1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
178/2023 EBAZPENA, irailaren 21ekoa, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez Iruñeko udal-mugartean goi tentsioko instalazio elektriko baterako aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena ematen baitira, eta instalazio horrek onura publikoa duela zehazki deklaratzen baita.
2023ko apirilaren 13an, Eduardo Ryan Murúa jaunak, I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUren izenean, Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legean xedatutakoarekin bat etorriz, aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko baimen administratiboa eskatu zituen, bai eta onura publikoa duela zehazki deklaratzea ere, instalazio honetarako:
Eskatzailea: I-DE Redes Electricas Inteligentes SAU.
Espedientea: SAT11505 (Erref.: 2023-034 BOSLAN/VG Obra 101108578).
Instalazioaren kokalekua: Iruñeko udal-mugartea.
Xedea: Arga ibaiak gainezka egiteak dakartzan ondorio kaltegarrien prebentzioa.
Ezaugarri teknikoak: "Rotxa 7" transformazio-zentro berriaren proiektua (180021490) eta hura elikatzeko erdi-tentsioko lurpeko lineak.
Jarduketa hauek eginen dira:
Egungo "Rotxa 7" TZ lurpeko transformazio-zentro aurrefabrikatu bat da. "Rotxa 7 (berria)" TZren azaleko inguratzaile aurrefabrikatua muntatu ondoren, barnean duen tresneria elektriko guztia desmuntatuko da.
Transformazio-zentro berriak lineako bost gelaxka telegidatu, bi babes-gelaxka eta gelaxkak lotzeko gelaxka bat izanen ditu, desmuntatu beharreko Rotxa 7 TZk gaur egun duen eskema bera izan dezan.
Obra gauzatzeko aurrekontua: 159.532,58 euro.
Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53., 54., 55. eta 56. artikuluetan eta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 125. eta 144. artikuluetan xedatutakoa bete beharrez, jendaurrean jarri ziren, hogeita hamar egunez, proiektua eta instalazioak ukitzen dituen ondasun eta eskubideen zerrenda. Horretarako, iragarki bat argitaratu zen 2023ko 96. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 9koan, 2023ko maiatzaren 10eko Diario de Navarra egunkarian, eta Nafarroako Gobernu Irekiaren webean ere.
Halaber, iragarkia Iruñeko Udalera igorri zen, epe berean jendaurrean jar zezan. Egintza hori egiaztatzen duen eginbidea espedientean jaso da.
Ez da proiektuari buruzko alegaziorik aurkeztu jendaurrean egon den artean.
Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 127. eta 131. artikuluetan xedatutakoa aplikatuz, 2023ko maiatzaren 5ean kontsulta egin zitzaien ukitutako erakundeei, 30 eguneko epean adieraz zezaten eskatutako baimena ematearen alde edo aurka zeuden, eta, hala bazegokion, baldintza teknikoak ezar zitzaten. Horrela, txostenak jaso ziren taula honetan adierazitako egunetan:
ERAKUNDEA | TXOSTENAREN DATA |
1. | Nedgia Navarra SA | 2023-02-13 |
2. | Iruñeko Udala | - |
3. | Iruñerriko Mankomunitatea | - |
4. | Telefónica SA | - |
Bere txostenean, Nedgia Navarra SAk ez zion adostasuna ematen aurkeztutako proiektuari, eta separata bat eskatu zuen, proposatutako jarduketa baloratzeko beharrezko datu teknikoekin, eraginak eta balizko baldintza teknikoak zehaztu ahal izateko.
Espedientean jasota dago I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUren 2023ko uztailaren 6ko adostasun-idazkia, baita hari erantsitako aldeko txostena ere, Nedgia Navarra enpresak, aipatutako proiektuaren separata berria jaso ondoren egindakoa, gas-kanalizazioak eta lurperatutako beste zerbitzu batzuen arteko gutxieneko distantziak deskribatuta.
Era berean, txosten horretan Nedgia Navarra SAk gogorarazten du obren esleipenduna den eraikitzaileak eskualdeko zerbitzu teknikoei jakinarazi behar diela obrak noiz hasiko diren, baita egokitzat jotzen dituzten argibideak eta gas-instalazioetatik hurbil dauden obrak egitean kontuan hartu beharreko segurtasun-neurriak ere.
Proiektuak ukitzen dituen ondasunen eta eskubideen zerrendan ez da aldaketarik izan espedientea izapidetzeko aldian, eta jatorriz 2023ko 96. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 9koan, argitaratutako bera da.
Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak azaroaren 18an emandako 52/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidan eskumenak (2019ko 234. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, azaroaren 27koa), eta betez Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. eta 11. artikuluetan ezarritakoa,
EBAZTEN DUT:
1. I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUri administrazio baimena ematea aipatutako instalaziorako.
2. Zehazki deklaratzea instalazioak onura publikoa duela, abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 54. artikuluan eta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 149. artikuluan ezarritako ondorioetarako. Enpresa eskatzailea onuradun gisa agertuko da desjabetze espedientean.
3. I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU enpresari onuradun izaera aitortzea desjabetze espedientean.
4. Onestea instalazioa egiteko aurkeztutako proiektua, Mario Martínez Ruiz de la Torre industria ingeniariak sinatua. Hogeita lau hilabete eman zaizkio obrak burutzeko.
5. Instalazioak aurkeztutako proiektuaren eta eranskinaren arabera gauzatu beharko dira, eta honako arau hauetan xedatutakoa bete beharko dute: Goi-tentsioko instalazio elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun bermeei buruzko erregelamendua onesten duen maiatzaren 9ko 337/2014 Errege Dekretua; Goi-tentsioko linea elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun bermeei buruzko erregelamendua onesten duen otsailaren 15eko 223/2008 Errege Dekretua; eta Goi-tentsioko linea elektrikoetan abifauna talken eta elektrokuzioen aurka babesteko neurriak ezartzen dituen abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretua.
6. Behin proiektua gauzaturik, eskatzaileak zerbitzuan jartzearen akta eskatu beharko du. Eskaera horri erantsiko zaizkio aipatutako araudian ezarritako agiriak eta obra bukaeraren ziurtagiria, teknikari fakultatibo eskudun batek sinatua.
7. Aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena emanda ere, instalazioaren eskatzaileak lortu beharko ditu instalazioa gauzatzeko beharrezkoak diren emakida, lizentzia eta baimen guztiak, publikoak nahiz pribatuak, aplikatzekoak diren beste xedapen batzuekin bat.
8. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Biodibertsitatearen Zerbitzura, Lurraldea eta Paisaia Antolatzeko Zerbitzura, Herri-lanen Zuzendaritza Nagusira eta Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzura.
9. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.
10. Ebazpen hau jakinaraztea I-DE Redes Eléctricas Inteligentesi, Nedgia Navarra SAri, Telefónica España SAri, Iruñerriko Mankomunitateari eta ukitutako ondasun eta eskubideen titularrei, eta ohartaraztea ezen ebazpen honek ez duela administrazio bidea amaitzen eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita. Errekurtsoan espediente zenbakia adierazi beharko da.
11. Ebazpen hau Iruñeko Udalari jakinaraztea, eta ohartaraztea honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, honako hau jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Iruñean, 2023ko irailaren 21ean.–Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuko zuzendaria, Laura Larraya Irigoyen.
Iragarkiaren kodea: F2313563