217. ALDIZKARIA - 2023ko urriaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

5E/2023 FORU AGINDUA, irailaren 18koa, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitateko Gazteriaren Erakunde arteko Kontseilua sortzen eta arautzen duena.

ATARIKOA

Espainiako Konstituzioaren 48. artikuluak botere publikoei manatzen die susta dezatela gazteriak parte-hartze libre eta eraginkorra izatea garapen politiko, sozial, ekonomiko eta kulturalean. Bere aldetik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 44.18 artikuluak gazteentzako politikaren arloko eskumen esklusiboak ematen dizkio Nafarroako Foru Komunitateari.

Eskumen horren babesean hainbat arau onetsi dira, eta haien artean, Gazteriari buruzko apirilaren 1eko 11/2011 Foru Legea nabarmentzen da. Foru lege horren xedea da gazteriaren arloko politika berariazkoa arautzea, bai eta zeharkako politika bat ere, Nafarroako gazteria hartzaile izanen duena. Zeharkako ikuspegi horrek barne hartzen du Nafarroako Gazteriaren Institutuaren programa eta ekintzetan hainbat esparrutako arau-gidalerroak hartzea, hala nola berdintasunarena, hezkuntza ez-formalarena edo herritarren parte-hartzearena.

Hala, Nafarroako Gazteriaren Institutuaren Estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 327/2019 Foru Dekretuak organismo autonomoari adjudikatzen dizkio gazte-politika publikoak planifikatzeko, sustatzeko eta ebaluatzeko eskumenak, ikuspegi bikoitzetik: ekintza espezifikoak garatzea eta zeharkakotasunaren printzipioa aplikatzea gazteriaren arloan.

Gazteriari buruzko politiken zeharkakotasuna baldintza ezinbestekotzat jotzen da politikok benetan eraginkorrak izan daitezen. Praktikan jartzeko beharrezkoa da Nafarroako administrazio guztien lankidetza, bai eta, aldez edo moldez, gazteriaren gainean eragina duten entitate guztiena ere, diseinatzen eta martxan jartzen diren politiketan gazteriaren arloa kontuan hartuta izan dadin.

Horri dagokionez, Gazteriari buruzko apirilaren 1eko 11/2011 Legearen 6.3 artikuluak ezartzen du gazteriaren arloan eskumenak dituen departamentuak sortzen ahalko duela Gazteriaren Erakunde arteko Kontseilua, Nafarroako gazte-politika integralaren arloko kontsulta eta aholkularitza organo gisa, eta halaber, haren funtzioak erregelamendu bidez ezartzen ahal dituela, baita osaera eta funtzionatzeko arauak ere.

Gainera, Nafarroako Gobernuak herritarren parte-hartzea sustatzeko xedea du, eskubide eta betebeharren jabe diren aldetik, eta bideak erraztu nahi ditu gazteek eremu publikoan eta erabakiak hartzeko beste gune batzuetan parte har dezaten. Horregatik, 2020-2023 aldirako Gazteen Foru Estrategian ezarritakoarekin bat, non parte-hartzea bultzatu behar den zeharkako ardatz bat baita, Nafarroako Gazteriaren Institutuak Gazteriaren Erakunde arteko Kontseiluaren eraketa eta kudeaketa martxan jartzen du.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak eta Gazteriari buruzko apirilaren 1eko 11/2011 Foru Legearen azken xedapenetako lehenak eman dizkidaten ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. artikulua. Xedea.

Foru agindu honen helburua da Nafarroako Foru Komunitateko Gazteriaren Erakunde arteko Kontseilua sortzea, eta haren funtzioak, osaera eta funtzionamendu arauak arautzea.

2. artikulua. Izaera juridikoa.

1. Gazteriaren Erakunde arteko Kontseilua aholkularitzarako organo kolegiatua da, eta Nafarroako gazteriaren arloko politika integralaren aholkularitzaz arduratzen da.

2. Gazteriaren Erakunde arteko Kontseiluaren helburua da Foru Komunitatean gazteriari buruzko politiken arloan diharduten eragileen aholkularitza biltzea, gazteen errealitatearekin lankidetzan aritzeko bide bat emanez.

3. artikulua. Atxikipena.

Gazteriaren Erakunde arteko Kontseilua Nafarroako Gazteriaren Institutuari atxikia dago, baina ez da txertatzen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren egitura organikoan.

4. artikulua. Araubide juridikoa.

Gazteriaren Erakunde arteko Kontseiluak Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen II. kapituluko 3. ataleko 1. azpiatalean organo kolegiatuei buruz xedatutakoari jarraituko dio, eta, halaber, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen II. tituluko IV. kapituluan, foru agindu honetan eta, hala badagokio, bere barne funtzionamenduko erregelamenduan xedatutakoari.

5. artikulua. Eginkizunak.

Gazteriaren Erakunde arteko Kontseiluaren eginkizunak honako hauek dira:

a) Gazteriari buruzko apirilaren 1eko 11/2011 Foru Legean dauden gazteriaren arloko politikak garatzeko lan-ildoak proposatzea, bai eta gazteriaren erronkei eta aukerei aurre egiteko lehentasunak ere.

b) Nafarroako Foru Komunitateko administrazioek eta beste entitate batzuek berariaz gazteei eragiten dizkieten gaietan egiten dituzten jarduketak ezagutzea.

c) Gazteriaren Foru Estrategiaren jarraipena egitea, bai eta Nafarroako Gobernuak gazteriaren arloan abian jartzen dituen jarduera-planena ere, eta horiek gauzatzeko proposamenak egitea.

d) Gazteriari loturiko aferetan Nafarroako Gobernuak eskatzen dizkion gaiei buruzko iritzia ematea.

e) Adjudikatzen edo agintzen zaion beste edozein eginkizun, indarra duen antolamendu juridikoarekin bat.

6. artikulua. Osaera.

Gazteriaren Erakunde arteko Kontseilua honako kide hauek osatuko dute:

1. Kontseiluko burua: Nafarroako Gazteriaren Institutuko kudeaketako zuzendaria.

2. Kontseiluko buruorde: Gazteriako zuzendariordea.

3. Idazkaria: Nafarroako Gazteriaren Institutuko Zeharkako Ekintzen eta Gazteriaren Behatokiaren Ataleko burua.

4. Batzordekideak:

a) Bi gazte, Nafarroako Gazteriaren Institutuaren Gazteen Entitateen Erroldan inskribatutako gazteen entitateak ordezkatzeko.

b) Hiru gazte, Nafarroako Foru Komunitatean ofizialki eratu diren tokiko gazteen mahaiak ordezkatzeko.

c) Hiru gazte, Nafarroan dauden unibertsitateetako ikasleen ordezkaritza-organo bakoitza ordezkatzeko.

d) Bi gazte, Gazteentzako Informazioaren Berriemaileen Programan parte hartzen dutenak.

e) Gazte bat, Nafarroako Gazte Kontseilua ordezkatzeko.

f) Pertsona bat, Nafarroako Gazteriaren Institutuak aitortzen dituen aisialdiko hezkuntza eskolak ordezkatzeko.

g) Pertsona bat, Nafarroako Foru Komunitateko Gazteentzako Informazio Zerbitzuen Sarearen Koordinazio Batzordea ordezkatzeko.

h) Nafarroako Foru Komunitatean ordezkari gehien dituzten lau sindikatuen gazte bana, sindikatuak ordezkatzeko.

i) Gazte bat, Nafarroako Enpresaburu Gazteen Elkartea ordezkatzeko.

j) Gazte bana, Nafarroako Parlamentuan ordezkaritza duten parlamentuko talde bakoitza ordezkatzeko.

k) Gazte bat, feminismoaren alorrean ari diren entitateak ordezkatzeko.

l) Bi gazte, dibertsitate funtzionala duten pertsonak ordezkatzeko, Nafarroan Desgaitasuna duten Pertsonen Batzordeak proposatuta.

m) Bi gazte, Nafarroan erregistratutako aniztasun etnikoko elkarteak ordezkatzeko.

n) Gazte bat, Nafarroako sexu eta genero aniztasunaren kolektiboak ordezkatzeko.

o) Hiru gazte, Nafarroan bizi direnak eta kontseilu honetan parte hartzeko interesa dutenak.

Gazteriaren Erakunde arteko Kontseilua osatzen duten kideak Nafarroako Gazteriaren Institutuko kudeaketako zuzendaritzaren ebazpenaren bidez izendatuko dira.

Izendatzen direnean, gizonen eta emakumeen arteko kopurua orekatua izan dadin zainduko da, eta helburu gisa ezarri da sexu bereko kideen ehunekoa ez dadila izan ehuneko hirurogei baino handiagoa, berdintasunaren alorreko indarreko araudiak ezarritakoarekin bat.

Kontseiluko kideak, kanpoan edo eri daudenean edo justifikatzen diren gainerako kasuetan, indarreko araudiari jarraikiz dagokion pertsonak ordezkatuko ditu.

7. artikulua. Kontseiluko burua.

Kontseiluko buruak eginkizun hauek ditu:

a) Kontseiluaren ordezkari izatea.

b) Kontseiluko bileren deialdia egitea eta gai-zerrenda finkatzea.

c) Batzordeko bileren buru izatea, eztabaida zuzentzea eta ordena mantentzea.

d) Bere kalitateko botoarekin berdinketak desegitea, erabakiak hartu ahal izateko.

e) Organoak hartzen dituen erabakien aktak eta ziurtagiriak ikus-onestea.

f) Karguari berez dagozkion gainerako eginkizunak gauzatzea.

Postua hutsik dagoenean, kontseiluko burua kanpoan edo eri dagoenean edo justifikatutako gainerako kasuetan, haren ordez kontseiluko buruordea arituko da.

8. artikulua. Idazkaritza.

Kontseiluko idazkariaren eginkizunak honako hauek dira:

a) Bileretan parte hartzea, hizpidea duela baina botorik ez.

b) Kontseiluaren bilkuretarako deia egitea, lehendakariak hala aginduta, eta kideentzako zitazioak egitea.

c) Kideak eta Kontseilua elkarrekin komunikatzeko egintzak jasotzea, hau da, jakinarazpenak, datu eskaerak, zuzenketak edo haren ezagutza behar duten bertzelako idazki guztiak.

d) Gaiak ebazteko bidea prestatzea eta osoko bilkuretako aktak egitea.

e) Onetsi diren kontsulta, irizpen eta erabakien ziurtagiriak ematea.

f) Osatzen diren berariazko batzordeen eginkizunak koordinatzea.

g) Kontseiluaren erabakiak betetzea.

h) Karguari berez dagozkion gainerako eginkizunak gauzatzea.

9. artikulua. Kontseiluko kideak.

Kontseiluko kideei dagokie:

a) Bileren deialdia eta gai-zerrenda behar besteko aurrerapenarekin jasotzea.

b) Bilkuretako eztabaidetan parte hartzea.

c) Boto eskubidea erabiltzea eta boto partikularra ematea, bai eta botoaren zentzua eta haren arrazoiak azaltzea ere.

d) Eskaerak eta galderak egitea.

e) Behar besteko aurrerapenaz lortzea adjudikatutako eginkizunak betetzeko behar den informazioa, gai-zerrendako gaiei dagokiena barne.

f) Karguari berez dagozkion gainerako eginkizunak gauzatzea.

10. artikulua. Funtzionamendua.

Nafarroako Foru Komunitateko Gazteriaren Erakunde arteko Kontseiluaren funtzionamendurako organoak honako hauek dira:

a) Osoko Bilkura.

b) Berariazko batzordeak.

11. artikulua. Osoko Bilkura.

1. Kontseiluaren Osoko Bilkurak, gutxienez, urtean behin eginen du ohiko bilkura, eta bilkura berezia, berriz, batzordeburuak erabakita idazkariak horretarako deialdia egiten duenean. Bilerak egiteko tokia txandakatzen ahal da.

2. Osoko Bilkuretarako deialdiak, ohikoak zein bereziak, gutxienez 5 egun lehenago eginen dira. Deialdiarekin batera gai-zerrenda eta aztertu beharreko gaiak behar bezala kudeatzeko beharrezkotzat jotzen diren agiriak aurkeztuko dira.

3. Kontseiluaren bilkuretako eguneko gai-zerrendan landu beharreko gaiak sartzeko, kideen herenaren proposamena beharko da gutxienez. Gaiak sartzeko eskaera idazkaritzara zuzendu beharko da.

4. Gazteriaren Erakunde arteko Kontseiluaren Osoko Bilkura balio osoz eratzeko, hau da, bilkurak egiteko, eztabaidatzeko eta erabakiak hartzeko, beharrezkoa izanen da kontseiluko burua eta idazkaria (edo haien ordezkoak) bertan egotea, eta lehenengo deialdian kideen erdiak, gutxienez, edo kideen herenak, bigarren deialdian.

5. Osoko bilkurara agertzen ahalko dira landu behar diren gaietan lanbide gaitasun ezaguna duten pertsonak ere, kontseiluko buruak gonbidatuak. Hizpidea izanen dute, baina botorik ez.

6. Ezin eztabaidatu edo erabakiko da gai-zerrendan sartua ez dagoen deus, salbu, kontseiluko kide guztiak bildurik daudela, gaia presazko deklaratzen bada gehiengoak horren aldeko botoa emanda.

7. Erabakiak botoen gehiengoaren bidez hartuko dira. Berdinketarik badago, batzordeburuak kalitateko botoa izanen du.

12. artikulua. Berariazko batzordeak.

1. Osoko Bilkurak berariazko batzordeak eratzea erabaki dezake, Osoko Bilkurak berak aginduko dizkien gaien gaineko azterlanak edo txostenak prestatzeko.

2. Eratzeko akordioan haren eginkizunak, osaera, funtzionamendua eta iraunaldia zehaztuko dira.

3. Batzordeen lana txosten batekin bukatuko da. Bertan, jarduteko proposamenak jasoko dira, eta Osoko Bilkurara igorriko da, hartan eztabaidatu eta bozkatzeko.

13. artikulua. Agintaldia.

1. Kontseiluaren osaera legegintzaldi bakoitzaren hasieran berritu beharko da.

2. Kontseiluan posturen bat dutenek kargua utziko dute kasu hauetan:

a) Heriotza edo sortutako desgaitasuna.

b) Ordezkatzen duten erakundeak eta entitateak hala proposatzeagatik.

c) Uko egitea eta kontseiluko buruak onartzea.

d) Elkarren segidako bi bileratan parte hartzen ez dutenean edo karguari dagozkion eginkizunak betetzen ez dituztenean.

14. artikulua. Giza baliabideak eta baliabide materialak.

Nafarroako Gazteriaren Institutuak beharrezko giza baliabideak eta baliabide materialak emanen dizkio Gazteriaren Erakunde arteko Kontseiluari haren eginkizunak betetzeko, gastu publikoa handitu gabe.

15. artikulua. Ordainsariak.

Kontseiluko kideek ematen dituzten zerbitzuak doakoak izanen dira, eta, beraz, ez dute dietarik edo bestelako ordainsaririk jasoko Nafarroako Foru Komunitateko Gazteriaren Erakunde arteko Kontseiluaren kontura.

Azken xedapenetako lehena.–Garatzeko eta aplikatzeko gaikuntza.

Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari-kudeatzaileari gaikuntza ematen zaio foru agindu hau garatu eta aplikatzeko behar diren egintza guztiak emateko.

Azken xedapenetako bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2023ko irailaren 18an.–Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilaria, Begoña Alfaro García.

Iragarkiaren kodea: F2313726