217. ALDIZKARIA - 2023ko urriaren 19a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BIURRUN-OLKOTZ

Deialdia, 2023an euskara ikasteko dirulaguntzak emateko. Laburpena

DDBN (Identifikazioa): 720289.

Argitara ematen da deialdiaren laburpena, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 17.3.b eta 20.8.a artikuluekin; haren testu osoa kontsulta daiteke Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean (https://www.infosubvenciones.es/bdnstrans/GE/eu/convocatoria/720289).

1. artikulua. Xedea.

Euskara ikasteko ikastaroak egiten dituzten pertsonei Udalak emanen dizkien dirulaguntzak arautzea. Dirulaguntzen xedea euskara bultzatzea da.

2. artikulua. Baldintzak.

Dirulaguntza horiek jasotzeko eskubidea izanen dute udalerri honetako 16 urtetik gorako bizilagunek, erroldatuta baldin badaude gutxienez ere eskaeraren data baino urtebete lehenagotik eta udal mugapeko kontzejuetako batean egiazki bizi baldin badira. Helduendako euskararen irakaskuntza sustatzen duten entitateek emandako ikastaroak egin behar dituzte. Matrikulatutako ikastaroan bertaratze kopuruak %80tik gorakoa izan beharko du. Eskatutako baldintza guztiak betetzen ez dituztenen eskaerak baloratzen ahalko ditu Udalak, ikastaroetako bat egiten baldin badute.

3. artikulua. Sartzen diren ikastaroak.

Dirulaguntzei dagokienez, lehentasuna emanen zaie euskara ikasteko ikastaro homologatu estentsiboei, trinkoei eta barnetegiei. Urteko aurrekontuak aukera ematen badu, bigarrenez, udako unibertsitateko euskarazko ikastaroak ere diruz laguntzen ahalko dira. Eskualdearen barruan ematen baldin badira ikastaro horiek, entitate sustatzaileek Udalaren berariazko dirulaguntza izanen dute, udalerriko bizilagunen gastuak ordaintzeko erabiliko baita.

4. artikulua. Laguntzen zenbatekoa.

Oro har, matrikularen kostu osoaren %50 izanen da, gehienez ere 250 euro pertsonako. Langabezian edo gizartean bazterturik geratzeko arriskuan egonez gero aurrekoa baino %20 gehiago jasotzen ahalko da, gehienez ere 300 euro pertsonako. Dirulaguntzen zenbateko osoa handiagoa bada Udalaren aurrekontuan deialdirako erreserbatutako diru kopurua baino, hainbanatu eginen da deialdi honetan ezarritako baldintzak bete eta dirulaguntzen onuradun direnen artean.

5. artikulua. Zerrendatik baztertzea.

Ez dira inola ere gastutzat hartuko garraioari eta materialari dagozkienak. Lehenago dirulaguntzarik jaso duten ikastaroak baino maila altuagoa ez duten ikastaroek ez dute dirulaguntzarik jasoko. Administrazio Publikoan lan egiten duten udalerriko bizilagunek, Administrazioko euskara ikasteko programetan parte hartzen badute, ezin izanen dute dirulaguntzarik jaso.

6. artikulua. Epeak.

Dirulaguntza eskatzen ahalko da aurreko urteko irailaren 1etik urteko abuztuaren 31ra bitarte egindako ikastaroetarako. Eskabideak Udal Erregistroan aurkeztuko dira, urteko abenduaren 31 arte, deialdi publikoaren ondoren. Epe hori luzaezina da, eta ez da eskaerarik onartuko epetik kanpo.

7. artikulua. Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Agiri guztiak jatorrizkoak izanen dira edo Udalak konpultsatuak. Eskatzaileen datuak tratatuko dira Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan xedatutakoaren arabera. Ikasleak honako hauek aurkeztu beharko ditu:

–Berariazko eskabidea.

–Nortasun agiriaren fotokopia.

–Ikastaroa antolatu duen entitatearen egiaztagiria. Horrek ikastaroaren ezaugarriak (iraupena, maila, ordu kopurua eta kostua) zehaztuko ditu eta matrikulan agertzen diren mailak ikasleak gainditu dituela egiaztatuko du.

–Matrikularen ordainagiria, matrikularen zenbateko osoa ordaindu dela egiaztatuko baitu.

–Dirulaguntza zer banku-libretatan jaso nahi den, libreta horrexen lehenbiziko orrialdearen fotokopia.

–Langabezian egonez gero, SEPEk (Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoa) emandako diru-sarreren ziurtagiria aurkeztu beharko da.

–Gizartean bazterturik geratzeko arriskuan egonez gero, errenta aitorpen negatiboa aurkeztu beharko da, baita Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen ziurtagiria ere.

Biurrunen, 2023ko urriaren 6an.–Alkatea, María Luisa Serrano Echaves.

Iragarkiaren kodea: L2314472