218. ALDIZKARIA - 2023ko urriaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

216/2023 FORU DEKRETUA, urriaren 11koa, irailaren 5eko 110/2005 Foru Dekretua aldatzen duena. Haren bidez Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Koordinazio Batzordea arautu zen.

ZIOEN AZALPENA

Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legean, 2005eko martxoaren 1ean hartu baitzuen indarra, Nafarroako Gobernuari eta gobernukideei laguntza eta sostengu emateko organoak arautu zituen. Horietatik nabarmentzekoa da, eman behar duen laguntza teknikoa dela-eta, 18. artikuluan araututako Koordinazio Batzordea. Zioen azalpenean adierazitakoaren arabera, Koordinazio Batzordeak –Nafarroan orain arte ez zegoen halakorik– munta handiko eginkizuna izanen du, alde batetik Nafarroako Gobernuak eztabaidatu behar dituen gaiak prestatzen, Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen artean aldez aurreko akordioak lortuz, Nafarroako Gobernuari kutsu administratiboko lanak kenduz Foru Komunitatearen gidaritza-lan politikoaren arloan ari dadin indar handiagoz; eta bestetik, departamentuak koordinatzeko organo nagusia den aldetik, administrazioak bere bereizgarritasuna eta batasuna agerian uzten, nahiz eta, eginkizunen arabera, arlo edo unitate organikotan banatua dagoen.

Abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 18. artikuluak, zehazki, dio Koordinazio Batzordea dela kide anitzeko organo bat, arduratuko dena aztertzeaz Nafarroako Gobernuak bere bilkuretan eztabaidatu behar dituen gaiak eta batzordeari aurkezten zaizkion bestelako gaiak. Aholkurako eta eztabaidarako kide anitzeko organoa denez, artikulu bereko 3. apartatuan xedatuta dago ezin izanen duela erabakirik hartu Nafarroako Gobernuak eskuordetuta. Ildo horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 132.6 artikuluan, batzorde horri eginkizun garrantzitsu bat egozten zaio: arau-proposamenak aztertzea, Nafarroako Gobernuak onetsi aurretik.

Arestian adierazi den bezala, abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez sortu zen Koordinazio Batzordea, eta haren oinarrizko osaera eta funtsezko eginkizunak ezarri ziren. Orobat, xedatu zen geroago emanen zen foru dekretu batean azalduko zirela xehe-xehe batzordearen eginkizunak, osaera eta funtzionamendua.

Agindu hura betetzeko, irailaren 5eko 110/2005 Foru Dekretua onetsi zen. Haren bidez Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Koordinazio Batzordea arautu zen. Otsailaren 1eko 6/2012 Foru Dekretuak aurreko foru dekretuaren 4. artikulua aldatu zuen. Aldaketa eragin zuen, hain zuzen, Nafarroako Parlamenturako egindako hauteskundeen ondorioz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan izandako berregituraketak. Ondoren, eta arrazoi beragatik, araua berriro aldatu zen, irailaren 21eko 74/2016 Foru Dekretuaren bidez, eta hori da egun indarrean dagoen idazketa.

Arestian aipatutako bi aldaketetan bezala, proposatzen dugun aldaketak 110/2005 Foru Dekretuaren 4. artikuluko 1. apartatuari eragiten dio; Koordinazio Batzordearen osaerari, alegia. Hortaz, antolamenduari soilik eragiten dion aldaketa bat da, 2023ko maiatzaren 28ko hauteskundeen ondoren sortu den Nafarroako Gobernu berriaren osaerak eragindakoa. Hain zuzen, gobernuan izandako aldaketa dela eta, nahitaezkoa da batzordearen osaera ere aldatzea, halaxe gertatu baitzen 2012an eta 2016an (apartatu hori berritu behar izan zen).

Bat etorriz xedatuta dagoenarekin Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 129. artikuluan, foru dekretu hau idazterakoan kontuan hartu dira erregulazio onaren printzipioak eta, zehazki, honako hauek: beharrarena, eraginkortasunarena, proportzionaltasunarena, segurtasun juridikoarena, gardentasunarena eta efizientziarena.

Hori horrela, Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita hiruko urriaren hamaikan egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

Artikulu bakarra.–Irailaren 5eko 110/2005 Foru Dekretuaren 4. artikulua aldatzea. Foru dekretu horren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Koordinazio Batzordea arautu zen.

Aldatzen da irailaren 5eko 110/2005 Foru Dekretua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Koordinazio Batzordea arautzen duena, eta honela geratzen da idatzita 4. artikuluko 1. apartatua:

"1. Kide hauek osatuko dute Koordinazio Batzordea:

a) Nafarroako Gobernuko idazkaria den kontseilaria; hura izanen da batzordeburua.

b) Nafarroako Gobernuko lehendakariorde diren kontseilariak; batzordeburuordeak izanen dira, prelazio ordenaren arabera.

c) Nafarroako Gobernuko Idazkaritzako eginkizunez arduratzen den zerbitzuko titularra; batzordeko idazkaria izanen da. Postua hutsik dagoenean, idazkaria kanpoan edo eri dagoenean edo justifikatutako gainerako kasuetan, zerbitzuko beste pertsona bat arituko da haren ordez.

d) Lehendakaritzaren arloan eskuduna den zuzendaritza nagusiko titularra.

e) Kontu-hartzailetzaren arloan eskuduna den zuzendaritza nagusiko titularra.

f) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko departamentu guztietako idazkari tekniko nagusiak".

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2023ko urriaren 11n.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilaria, Félix Taberna Monzón.

Iragarkiaren kodea: F2314606