218. ALDIZKARIA - 2023ko urriaren 20a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

URROTZ-HIRIA

Akats zuzenketa Udalaren lokalen erabilera arautzen duen ordenantzaren hasierako onespenean, eta ordenantzaren behin betiko onespena

Ordenantzaren aldaketaren hasierako onespenari buruzko iragarkia 2023ko 163. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abuztuaren 8an. Iragarki horrek honako hau zioen: "Urrotz-Hiriko Udalak, 2023ko maiatzaren 22an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen aldaketa, Kirol-instalazioak erabiltzeko ordenantzan". Horren ordez, honako hau behar du: "Urrotz-Hiriko Udalak, 2023ko maiatzaren 22an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen aldaketa, Urrotz-Hiriko Udalaren lokalen erabilera arautzen duen ordenantzan".

Jendaurreko aldia iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, ordenantzaren aldaketa behin betiko onetsi, eta haren testua osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan. Hori guztia, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Urrotz-Hirian, 2023ko irailaren 28an.–Alkatea, Miguel Ángel Iribarren Lacunza.

ORDENANTZA, URROTZ-HIRIKO UDALAREN LOKALEN ERABILERA ARAUTZEN DUENA

I. TITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Ordenantzaren xedea.

Ordenantza honen xedea da oinarrizko arauak ezartzea, bizilagunek edo elkarteek udal lokalak era pribatiboan erabiltzeko, bai bileretarako bai bestelako jarduera batzuetarako, batez ere izaera komunitarioa dutenetarako, bai eta eskatzaileek ordaindu beharreko tasak ezartzea ere.

2. artikulua. Oinarria.

Honako ordenantza hau onetsi da babes dituela Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 324. artikulua eta hurrengoak.

3. artikulua. Ordenantza honen eremu objektiboa.

Ordenantza honen arauak aplikatuko zaizkie partikularrek erabil ditzaketen udalaren eraikin, lokal, instalazio eta altzari guztiei, ez baldin badute ordenantza berariazkorik, edo kontratu berariazko baten bidez arauturik ez badago udalaren eraikin, lokal eta instalazioen erabilera. Orobat, ordenantza honetatik kanpo geldituko da udalaren eraikin, lokal eta instalazioen erabilera baldin hura lege batek arautzen badu.

Ordenantza honek honako lokal eta eraikin hauen erabilera arautzen du:

–Udaletxea. Horren barnean sartzen dira kultur etxea, erretiratuen elkartea, gazteen solairua eta musika eskolen solairua.

–Ikastetxe publikoa, haren lokal eta gune guztiak barne harturik: ikasgelak, liburutegia, jolastokia, eta abar.

–Erabilera anitzeko aretoa, kirol-eremuko aldagelen etxabeetan.

–Udal pilotalekua eta kirol instalazioen eremua.

Ordenantza honen helburua da lokalak modu arautuan erabiltzea; arrazoizko erabilera ematea udalaren eraikinei, lokalei, instalazioei eta altzariei, eta, era berean, denok erabili ahal izatea, baldintza berberetan.

Kasu partikular bakoitzean, hitzarmen bat egiten ahalko da erabiltzaileekin, aipatu lokalak erabiltzeko.

4. artikulua. Hauxe da tasaren zerga-egitatea: ordenantza honetan araututako udal eraikin, lokal edo instalazioak edo hiri-altzariak erabiltzea pertsona fisikoek nahiz juridikoek, bai eta erakunde edo entitateek ere, nortasun juridikoa izan nahiz ez izan, betiere Udalaren lizentzia edo baimena erdietsi ondotik.

5. artikulua. Udalak edo Alkatetzak, eskaera aztertu ondoan, lokalaren lagapena baimentzen ahalko du, bai eta ukatu ere, baldin eta uste bada lokalen erabilerak ez duela betetzen funtsezko baldintza, alegia, zerbitzu komunitarioa izatea.

6. artikulua. Betiere, denbora mugatu baterako izanen da ordenantzaren xedeko ondasunen erabilera eta aprobetxamendua, eta ez dira inoiz inola mugarik gabe lagako.

II. TITULUA.–ANTOLAKETA ETA ERABILERA

6. artikulua. Udalaren eraikin, lokal, instalazio eta altzariak erabiltzeko interesa dutenek udal bulegoetan egin beharko dute eskaera, alkateari idazkia zuzenduz, 7 egun lehenago gutxienez.

Idazkiak honako hauek jasoko ditu: eskatzailearen datuak, eskaeraren arrazoia, lagapenaren iraupena, egin beharreko jardueren zerrenda, okupatzaile kopurua, lagapenaren xedea...

Baimena eman aurretik, alkateak eskatzen ahalko ditu, gainera, komenigarri iruditzen zaizkion agiri, txosten eta argigarri guztiak.

Eskatzaileak bat baino gehiago badira, erabilerari loturiko harremanetan, horrexetarako izendatzen den lagunarekin ariko da Udala, edo, halakorik egon ezean, eskatzaileetan lehenik ageri denarekin.

7. artikulua. Erabiltzaileek zaindu beharko dituzte Udalaren eraikin, lokal eta instalazioak, bai eta bertako altzariak ere, eta behar den gizalegez jokatu. Orobat, erabiltzen dituzten altzariak zainduko dituzte.

Erabiltzaile batek akats edo narriaduraren bat ikusiz gero, Udalari eman beharko dio haren berri, aprobetxamenduaren hasieran bertan.

Baimenaren titularrak erantzun beharko du lokaletan eta bertako zeretan egiten diren kalteengatik, eta Udalak haien konponketa eska diezaioke, horretarako diren legezko bide guztiak erabiliz.

8. artikulua. Debeku da Udalaren eraikin eta lokaletan erretzea, eta haietara animaliak sartzea.

9. artikulua. Debeku da lokalak erabiltzea baimenduriko jarduketa ez den beste helburu baterako.

10. artikulua. Udalaren eraikin, lokal, instalazio eta altzarien erabiltzaileek zainduko dute garbi eta txukun egon daitezen. Egun bateko erabilaldi bakoitzaren ondotik, garbitu eta altzariak eta barneko elementuak ordenatuko dituzte, eta utziko dituzte beste hartzaile batzuek berehala erabiltzeko moduan. Erabilera luzeagoen kasuan, adibidez urritik maiatzera/ekainera irauten duten ikastaroetan, lagapen aldi bakoitzaren bukaeran altzariak eta barneko elementuak garbitu eta ordenatuko dituzte, eta utziko dituzte beste eskatzaile batzuek berehala erabiltzeko moduan.

11. artikulua. Baimena emanik, interesdunen esku utziko dira lokalak ireki eta ixteko sarbidea edo giltzak. Horien gain egonen da haiek zaintzea eta bulegoetan itzultzea Udaleko langileei edo arduradunari, jarduera bukatu eta ahalik eta epe laburrenean –inoiz ere 12 ordu baino gehiago luzatu gabe–, edo ezartzen den epean. Erabileraren eskatzaileak delako giltza itzultzeko erantzukizuna izanen du, eta ez du inola ere haren kopiarik eginen.

Gainera, baimena ematearekin batera, udal arduradunak deialdia egin dezake bisita egiteko baimen horren xede den lokalean, eskatzaileekin. Lagapena bukatutakoan, beharrezkotzat joz gero, berriz ere egiaztatuko da ea erabiltzaileek bete dituzten ordenantza honetan eta indarrean dagoen legedian ezarritako betebeharrak.

12. artikulua. Lokalen erabileraren lagapenari buruz, alkateak kasu bakoitzean bidezko deritzona erabakiko du, irizpide hauei begiraturik, besteak beste:

–Jarduera mota: kultura, kirolak, negozioak, ikasketak...

–Eskatu diren bezalako lokalen edo instalazioen eskuragarritasuna.

–Jardueraren hartzaile kopurua.

–Helburua: irabazi asmorik gabea, irabazteko asmoarekin...

–Lagapenaren iraupena.

13. artikulua. Udalak fidantza eratzeko eska dezake, legez onarturiko edozein modutan. Fidantzaren xedea izanen da erantzutea udalaren eraikin, lokal eta instalazioak behar bezala erabiltzeko eta lagapenaren aurretik zeuden egoerara lehengoratzeko betebeharrei.

Halaber, fidantza bermea izanen da erabiltzaileek ordaindu beharko duten kalte-galeren ordainerako, baldin eta halakorik eragin bada lagatako eraikin, lokal eta instalazioetan. Ordenantza hau aplikatuz zehapenik ezarri behar baldin bada, horien ordainketari erantzuteko ere izanen da.

Jardueraren arabera eta udalaren irizpidearen arabera, eska daiteke fidantza bat ezartzeko, helburu izanik bermatzea Udalaren eraikinak, lokalak, instalazioak eta altzariak behar bezala erabiliko direla. Fidantzaren zenbatekoa izanen da 50 eurotik 500 eurora bitartekoa. Betiere, lokala erabiltzeko eguna baino 24 ordu lehenago eratu ez bada fidantza, besterik gabe deuseztatutzat joko da lehenago emandako baimena.

Era berean, lokalaren erabilera azterturik, alkateak partikularrari eska diezaioke kontrata dezala behar adinako erantzukizun zibileko poliza.

14. artikulua. Udalaren eraikinaren edo lokalaren erabilera bukatutakoan, erabiltzaileek horren berri emanen diote Udalari. Udalak nahi beste ikuskapen egin dezake, egiaztatzeko ea erabiltzaileek betetzen dituzten ezarritako betebeharrak, hala ordenantza honetakoak nola indarrean dauden gainerako legedikoak.

Frogatzen bada erabiltzaileek bete dituztela ordenantza honetan ezarritako betebeharrak, ez dela kalte-galerarik izan eta ez dela zehapenik ezarri behar, Udalak fidantza itzuliko du, horrelakorik eratzea eskatu baldin badu.

Kontrara gertatuz gero, bidezko diren erantzukizunak galdatuko ditu. Horrelakoetan, fidantza erabiliko da ordaintzeko ordenantza honetan ezarritako betebeharrak ez betetzetik, eragindako kalte-galeretatik eta bidezko diren zehapenetatik etor daitezkeen diru erantzukizunak.

15. artikulua. Udalaren lokal eta instalazioak hiru motatan sailkatzen dira:

1) Eginkizun iraunkor bati atxikitakoak eta, beraz, ezin laga daitezkeenak, esaterako:

1.1. Udaletxea, barne harturik bertan bulego ofizialtzat erabiltzen direnak (idazkaritza, alkatetza, osoko bilkuren aretoa), eta artxiboak.

Orobat, ez dira lagako honako hauetarako diren lokalak eta bulegoak: osasun kontsultategia, erakunde eta instituzioen egoitza diren gainerakoak, eta udalak erabiltzen dituen tresnen eta materialen biltegiak.

1.2. Ikastetxe publikoa: instalazio horietan ez da baimenduko jarduerarik egitea, salbu eta ordenantza honen 4. artikuluan ezarritakoak.

2) Ordu batzuetarako laga daitezkeenak, hitzaldi puntualetarako, bileretarako, lantegietarako, jardueretarako eta abar. Honako hauek, hain zuzen:

2.1. Erabilera anitzeko aretoa, kirol instalazioetan.

2.2. Kultur aretoa, udaletxearen eraikinean.

3) Lokal bereziak. Mota honetakoak dira udal pilotalekua eta El Ferial plazako karpa desmuntagarria, eta horiek beren arauak izanen dituzte. Bada aukera aparteko lagapena egiteko, kultur, musika edo kirol ikuskizunetarako; horretarako, eskaera idatziz egin beharko da, 7 egun lehenago, pertsona fisiko edo juridiko batek sinatua, hartan azaldurik egin beharreko jarduera, eguna eta ordua.

16. artikulua. Baimenen araubidea ondotik ageri dena izanen da.

1. Alkatearen eskumena izanen da baimena ematea aurreko artikuluko 2. eta 3. epigrafeetako lokalak eta instalazioak erabiltzeko. Aldez aurretik, interesdunek eskaera egin beharko dute, ordenantza honen 6. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Baimena, behar bezala sinatua, eskatzaileari helaraziko zaio, eta hartan espresuki zehaztuko dira lagapenaren kostua –kasu horretan, fidantza dagoen ala ez erabakiko da–, lagapenaren orduak eta gainerako xehetasunak.

Baliabide bererako eskaera bat baino gehiago baldin bada, esleipenaren lehentasuna eginen da honako hauei jarraikiz:

–Udal jarduera bat aurreikusia bada, harexek izanen du lehentasuna.

–Aurreko kasua ez denean, gizarte, hezkuntza edo kultur jarduerek izanen dute lehentasuna jarduera politiko edo sindikalen aurretik.

–Erroldatuen eskaerek lehentasuna izanen dute erroldatu gabeenen aurretik.

2. Alkatearen eskumena izanen da aurreko artikuluan aipatzen diren lokalak eta instalazioak erabiltzeko baimena ematea. Aldez aurretik, eskaera egin beharko da, idatziz, 7 egun lehenago, pertsona fisiko edo juridiko batek sinatua, hartan azaldurik egin beharreko jarduera, eguna eta ordua.

Udalaren lokalak erabiltzeko ohiko ordutegia goizeko 8:00etatik gaueko 22:00ak arte izanen da. Beraz, ohiko erabileretarako lagapenak ordutegi horri lotu beharko zaizkio. Ordutegi horretatik kanpora, jarduera guztiek berariazko baimen bat beharko dute, zehaztu beharko dena baimena emateko idazkian.

17. artikulua. Fidantza ezartzen den kasuetan, aldez aurretik jarri beharko da. Hala egiten ez bada, deuseztaturik geldituko da emandako baimena, egoki irizten bazaio.

18. artikulua. Ez da inola ere lokal baten erabilera lagako, baldin Udalarekin zorretan badago erabileraren lagapena eskatzen duen elkartea edo haren izenean eskaera egin duen pertsona fisikoa, betebehar fiskalak, zehapenak edo beste edozer ordainketa mota direla eta.

III. TITULUA.–ERANTZUKIZUNAK, ARAU-HAUSTEAK ETA ZEHAPENAK

19. artikulua. Udalaren eraikin, lokal, instalazio eta altzarien erabiltzaileek erantzunen dute haien doloz edo zabarkeriaz eraginiko kalte-galerengatik.

Halaber, erabiltzaileek izanen dute beren gain bidezkoak diren baimenak izapidetzea, hots, bidezko diren beste erakunde batzuei eskatu beharreko baimenak, behar den jarduera egiteko, aplikatzekoa den legediaren arabera.

Baldin jendaurreko ikuskizunak eta josteta jarduerak egin nahi badira, erabiltzaileek edo jardueraren antolatzaileek bete beharko dituzte honako arau hauek aplikatzearen ondoriozko baldintzak: 2/1989 Foru Legea, martxoaren 13koa, Jendaurreko Ikuskizunak eta Josteta Jarduerak arautzen dituena; 202/2002 Foru Dekretua, irailaren 23koa, onesten duena establezimendu, ikuskizun publiko eta josteta jardueren katalogoa eta arautzen dituena enpresa eta lokalen erregistroak; eta martxoaren 8ko 44/1990 Foru Dekretua, ikuskizunak eremu publikoetan baimentzeko baldintzak arautzen dituena. Orobat, indarreko legedia beteko da honako hauei dagokienez: jendaurreko ikuskizunen eta josteta jardueren ordutegi orokorra; edari alkoholdunen kontsumoaren prebentzioa eta mugak adingabeentzat; eta arlo horretan aplikatzekoa den legedia.

20. artikulua. Okupatzaileak bat baino gehiago badira, eskaeraren sinatzaileak izanen du erantzukizuna fidantzaren ordainketari dagokionez, lokaletan, instalazioetan eta bertan diren ondasunetan eragindako kalte-galeren ordainari dagokionez, eta, hala behar baldin bada, ezarritako zehapenei dagokienez.

21. artikulua. Honako hauek joko dira arau-haustetzat:

a) Udalaren eraikin eta lokalak haren baimenik gabe okupatzea.

b) Baimenarekin okupaturiko lokal edo egoitza egunero garbitzeko lanak ez egitea, ordenantza honetan ezarri bezala.

c) Kalteak eragitea lokaletan, instalazioetan, ekipamenduetan eta erabilitako lokaletako gainerako ondasun higigarrietan.

d) Alkatearen baimenik gabe, erabilitako eraikin edo lokaletan sartzeko giltzen kopiak egitea.

e) Ez itzultzea erabilitako eraikinetan sartzeko giltzak, horiek hustu eta berehala edo finkatu den epean.

f) Lokaletan eta/edo eraikinetan erretzea eta animaliak sartzea.

g) Beste edozein arau-hauste, ordenantza honen aurkakoa.

22. artikulua. Aipatutako arau-hausteak eginez gero, honako zehapen hauek ezarriko dira:

a) Aurreko artikuluko a), b), d) e) eta f) apartatuetakoei, 100 euroko isuna ezarriko zaie.

b) Aurreko artikuluko c) apartatukoei, kaltea edo galera zenbatekoa den, horrenbesteko isuna ezarriko zaie.

c) Aurreko artikuluko g) apartatukoei, kasu bakoitzean aztertu beharreko zehapena ezarriko zaie. Nolanahi ere, zehapena ez da 500 eurotik gorakoa izanen.

Gainera, eraginiko ondorioak larritzat hartzen direnean, urte batetik 5 urtera bitartean lokalak erabiltzeko debekua ezar daiteke zehapen gisa.

23. artikulua. Kalte-galerengatik bidezkoa gertatzen den ordaindu beharrekotik aparte ezarriko dira aurreko artikuluetan xedatutakoaren ondoriozko zehapenak.

Aurreko artikuluetan aipatutako erantzukizun eta zehapenak betearazpen-bidetik bideratu eta gauzatuko dira.

IV. TITULUA.–TARIFAK

24. artikulua. Ezartzen da I. eranskinean ageri diren zenbatekoak ordaindu beharra lokalak erabiltzeagatik.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

I. ERANSKINA.–TARIFAK

1. Erabilera anitzeko aretoa, kirol-instalazioetako aldagelen etxabeetan:

–Informazio bilerak eta hitzaldi orokorrak, urritik maiatzera bitarteko ikastaroak: doan.

–Jarduerak: 10 euro eguneko. (Beharrezkotzat joz gero, irabazteko asmoa duen jarduera izateagatik).

2. Kultur aretoa, udaletxearen eraikinean:

–Informazio bilerak eta hitzaldi orokorrak: doan.

–Jarduerak: 10 euro eguneko. (Beharrezkotzat joz gero, irabazteko asmoa duen jarduera izateagatik).

3. Udal pilotalekua: 10 euro eguneko.

4. Aldagelak, komunak eta dutxak erabiltzea: 2 euro pertsona fisiko bakoitzeko.

5. Erabilera anitzeko aretoan gaua iragatea: 3 euro pertsona fisiko bakoitzeko.

Iragarkiaren kodea: L2314010