213. ALDIZKARIA - 2023ko urriaren 13a

3. ESTATUKO ADMINISTRAZIOA

GOBERNUAREN ORDEZKARITZA

Ebazpena, 2023ko irailaren 29koa, Nafarroako probintziako trafiko buruak zirkulazio baimenen arloko zenbait eskumen Zaragozako probintziako trafiko buruari eskuordetzen dizkiona

Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legeak 3. artikuluan adierazten du zein diren Administrazio Publikoen jarduketa zuzendu behar duten printzipioak, Espainiako Konstituzioaren 103. artikuluan xedatutakoarekin bat. Printzipio horien artean, hauek nabarmendu behar dira: arintasuna kudeaketa arloko jarduera materialetan; eraginkortasuna ezarritako helburuak betetzean; eta efizientzia baliabide publikoak esleitzean eta erabiltzean.

Urriaren 1eko 40/2015 Legearen 9. artikuluak oro har eta berariaz aitortzen du eskumenak administrazio bereko beste organo batzuei eskuordetzeko aukera, hierarkikoki menpean ez badaude ere, artikulu horren 2. eta 5. apartatuetan jasotako salbuespen bakarrekin. Gainera, ezartzen du ezen, Estatuko Administrazio Orokorraren esparruan, hierarkia-harremanik ez duten organoak direnean, eskumenak eskuordetzeko beharrezkoa izanen dela aurretik nagusi erkideak onartzea, biak ministerio berekoak badira.

Bestalde, abenduaren 23ko 2822/1998 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Ibilgailuen Erregelamendu Orokorrak 14.2 artikuluan ezartzen duenez, trafikoaren arloan eskumena duen organoak baimen bereziak ematen ahalko dizkie ezaugarri teknikoengatik edo garraiatzen duten zama banaezinagatik ezarrita dauden gehieneko masak eta neurriak gainditzen dituzten ibilgailuei, zirkulazio kopuru mugatu baterako edo epe jakin baterako, aurretik bidearen titularrak txosten loteslea eginda.

Era berean, erregelamendu-testu horren IX.6 eranskinean zehazten denez, trafikoaren arloan eskumena duen organoak, bidearen titularrak txosten loteslea egin ondoren, konfigurazio euromodularreko ibilgailu-taldeen zirkulazioa baimentzen ahalko du epe jakin baterako, 60 tonako masa eta 25,25 metroko luzera gainditzen ez badute, baimenean ezartzen diren baldintzetan.

Probintzietako trafiko burutzek eskumena dute ibilgailuen administrazio baimenak emateko, Ibilgailuen Erregelamendu Orokorrean eta Trafiko Burutza Nagusia erakunde autonomoaren antolaketa periferikoari buruzko araudian ezarritakoari jarraikiz. Araudi hori apirilaren 5eko 986/1974 Errege Dekretuaren 11. artikuluan dago jasota, eta gero aldatu egin zen Trafikoko Zuzendaritza Nagusia eta haren zerbitzu periferikoak berrantolatzeko uztailaren 23ko 1908/1982 Errege Dekretuaren bidez.

Nafarroako Probintziako Trafiko Burutzak ez ditu beharrezkoak diren giza baliabideak Ibilgailuen Erregelamendu Orokorraren 14.2 artikuluan eta IX.6 eranskinean adierazitako zirkulazio baimenak emateari buruzko eskumenak erabiltzeko. Aldiz, Zaragozako Probintziako Trafiko Burutzak baditu giza baliabide egokiak eskumen horiek eskuordetze bidez erabiltzeko.

Inguruabar hori kontuan hartuta, eta aipatutako arauetan xedatutakoarekin bat etorriz, bidezkoa da ebazpen bat onestea Nafarroako probintziako trafiko buruak Zaragozako probintziako trafiko buruari eskuordetzeko adierazitako zirkulazio baimenak emateari buruzko eskumenak.

Ondorioz, Trafikoko zuzendari nagusiak onartu ondoren,

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Eskuordetzen diren eskumenak.

Zaragozako probintziako trafiko buruari honako eskumen hauek eskuordetzen zaizkio:

1. Abenduaren 23ko 2822/1998 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Ibilgailuen Erregelamendu Orokorraren 14.2. artikuluan ezarritako zirkulazio baimenak emateko eskumena, hots, ezaugarri teknikoengatik edo garraiatzen duten zama banaezinagatik ezarrita dauden gehieneko masak eta neurriak gainditzen dituzten ibilgailuei zirkulazio baimenak ematekoa.

2. Abenduaren 23ko 2822/1998 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Ibilgailuen Erregelamendu Orokorraren IX.6 eranskinean ezarritako zirkulazio baimenak emateko eskumena, hau da, 60 tonako masa eta 25,25 metroko luzera gainditzen ez duten konfigurazio euromodularreko ibilgailu-taldeei zirkulazio baimenak ematekoa.

Bigarrena.–Eskumenen eskuordetzearen erabilera eta esparrua.

1. Ebazpen honetan aipatzen diren eskumenen eskuordetzeak ez dakar berekin eskumenaren titulartasuna eskualdatzea, eskumena erabiltzea besterik ez.

2. Eskuordetzeak bere baitan hartuko du, halaber, ebazpen honen lehen atalean aipatzen diren prozeduren instrukzioa eskuordetzea Zaragozako Probintziako Trafiko Burutzako tramitazio administratiboko unitateei.

Hirugarrena.–Eskuordetze honi jarraikiz ematen diren ebazpenak.

Ebazpen honetan emandako eskuordetzea erabiltzen den aldiro, berariaz adieraziko da, eta emandako ebazpenak probintziako trafiko buru honek emandakotzat joko dira.

Laugarrena.–Eskumenak bereganatzea.

Ebazpen honen bidezko eskumen-eskuordetzea ez da oztopo izanen probintziako trafiko buru honek bere gain hartu ahal izateko gai baten ardura, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 10. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Bosgarrena.–Eskuordetzeak ondorioak izanen dituen eguna.

Zaragozako probintziako trafiko buruari egiten zaion eskumenen eskuordetzeak, ebazpen honetan adierazten denak, ebazpen hau indarrean jartzen den egunetik beretik aurrera aurkezten diren zirkulazio baimenen eskaerei eraginen die.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Ebazpen honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2023ko irailaren 29an.–Nafarroako probintziako trafiko burua, María Belén Santamaría Maeso.

Iragarkiaren kodea: E2314135