2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
JAITZ
Ordenantza, eguzki-energia biltzeko instalazioak arautzen dituena. Behin betiko onespena
Udalak, 2023ko ekainaren 27an egindako osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen ordenantza bat, arautzen dituena eguzki-energia biltzeko instalazioak Jaizko udal-mugartean.
Hasierako onespenaren iragarkia 2023ko 157. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, uztailaren 31n.
Jendaurrean egon bitartean inork ez du alegaziorik aurkeztu; beraz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz, behin betiko onetsitzat jo da eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, behin betiko testuarekin batera.
Jaitzen, 2023ko irailaren 26an.–Alkatea, Francisco Javier Eraso Azqueta.
ORDENANTZA, ARAUTZEN DITUENA EGUZKI-ENERGIA BILTZEKO INSTALAZIOAK JAIZKO UDAL-MUGARTEAN
SARRERA
CO2 emisioak murrizteko helburua hartu du Europak, eta hori lortzeko oinarrietako bat da energia berriztagarriak ekoiztea eta erabiltzea. Xede horretara bideratutako ekintzen artean dago, bereziki, bultzatzea eraikinetan ezar daitezela norberaren kontsumorako energia sortzeko eguzki-instalazioak.
Eguzki-energiaren garapenaren aldeko apustua bi beharrekin harmonizatu behar da: batetik, lurraldean modu antolatuan ezartzea eta, bestetik, natura- eta hiri-balio nagusiak zaintzea.
Jaizko Udalak eguzki-energia biltzeko instalazioak arautu nahi ditu bere udal-mugartean; horretarako, baldintza batzuk ezarriko ditu, bultzatzeko autokontsumorako instalazio fotovoltaikoak nahiz termikoak, eta instalaziook egokiak izateko ingurumenaren eta hirigintzaren aldetik.
Ordenantza idatzi da behar den koherentzia gordez udal planeamenduarekiko, eta jarraikiz lurzoruaren erabilerek eta eraikuntzek ingurura egokitzeko duten betebeharrarekin.
I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua. Ordenantzaren xedea.
Ordenantza honen xedea da arauak ezartzea eguzki-energia jasoko duten instalazioak jartzeko Jaizko udal-mugartean, zelula fotovoltaikodun panelen bidez edo panel kolektore termikoen bidez.
2. artikulua. Aplikazio-eremua.
Ordenantza honen aplikazio-eremua Jaizko udal-mugarte guztia da.
3. artikulua. Definizioak.
Eguzki-plakak edo -panelak dira eguzkiaren erradiazioen energia biltzen duten gailuak, eta hura energia termiko edo energia elektriko bihurtzen dutenak:
–Eguzki-instalazio termikoek zuzenean baliatzen dute eguzkitik jasotzen dugun energia, fluido bat berotzeko. Instalazio horiek erabiltzen dira eraikinetan etxeko ur beroa sortzeko, batez ere.
–Eguzki-instalazio fotovoltaikoak edo termoelektrikoak baliatzen dira zenbait material erdieroaleren ezaugarri fisikoez, argindarra sortzeko, abiapuntu hartuta eguzki erradiazioa.
Ordenantza honek, era berean, arautzen ditu eguzki-instalazioak, panel fotovoltaikoz nahiz termikoz osatuak, kontuan hartuta haiek kokatuta dauden lurzoruaren hirigintza-erabileraren sailkapena, Jaizko Udal Planaren arabera.
4. artikulua. Instalazioen xedea.
Eguzki-instalazioak baimenduko dira, neurri batean edo osorik direnean eraikinen energia beharrizana asetzeko, dela etxeko ur beroa sortzeko (eguzki-instalazio termikoak), dela autokontsumorako argindarra sortzeko, apirilaren 5eko 244/2019 Errege Dekretuak araututakoaren arabera (errege dekretu horren bidez arautzen dira energia elektrikoaren autokontsumoaren baldintza administratiboak, teknikoak eta ekonomikoak).
Hirigintza-erabilera bizitegitarako ez den eremuetan, baimenduta dago, autokontsumorako argindarra sortzeaz gain, elektrizitate-soberakinak sortzea ere, energia-sarera igortzeko, indarrean den araudiari jarraikiz.
5. artikulua. Udal Planeko Intereseko Eraikinen Katalogoan dauden eraikinak.
Eskaerarik egiten bada eguzki-panelak paratzeko Jaizko Udal Planeko Katalogoan sarturiko eraikinetan eta horiek babes osoaren, egiturazko babesaren edo ingurumen babesaren araubideetan sarturik badaude, eskaera horiek bidaliko zaizkio Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiari, aurretiko txostena egin dezan. Txosten horren edukia loteslea izanen da.
II. KAPITULUA.– INSTALAZIOAK, BIZITEGI-ERABILERAKO HIRI-LURZORUAN ETA LURZORU URBANIZAGARRIAN
6. artikulua. Eraikinen gaineko instalazioak.
1. Eguzki-panelak eraikinen estalki inklinatuetan paratu daitezke, honako baldintza hauek betez gero:
–Plakak planokideak izanen dira estalkiaren isurialdeekiko, argi-zuloen antzera edo "velux" motako estalkiko leihoen antzera. Oinplanoan, sortu behar dute forma erregularreko eremu bat, edo zenbait.
–Gutxienez metro bat banandu beharko dira mehelinetatik eta teilatu-hegalen ertzetatik, eta 0,50 metro, gutxienez, argi-zuloetatik, terrazetatik eta "velux" motako leihoetatik. Zenbait panel-eremu daudenean, elkarrengandik gutxienez 0,50 metro bananduta egon beharko dute.
–Instalazioaren elementu osagarriak, hala nola biltegiak, kontagailuak, inbertsoreak, koadro elektrikoak, kanalizazioak eta abar, ezin izanen dira agerian gelditu eraikinen estalkian edo fatxadetan.
2. Baldin eta estalki lauak edo zabaltzak badaude antolamenduz kanpo deklaraturik ez dauden eraikin batzuetan, baimendurik egonen da eguzki-panelak paratzea, honako baldintza hauek betez gero:
–Karelen atzeko aldean egon beharko dute panelek, eta gelditu beharko dute horien gehieneko garaieraren azpitik.
–Ez da baimenduko baldin eta karelak gardenak badira –baranda, sareta edo beira motakoak–, eta instalazioa bistan uzten badute, salbu, aldi berean, proposatzen badira neurri egokiak hura ikustea galarazteko.
3. Oro har, ezin izanen dira fatxadetan jarri. Oin berriko eraikinetan, AO.2 eta AO.2-U antolamendu-eremuetako lurzoruetan, proposatzen ahalko da eraikinetan eguzki-panelak jartzea konfigurazio edo kokapen bereziekin, ongi integraturik eraikin multzoaren arkitekturan. Proposamen horiek, baloratu ondoren, Udalak osoko bilkuran baimendu beharko ditu espresuki.
7. artikulua. Eraikin bati lotutako lurzoru libre pribatuaren gaineko instalazioak.
Baimentzen da eguzki-panelak jartzea lurzoru libre pribatuan, honako baldintza hauek betez gero:
–Instalatzen ahalko dira, bakar-bakarrik, eraikin kontsumitzailea lehendik badagoenean edo aldi berean eraikin horretarako obra-lizentzia ematen denean.
–Eraikuntzaren lerrokadurek mugatuko dute okupa daitekeen eremua, udal planak ezarritakoaren arabera. Instalazioak, euskarriak eta beste elementu batzuk barne, ezin izanen dira 2,00 metro baino altuagoak izan, lurretik neurtuta.
–Bisualki integratu beharko dira ingurunean. Baldintza hori betetzen ez bada, Udalak pantailak eratzeko eskatzen ahalko du (zuhaitzak, heskaiak edo bestelakoak).
III. KAPITULUA.– INSTALAZIOAK, INDUSTRIA/BILTEGI ERABILERAKO HIRI-LURZORUAN ETA LURZORU URBANIZAGARRIAN
8. artikulua. Eraikinen gaineko instalazioak.
6. artikuluko baldintza berberen arabera daude arautua.
9. artikulua. Eraikin bati lotutako lurzati libre pribatuaren gaineko instalazioak.
Baimentzen da eguzki-panelak jartzea lurzoru libre pribatuan, honako baldintza hauek betez gero:
–Instalatzen ahalko dira, bakar-bakarrik, eraikin kontsumitzailea lehendik badagoenean edo aldi berean eraikin horretarako obra-lizentzia ematen denean.
–Eremu librearen %50 okupatzen ahalko dute gehienez. –Bisualki integratu beharko dira ingurunean. Baldintza hori betetzen ez bada, Udalak pantailak eratzeko eskatzen ahalko du (zuhaitzak, heskaiak edo bestelakoak).
–Jartzen ahalko dira, orobat, ibilgailuen aparkalekua babesteko baimendutako teilape arinen gainean eta markesinen estalkiaren gainean, edo horien elementu gisa.
IV. KAPITULUA.– INSTALAZIOAK, ZUZKIDURA-ERABILERAKO HIRI-LURZORUAN ETA LURZORU URBANIZAGARRIAN ETA JABARI PUBLIKOKO LURZORUAN
10. artikulua. Eraikinen gaineko instalazioak.
6. artikuluko baldintza berberen arabera daude arautua.
11. artikulua. Zuzkidura-eraikin bati lotutako lurzati librearen gaineko instalazioak.
Baimentzen da eguzki-panelak jartzea lurzoru librean, honako baldintza hauek betez gero:
–Eremu librearen %50 okupatzen ahalko dute gehienez. –Bisualki integratu beharko dira ingurunean. Baldintza hori betetzen ez bada, Udalak pantailak eratzeko eskatzen ahalko du (zuhaitzak, heskaiak edo bestelakoak).
–Jartzen ahalko dira, orobat, ibilgailuen aparkalekua babesteko baimendutako teilape arinen gainean eta markesinen estalkiaren gainean, edo horien elementu gisa.
12. artikulua. Altzari eta ekipamendu publikoko elementuen gaineko instalazioak.
Baimentzen da eguzki-panelak jartzea ekipamendu publikoko elementuen gainean, hala nola aparkalekuen markesinak, portxeak, kioskoak, haurren jolastokiak, eta hiri-altzarietako elementuen gainean, hala nola farolak, informazio-zutabeak, pergolak, etab. Azalera estaliaren %100 okupatzen ahalko dute elementu bakartuak direnean, edo elementuaren estalkia bera eratzen ahalko dute.
Beste batzuei atxikitako eraikuntzak edo elementuak badira, panelak gutxienez 0,50 m bananduko dira.
V. KAPITULUA.–INSTALAZIOAK, LURZORU URBANIZAEZINEAN
13. artikulua. Aurretiazko baimenak.
1. Instalazioak ezartzea eguzki-energia aprobetxatzeko, lurzoru urbanizaezinean, eraikinen estalkietan ez beste batzuetan, bai eta instalazio horien sarbideak eta linea elektrikoak ere: hori berariaz arautua dago 64/2006 Foru Aginduan, zeina eman baitzuen Ingurumen, Lurralde Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak.
Ingurumen-eraginari buruzko txostena egin beharko da, jarraikiz 17/2020 Foru Legeari (Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen Foru Legea), salbu oinarrizko araudia aplikatuz ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa behar bada.
2. Eraikin berriei loturiko instalazioen kasuan, beharrezkoa izanen da ezartzekoa den eraikuntza-jarduera berriak arauzko baimena lortzea, Lurralde Antolamenduaren eta Hirigintzaren arloko departamentu eskudunak emana, hala dagokionean, lurzoru urbanizaezinean ezartzeko.
3. Lehendik badauden eraikinei lotutako instalazioen kasuan, horiek ezarri baldin baziren une hartan indarrean zen araudiaren arabera, baimendutzat joko da eguzki-panelen instalazioa, eta ez da beharrezkoa izanen aurretiazko baimenik izapidetzea.
14. artikulua. Eraikinen gaineko instalazioak.
1. Eguzki-panelak jartzen ahal dira eraikinen estalki inklinatuetan. Plakak planokideak izanen dira estalkiko isurialdeekiko, argi-zuloen antzera edo "velux" motako estalkiko leihoen antzera. Okupatutako eremua metro bat gutxienez bananduko da teilatu-hegaletatik.
2. Baldin eta estalki lauak edo zabaltzak badaude antolamenduz kanpo deklaraturik ez dauden eraikin batzuetan, panelek karelen atzeko aldean ezkutaturik gelditu beharko dute, horien gehieneko garaieraren azpitik. Baldintza hori betetzen ez bada, Udalak pantailak jartzeko eskatzen ahalko du.
3. Oro har, ezin izanen dira fatxadetan jarri. Salbuespenez, proposatzen ahalko da eraikinetan eguzki-panelak jartzea konfigurazio edo kokapen bereziekin, ongi integraturik eraikin multzoaren arkitekturan. Proposamen horiek, baloratu ondoren, Udalak osoko bilkuran baimendu beharko ditu espresuki.
4. Begi-inpaktua edo ingurumen-inpaktua izan daitekeen kasuetan, Udalak eskatzen ahalko du neurriak har daitezela eragin horiek minimizatzeko, edota, hirigintza araudiak neurri horiek onetsiko ez balitu, baimena ukatzen ahalko du.
VI. KAPITULUA.–IZAPIDETZEA
15. artikulua. Lizentzia eskatzea. Erantzukizunpeko adierazpena.
1. Ordenantza honetan arautzen den instalazio bat ezartzeko, handitzeko edo legeztatzeko, beharrezkoa izanen da obra-lizentzia eskatzea Udalari, edo, egoki denean, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztea; behar diren agiriak ere aurkeztuko dira horretarako.
2. Betiere, Udalaren obra-lizentzia beharko dute instalazioek, baldin eta aurretik behar badituzte beste erakunde publiko batzuen hirigintza-baimenak edo bestelakoak, aplikatu beharreko legediari jarraikiz.
Udal lizentzia eman aurretik, behar diren baimenak izapidetuko dira.
3. Teknikari eskudunak sinatutako proiektu teknikoa aurkeztu beharko da, baldin egin nahi badira hala behar duten obrak, jarraikiz indarrean den Eraikuntzaren Antolamenduari buruzko 38/1999 Legeari.
Gainerako kasuetan, memoria teknikoa aurkeztu beharko da. Memoria horretan agertu beharko dira instalazioaren ezaugarri zehatzak: kokapena eta antolaketa, dimentsioak eta hartutako azalera, elementuak, etab. Memoriak jasoko ditu horien deskribapen nahikoa, krokisak edo planoak eta aurrekontu xehatua.
4. Lizentziak, betiere, emanen dira jabetza eskubidea salbu utzirik eta hirugarrenen kalterik gabe. Eskatzailea izanen da obrek ekarritako kalte-galera eta ekintza juridiko guztien erantzule.
XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA
Indarrik gabe gelditzen dira Jaizko Udal Planeko ordenantzetan eguzki-energia biltzeko instalazioei edo eguzki-panelei buruz jasotzen diren xedapen guztiak, bereziki 59. artikulua ("Estalkiak").
Iragarkiaren kodea: L2313714