1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
905E/2023 EBAZPENA, irailaren 30ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez aldeko ingurumen txosten estrategikoa egiten baita Goizuetako Udal Plana 4. poligonoko 411. lurzatian aldatzeari buruz. Aldaketaren sustatzailea José Ignacio Alsua Escudero da.
Aldaketa hori Udalak 2023ko maiatzaren 17an onetsi zuen hasiera batez, eta jendaurrean jartzeko tramitea bete da, iragarki bat argitaratuz 2023ko 114. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ekainaren 1ekoan.
Aldaketaren xedea UE-4 unitatea handitzea da, mugakide diren bi lurzati erantsiz (4. poligonoko 410. eta 411 lurzatiak). Azken helburua lurzoru urbanizagarriko sektore berri bat garatzea da. Sektore hori bizitegi-erabilerarako izanen da eta 16 etxebizitza hartzeko ahalmena izanen du, horietatik 8 babes ofizialekoak.
Aldaketaren justifikazioa da 2022an herritarrei etxebizitzari buruz egindako inkestari erantzuna eman beharra, herriko biztanleen exodoa saihesteko eta zuzkidura- eta komunitate-espazioak sortzeko.
Aldaketaren eremua herrigunearen hego-ekialdeko mugan dauden 4. poligonoko 410. eta 411. lurzatiek osatzen dute. NA-4150 errepidetik etorrita, herriaren sarreran dago, errepidearen ekialdean. Malda handiko lursailak dira, zuhaitzak landatzeko erabiltzen direnak, batez ere sagarrondoak, eta zuhaitz heskaiak daude ipar-ekialdeko perimetroan (intxaurrondoak, hurritzak eta gaztainondoak). Lur horiek gorde beharreko lurzoru urbanizaezin gisa sailkaturik daude.
Lurzoru urbanizagarriko sektore berriak, SL-3 izenekoak, jarraipena ematen dio egungo bilbeari, eta 6.983,05 m²-ko azalera du. Lurraren orografia dela eta, oso konplexuak eta mugatuak dira esku-hartzearen konfigurazio aukerak. Aldapa handiko lurzatia da, eta bertako punturik baxuena sarrerako errepidearen gainetik 2 metrora dago. Bestalde, eraikitako ingurunearen integrazioari garrantzi handia ematen zaio proposamenean, eta, horregatik, planteatzen da lur-erauzketek eta ebaketa-lanek lurzoruan duten inpaktua murriztea, baita eraikinen altueren inpaktua ere. Baldintzatzaile horiek integratu eta justifikatu egin dira, bai eremua antolatzeko proposamenean bertan (orientazioa, eguzkialdia, eraikitako espazioen kalitatea), baita araudian jasotako gidalerro eta determinazioetan ere. Hirigintza-fitxan berariaz jasotako neurrien artean, nabarmentzekoa da lur-erauzketen eta euste-hormen altuera murriztuta egotea: 1,5 metro gehienez.
Biodibertsitatearen Zerbitzuak adierazi du ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura egoki egin dela.
Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 30eko 74/2023 Foru Dekretua,
EBAZTEN DUT:
1. Ingurumen txosten estrategikoa egiten da, aldekoa, Goizuetako Udal Plana 4. poligonoko 411. lurzatian aldatzeari buruz, ingurumenean eragin nabarmenik ez duela iritzita. Aldaketaren sustatzailea Jose Ignacio Alsua Escudero da.
2. SL-3 sektorean honako neurri eta gidalerro hauek sartzea proposatzen da:
–Euri-uren kudeaketari dagokionez, euri-urak iragazteko prozesuak erraztuko dituzten lur iragazkorren presentzia maximizatuko da. Beraz, euri-uren kudeaketa berdeguneen diseinuarekin eta kudeaketarekin lotuta gelditzen da, baita espazio publikoak iragazkortzearekin ere, hala nola aparkalekuak:
I.–Berdeguneak antolatzean eta kudeatzean, irizpide bioklimatikoak hartuko dira kontuan, eta, hala, mantentze-lan gutxi behar dituzten espezieak hautatuko dira, inguru horretako baldintza klimatikoetara egokituak. Gainera, berdeguneak diseinatzean, bilatuko da bero-boladen maiztasuna eta iraupena handitu izanak dakartzan ondorioak arintzea, eta, horretarako, itzalguneak sortuko dira espazio publikoetan, eta eremuaren konfort akustikoa hobetzera ere joko da. Berdeguneak drainatze jasangarriko sistemaren (bide berriko zuhaitzendako egiturazko txorkoak, urak gainezka har ditzakeen parterreak...) elementu funtzional gisa integratuko dira.
II.–Aparkaleku publikoetan lehentasuna emanen zaio bide-zoru iragazkorrak jartzeari, urbanizazioaren egikaritze materialean ingurumen inpaktu txikia izanen dela bermatzeko eta lurzoruaren zigilatze masiboa saihesteko, hori guztia uraren ziklo naturalean ahalik eta interferentzia txikiena eragiteko asmoz.
3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
4. Ebazpen hau Hirigintza Atalari eta Goizuetako Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2023ko irailaren 30ean.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.
Iragarkiaren kodea: F2314145