2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
OTEITZA
Udalbatzako kideen ordainsariak eta dedikazio-araubidea
Udalak, 2023ko irailaren 28an egin osoko bilkuran, besteak beste, honako erabaki hau hartu zuen:
"Hautetsien ordainsariak.–Kontuan hartuta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 56. artikuluak xedatzen duela Nafarroako toki erakundeek diru kopuruak kontsignatzen ahal dituztela aurrekontuetan, bertako kideei kargua betetzeagatik ordainsariak edo kalte-ordainak emateko.
Kontuan hartuta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen 7/1985 Legearen 75., 75 bis eta 75 ter artikuluetan –egungo testuaren arabera– zehazten direla toki erakundeek diru kopuru horiek ezartzeko bete behar dituzten prozesua eta baldintzak.
Kontuan hartuta 2568/1986 Errege-dekretuaren 13. artikuluan garatuta dagoela arestian azaldutakoa (errege-dekretu hori Toki-entitateen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamenduari dagokio).
Ikusirik 2023rako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 31/2022 Legearen hogeita zazpigarren xedapen gehigarria, toki-korporazioetako kideek jaso ditzaketen ordainsarien mugak eguneratzen baititu; hain zuzen ere, ezartzen du 1.000 biztanletik beherako udalerrietako udalkideek dedikazio partzialagatik jaso dezaketen gehieneko muga dela, lanaldiaren %25eko dedikazio partzialagatik, 17.424,64 euro.
Ikusirik egin den proposamena, joan den legealdiko ordainsari berak jasotzeko, eta gai hori bertaratuen artean eztabaidatu ondoren, Udaleko osoko bilkurak,
AHO BATEZ ERABAKI DU:
Lehenbizikoa.–Alkatea %25eko dedikazio partzialean arituko da bere karguan; 400 ordu urtean. Urteko ordainsari gordina izanen da hamar mila ehun eta hogeita hamazazpi euro eta berrogei zentimokoa (10.137,40 euro), eta 12 hilekotan ordainduko da; horietako bakoitza seiehun eta berrogeita hamabost euro eta berrogeita hamasei zentimo gordinekoa izanen da (655,56 euro). Horrek atzeraeraginezko ondorioak izanen ditu 2023ko ekainaren 17tik. Udalak ordainduko ditu behar diren Gizarte Segurantzako enpresa-kuotak.
Bigarrena.–2023ko ekainaren 17tik aurrera, zinegotziek, osoko bilkuretara joateagatik, ehun euroko diru-konpentsazioa (100 euro) jasoko dute bilkura bakoitzeko, joan izana egiaztaturik betiere. Gehieneko muga izanen da urtean 12 osoko bilkura eta 1.200 euro. Behar den atxikipena eginen da diru kopuru horretatik PFEZrako (pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga).
Hirugarrena.–Orobat, beren karguan aritzean dieta eta joan-etorriengatik sortzen diren gastuak ordainduko zaizkie udalkideei, horiek frogatu eta behar diren ordainagiriak aurkeztu ondoan.
Laugarrena.–Aurreko ataletan ezarritako ordainsari eta bilkura-sariak urtero eguneratuko dira (gorantz edo beherantz) kontsumorako prezioen indizearen arabera, bat etorriz abenduaren 27ko 18/2017 Foru Legearen 4.3 artikuluarekin eta harekin bat datozenekin (foru lege horrek ezartzen ditu toki ogasunek transferentzia arrunten bidez Nafarroako tributuetan parte hartzeko duten funtsaren zenbatekoa eta banaketa 2018ko eta 2019ko aurrekontu-ekitaldietarako), horrela Nafarroako Gobernutik jasotako dirulaguntzara egokitzen baita.
Bosgarrena.–Erabaki hau indarrean jarriko da aurretik aipatu atzeraeraginarekin; hartara, aurreko edozein erabaki indargabetu eginen da egun horretatik aurrera. Indarrean egonen da, osoko bilkuran horri buruzko beste erabaki bat hartu arte.
Seigarrena.–Erabaki hau argitara emanen da Nafarroako Aldizkari Ofizialean, iragarki-taulan eta gardentasun atarian (Gardentasunari buruzko Foru Legearen 20.3 artikulua), eta argitaratzen denetik sortuko dira ordainsariak eta sariak, baina atzeraeraginez betiere, erabakian xedatutakoari jarraikiz.
Oteitzan, 2023ko urriaren 4an.–Alkatea, Rubén Darío Martínez Landa.
Iragarkiaren kodea: L2314264