaluazioa eta gainbegiratzea, curriculumaren garapena, eskola antolaketa, aniztasunari erantzutea, balioetan oinarrituriko hezkuntza, hezkuntzako orientazioa, hezkuntzari aplikatutako legedia eta hezkuntzari aplikatutako kalitatearen kudeaketa (0,500 puntu gehienez).

4.2. Ikuskatzaile lanetan jarduteko prestakuntza berariazkoa (0,500 puntu gehienez).

Prestakuntza jarduera homologatuak honela baloratuko dira, baldin eta ikuskapen lanarekin loturik badaude berariaz:

20 ordu bitarteko ikastaro bakoitzagatik: 0,100 puntu.

20 ordutik gorako ikastaro bakoitzagatik: 0,200 puntu.

4.3. Hizkuntzak jakitea (0,300 gehienez).

4.3.1. Hizkuntzen gaineko unibertsitateko titulu ofizial bakoitzeko, deialdirako alegatu ez dena: 0,200 puntu.

4.3.2. C1 mailako ziurtagiri bakoitzeko, EGA titulua edo baliokidea: 0,150 puntu.

4.3.3. B2 mailako ziurtagiri bakoitzeko: 0,100 puntu.

Oharrak 4.3 atalerako:

1) Atal honetan soilik baloratuko dira Hezkuntzako kontseilariaren otsailaren 28ko 30/2011 Foru Aginduan jasotako titulazio eta ziurtagiriak.

2) Atal honetan ez dira baloratuko 4.1.1 atalean jada baloratuak izan diren unibertsitateko hizkuntza titulazio ofizialak.

3) Behin-behineko ikuskatzaileen euskarazko lanpostuetarako lehiatzen bada, ez da euskarako titulu bakar bat ere baloratuko.

4) Hizkuntza bereko titulu bat baino gehiago aurkezten bada, soilik baloratuko da puntuazio handiena ematen duena.

4.4. Irakaslanaren ebaluazioa (0,500 puntu gehienez).

4.4.1. Irakaslana balorazio positiboarekin ebaluatzea: 0,500 puntu.

4.4.2. Hautapen organoetan borondatez parte hartzea: 0,100 puntu.

Iragarkiaren kodea: F2314536