218. ALDIZKARIA - 2023ko urriaren 20a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

AZKETAKO KONTZEJUA

Ordenantza, Etxerako egurraren aprobetxamendua arautzen duena. Behin betiko onespena

Azketako Kontzejuko Batzarrak, 2022ko urriaren 18an egin bilkuran, hasiera batez eta aho batez onetsi zuen Etxeko egurraren aprobetxamendua arautzen duen ordenantza.

Hasierako onespenaren erabakia argitara eman zen 2022ko 259. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 27an, eta jendaurreko aldia iragan da inork alegaziorik aurkeztu gabe; hartara, ordenantza behin betiko onetsirik gelditzen da, eta haren testu osoa argitaratzen da Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Azketan, 2023ko urriaren 10ean.–Kontzejuko burua, Montserrat Barbarin Ciordia.

ORDENANTZA, ETXERAKO EGURRAREN APROBETXAMENDUA ARAUTZEN DUENA

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da ezartzea Azketako kontzeju-mugartean etxerako egurraren aprobetxamendua erregulatzen duten arauak.

2. artikulua. Herri-ondasunak dira herritar guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua. Herri-ondasunak besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak dira, eta ez dute beren gain tributurik izanen.

4. artikulua. Herri-ondasunen gaineko arauak hauek dira: Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta haren erregelamenduzko xedapenak; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herri-ondasunen gaineko ordenantza hau eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, galarazi gabe xedatzen dena Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren apartatuan.

5. artikulua. Azketako Kontzejuari dagokio herri-ondasunen gainean xedatzeko, administratzeko, aprobetxamendu-araubidea ezartzeko eta antolatzeko ahalmena, ordenantza honetan ezartzen den moduan.

Herri-ondasunen arloan Azketako Kontzejuak hartutako erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean ezarritako kasuetan (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

6. artikulua. Honako aprobetxamendu hauek arautzen ditu ordenantzak:

–Etxerako egurraren aprobetxamendua.

7. artikulua. Azketako Kontzejua ahaleginduko da herri-lurren ekoizpena abian jartzen, hobetzen eta egoki aprobetxatzen, eta duten izaera sozialarekin bateragarri eginen du hori guztia.

8. artikulua. Etxerako egurraren aprobetxamenduaren onuradun izateko, familia-unitateetako titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusia izatea, edo adingabe emantzipatua edo judizialki gaitua.

b) Eskaera egunaren aurretik, Udalaren erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea urtebeteko antzinatasunez.

c) Kontzeju honekiko zerga betebeharrak egunean izatea.

d) Ordaindua izatea aurreko urteetako etxerako egur-lote edo epaitzen kuota.

9. artikulua. Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia-unitateko kidetzat.

10. artikulua. Kontzejuak ezartzen duen epean aurkeztuko dira aprobetxamendurako eskabideak Iguzkitzako Udalaren bulegoetan, eta agiri hauek erantsiko zaizkie:

a) NANaren fotokopia eta kontu korrontearen zenbakia, dagokion kuota kargatzeko, beharrezkoa bada.

b) Urtebeteko antzinatasuna frogatzea Azketako bizilagun gisa, eskaerak egiteko epea hasten den egunean.

c) Kontzeju honekiko betebeharrak ordainduak izatea frogatzea, aurreko urteetako etxerako epaitzen kuota barne.

11. artikulua.

1. Egurra banatzeko, eskaera adina egur-lote edo epaitza bada, Azketako Udalak irizpide hau hartuko du adjudikazioa egiteko: eskaera egin eta ordenantza honen 8. artikuluko baldintzak betetzen dituzten guztiei banatzea etxerako epaitza.

Adjudikazioen zerrenda argitara emanen da Azketako Kontzejuaren iragarki-taulan eta Iguzkitzako Udalaren webgunean.

2. Eskaera guztietarako adina egur ez bada, Azketako Kontzejuak ekitatez eta justiziaz jokatuko du, eta lehentasuna emanen die baldintza hauek betetzen dituzten familia-unitateetako bizilagun titular hauei:

a) Diru-sarrera gutxien duten familia-unitateak. Irizpideak datu objektiboetan oinarrituko dira, hala nola pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenean.

12. artikulua.

1. Mendian aski baldin badago, Nafarroako Gobernuak baimendu eta Mendi Zerbitzuak markatu ondoren, Azketako Kontzejuak epaitzak banatuko dizkie ordenantza honen 8.1 artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateei.

2. Etxerako egurra eskatzen duten familia-unitateen berariazko eta justifikatutako eskaerak ikusirik, Azketako Kontzejuak eskatuko dio basogintzako administrazioari egur bolumen zehatz bat mozteko baimena, etxerako egurraren eskariari erantzuteko udalerrian.

3. Basogintzako administrazioak zehaztuko du ea bolumen hori basotik modu jasangarrian ateratzerik baden. Hala ez bada, Kontzejuari horren berri eman ondoren, aprobetxamendua bertan behera uzten ahalko da denbora jakin baterako.

13. artikulua.

4. Epaitzak zuzenean aprobetxatu behar dira, eta debeku da haiek saltzea eta Azketako kontzeju-mugartetik kanpora ateratzea eta gordetzea.

5. Berariaz debekaturik dago epaitzak beste ezertarako erabiltzea, etxean bertan aprobetxatzeko baizik.

6. Epaitza guztiak kontsumitu behar dira horiek eskatzen dituen etxean soil-soilik.

7. Etxerako egurra eskatzeko orriaren eredua onetsi da, eta ordenantza honen 1. eranskinean ageri da.

14. artikulua.

1. Etxerako egurraren aprobetxamenduagatik 20 euroko kanona ordainduko da.

2. Eskatzaileek kanon hori ordainduko dute Azketako Kontzejuaren bulegoetan, Kontzejuaren bando baten bidez ezarriko den eran.

3. Hala ere, Azketako Kontzejuak noiznahi aldatzen ahalko du kanona, kontuan harturik epaitzak markatzeko kostuak, bideen konponketa, eta lanak eraginiko beste gastu batzuk. Gastu horiek, betiere, behar bezala justifikatu beharko dira, eta epaitzei zuzenean egozteko modukoak izan beharko dute.

15. artikulua.

1. Epaitzak biltzeko epea adjudikazioaren egunean hasten da, eta hurrengo urteko adjudikazioarekin bukatzen.

2. Epe hori bukatzen bada epaitzak aprobetxatu gabe, eta adjudikaziodunek berriz eskatzen badute aprobetxamendua hurrengo urtean, aurreko urteko epaitza bera adjudikatuko zaie.

3. Data horretan eraman ez diren epaitzak mendian pilatuta uzten ahalko dira, betiere bideetako, mendiko pistetako eta abarretako pasabidea moztu edo eragotzi gabe.

16. artikulua. Adjudikaziodunek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Zuhaitzak botatzeko, trontzatzeko eta garraiatzeko, adjudikaziodunak aldean eduki beharko du baimena (entrega akta). Baimen hori Iguzkitzako Udalaren bulegoetan emanen zaio.

b) Ebaki beharko ditu epaitza guztiari kalte egiten dioten huntz eta aihen-belar guztiak.

c) Garbiketaren hondarrak ez dira utziko bideen aldean, eta bideak osorik zaindu beharko dira beti.

d) Mendia garbi utzi beharko da epaitzetan lanak egin ondoren (belar-sastrakak kentzea, mozketa, etab.).

e) Adjudikaziodunek mendikoa ez den materialik erabili behar badute egurra aldi batez estaltzeko, gero guzti-guztia eraman beharko dute, eta mendia garbi eta hondarrik gabe utzi.

f) Garbiketa lanak eta egur mozketa adjudikaziodun bakoitzaren ardurapean eginen dira, eta behar diren neurri guztiak hartu beharko dituzte istripurik ez gertatzeko.

g) Betebeharra izanen da, orobat, norbera babesteko elementuak janztea, egin beharreko lanari dagozkionak; betiere, horien artean egonen dira babes-betaurrekoak, kaskoa eta eskularruak, motozerra-lanetarako berariazkoak.

h) Adjudikaziodunek joan beharko dute Kontzejuak iragartzen dituen auzolan guztietara, hurrengo denboraldiko zozketara bitarte.

Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei urtebetetik hiru urtera bitarte ukatuko zaie aprobetxamendu honen adjudikazioa.

17. artikulua. Azketako Kontzejuak ez du erantzukizun zibil, penal edo administratiborik izanen egurra garraiatzean gertatzen diren kalteengatik, halakorik gertatuz gero. Adjudikaziodunek hartu beharko dituzte beren gain lan mota horren berezko arriskuak.

18. artikulua.

1. Udalak egurra mozteko lanak eta/edo egurra menditik ateratzekoak kontratatzen baditu, horretarako mugatutako eremuan soilik eginen dira, basogintzako administrazioak mozteko baimendutako bolumenarekin bat.

2. Baso-masa eremu handiago batean hobetzeko lan osagarriak egin nahi badira, basogintzako administrazioak baimendu beharko ditu lan horiek, etxerako egurrari eta besterenduei buruz Kontzejuak urtero egiten duen espedienteaz aparte, betiere indarreko legediarekin bat.

19. artikulua. Etxerako egurraren aprobetxamenduaren eskubidea galtzeko arrazoiak.

Kontzejuko Batzarrak edo Auzo-batzarrak aipatu aprobetxamendua aldi batez edo betiko deuseztatzen ahalko du, bizilagunak honako hau egiten duenean:

–Egurra saldu, Azketako kontzeju-mugartetik atera, edo etxerako erabili beharrean beste zerbaitetarako erabili.

–Egur sortaren bakanketan, saihesten ahal diren kalteak egin zuhaitzetan edo landare estalduran.

–Bi urte iragandakoan adjudikazioen zerrenda iragarki-taulan paratu zenetik edo, hala egin denean, horiek jakinarazi zirenetik, adjudikatutako epaitzen egurra moztu ez bada eta eremua garbitu ez bada, inolako arrazoirik gabe horretarako. Kasu horretan, ezin izanen da etxerako egurrik aprobetxatu hurrengo hiru urteetan. Udalak bere esku izanen ditu aprobetxatu gabeko epaitzak eta, egoki baderitzo, berriz adjudikatzen ahalko ditu.

AZKEN XEDAPENAK

Lehendabizikoa.–Ordenantza honek arautzen ez duen orotan, jarraikiko zaio 6/1990 Foru Legean eta horrekin bat heldu den indarreko araudian ezarritakoari.

Bigarrena.–Ordenantza hau indarrean jarriko da eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren.

Iragarkiaren kodea: L2314589