Iragarkia
217. ALDIZKARIA - 2023ko urriaren 19a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
IRUÑERRIKO MANKOMUNITATEA
Deialdia, hautaproben bidez eta oposizio-sistemaren bidez Aholkularitza Juridikoko lanpostuak betetzeko aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda bat osatzeko
2023ko urriaren 9an, Iruñerriko Mankomunitateko lehendakariak 456/2023 Ebazpena eman zuen. Hona hemen ebazpen horren testu osoa.
Iruñerriko Mankomunitatearen plantilla organikoak, Aholkularitza Juridikoaren barnean, lanpostu hauek hartzen ditu:
–Aholkularitza Juridikoko zuzendaritza.
–Aholkularitza Juridikoa Kontratazioa eta Kontrol Juridikoa.
–Aholkularitza Juridikoa Kontrol Juridikoa.
Egun, aldi baterako bete behar da "Aholkularitza Juridikoa Kontrol Juridikoko lanpostua", titularra Aholkularitza Juridikoko zuzendari-lanpostura atxikita baitago, azken lanpostu horren titularra zerbitzu berezien egoeran baitago.
Iruñerriko Mankomunitatearen Estatutuetako 20.9 artikuluaren arabera, lehendakariari dagokio langileak hautatzeko probetarako oinarriak onartzea.
Aurreko guztia aintzat hartuta,
EBATZI DUT
1.–Hautaproben bidez Zuzenbideko lizentziadunen edo gradudunen zerrenda bat eratzeko deialdia eta oinarriak onartzea, gero aldi baterako kontratatzeko, Iruñerriko Mankomunitateko Aholkularitza Juridikoko lanpostuak betetzeko xedearekin, bertan sortzen diren beharren arabera.
2.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Iruñerriko Mankomunitatearen egoitza elektronikoan argitaratzea agintzea.
3.–Ondokoa adieraztea: Toki Araubidearen Oinarriei buruzko 7/1985 Legearen 52.2 artikuluan ezarrita dagoenarekin bat, ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 333. artikuluan xedatutakoarekin bat, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Nafarroako Administrazioarekiko Auzitegiari zuzendua, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera, bi hilabeteko epean. Aldez aurretik berraztertzeko errekurtsoa aurkezteko aukera dago, Iruñerriko Mankomunitateko lehendakariari zuzendua, edo gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, bietan hilabeteko epean.
Iruñean, 2023ko urriaren 9an.–Lehendakaria, David Campión Ventura.
DEIALDIA, HAUTAPROBEN BIDEZ ETA OPOSIZIO-SISTEMAREN BIDEZ IRUÑERRIKO MANKOMUNITATEAN AHOLKULARITZA JURIDIKOKO LANPOSTUAK BETETZEKO ALDI BATERAKO KONTRATAZIORAKO IZANGAIEN ZERRENDA BAT OSATZEKO
Lehenengoa.–Deialdi honen xedea.
Hautaproben bidez eta oposizio-sistemaren bidez Mankomunitateko Aholkularitza Juridikoko lanpostuak betetzeko aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda bat eratzeko deialdiaren berri ematen da.
Proba horiek gainditzen dituzten pertsonak Aholkularitza Juridikoko lanpostuak betetzeko aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda batean sartuko dira, lortu duten puntu-kopuruaren ordena edo hurrenkeran, sortzen doazen beharren arabera.
Bigarrengoa.–Izangaien betekizunak.
2.1.–Betekizunak.
Deialdi honetan parte hartu nahi duten pertsonek eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean betekizun hauek bete beharko dituzte:
a) Espainiar nazionalitatea izatea, Europar Batasuneko kide den beste estatu batekoa edo, Europako Erkidegoak izenpetu eta Espainiak berretsitakoak izanik, langile-zirkulazio askea aurreikusten duten nazioarteko itunen aplikazio-esparruan dagoen estatu batekoa.
Parte har dezakete, era berean, espainiar nazionalitatea dutenen, Europar Batasuneko kide den beste estatu bateko nazionalitatea dutenen edo aipatutako nazioarteko tratatu edo itunen aplikazio-esparruan sartutako estatuetako nazionalitatea dutenen ezkontideek, zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bananduta ez badaude, hogeita bat urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.
Europako Erkidegoak izenpetu eta Espainiak berretsitakoak izanik, langile-zirkulazio askea aurreikusten duten nazioarteko itunen aplikazio-esparruan sartuta dauden pertsonek ere parte hartu ahal izango dute.
b) Hamasei urte beteta edukitzea, eta nahitaezko erretirorako gehieneko adina beteta ez edukitzea.
c) Zuzenbideko lizentzia edo gradua edukitzea, edo aurrekoetako baten baten baliokidetzat jotako titulua, edo titulua erdiesteko eskubideak ordaindu izanaren egiaztagiria izatea.
Atzerrian erdietsitako titulazioak badira, izangaiak homologazioaren egiaztagiria eduki beharko du.
Lehenago adierazi diren titulazioen baliokideak diren ikasketak alegatzen dituzten pertsonek baliokidetasun hori aitortzen den lege- edo araudi-xedapena aipatu beharko dute edo zentzu horretan Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioak jaulkitako ziurtagiria aurkeztu beharko dute.
d) Dagozkien eginkizunak betetzeko gaitasun fisikoa eta psikikoa edukitzea.
e) Eginkizun publikoetarako desgaitasun edo gabetasun egoeran ez egotea, eta administrazio publiko baten zerbitzutik bereizia ez izatea.
2.2.–Betekizunak egiaztatzea.
2.1 ataleko betekizunak agirien bidez frogatu beharko dituzte hautatzen diren eta kontratuko diren pertsonek, adierazten zaien unean eta kontratuak formalizatu baino lehen.
Nahiko justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, aipatutako agiri horiek aurkezten ez dituztenak ezin izango dira kontratatu, eta ordura arteko egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, beren eskabidearen faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzunbeharra galarazi gabe.
2.3.–Betekizunak betetzea.
Deialdi honetako 2.1 oinarrian jasotako betekizun guztiak, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denean bete behar izateaz gain, hautaketa-prozedura osoan, deia egiten den unean eta kontratazio-epeak irauten duen bitartean ere bete beharko dira.
Hirugarrengoa.–Eskabideak.
3.1.–Eskabideak aurkeztea.
Deialdian parte hartu ahal izateko eskabideak Iruñerriko Mankomunitatearen Erregistro Telematikoan aurkeztuko dira, helbide honetan: https://sedeelectronica.mcp.es/invesiteRE/action/acceso?organismo=ER1&tramite=TRAM_1
Deialdian parte hartzeko eskabideak deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu den egunaren ondorengotik zenbatzen hasita hamabost egun naturalen epearen barnean aurkeztu beharko dira. Eskabideak aurkezteko epe hori luzaezina izango da.
3.2.–Eskabideen eredua.
Eskabideak deialdi honen I. eranskineko eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean kaleratutako ereduari egokituko zaizkio. Eredu hori Iruñerriko Mankomunitatearen egoitza elektronikoko iragarki-taulatik behera kargatu ahal da (https://sedeelectronica.mcp.es/)
Eskabideaz gain, jarraian zehazten diren dokumentuak aurkeztu beharko dituzte eskatzaileek:
a) Nortasun Agiri Nazionalaren kopia edo eskatzailearen nortasuna eta nazionalitatea egiaztatzen duen dokumentu baliokidearena.
b) Langile-lanpostuen deialdi moduan, Iruñerriko Mankomunitateari 15 euro ordaindu izanaren agiria. IMren kontu hauetako batera transferentzia eginda ordaindu daiteke: ES 67 2100 9161 46 2200124523 edo ES 57 3008 0001 122448603924.
Ordainketaren frogagirian datu hauek agertuko dira nahitaez:
–Izangaiaren izen-abizenak.
–NANa/IFZ edo eskatzailearen nortasuna eta nazionalitatea egiaztatzen duen dokumentu baliokidea.
–Ordainketa zein kontutara egin den, haren zenbakia.
–Azalpena: Aholkularitza Juridikoko deialdia.
c) Aukerakoa: probak egokitzeko eskatzen bada, desgaitasunaren arrazoiak zehazten dituen agiria, eta bai eskatzen diren egokitzapenak eta alegatutako desgaitasuna egiaztatzen duten agiriak ere.
Parte hartzeko eskabidean, izangaiak adierazi beharko du eskabideak aurkezteko azken egunean eskatutako betekizun guztiak betetzen dituela.
3.3.–Desgaitasunen bat duten pertsonak.
100eko 33ko desgaitasuna edo handiagoa duten izangaiek parte-hartze eskabidean adierazi egin beharko dute eta harekin batera desgaitasun hori egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko dituzte, organo eskudunak jaulkitakoak.
Era berean, modua izango dute ariketak egiteko denboren eta baliabideen egokitzapenak eskatzeko. Kasu horretan, eskabidean adierazi egin beharko dute, eta, horrez gain, beste orri batean azaldu beharko dute zein egokitzapen eskatzen duten. Beste orri hori eskabidearekin batera aurkeztu beharko dute.
Laugarrengoa.–Izangaiak onartzea.
4.1.–Behin-behineko zerrendak.
Eskabideak aurkezteko epea amaitu eta gero, Iruñerriko Mankomunitatearen egoitza elektronikoko iragarki-taulan (https://sedeelectronica.mcp.es/) argitara emango da onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda duen ebazpena, Iruñerriko Mankomunitateko lehendakariak emana.
Ez badago izangai bazterturik, onartutakoen zerrenda zuzenean onartu eta behin betikotzat joko da.
Behin-behineko zerrenda argitaratu den egunaren hurrengotik zenbatzen hasita bost egun naturaleko epearen barnean, izangai baztertuek erreklamazioak egin edo eskabideko akatsak zuzendu ahal izango dituzte. Eskabideak aurkezteko 3.1 oinarrian adierazi den izapide elektroniko berberaren bidez egingo dute, hain zuzen ere.
4.2.–Behin betiko zerrendak.
Erreklamazioak aurkezteko epea igarota eta haiek ebatzi eta gero, Iruñerriko Mankomunitateko lehendakariak emandako ebazpenaren bidez, onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda onartuko da, eta Iruñerriko Mankomunitatearen egoitza elektronikoko iragarki-taulan (https://sedeelectronica.mcp.es/) emango da argitara. Horrez gain, deialdian aurreikusitako hautaproba egiteko eguna, ordua eta tokia jakinaraziko dira.
Onartutakoen zerrendan egoteak ez du esan nahi, inola ere, aitortzen denik izangaiek deialdian eskatzen diren betekizunak betetzen dituztela.
Aurkeztutako dokumentazioa edo Administrazioaren esku dagoena aztertuta ikusten bada izangairen batek ez daukala eskatzen diren betekizunetakoren bat, deialdian parte hartzetik erator litezkeen eskubide guztiak bertan behera geldituko dira.
Ez da azterketa egiteko eskubiderik itzuliko, baldin eta deialditik kanpo gelditzeko arrazoia izangaiari egotz badakioke.
4.3.–Jakinarazpenak
Onartutako eta baztertutako izangaien zerrendak argitaratzearekin interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela joko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluak xedatzen duenarekin bat etorriz.
Bosgarrengoa.–Kalifikazio-epaimahaia.
5.1.–Osaera.
Probetako epaimahaiko kideak pertsona hauek izango dira:
a) Epaimahaiburua: David Campión Ventura jauna. Iruñerriko Mankomunitateko lehendakaria.
Epaimahaiburu ordezkoa: Iruñerriko Mankomunitateko lehendakariordea.
b) 1. epaimahaikidea: Fernando Chueca Inchusta jauna. Iruñerriko Mankomunitateko Aholkularitza Juridikoko zuzendaria.
1. epaimahaikide ordezkoa: María Ángeles Agúndez Caminos andrea. Iruñerriko Mankomunitateko aholkulari juridikoa.
c) 2. epaimahaikidea: Naiara García Mir andrea. Iruñerriko Zerbitzuak SA sozietateko Aholkularitza Juridikoko zuzendaria.
2. epaimahaikide ordezkoa: Fermin Perez de Ciriza Villacampa jauna. Iruñerriko Zerbitzuak SA sozietateko Aholkularitza Juridikoko teknikaria.
d) 3. epaimahaikidea: María Moral Gurrea andrea. Iruñerriko Zerbitzuak SA sozietateko Aholkularitza Juridikoko teknikaria.
3. epaimahaikide ordezkoa: María del Carmen Clavijo Galera andrea. Iruñerriko Zerbitzuak SA sozietateko Bezeroen Kudeaketarako Arloko zuzendaria.
e) Epaimahaikide idazkaria: María Teresa Donazar Pascal andrea. Iruñerriko Mankomunitateko idazkari nagusia.
Epaimahaikide idazkari ordezkoa: Manuel Lumbreras Navas jauna. Iruñerriko Mankomunitateko kontu-hartzailea.
5.2.–Abstentzioa eta errekusazioa.
Epaimahaiko kideek ez dute parte hartuko, eta deialdia egin duen organoari jakinaraziko diote, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean parte ez hartzeko aipatzen diren egoeretakoren batean baldin badaude.
Era berean, izangaiek zilegi izango dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietakoren bat gertatzen bada.
Baldin eta legeak ezartzen dituen abstentziorako edo errekusaziorako arrazoiak gertatzen badira, eta epaimahaiaren osaera aldatzen bada, hori jendaurrean jakinaraziko da, onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrendarekin batera.
5.3.–Eratzea.
Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da.
Epaimahaia eratzeko akta edo agiria izangai onartuen eta baztertutakoen behin betiko zerrendarekin batera kaleratuko da Iruñerriko Mankomunitatearen egoitza elektronikoko iragarki-taulan (https://sedeelectronica.mcp.es/).
Halaber, eratutako epaimahaiaren osaeran gertatzen den edozein aldaketa Iruñerriko Mankomunitatearen egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuko da (https://sedeelectronica.mcp.es/).
Epaimahai kalifikatzailearen eraketak eta jardunak balioa izan dezaten, gutxienez kide guztien gehiengo osoa beharko da.
Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak bertan egon beharko dute, edo, hala behar izanez gero, haien ordezkoek, kontuan hartuta ordezko izan daitezkeela, baita ere, epaimahaikide ordezko gisara izendatutakoak, bigarren ordezpena egitea beharrezkoa izanez gero.
5.4.–Erabakiak hartzea.
Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdietako oinarriak interpretatzeak eta aplikatzeak sorrarazitako kontu guztiak.
5.5.–Kanpoko aholkulariak.
Epaimahaiak aukera izango du aholkulari adituak sartzeko hautaprobetarako. Dena den, aholkulari horiek beren espezialitate teknikoak gauzatzera mugatuko dira eta epaimahaiarekin lankidetzan ariko dira soil-soilik haietan oinarrituta.
Seigarrengoa.–Proba eta balorazioa.
6.1.–Proba eta balorazioa.
Hautaketa-prozesua proba teoriko baten bidez egingo da. Test erako 50 galdera erantzun beharko dira, eta galdera bakoitzak lau erantzun izango ditu aukeran, baina bakarra izango da zuzena. Deialdi honen II. eranskinean dauden gaiei buruzkoak izango dira, zehazki, eta deialdi hau onartzen den egunean indarrean dagoen legeriaren arabera exijituko dira.
Proba hau egiteko denbora maximoa epaimahaiak erabakitzen duena izango da, eta proban, gehienez ere, 50 puntu lortu ahal izango dira. Erantzun okerrek penalizazioa edo zigorra izango dute.
Zuzen erantzundako galdera bakoitzari puntu 1 emango zaio. Erantzun gabeko galderak, hau da, lau letrak zuri dituenak edo erantzun-aukera bat baino gehiago markatuta duenak, ez du baloraziorik izango. Eta oker erantzundako galdera 0,25 puntu kenduta zigortuko da.
Proba teoriko hau egiteko ez da inolako testurik erabili edo kontsultatu ahal izango, ez eta beste materialik ere, soil-soilik mutur lodiko bolaluma urdina edo beltza.
Gutxienez 15 puntu lortzen ez dituzten izangaiak baztertuta geldituko dira.
Behin proba eginda eta epaimahaiak zuzenduta, plikak jendaurrean irekitzeko deia egingo da eta probaren behin-behineko emaitzak argitaratuko dira Iruñerriko Mankomunitatearen egoitza elektronikoko iragarki-taulan (https://sedeelectronica.mcp.es/). Bost egun naturaleko epea zabalduko da, alegazioak egiteko lortutako emaitzei dagokienez.
Epe hori igaro eta gero, halakorik bada, aurkeztutako alegazioak ebatziko ditu epaimahaiak eta proba teorikoaren behin betiko emaitzak kaleratuko ditu Iruñerriko Mankomunitatearen egoitza elektronikoko iragarki-taulan (https://sedeelectronica.mcp.es/).
6.2.–Deialdia.
Probarako dei bakarra egingo da. Hartara Nortasun Agiri Nazionala, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiak nahikotzat jotzen duen beste nortasun-agiri bat aldean dutela agertu beharko dute parte-hartzaileek. Beren nortasuna frogatzen ez dutenak edo agertzen ez direnak baztertu egingo dira.
Proba teorikoa egiteko eguna eta tokia izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda kaleratzearekin batera jakinaraziko zaie izangaiei. Iruñerriko Mankomunitatearen egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuko da, hain zuzen (https://sedeelectronica.mcp.es/).
6.3.–Plikak.
Proba egitean plika itxien sistema erabiliko da.
6.4.–Desgaitasunen bat duten pertsonak.
Hautaproba egiteko, desgaitasun aitorturen bat dutenentzat bidezkoak diren denbora- eta baliabide-egokitzapenak jarriko dira, eskabidean azaldutakoaren arabera.
Zazpigarrengoa.–Gainditu dutenen zerrenda.
7.1.–Emaitzak.
Behin alegazioak egiteko epea igaro denean, eta ebatzita daudenean, kalifikazio-epaimahaiak azken kalifikazioa egiteari ekingo dio.
Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda, gutxienez, 15 puntu lortu dituzten pertsonek eratuko dute, puntuazio-ordenaren arabera.
7.2.–Berdinketa gertatzen bada.
Azken puntu-kopuruetan berdinketa gertatzen bada, zozketa bakar bat eginez ebatziko da. Zozketa hori jendaurrean egingo da, helburu horretarako ekitaldi batean.
Zozketa egingo den eguna eta tokia, eta haren emaitza, jendaurrean jarriko dira Iruñerriko Mankomunitatearen egoitza elektronikoko iragarki-taulan (https://sedeelectronica.mcp.es/).
7.3.–Iruñerriko Mankomunitateko lehendakariaren ebazpena
Epaimahaiak proba gainditu duten pertsonen zerrenda (puntu-kopuruaren araberako hurrenkera izango du) bidaliko dio Iruñerriko Mankomunitateko lehendakariari, hark onar dezan, eta bai espediente osoa ere.
Proba gainditu duten pertsonen zerrenda (puntu-kopuruaren araberako hurrenkera duena) onartuko duen ebazpena Iruñerriko Mankomunitatearen egoitza elektronikoko iragarki-taulan (https://sedeelectronica.mcp.es/) eta Iruñerriko Mankomunitateko Gardentasun Atarian emango da argitara (https://transparencia.mcp.es/).
7.4.–Indarraldia.
Deialdi honen babespean eratutako zerrenda, gehienez ere, bost urteko epean egongo da indarrean, proba gainditutako pertsonen zerrenda onartzen duen ebazpena argitara ematen den egunetik aurrera zenbatzen hasita.
Zerrenda indarrean dagoen bitartean lanpostu berbererako beste zerrenda batzuk egiten badira, Nafarroako Aldizkari Ofizialean kaleratutako hautaprobetarako deialdi publiko baten bidez, lehentasuna izango dute zerrenda berrienek, zaharrenen gainean.
Zortzigarrengoa.–Deiak.
8.1.–Kontsiderazio orokorrak
Iruñerriko Mankomunitatean sortzen diren beharren arabera deitu ahal izango zaie proba gainditu duten pertsonei.
Iruñerriko Mankomunitateak deitu egingo die hautatutako pertsonei eta aldi baterako kontratuko ditu, deialdi honetan eta abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan (Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onartzen duena) eta aplikatzekoa den gainerako araudian araututa dagoenaren babesaren pean, eta Gizarte Segurantzaren erregimen orokorrean emango da haien alta eta izena.
8.2.–Deia egiteko arau orokorrak:
Errazago aurkitu ahal izateko, izangaiek harremanetarako telefono bat jakinarazi beharko dute eta bai helbide elektroniko bat ere. Informazio horrek etengabe eguneratua egon beharko du.
Pertsonei deitzeko orduan, aurreko ataletan ezarritako lehentasun-irizpideak hartuko dira kontuan.
Oro har, telefonoz kontratu bat eskaintzeko, bi saiakera egingo dira pertsona bakoitzarekin, hark jakinarazitako telefono-zenbakia erabiliz, eta deiak bi eguneko epean banatuz. Lehen telefono-deia egiten den egunean, ez badu erantzuten, mezu elektronikoa bidaliko zaio.
Dei bakoitzaren oharra jasoko da, gorabeherak, eguna eta ordua aipaturik.
Izangai batekin harremanetan jarri eta kontratatzeko eskaintza eginez gero, ez badu erantzuten bi eguneko epean mezu elektronikoa bidali zaionetik, uko egiten diola ondorioztatuko da eta 8.3 atalean xedatutakoa aplikatuko zaio.
Izangai batekin harremanetan jartzerik ez bada, edo ez badio erantzuten bidalitako mezu elektronikoari, zerrendan hurrengoa denari deituko zaio, harik eta eskaintzen den lanpostua bete arte.
Abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan (Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onartzen duena) zazpigarren xedapen gehigarriko 4. atalak ezartzen duenaren arabera, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendetan, hiru lanpostutatik bat, lehenbizikoa, zerrenda horretan dauden eta 100eko 33ko desgaitasuna edo handiagoa duten izangaientzat erreserbatuko da, baldin eta hautaprobak gainditzen badituzte eta frogatzen badute desgaitasun hori bateragarria dela bete beharreko lanarekin eta eginkizunekin.
8.3.–Kontratazio-eskaintzari uko egitea.
Izangairen batek eskaini zaion lanpostuari uko egiten baldin badio, zerrendaren azken tokian geratuko da, ondoko egoera batean dagoela frogatu ezean:
a) Indarrean dagoen izendapen, kontratu administratibo edo lan-kontratu batengatik horretara behartua egotea.
b) Aldi baterako ezintasun-egoeran izatea, edo umea izan edo adoptatzeagatik lizentzia izatea. Arrazoi hori dela kausa kontratu bati uko egiten dioten izangaiak ez dira berriz deitzeko moduan egongo, harik eta behar bezala frogatu arte uko egitea justifikatu zuen egoera bukatu dela.
c) 6 urte baino gutxiagoko semea edo alaba, norberak izandakoa, harreran hartua edo adoptatua, zaindu beharrean egotea. Arrazoi hori dela kausa kontratu bati uko egiten dioten izangaiak ez dira berriz deitzeko moduan egongo, harik eta kontratuari uko egin zioten egunetik gutxienez hilabete bat igaro arte, salbu eta hura eragin zuen arrazoia lehenago desagertzen bada.
d) Zaindu behar badu bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, adina, istripua edo eritasuna dela-eta bere burua gobernatu ezin duena. Arrazoi hori dela kausa kontratu bati uko egiten dioten izangaiak ez dira berriz deitzeko moduan egongo, harik eta kontratuari uko egin zioten egunetik gutxienez hilabete bat igaro arte, salbu eta hura eragin zuen arrazoia lehenago desagertzen bada.
e) Izangaia ezkondu berria edo, Bikote Egonkorrentzako Berdintasun Juridikoari buruzko uztailaren 3ko 6/2000 Legearen arabera, parekatutako egoeran sartu berria izatea, eskainitako kontratuaren hasiera-eguna bikotea eratu ondoko edo eratu aurreko hamabost egun naturaletan bada.
Aurreko idatz-zatian jasotako kasuetan, izangaiek zerbitzua emateko moduan daudela jakinarazi beharko dute. Jakinarazpen hori egin bitarte, izangaiak ez dira deitzeko moduan izango, eta ez zaie inolako lanposturik eskainiko sartuta dauden zerrendetatik.
8.3 atal honetan adierazitako egoeretako batean dauden izangaiek 15 egun naturaleko epea izango dute, uko egiten dioten lanpostua eskaintzen zaien egunetik, agiri bidez eta behar bezala justifikatzeko. Hala eginez gero, lanpostuari uko egin ziotenean zerrendan zuten toki berean jarraituko dute. Ez badute hala egiten, zerrendatik baztertzeko 8.4.a) ataleko arrazoia izango da aplikatzekoa.
8.4.–Zerrendetatik baztertzea.
Zerrendatik baztertuko dira ondoko egoera hauetako batean dauden izangaiak:
a) Eskainitako lanpostuari arrazoirik gabe uko egitea.
b) Dei egin eta lanpostua onartu ondotik, kontratua ez sinatzea, izangaiari egotzi beharreko arrazoiengatik.
c) Sinatutako kontratuari uko egitea, Administrazio Publikoan edo enpresa pribatuan sartzeagatik egiten bada izan ezik.
d) Kontratua amaitzea, diziplinazko arau-hauste batengatik.
e) Kontratua amaitzea gerora sortutako arrazoiak direla kausa, hain zuzen, kontratatzen den langilea lanpostuan aritzeko gaitasun edo egokitzapen faltagatik, horrek lanpostuak dituen eginkizunak eraginkortasunez betetzea galarazten duen errendimendu eskasa badakar.
Bederatzigarrengoa.–Errekurtsoak.
9.1.–Epaimahaiaren egintzen aurka.
Epaimahaitik eratorritako egintzen eta ebazpenen kontra, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango da, Iruñerriko Mankomunitateko lehendakariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoa jarritako egintza edo akordioa jakinarazi edo argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
9.2.–Beste egintza batzuen aurka.
Deialdiaren, oinarrien eta oinarri horiek aplikatzetik eratortzen diren egintzen aurka (ez, ordea, epaimahaitik eratorritakoen kontra), errekurtso hauetako bat aurkeztu ahal izango da aukeran:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, Iruñerriko Mankomunitateko lehendakariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoa jarritako egintza edo akordioa jakinarazi edo argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoa jarritako egintza edo akordioa jakinarazi edo argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoa jarritako egintza edo akordioa jakinarazi edo argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
I. ERANSKINA.–ESKABIDEA
DEIALDIA, HAUTAPROBEN BIDEZ ETA OPOSIZIO-SISTEMAREN BIDEZ IRUÑERRIKO MANKOMUNITATEAN AHOLKULARITZA JURIDIKOKO LANPOSTUAK BETETZEKO ALDI BATERAKO KONTRATAZIORAKO IZANGAIEN ZERRENDA BAT OSATZEKO
2023/PCD-GEN-MCP/000307 espedientea |
Datu pertsonalak.
Izen-abizenak | ||||||||||
NANa | Nazionalitatea | Jaioteguna | ||||||||
Helbidea (kalea, zk., atea, etab.) | ||||||||||
Herria | ||||||||||
Posta-kodea | Probintzia | |||||||||
Telefonoak (gehienez, 2) | ||||||||||
Helbide elektronikoa | ||||||||||
ADIERAZTEN DU:
Iruñerriko Mankomunitatean Aholkularitza Juridikoko lanpostuan aritzeko, aldi batean, izangaien zerrenda eratzeko hautaprobetan onartua izatea eskatzen duela. |
Era berean, ADIERAZTEN DU:
Deialdian eskatzen diren titulazioen jabe dela eta eskatutako betekizun guztiak eta bakoitza betetzen dituela eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean. Lanpostuari dagozkion eginkizunak bete ahal izateko beharrezkoa den gaitasun fisikoa eta psikikoa duela. Ez dagoela eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitu edo gabetua, ezta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ere. |
Desgaitasuna egiaztatzea (bidezkoa bada, bakarrik).
[ ] | Desgaitasuna duela, eskabidearekin batera frogatzen duena. |
[ ] | Bere desgaitasuna dela-eta, adierazi diren arrazoiengatik atxikitzen den egokitzapena eskatzen duela. (Beste orri batean, desgaitasunaren arrazoiak eta eskatzen diren egokitzapenak zehaztuko dira). |
Aurkeztutako dokumentuak.
[ ] | Nortasun Agiri Nazionalaren kopia edo eskatzailearen nazionalitatea eta nortasuna egiaztatzen duen agiri baliokidearena. |
[ ] | Langile-lanpostuen deialdi moduan, Iruñerriko Mankomunitateari 15 euro ordaindu izanaren agiria. |
Datuen babesa:
Arduraduna: Iruñerriko Mankomunitatea da deialdi hau kudeatzeko xedearekin erabiliko diren datu pertsonalak tratatzearen arduraduna.
Oinarri juridikoa: 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onartzen duena.
Datuak gordetzeko denbora: Adierazitako helburua betetzeko beharrezkoa den denboran gordeko dira datuak, eta Mankomunitateak tratamendutik eratorritako erantzukizunak izan ditzakeen bitartean edukiko dira. Era berean, artxiboei eta dokumentuei buruzko apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legean ezarrita dauden gordetze-arauak bete behar dira.
Hartzaileak: Legeak hala ezarri edo agintzen duen kasuetan lagako dira datuak. Indarrean dagoen legeria betetze aldera, epaileei eta auzitegiei laga ahal izango zaizkie datuak, eta Mankomunitatearen egoitza elektronikoan kaleratuko dira, deialdian adierazten den moduan.
Eskubideak: Datuak eskuratu, zuzendu eta ezabatzeko eskubidea duzu, eta bai beste eskubide batzuk ere, informazio gehigarrian azaltzen den moduan. Eskubide horiek helbide hauetan gauzatu ditzakezu: Mankomunitateko Erregistro Orokorra (Chinchilla Jeneralaren kalea, 7, Iruña); mcp@mcp.es. Era berean, interesa duten pertsonek erreklamazio bat egin dezakete Datuak Babesteko Espainiako Agentzian idatzi bat aurkeztuta, edo Madrilgo Jorge Juan kalearen 6.era bidalita (28001), edo egoitza elektronikoan eginda (www.agpd.es).
Informazio gehigarria: Datuen babesari buruzko informazio gehigarria eta zehatza Mankomunitatean bertan kontsultatu daiteke (bertan kopia bat emango dizute), eta bai gure webgunean ere: www.mcp.es.
Sinadura elektronikoa |
Iruñerriko Mankomunitateko lehendakaria.
Chinchilla Jeneralaren kalea, 7, 31002 Iruña.
II. ERANSKINA.–GAIAK
1.–Estatuko araudia.
1. gaia.–1978ko Espainiako Konstituzioa.
2. gaia.–Abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoa, Nafarroako Foru Araubidea Berrezarri eta Hobetzekoa.
3. gaia.–Urriaren 1eko 39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena.
4. gaia.–Urriaren 1eko 40/2015 Legea, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena. Atariko titulua.
5. gaia.–Apirilaren 2ko 7/1985 Legea, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena.
6. gaia.–Abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.
7. gaia.–Azaroaren 17ko 38/2003 Legea, Dirulaguntzei buruzko lege orokorra.
2.–Foru Komunitateko araudia.
8. gaia.–Uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa.
9. gaia.–Urriaren 18ko 279/1990 Foru Dekretua, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea, Nafarroako toki-entitateen egintza eta erabakien inpugnazioari dagokionean, garatzen duen arautegia onartzen duena.
10. gaia.–Urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretua, Nafarroako toki-entitateen ondasunen arautegia onesten duena.
11. gaia.–Maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legea, Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzkoa.
12. gaia.–Apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legea, Kontratu Publikoei buruzkoa.
13. gaia.–Martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa.
14. gaia.–Uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretua, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duena.
3.–Iruñerriko Mankomunitateko araudi orokorra.
15. gaia.–Iruñerriko Mankomunitatearen Estatutuak.
16. gaia.–Iruñerriko Mankomunitatearen eta Iruñerriko Zerbitzuak SA sozietatearen arteko harremanen erregelamendua.
17. gaia.–Iruñerriko Mankomunitatean euskararen erregimena arautzen duen ordenantza.
18. gaia.–Iruñerriko Zerbitzuak SA sozietatearen Estatutuak.
4.–Uraren Ziklo Integrala.
19. gaia.–Abenduaren 29ko 10/1988 Foru Legea, Nafarroako Hondakin Uren Saneamenduari buruzkoa.
20. gaia.–Iruñerriko Mankomunitatean Uraren Ziklo Integrala arautzen duen ordenantza.
21. gaia.–Ur-hornidura, estolderia eta saneamendua, arazketa eta Uraren Ziklo Integralari dagozkion beste jarduketa eta zerbitzuak emateagatiko tributu-izaera ez duten ondare-prestazio publikoak arautzeko ordenantza, 2023.
5.–Hiri-hondakinak.
22. gaia.–Apirilaren 8ko 7/2022 Legea, Ekonomia Zirkular Baterako Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzkoa.
23. gaia.–Ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legea, Hondakinen eta haien Fiskalitateari buruzkoa.
24. gaia.–Iruñerriko Mankomunitatearen hiri-hondakinen kudeaketa arautzen duen ordenantza.
25. gaia.–Hiri-hondakinen kudeaketa-zerbitzuak emateagatiko tributu-izaera ez duten ondare-prestazio publikoak arautzeko ordenantza, 2023.
6.–Eskualdeko Hiri Garraioa.
26. gaia.–Ekainaren 1eko 7/1998 Foru Legea, Errepideko Hiriko Garraio Publikoa arautzen duena.
27. gaia.–Ekainaren 1eko 8/1998 Foru Legea, Iruñerriko bidaiari-garraio erregularrari buruzkoa.
28. gaia.–Iruñerrian hiri-garraioaren zerbitzu publikoa arautzen duen ordenantza.
29. gaia.–Eskualdeko Hiri Garraioaren zerbitzua emateagatiko tributu-izaera ez duten ondare-prestazio publikoak arautzen dituen ordenantza, 2023.
7.–Taxia.
30. gaia.–9/2005 Foru Legea, Taxiari buruzkoa.
31. gaia.–Iruñerrian taxi-zerbitzua batera emateko lurralde-eremuko taxi-zerbitzua arautzen duen ordenantza.
32. gaia.–Iruñerrian taxi-zerbitzua batera emateko lurralde-eremuko taxi-zerbitzurako dirulaguntzak arautzen dituen ordenantza.
8.–Ibai Parkea.
33. gaia.–Iruñerriko Ibai Parkearen erabilera arautzen duen ordenantza.
9.–Egoitza elektronikoa.
34. gaia.–Iruñerriko Mankomunitatearen Administrazio Elektronikoaren Ordenantza.
Oharrak:
1.–Deialdia onartzeko egunean indarrean dagoen legeriaren arabera exijituko dira gai guztiak.
2.–Iruñerriko Mankomunitatearen araudia egoitza elektronikoan kontsultatu ahal da (https://sedeelectronica.mcp.es/).
Iragarkiaren kodea: L2314626
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
