214. ALDIZKARIA - 2023ko urriaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

37/2023 EBAZPENA, irailaren 22koa, Lanbide Heziketako, Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako zuzendari nagusiak emana, aldatzen duena Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiaren apirilaren 5eko 124/2023 Ebazpena, zeinaren bidez onetsi baitzen Haur Hezkuntzako bigarren zikloko, Lehen Hezkuntzako eta Batxilergoko hezkuntza itun batzuk aldatzea 2023-2024 ikasturterako. Aldaketa horiek 2023ko irailaren 1etik aurrerako atzeraeragina izanen dute.

Ikastetxeen Finantzaketaren, Ikasketetarako Laguntzen eta Zerbitzu Osagarrien Zerbitzuko zuzendariak, ikusirik abenduaren 14ko 416/1992 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamenduaren 46. artikuluan xedatutakoari jarraikiz aurkeztu diren eskaerak eta alegazioak, EDUCAn jaso diren matrikulazio datuak eta Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiaren aldez aurreko txostenak, txosten bat aurkeztu du itunak aldatzen dituen apirilaren 5eko 124/2023 Ebazpenean egindako aldaketen berri emateko. Aldaketa horiek 2023ko irailaren 1etik aurrerako atzeraeragina izanen dute.

Bat etorriz Hezkuntza Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 30eko 67/2023 Foru Dekretuaren artikulu bakarrean xedatutakoarekin, eta Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Aldatzea Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiaren apirilaren 5eko 124/2023 Ebazpena, zeinaren bidez onetsi baitzen Haur Hezkuntzako bigarren zikloko, Lehen Hezkuntzako eta Batxilergoko hezkuntza itun batzuk aldatzea 2023-2024 ikasturterako. Hortaz, behean azaltzen diren ikastetxeetako itunpeko unitateak eta ordu kopuruak handitzen dira aldi baterako 2023-2024 ikasturterako, 2023ko irailaren 1etik aurrerako atzeraeraginarekin:

–Haur Hezkuntzako bigarren zikloa:

Mendaviako Nuestra Señora de los Dolores ikastetxea: hamar irakastordu gehiago esleitzen dira. Horrenbestez, ikastetxeak itunpeko lau unitate gehi hamar ordu gehiago izanen ditu 2023-2024 ikasturterako.

Iruñeko La Compasión-Escolapios ikastetxea: unitate bat gehiago itundu da. Horrenbestez, ikastetxeak itunpeko bederatzi unitate izanen ditu 2023-2024 ikasturterako.

Iruñeko Nuestra Señora del Huerto ikastetxea: unitate bat gehiago itundu da. Horrenbestez, ikastetxeak itunpeko bederatzi unitate izanen ditu 2023-2024 ikasturterako.

Tafallako Garcés de Los Fayos ikastola: hamar irakastordu gehiago esleitzen dira. Horrenbestez, ikastetxeak itunpeko bi unitate gehi hamar ordu gehiago izanen ditu 2023-2024 ikasturterako.

–Lehen Hezkuntza:

Altsasuko Sagrado Corazón ikastetxea: lau irakastordu gehiago esleitzen dira. Horrenbestez, ikastetxeak itunpeko bost unitate gehi lau ordu gehiago izanen ditu 2023-2024 ikasturterako.

Irunberriko Arangoiti ikastola: unitate bat gehiago ituntzen da. Horrenbestez, ikastetxeak itunpeko lau unitate izanen ditu 2023-2024 ikasturterako.

–Batxilergoa:

Lizarrako Nuestra Señora del Puy: hogei irakastordu gehiago esleitzen dira. Horrenbestez, ikastetxeak itunpeko lau unitate gehi hogei ordu gehiago izanen ditu 2023-2024 ikasturterako.

Iruñeko Jesuitinas Hezkuntza Fundazioa: berrogeita hamabi irakastordu gehiago esleitzen dira, ikasmaila bakoitzeko hogeita sei. Horrenbestez, ikastetxeak itunpeko lau unitate gehi berrogeita hamabi ordu gehiago izanen ditu 2023-2024 ikasturterako.

2. Honako ikastetxe hauek aurkeztutako eskaerak eta alegazioak ukatzea:

Burlatako Irabia-Izaga ikastetxea: unitate bat gehiago Haur Hezkuntzako bigarren ziklorako. Ikastetxeak itunpeko hamalau unitate ditu 2023-2024 ikasturterako, Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiaren apirilaren 5eko 124/2023 Ebazpenean adierazten den bezala.

Irunberriko Arangoiti ikastola: unitate bat gehiago Haur Hezkuntzako bigarren ziklorako. Ikastetxeak itunpeko unitate bat du 2023-2024 ikasturterako, Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiaren apirilaren 5eko 124/2023 Ebazpenean adierazten den bezala.

Sarrigurengo Santa María la Real ikastetxea: unitate bat gehiago Haur Hezkuntzako bigarren ziklorako. Ikastetxeak itunpeko hamaika unitate ditu 2023-2024 ikasturterako, Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiaren apirilaren 5eko 124/2023 Ebazpenean adierazten den bezala.

3. Berritutako ituna zabaltzeak dakarren kostua onartzeko modukoa da, kontuan harturik ituna berritzeko guztizko zenbatekoa.

4. Ebazpen hau ikastetxe interesdunei jakinaraztea. Ebazpen honen aurka ikastetxe interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

6. Ebazpen hau igortzea Hezkuntza Departamentuan dagoen kontu-hartzailetza delegatuari, Lanbide Heziketako, Digitalizazioko eta Hezkuntza Baliabideetako Zuzendaritza Nagusiari, Hezkuntza Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuari, Ikastetxeen Finantzaketaren eta Ikasketetarako Laguntzen Atalari eta Itunpeko eta Diruz Lagundutako Ikastetxeetako Nominen Bulegoari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2023ko irailaren 22an.–Lanbide Heziketako, Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako zuzendari nagusia, Luis Calatayud Yuste.

Iragarkiaren kodea: F2313710