218. ALDIZKARIA - 2023ko urriaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

153/2023 EBAZPENA, irailaren 29koa, Barneko zuzendari nagusiak emana, Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuko zuzendariaren esku uzten dituena langileriaren eta kontratazio publikoaren arloko zenbait eskudantzia.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak 11. artikuluan xedatzen duenarekin bat, Foru Administrazio Publikoko organoek zilegi dute esleituak dituzten eskumenen erabilera eskuordetzea kasuan kasuko administrazioko maila bereko edo baxuagoko beste organo batzuei, hierarkikoki beren menpe ez badaude ere.

Artikulu horrek ezartzen duenez, eskumenen eskuordetza noiznahi egin edo errebokatu daiteke, organo eskuordetzaileak onetsita, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Ezartzen du, halaber, eskuordetza baten bidez ematen diren administrazio egintza eta ebazpenetan inguruabar hori azaldu beharko dela berariaz eta, ondorio guztietarako, organo eskuordetzaileak emanak balira bezala hartuko direla.

Departamentuaren jarduna garatzean beharrezkoa den eraginkortasuna eta azkartasuna lortzeko, egokitzat jotzen da Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuko zuzendariaren esku uztea langileriaren eta kontratazio publikoaren arloko zenbait eskudantzia.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak emandako eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Barneko zuzendari nagusiari dagozkion eskudantzia hauen erabilera Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuko zuzendariaren esku uzten da:

1.1. Langileriaren arloan:

a) Langileak zuzendu eta antolatzeko eskumenak erabiltzea, haien mailarekin eta izendapenarekin bat datozen eginkizunak banatzekoak barne.

b) Aparteko orduak egiteko baimena ematea, arauz ezarritako baldintzetan.

c) Arauz ezarritako oporrak, lizentziak eta baimenak ematea.

1.2. Horretaz gain, gelako buruaren kasuan, bai eta koordinazioko operadore laguntzailearen eta koordinazioko operadore ofizialaren kasuan ere, honako hauek:

a) Langileen lanaldia murrizteko eskabideen gainean ebaztea, kasuan kasuko unitate organikoko arduradunak txostena eman ondoren, hala behar bada.

b) Langileen lanera etortzeak kontrolatzeko sistema kudeatzea.

c) Aldi baterako ezintasuneko egoeran dauden langileen baja-parteak, baja berresteko parteak eta alta-parteak kudeatu eta izapidetzea.

1.3. Kontratazio publikoaren arloan:

a) Kontratazio publikoaren eskumenak, bere eskumen-esparruaren barnean.

2. Eskuordetza honen bidez ematen diren ebazpen guztietan, horren berri eman beharko da espresuki. Ebazpen horiek Barneko zuzendari nagusiak emanak balira bezala hartuko dira ondorio guztietarako.

3. Ebazpen hau jakinaraztea Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuari, Barneko Araubide Juridikoaren Zerbitzuari eta Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2023ko irailaren 29an.–Barneko zuzendari nagusia, Salvador Díez Zapata.

Iragarkiaren kodea: F2314169