217. ALDIZKARIA - 2023ko urriaren 19a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TUTERA

Aldaketa, Tuterako Udaleko eta haren erakunde autonomo eta mendeko erakundeetako funtzionarioen eta lan-kontratudun finko eta aldi baterakoen lan-baldintzei buruzko akordioan

Tuterako Udalak, 2023ko irailaren 25ean egin osoko bilkuran, alkatearen proposamenez, honako aldaketa hau onetsi zuen Tuterako Udaleko eta haren erakunde autonomo eta mendeko erakundeetako funtzionarioen eta lan-kontratudun finko eta aldi baterakoen lan-baldintzei buruzko akordioan:

1.–Onestea 29. artikulua ("Igandeak, jaiegunak eta gaueko lana") aldatzeari buruz adostutako akordioa, Tuterako Udaleko eta haren erakunde autonomo eta mendeko erakundeetako funtzionarioen eta lan-kontratudun finko eta aldi baterakoen lan-baldintzei buruzko akordioan, honela arauturik:

29.1. Gaueko lana izanen da hogeita bietatik seietara egiten dena, astelehenetik ostiralera, eta hogeita bietatik zortzietara, aldiz, asteburuetan (ostiraletik larunbatera eta larunbatetik igandera doazen gauak). Gaueko orduaren prezioa 3,23 euro da 2009. urterako, eta Nafarroako kontsumoko prezioen indizearen (KPI) igoera hurrengoetan.

29.2. Jaieguneko lanaldia izanen da egiten dena jaiegunaren aurreko eguneko hogeita bietatik jaiegunaren ondoko egunaren seietara bitarte. Larunbatak jaieguntzat hartuko dira 14:00etatik aurrera.

Jaieguntzat hartuko dira, ondorio guztietarako, urtarrilaren 5a, Larunbat Santua, Santa Anaren festak, eta abenduaren 24a eta 31. (1).

29.3. Jaiegunetako lanaldiak honela konpentsatzen ahalko dira:

a) Lanaldia konputagarria izatea urteko lanaldian, 110 euroko konpentsazioa gehituta 2023ko maiatzaren 1etik aurrera, 115 euro 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera, eta Nafarroako KPIaren araberako igoera hurrengo urteetan, 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera aplikatuta.

b) Lanaldi bakoitzeko, 1,75 lanaldiko konpentsazioa izatea.

Konpentsazioa denboratan eginez gero, langileek –berek hala aukeraturik– egin dituzten jaiegunen erdia adostutako ordainsariaren arabera jasotzen ahalko dute (29.3.a), eta gainerakoa denboratan konpentsaturik urteko egutegian.

Lan egindako jaiegunen likidazioa, bai ordainsariaren bidez bai denboratan konpentsaturik, eginen da aintzat hartuz behar diren egokitzapenak, zerbitzu bakoitzaren jardun egokia bermatzeko. Ez badago adostasunik, Batzorde Paritarioan ebatziko da. (1)

c) Jaiegun bereziak izanen dira urte barnean lan egindakoak, kopuru honetatik aurrera:

2009. urtea: lan egindako 37. jaieguna eta hurrengoak.

2010. urtea: lan egindako 35. jaieguna eta hurrengoak.

2011. urtea: lan egindako 35. jaieguna eta hurrengoak.

2012. urtea: lan egindako 33. jaieguna eta hurrengoak.

Horiek ordainduko dira %50 gehiago, jaiegun arrunt baten aldean.

29.4. Jaiegunak konpentsatuko dira langileak aukeratu bezala.

Betiere, oro har, lan egindako jaiegunengatik denboratan egiten den konpentsazioa urteko egutegian sartuko da.

2.–Aipatu akordioan jasotakoa eraginkortasunez aplikatze aldera, alkateari ahalmena ematen zaio behar diren neurriak hartzeko, akordioan ezarritakoa bete dadin.

3.–Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

Lan baldintzei buruzko akordioaren aldaketa hau aurkaratzen ahalko da, honako errekurtso hauek paratuta:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Tuteran, 2023ko urriaren 3an.–Alkatea, Alejandro Toquero Gil.

(1) Aldaketa hauek sartu dira 2023ko apirilaren 21ean lortutako akordioaren arabera, baldintza izanik jaiegunetan lan egiten duten udal langile guztiek, erregistroaren bidez, adieraz dezaten zer konpentsazio-formula aukeratzen duten 2023. urterako, 2023ko apirilaren 30a baino lehen. Aurrerantzean, erregistroaren bidezko adierazpen hori egin beharko da urte bakoitzeko irailaren 30a baino lehen, horrela, behar den denborarekin kontuan har dadin, ukitutako langileen hurrengo urterako egutegiak prestatzeko.

Iragarkiaren kodea: L2314214