217. ALDIZKARIA - 2023ko urriaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

359E/2023 EBAZPENA, urriaren 3koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez ukatzen baita Carcarko udal mugartean hondakinak kudeatzeko instalazio batentzako ingurumen baimen bateratua. Instalazioaren titularra Rinacón Gestión SL da.

Proiektatutako jarduera hori Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 1. eranskineko 5.1 taldean jasota dago, eta, beraz, ingurumen baimen bateratuaren araubidearen menpe.

Espedientea tramitatu da bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren II. tituluko I. kapituluan eta 24. artikuluan xedatutakoarekin (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2002 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen), eta prozeduran sartu dira Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 21eko 21/2013 Legean ezarrita dauden ingurumen ebaluazioaren arloko jarduketak.

2022-04-01eko eskabide baten bidez, Carcarko Udalak 2022/03/31ko Alkatetzaren 2022/81 Ebazpena igorri zion Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari, non 17/2020 Foru Legea garatzen duen erregelamendu horren 15. artikuluan aurreikusitako hirigintza-bateragarritasunari buruzko txostena ematen zen, bai eta aurkeztutako proiektuaren aurkako txostena ere, ez zelako bateragarria hirigintza-plangintzarekin, ezta 1. poligonoko 10. lurzatiari aplikatu beharreko lege- eta arau-esparruarekin ere. Hortaz, Rinacón Gestión SL enpresak eskatutako ingurumen ebazpen bateratua ukatzeko eskatu zuen. Ebazpen honi erantsita doa hirigintza-bateragarritasunari buruzko txosten horren kopia.

17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 15. artikuluak (Udalaren hirigintza-txostena) ezartzen duenez, hirigintza-txostena negatiboa bada, noiz egin den alde batera utzita, baina betiere ingurumen baimena eman aurretik aurkeztu bada, baimen hori emateko eskumena duen organoak prozedurari bukaera emateko ebazpen arrazoitua emanen du eta jarduketak artxibatuko ditu.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiak azaroaren 8an emandako 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.–Ukatzea Carcarko udal mugartean hondakinak kudeatzeko instalazio batentzako ingurumen baimen bateratua, bat etorriz Carcarko Udalak hirigintza-bateragarritasunari buruz emandako txostenean adierazitakoarekin eta martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren 15. artikuluan ezarritakoarekin (foru dekretu horren bidez, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zen). Instalazioaren titularra Rinacón Gestión SL da.

Bigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hirugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute haren kontra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Laugarrena.–Ebazpen hau Rinacón Gestión SLri eta Carcarko Udalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2023ko urriaren 3an.–Klima Aldaketaren Ataleko burua, Javier Vera Janín, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren ordez, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren 291E/2019 Ebazpenean xedatutakoari jarraikiz.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/

Iragarkiaren kodea: F2314258