215. ALDIZKARIA - 2023ko urriaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

6E/2023 FORU AGINDUA, irailaren 22koa, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilariak emana, Nafarroako Gazteriaren Institutuak aitortutako Aisialdiko Hezkuntza Eskolen Katalogoa sortu eta arautzen duena.

Nafarroako Foru Komunitateak erabateko eskumena du gazteentzako politikaren arloan, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44.18 artikuluan ezarritakoaren arabera. Esleipen horren babesean, Gazteriari buruzko apirilaren 1eko 11/2011 Foru Legea onetsi zen. Bertan ezartzen denez, arlo horretan eskumena duen departamentuak hezkuntza ez-formalarekin lotutako politikak garatuko ditu, eta hezkuntza hori Nafarroako Gazteentzako Jardueren Eskolak (NGJE) zein aisialdiko hezkuntza eskolek ematen ahalko dute.

Nafarroako Foru Komunitatean aisialdiko hezkuntza eskolak eta horien irakaskuntzak aitortzeko bidea arautzen duen uztailaren 5eko 56/2023 Foru Dekretuaren bidez, ezartzen da ezen aisialdiko hezkuntza eskola aitortzeak berekin ekarriko duela eskola hori Nafarroako Gazteriaren Institutuak aitortutako Nafarroako Aisialdiko Hezkuntza Eskolen Katalogoan inskribatzea. Halaber, xedatzen da ezen katalogo horren gaineko arauak katalogoa sortu eta arautzeko foru agindu batean ezarriko direla.

Horrenbestez, foru agindu honen xedea da zehaztea katalogoaren kontzeptua eta helburua, bertan inskribatzeko prozedura eta horren ondorioak, bai eta eskolek katalogoan jarraitzeko bete behar dituzten baldintzak eta prozedurak ere.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Gazteriari buruzko apirilaren 1eko 11/2011 Foru Legeak eman dizkidaten ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. artikulua. Xedea.

Foru agindu honen xedea da Nafarroako Gazteria Institutuak aitortutako Aisialdiko Hezkuntza Eskolen Katalogoa sortzea eta arautzea, eta, horrez gainera, katalogoaren kudeaketa eta bertan inskribatzeak dakartzan ondorioak arautzea.

2. artikulua. Kontzeptua eta helburua.

Aisialdiko Hezkuntza Eskolen Katalogoan Nafarroako Gazteriaren Institutuak eskola ofizial gisa aitortuak izateko baldintzak betetzen dituzten eskolen izenak eta harremanetarako datuak jasotzen dira, uztailaren 5eko 56/2023 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraikiz, bertan arautzen baita Nafarroako Foru Komunitatean aisialdiko hezkuntza eskolak eta beren irakaskuntzak aitortzeko bidea. Katalogoa Nafarroako Gazteriaren Institutuak eginen du, publikoa izanen da eta informatzeko baino ez da izanen.

3. artikulua. Inskripzioa.

Aisialdiko hezkuntza eskola gisa aitortzeko eskaera egin ondoren, Nafarroako Gazteriaren Institutuko Kudeaketako Zuzendaritzaren aldeko ebazpena duten entitateak automatikoki eta berehala sartuko dira katalogoan, eta ez dute beste izapiderik egin beharko horretarako. Katalogoko inskripzioa eskolei jakinaraziko zaie, Nafarroako Gazteriaren Institutuak eskola ofizial gisa aitortzeko ematen duen ebazpen berean.

4. artikulua. Inskripzioaren ondorioak.

1. Aisialdiko Hezkuntza Eskolen Katalogoan inskribatzeak ondorio hauek izanen ditu:

a) Ofizialki aitortutako eskolen publizitatea.

b) Nafarroako Gazteriaren Institutuaren webgunean eta hark editatzen dituen argitalpen edo gidetan agertzea.

c) Herritarrek Nafarroako Foru Komunitateko eskola aktiboen ezagutza eguneratua izatea.

d) Nafarroako Gazteriaren Institutuak eskolen eraginpeko gaietan egiten dituen jarduketei buruzko informazioa bidaltzea katalogoan inskribatutako eskolei.

e) Gazteriaren eta aisialdiaren arloko araudiak aitortutako beste edozein.

2. Inskripzioaren ondorioak aplikatuko dira Nafarroako Gazteriaren Institutuko Kudeaketako Zuzendaritzak aisialdiko hezkuntza eskola bat halakotzat aitortzen duen ebazpena ematen duenetik aurrera.

5. artikulua. Inskripzioa mantentzeko baldintzak.

Nafarroako Gazteriaren Institutuak ofizialki aitortutako aisialdiko hezkuntza eskolek katalogoan inskribaturik jarraituko dute halako eskola gisa aitortzeko baldintzak betetzen dituzten bitartean eta kontrakorik adierazten ez duten heinean.

6. artikulua. Datuen aldaketa.

Aisialdiko hezkuntza eskolek, Nafarroako Foru Komunitatean aisialdiko hezkuntza eskolak eta haien irakaskuntzak aitortzeko bidea arautzen duen uztailaren 5eko 56/2023 Foru Dekretuaren 7.m) artikuluan xedatutakoa aplikatuz, Nafarroako Gazteriaren Institutuari jakinarazi beharko diote aitortza-eskaeran emandako datuen edozein aldaketa, datu horiek errealitatearekin bat etor daitezen une oro eta akatsik izan ez dezaten. Nafarroako Gazteriaren Institutuak datu horiek jasotakoan, automatikoki eta berehala aldatuko dira katalogoan agertzen diren datuak, eta eskolek ez dute beste izapiderik egin beharko horretarako.

7. artikulua. Eguneratzea.

Katalogoa etengabe eguneratuko da inskribatutako erakundeek ematen dituzten datuekin, bai eta lehenengoz sartzen diren eskola berriekin ere, horien aitortza egiten denean. Katalogoan inskribatutako eskolek nahitaez erantzun beharko diete, horretarako ezartzen den epean, Nafarroako Gazteriaren Institutuak inskribatutako erakundeen datuak eguneratuak edukitzeko asmoz egiten dituen informazio-eskaerei.

8. artikulua. Baja.

Nafarroako Gazteriaren Institutuak eskola ofizialen aitortza kentzen dien eskolei baja emanen zaie katalogoan, uztailaren 5eko 56/2023 Foru Dekretuaren 20. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, horren bidez arautu baitzen Nafarroako Foru Komunitatean aisialdiko hezkuntza eskolak eta haien irakaskuntzak aitortzeko bidea. Egoera hori gertatzen denean, automatikoki eta berehala emanen zaio baja katalogoan, eta ebazpen berean jakinaraziko zaio galdu duela aisialdiko hezkuntza eskolaren aitortza.

9. artikulua. Ikuskapen lana.

Nafarroako Gazteria Institutuak ahalmena du katalogoan inskribatutako eskolek emandako edozein datu egiaztatzeko. Aisialdiko hezkuntza eskolaren aitortza ofiziala eskatze hutsak ahalmena emanen dio Nafarroako Gazteriaren Institutuari egokitzat jotzen dituen egiaztapenak egiteko.

Xedapen iragankor bakarra.–Dauden eskolak inskribatzea.

Jadanik indargabetua dagoen ekainaren 21eko 235/1999 Foru Dekretuan xedatutakoa aplikatuz, erregelamendu hau indarrean jartzen den egunean ofizialki aitortuak dauden aisialdiko hezkuntza eskolak katalogoan sartuko dira Nafarroako Gazteriaren Institutuari jardunean segitzen dutela jakinarazten dioten unean, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitatean aisialdiko hezkuntza eskolak eta horien irakaskuntzak aitortzeko bidea arautzen duen uztailaren 5eko 56/2023 Foru Dekretuaren bigarren xedapen iragankorrean xedatutakoarekin.

Azken xedapenetako lehena.–Garatzeko eta aplikatzeko gaikuntza.

Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari gaikuntza ematen zaio foru agindu hau aplikatzeko eta garatzeko beharrezkoak diren egintza guztiak eman ditzan.

Azken xedapenetako bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2023ko irailaren 22an.–Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilaria, Begoña Alfaro García.

Iragarkiaren kodea: F2313743