218. ALDIZKARIA - 2023ko urriaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

182/2023 EBAZPENA, irailaren 26koa, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez Tafallako udal mugartean 2,5 MW-eko potentzia instalatua izanen duen "PSFV Tafalla" izeneko eguzki-instalazio fotovoltaikorako aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena ematen baitira, eta instalazio horrek onura publikoa duela zehazki deklaratzen baita.

1. 2022ko martxoaren 2ko eskaerak.

2022ko martxoaren 2an, Grupo DGEDIS SLk, Excavaciones Cañuca SL ordezkatuz, Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena eskatu zituen, bai eta onura publikoa duela zehazki deklaratzea ere, instalazio honetarako:

–Izena: "PSFV Tafalla" eguzki-instalazio fotovoltaikoa.

–Instalazioaren titularra: Excavaciones Cañuca SL.

–Instalazioaren kokapena: Tafallako udal mugarteko 32. poligonoko 834. eta 834. lurzatiak.

–Instalazioaren ezaugarri teknikoak: lurzoruaren gainean izanen den 2,5 MW-eko eguzki-instalazio fotovoltaikorako proiektua, i-DEren 13,2 kV-eko banaketa-sarera konektatua, honako hauek barne hartzen dituena:

–Instalazio fotovoltaikoa:

  • Moduluak: 4.800 modulu fotovoltaiko, bakoitzak 605 Wp-eko potentzia izanen duena.
  • Inbertsoreak: 150 kW-eko 16 inbertsore eta 100 kW-eko inbertsore bat.
  • 2.500 kW-eko transformazio zentroa.

–Energia husteko goi tentsioko instalazioa:

  • Tentsio ertaineko lurpeko linea berria, 13,2 kV-ekoa, 1.778 metroko luzerakoa, "PFSV Tafalla" eguzki-instalazioaren transformazio zentroa konexio puntuarekin lotuko duena.
  • Ebakitze-zentro independente eta telegidatua, sarrera eta irteera eginen dituena Tafalla-Miranda lineako 13. eta 14. euskarrien arteko tartean.
  • Tentsio ertaineko lurpeko linea berria, ebakitze-zentroa lehendik dagoen sarearekin lotzeko, linea horren 13. euskarrian.

–Instalazio fotovoltaikoa eta energia husteko instalazioa gauzatzeko aurrekontua: 2.049.267,25 euro.

2. Proiektuaren informazio publikoa.

Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 125. eta 144. artikuluetan ezarritako ondorioetarako, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak jendaurrean jarri zuen, 30 egunez, Excavaciones Cañuca SLren eskaera, iragarki bat argitaratuz 2022ko 150. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, uztailaren 28koan, 2022ko uztailaren 29ko Diario de Navarra egunkarian eta Nafarroako Gobernuaren Gobernu Irekiaren webgunean.

Halaber, iragarkia Tafallako Udalera igorri zen, epe berean jendaurrean jar zezan. Egintza hori egiaztatzen duen eginbidea espedientean jaso da.

Ez da proiektuari buruzko alegaziorik aurkeztu jendaurrean egon den artean.

3. Ukitutako administrazio publiko, erakunde eta enpresei egindako kontsultak.

Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 127. eta 131. artikuluetan xedatutakoarekin bat etorriz, kontsulta egin zien ukitutako administrazio publiko eta erakunde hauei, bidezko baldintza teknikoak ezar zitzaten, eta honako txosten hauek jaso ziren taulan adierazitako egunetan:

ERAKUNDEA

TXOSTENAREN DATA

1.

Tafallako Udala

Erantzunik ez

2.

i-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU.

Erantzunik ez

3.

Red Eléctrica de España SAU

2022-08-25

Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 127. eta 131. artikuluen arabera, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak sustatzaileari bidali zion jasotako txostena. Txosten horretan, Red Eléctrica de España SAUk proiektuaren aurka zegoela adierazi zuen, ez baitzituen errespetatzen Castejón-Muru Artederreta 400 kV-eko korronte zuzeneko aireko linearekiko arauzko distantzia batzuk. Eragozpen hori sustatzaileari bidali zaio, eta hark txosten tekniko baten bidez erantzun du, non Red Eléctrica de Españak aipatutako elementuak proiektuan egokitzen baitira arauzko distantziak errespetatzeko asmoz. Red Eléctrica de España enpresak adierazi du ados dagoela sustatzaileak proposatutako konponbidearekin.

4. Ingurumen ukipenen txostena.

Espedientean Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariaren abuztuaren 4ko 253E/2022 Ebazpena bildu da. Horren bidez, aldeko txostena egiten da "PSFV Tafalla" eguzki-instalazio fotovoltaikoaren proiektuaren ingurumen ukipenei buruz, baina ebazpenean bertan jasotako neurriak aplikatu beharko dira, besteak beste honako hauek:

–Lehendik dagoen topografia errespetatuko da, ezponda berririk sortu gabe eta indusketetako soberako lurrik sortu gabe.

–Moduluei eusten dieten egitura finkoak eta hesi perimetralaren zutoinak zuzenean lurrean finkatuko dira, zuzenean sartuta.

–9. zeharbidearen gaineko ukipenei dagokienez, Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalak ezarritakoa bete beharko da: lurpeko ebakuazio linea altxonbidearen mugetatik kanpo eginen da.

–Beharrezko obrak bukatu ondoren, ukitutako eremu guztiak leheneratuko dira (plakek okupatutako eremuak, parkearen barruko zangak eta lurpeko ebakuazio linea).

–Azpiegiturarik hartzen ez duten eremuen lurrazalak belar estalkia izan behar du, zoruaren higadura saihesteko eta basa faunarentzako habitat bat lortzeko.

Aurreko ebazpena sustatzaileari bidali zitzaion 2023ko abuztuaren 5ean.

5. Lurzoru urbanizaezinean jarduera baimengarriak egiteko baimena.

2022ko martxoaren 15ean, Grupo DGEDIS SLk, Excavaciones Cañuca SL ordezkatuz, lurzoru urbanizaezinean jarduerak egiteko baimena eskatu zuen. Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak eskaera horren berri eman zion Lurraldearen Antolamenduaren Atalari 2022ko martxoaren 21ean.

Espedientean, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariaren abenduaren 30eko 454E/2022 Ebazpena jaso da, "PSFV Tafalla" izeneko eguzki-instalazio fotovoltaikoa baimentzen duena, baina ebazpenean bertan jasotako determinazioak bete beharko dira.

6. Aurretiazko administrazio baimenaren, eraikitzeko administrazio baimenaren eta zehazki onura publikoko deklarazioaren proposamena.

Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 121. artikuluari jarraikiz, espedientean jaso dira sustatzailearen gaitasun tekniko, ekonomiko eta legala egiaztatzen duten agiriak.

Abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53. artikuluan eta Energia elektrikoaren garraio- eta banaketa-sareetarako sarbideari eta konexioari buruzko abenduaren 29ko 1183/2020 Errege Dekretuaren 15. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, espedientean jaso dira "PSFV Tafalla" instalazioa banaketa-sarean sartzeko eta bertara konektatzeko baimenak, I-DE, Redes Eléctricas Inteligentes SAU enpresa banatzaileak Excavaciones Cañuca SLren izenean emandakoak.

Proiektuak ukitzen dituen ondasunen eta eskubideen zerrendan ez da aldaketarik izan espedientea izapidetzeko aldian, eta 2022ko 150. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, uztailaren 28koan, argitaratutako bera da.

Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak azaroaren 18an emandako 52/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidan eskumenak (2019ko 234. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, azaroaren 27koa), Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. eta 11. artikuluetan ezarritakoa betetzeko,

EBAZTEN DUT:

1. Excavaciones Cañuca SLri aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena ematea aipatutako instalaziorako.

2. Zehazki deklaratzea instalazioak onura publikoa duela, abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 54. artikuluan eta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 149. artikuluan ezarritako ondorioetarako. Enpresa eskatzailea onuradun gisa agertuko da desjabetze espedientean.

3. Excavaciones Cañuca SL enpresari onuradun izaera aitortzea desjabetze espedientean.

4. Onestea instalazioak egiteko aurkeztutako proiektua, Juan Carlos García Maldonado industria ingeniariak sinatua. Hogeita lau hilabete eman zaizkio obrak burutzeko.

5. Instalazioak aurkeztutako proiektuari jarraikiz gauzatu beharko dira, eta bat etorri beharko dute honako hauetan xedatutakoarekin: Goi tentsioko instalazio elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun bermeei buruzko Erregelamendua onesten duen maiatzaren 9ko 337/2014 Errege Dekretua; Goi tentsioko linea elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun bermeei buruzko Erregelamendua onesten duen otsailaren 15eko 223/2008 Errege Dekretua; eta Behe tentsiorako Erregelamendu elektroteknikoa onesten duen abuztuaren 2ko 842/2002 Errege Dekretua.

6. Behin proiektua gauzaturik, eskatzaileak zerbitzuan jartzearen akta eskatu beharko du. Eskaera horri erantsiko zaizkio aipatutako araudian ezarritako agiriak eta obra bukaeraren ziurtagiria, teknikari fakultatibo eskudun batek sinatua.

7. Administrazio baimen hau emanda ere, instalazioa gauzatzeko beharrezkoak diren kontzesio, lizentzia eta baimen guztiak, publikoak nahiz pribatuak, lortu beharko ditu instalazioaren eskatzaileak, aplikatzekoak diren beste xedapen batzuekin bat.

8. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

9. Ebazpen hau igortzea Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari, Biodibertsitatearen Zerbitzuari eta Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

10. Ebazpen hau jakinaraztea Excavaciones Cañuca SLri, i-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUri, Red Eléctrica de España SAUri eta ukitutako ondasun eta eskubideen titularrei, eta ohartaraztea ezen ebazpen honek ez duela administrazio bidea amaitzen eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita. Errekurtsoan espediente zenbakia adierazi beharko da.

11. Ebazpen hau Tafallako Udalari jakinaraztea, eta ohartaraztea honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, honako hau jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2023ko irailaren 27an.–Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuko zuzendaria, Laura Larraya Irigoyen.

Iragarkiaren kodea: F2313871