213. ALDIZKARIA - 2023ko urriaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

374/2023 EBAZPENA, irailaren 21ekoa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita udalei, oinarrizko gizarte zerbitzuei edo gizarte zerbitzuen mankomunitateei laguntzak emateko deialdi bat, eskolako sustatzailea edo bitartekari soziokulturala kontrata dezaten 2023-2024 ikasturtean, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan gizartean eta hezkuntzan txertatzeko egiten diren proiektuetan esku hartzeko. DDBN identifikazioa: 717692.

Deialdi hau Hezkuntza Departamentuak finantzatzen du. Beraren bidez jarraipena ematen zaio Europako Gizarte Funtsaren bidez finantzatutako programa honi: "Hezkuntzaren aurrerapen eta sostengurako orientazio eta errefortzu programa". Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren atariko tituluko I. kapituluaren 1. artikuluko b) apartatuan ezarritakoaren arabera, hezkuntzaren printzipio eta helburu bat da ekitatea. Horri esker, bermatzen dira nortasuna hezkuntzaren bidez erabat garatzeko aukera-berdintasuna, hezkuntzan txertatzeko aukera, diskriminazioa gainditzen laguntzen duen eskubide eta aukera berdintasuna eta hezkuntzarako sarbidea. Halaber, ekitatea tresna bat da desparekotasun pertsonalak, kulturalak, ekonomikoak eta sozialak konpentsatzeko.

Halaber, II. tituluaren II. kapituluaren 80. artikuluaren 1. apartatuan ezartzen duenaren arabera, hezkuntzarako eskubidea erabiltzean berdintasun-printzipioa gauzatzeko, administrazio publikoek konpentsazio-ekintzak eginen dituzte egoera sozial, edukatibo eta kultural txarrean dauden pertsonentzat, taldeentzat eta lurralde-eremuentzat, hezkuntzarako sarbidea, hezkuntzan aritzea edo ikastea eragozten duten oztopoak ezabatzeko. Hain zuzen ere, behar diren doikuntzak eginen dituzte pertsona horien banakako beharrizanen arabera eta behar duten laguntza emanen diete beren hezkuntza-garapena eta garapen soziala sustatzeko eta, horrela, beste herritar guztien aukera berak eduki ditzaten hezkuntza inklusiboa jasotzeko.

Artikulu horretako 2. apartatuaren arabera, konpentsazio politikek hezkuntza sistemaren ekintza sendotuko dute, hala saihesteko faktore sozialek, ekonomikoek, kulturalek, geografikoek, etnikoek edo bestelakoek eragindako desparekotasunak.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 72.5 artikuluak hauxe dio hezkuntza-laguntzaren berariazko premia duten ikasleei buruz: "hezkuntza administrazioek beste administrazio batzuekin, beste erakunde publiko edo pribatu batzuekin eta beste erakunde edo elkarte batzuekin lankidetzan jarduten ahalko dute ikasle horien eskolatzea errazteko, ikasle horiek ikastetxean hobeki txertatzeko, hezkuntza-arrakasta sustatzeko eta garaia baino lehen eskola ez uzteko".

Udalak, oinarrizko gizarte zerbitzuak edo haien mankomunitateak jarduketa batzuk garatzen ari dira aurrea hartzeko zenbait kolektibotako ikasleen absentismoari, eskola-porrotari, eskola-uzteari edo gizartetik baztertzeko arriskuari.

Jarduketa horien artean nabarmentzekoa da hezkuntza-komunitateari tresnak ematea ikasleen baldintza pertsonalak eta ikastetxeetako bizikidetza hobetzeko. Horretarako, eskolako sustatzailea edo bitartekari soziokulturala behar da familien eta ikastetxearen arteko harreman etengabea errazteko. Pertsona horiek beharrezkoak dira familiak bisitatzeko, haiekin elkarrizketak izateko eta gurasoen eta ikastetxearen arteko harreman malgua sustatzeko.

Hezkuntza Departamentuak badaki Nafarroan badaudela gizarte eta hezkuntzako egoerak non ikasleak eta haien familiak bazterturik edo gutxietsita dauden. Horregatik erabaki du konpentsazio neurri zehatzak hartzea pertsona, talde eta lurralde horien alde.

Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetan ikasleak eta haien familiak gizartean eta hezkuntzan txerta daitezen esku-hartze integralak sustatzeko, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuko zuzendariak aldeko txostena aurkeztu du udalei, oinarrizko gizarte zerbitzuei edo gizarte zerbitzuen mankomunitateei laguntzak emateko deialdi bat onets dadin, eskolako sustatzailea edo bitartekari soziokulturala kontratatzeko, 2023-2024 ikasturtean esku har dezan Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan gizartean eta hezkuntzan txertatzeko egiten diren proiektu horietan.

Bat etorriz Hezkuntza Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 30eko 67/2023 Foru Dekretuaren artikulu bakarrean xedatutakoarekin, eta Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Udalei, oinarrizko gizarte zerbitzuei edo gizarte zerbitzuen mankomunitateei laguntzak emateko deialdiaren oinarriak onestea, eskolako sustatzailea edo bitartekari soziokulturala kontrata dezaten 2023-2024 ikasturtean, esku har dezan Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan gizartean eta hezkuntzan txertatzeko egiten diren proiektuetan.

2. 400.000 euroko gastua baimentzea deialdi honen xede diren baliabide ekonomikoak diruz laguntzeko. Horietatik 80.000 euro 2023ko aurrekontuko 420004-42700-4609-322400 partidaren kargura izanen dira ("Gizartean eta hezkuntzan txertatzeko jardueretarako dirulaguntzak"), eta gainerakoa, 320.000 euro, 2024ko gastu aurrekontuan horretarako gaitzen den partida baliokidearen kontura, baldin eta kreditu egokia eta nahikoa badago.

3. Ebazpen hau jakinaraztea Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuari, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, Inklusio Proiektuetarako Bulegoari, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari eta Hezkuntza Departamentuko kontu-hartzailetza delegatuari.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honen aurka, ez baitu administrazio bidea amaitzen, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2023ko irailaren 21ean.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

I. ERANSKINA.–UDALEI, OINARRIZKO GIZARTE ZERBITZUEI EDO GIZARTE ZERBITZUEN MANKOMUNITATEEI LAGUNTZAK EMATEKO DEIALDIA, ESKOLAKO SUSTATZAILEA EDO BITARTEKARI SOZIOKULTURALA KONTRATA DEZATEN 2023-2024 IKASTURTEAN, ESKU HAR DEZAN NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO IKASTETXE PUBLIKOETAN GIZARTEAN ETA HEZKUNTZAN TXERTATZEKO EGITEN DIREN PROIEKTUETAN. OINARRIAK

Lehena.–Deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea da laguntzak ematea Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoekin koordinaturik aritzen diren udalei, oinarrizko gizarte zerbitzuei edo gizarte zerbitzuen mankomunitateei, eskolako sustatzailea edo bitartekari soziokulturala kontrata dezaten, susta dezan ikasleak eta haien familiak gizartean eta hezkuntzan txertatzea, honako hauen bidez:

1. Mekanismoak garatzea, gizartean eta hezkuntzan txertatzen aritzen diren eskualdeko kolektibo eta erakundeekiko sare-lana errazteko, hala nola hezkuntza-komunitatea, laguntza- eta orientazio-unitateak edo elkarteak.

2. Eskola-absentismo egoeran dauden ikasleek eta haien familiek hezkuntzan duten parte-hartzea hobetzea, erabat txerta daitezen.

3. Ikastetxean bizikidetza giro egokia bultzatzea, hainbat estrategia eta metodologia inklusibo erabiliz; bereziki elkarreragin sozialeko jarrera positiboak sustatuko dira kultur ezberdinetako taldeen eta gutxiengoen artean.

4. Identifikatzea zer ikasle dagoen gatazka pertsonaleko eta arrisku sozialeko egoeretan, eta neurri eta baliabide egokiak diseinatzea eta ezartzea arrisku sozialeko edo gatazkako egoeran dauden ikasle horiek tratatzeko eta berreskuratzeko.

5. Hezkuntza normalizazioan aurrera egitea, eskolako arrakastaren tasak igotzeko.

6. Irakasleei eta hezkuntza-komunitateari prestakuntza ematea, eta parte hartzen uztea proiektuaren diseinu, garapen eta ebaluazioan.

7. Zuzeneko lankidetza ikastetxeen, laguntza- eta orientazio-unitateen eta beste udal-estamentuen artean, jarduketa-plan bat ezartzeko.

Bigarrena.–Entitate onuradunak.

Nafarroako Foru Komunitateko udalak, oinarrizko gizarte zerbitzuak edo gizarte zerbitzuen mankomunitateak, betiere Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxe publikoekin koordinaturik aritzen badira.

Hirugarrena.–Baldintzak.

Entitate onuradunek 15 egun baliodunean, gehienez, kontratatu beharko dute proiektua aurrera eramateaz arduratuko den profesionala, dirulaguntza emateko ebazpena argitaratu eta biharamunetik aurrera zenbatzen hasita.

Proiektua aurrera eramateaz arduratuko dena udaleko, oinarrizko gizarte zerbitzuko edo gizarte zerbitzuen mankomunitateko plantillakoa bada, inguruabar hori frogatu edo ziurtatu beharko da, horretarako erabiliz pertsona eskudunak sinatutako eta zigilatutako egiaztagiri bat.

Laugarrena.–Proiektuaren ezaugarriak.

Proiektu bat eskualde bateko ikastetxe batean eta/edo ikastetxe gehiagotan egiten denean ikasleak eta haien familiak gizartean eta hezkuntzan txertatzea errazteko helburuarekin, ikasleak eta haien familiak gizartean eta hezkuntzan txertatzea sustatu beharko dute, lehen oinarrian (Deialdiaren xedea) jasotako puntuen bidez.

Bosgarrena.–Dokumentazioa.

Deialdi honetan parte hartu nahi duten udalek, gizarte zerbitzuek edo gizarte zerbitzuen mankomunitateek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Eskabidea, II. eranskinaren araberakoa.

b) Proiektuaren deskribapena, III. eranskinaren araberakoa.

c) Proiektuan parte hartuko du(t)en ikastetxeko edo ikastetxeetako zuzendaritza-taldearen oniritzia, klaustro osoaren ordezkari gisa arituko baitira.

Seigarrena.–Aurkezteko epea.

Bosgarren oinarrian adierazten den dokumentazioa deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko 10 egun baliodunetan aurkeztu behar da, Inklusio Atalari zuzenduta, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez (ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuan arautu zen erregistro hori).

Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, udalek, oinarrizko gizarte zerbitzuek eta gizarte zerbitzuen mankomunitateek hamar egun balioduneko epea izanen dute agirietan egindako akatsak zuzentzeko. Aldi horretan interesdunak akatsak zuzentzen ez baditu, eskaeran atzera egin duela pentsatuko da eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen da. Ebazpen hori jakinarazi eginen zaio.

Zazpigarrena.–Dirulaguntza emateko prozedura eta ebazpena.

7.1. Instrukzioa egiteko organo arduraduna Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzua izanen da.

7.2. Eskaerak aurkezteko epea amaituta, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuko teknikariek proiektuak baloratuko dituzte, kontuan hartuta IV. eranskinean jasotako balorazio-irizpideak.

7.3. Balorazio-prozesua amaituta, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuko zuzendariak dirulaguntzak emateko ebazpen proposamena igorriko dio Hezkuntzako zuzendari nagusiari. Proposamen hori, orobat, Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuko da, jakinarazpen-ondorioetarako.

Zortzigarrena.–Emanen den dirulaguntza.

Dirulaguntza norgehiagoka emanen da, aurkeztutako eskabideen lehentasun-hurrenkeran oinarrituta, deialdiaren oinarrietan finkatutako balorazio irizpideen arabera. Dirulaguntza esleituko zaie, baremoko puntuen %50 edo gehiago lortuta, puntuazio handiena duten proiektuei, betiere esleipen guztien zenbatekoak kreditu erabilgarria gainditu gabe.

Kasu guztietan, dirulaguntzaren zenbatekoa justifikatutako gastuaren %100 izanen da. Proiektu bakoitzerako 20.000 euro jasotzen ahal dira gehienez.

Honako kontzeptu hauek jasotzen ahal dute dirulaguntza:

a) Langileen gastuak, haien barnean egonda soldatak, entitatearen kargura diren gizarte aseguruak eta jarduerak koordinatzeaz arduratzen diren langileen beste lan karga batzuk, eta/edo entitate onuradunak jarduerak gauzatzeko izendatutako gainerako langileenak.

b) Bidaiak. Langileen mugigarritasunari lotutako gastuak dira, jarduerak egitearekin lotura zuzena dutenak, betiere gainditu gabe Gobernuak 2012ko azaroaren 28an hartutako Erabakian kostu errealaren gainean ezarritako muga. Erabaki horren bidez onetsi ziren Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileek joan-etorriengatik egiten dituzten gastuak (2012ko 244. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 17koa).

Bederatzigarrena.–Laguntzen ordainketa.

Dirulaguntza Hezkuntzako zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez ordainduko da, bi zatitan, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuko zuzendariak proposaturik. Lehen ordainketa, aurrerakin gisa, 2023ko abenduan eginen da, 2023ko aurrekontuaren kargura, eta horretarako sinatutako lan kontratuaren kopia bat aurkeztu beharko da azaroaren 30a baino lehen (egun hori barne).

Bigarren ordainketa 2024ko azken hiruhilekoan eginen da, 2024ko aurrekontuaren kargura, behin gastuak justifikatuta kontzesioko zenbatekoaren mugara arte, eta V. eranskinean ezarritako edukia jasotzen duen jardueren memoria aurkeztu ondoren, 2024ko irailaren 9a baino lehen.

Hamargarrena.–Gastuen justifikazioa.

Emandako dirulaguntza justifikatzeko, entitate onuradunek egindako zerbitzuei dagozkien nominak eta fakturak aurkeztu beharko dituzte, bai eta horien ordainagiriak ere, edo, bestela, entitateko pertsona eskudunak emandako ziurtagiri bat, gastu horiek justifikatuko dituena (kontratazioaren hasiera- eta amaiera-datak zehaztuta).

2024ko irailaren 9a baino lehen aurkeztuko dira 2023ko irailaren 1etik 2024ko abuztuaren 31ra bitartean (biak barne) egindako gastuen egiaztagiriak.

Instrukzio organoaren iritziz ez bada nahikoa gastuen justifikazioa eta haiek frogatzeko egindako ordainketena, errekerimendua eginen dio entitate onuradunari, beharrezko frogagiriak erants ditzan bost egun balioduneko epean, gehienez. Entitate onuradunak eskabidean adierazten duen gaitutako helbide elektronikora eginen da errekerimendu hori.

Hamaikagarrena.–Dirulaguntzak itzultzea.

Onuradunak ez baditu betetzen deialdi honen oinarrietan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak eta betekizunak, dirulaguntza galduko du eta jasotako dirua itzuli beharko du, bai eta ordainketaren dataz geroztikako berandutze-interesak ere, halakorik bada, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legean ezarritako zenbatekoan, eta horrek ez ditu deusetan galaraziko aipatutako 11/2005 Foru Legearen II. tituluaren arabera eska daitezkeen erantzukizunak.

Hamabigarrena.–Entitate onuradunen betebeharrak.

Entitate onuradunek honako hauek bete beharko dituzte:

a) Proiektua aurrera eramateko profesional bat kontratatzea eta hari egindako kontratua, sinatuta, aurkeztea 15 egun balioduneko epean, dirulaguntza emateko ebazpena argitaratu eta biharamunetik aurrera zenbatzen hasita. Proiektua aurrera eramateaz arduratuko dena udaleko, oinarrizko gizarte zerbitzuko edo gizarte zerbitzuen mankomunitateko plantillakoa bada, inguruabar hori frogatu edo ziurtatu beharko da, horretarako erabiliz pertsona eskudunak sinatutako eta zigilatutako egiaztagiri bat.

b) Zerbitzua dirulaguntza emateko baldintzetan zehaztutako moduan eta onetsitako proiektuaren arabera egin behar da.

c) Programaren zabalkundea eta publizitatea egiten den guztietan laguntza nork eman duen adieraztea. Zabalkunde idatzia edo grafikoa egiten bada, Hezkuntza Departamentuaren logotipoa paratu beharko da, dirulaguntza jaso duen entitatearen logotipoaren neurri berean eta ikusteko baldintza berberetan.

d) Bederatzigarren oinarrian adierazitako epean aurkeztea gastuen justifikazioa eta V. eranskina (Excel edo kalkulu-orria formatuan aurkeztu beharko da nahitaez; ez da bestelako formaturik onartuko). Agiri horiek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erregistro orokor elektronikoaren bidez aurkeztuko dira, Inklusio Atalari zuzenduta. Erregistro hori, hain zuzen, ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuan dago arautua.

II. ERANSKINA.–ESKAERA EREDUA

Izen-deiturak: ...................................................; helbidea (herria): ..............................; kalea edo plaza: ...............................................; zenbakia: .........; telefonoa: ....................; NANa: ......................................; honako udal, oinarrizko gizarte zerbitzu edo gizarte zerbitzuen mankomunitate hau ordezkatuz: ............................................................., IFZ hau baitu: ................................................ ..............................................................................

Adierazten dut:

Ikusirik gizarte eta hezkuntza arloko txertatze proiektuetarako deialdia, 2023-2024 ikasturtean Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan egiten direnetarako, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu baitzen, zenbaki honetan:......., data honetan: 2023ko........................................., kontuan izanik beharkizun guztiak betetzen ditudala, deialdiko oinarriak osorik onartzen ditudala eta eskatutako agiriak eransten ditudala.

Eskatzen dut:

Onar dadila eskabide hau, III. eranskinean dagoen proiektuaren eskema duena.

.............................................n, 2023ko ............................................aren ........(e)(a)n

III. ERANSKINA.–PROIEKTUA

Dokumentuak gehienez ere 15 orrialde izanen ditu, 11 neurriko Arial letraz idatzia, lerrokadura justifikatua eta 1,5eko lerroartea erabiliz. Orrialdeak zenbakituak egon behar dira. Agiri hau aurkezteko 10 egun balioduneko epea dago, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik zenbatzen hasita.

1.–Proiektuaren deskribapena.

–Azala, non gutxienez datu hauek agertu beharko baitira:

  • Entitate eskatzailea.
  • Ikasturtea.
  • Programari atxikitako ikastetxea(k) eta zein herritan dagoen/dauden.

–Testuinguruaren justifikazioa eta azterketa:

  • Abiapuntuko egoera.
  • Zein maila eta eremutan esku hartuko den.
  • Lan proiektuan esku hartuko duten talde sozialak.

–Lanerako plana, honeko elementu hauek zerrendatuta:

  • Helburuak.
  • Ekintzak.
  • Metodologia.
  • Parte hartuko duten eragileak.
  • Tenporalizazioa.
  • Baliabideak.
  • Ebaluatzeko adierazleak.

2.–Arduradunen taldea:

–Proiektuaren koordinatzailea oinarrizko gizarte zerbitzuan edo mankomunitatean; egitekoak eta atazak.

–Kulturen arteko sustatzailea edo bitartekaria; lanpostuaren maila, proiektuari egotzitako lanaldi-ehunekoa, egitekoak eta atazak.

–Proiektuaren koordinatzailea ikastetxean edo ikastetxeetan; egitekoak eta atazak.

–Gainerako parte-hartzaileek proiektua prestatu nahiz gauzatzeko beren gain hartzen dituzten eginkizunak edo lanak.

3.–Aurrekontua eta aurreikusitako gastu-kontzeptuak.

Gastuen estimazioa, barnean dituela datu hauek, gutxienez:

–Kontratuak zenbat hilabete iraunen duen (zehaztu hasiera- eta amaiera-datak).

–Kontratutako pertsonari eskatuko zaion profila eta maila.

–Kontratuaren lanaldi-ehunekoa.

IV. ERANSKINA.–BALORAZIO-IRIZPIDEAK (100 PUNTU)

1. Ikastetxeen gizarte-hezkuntzako egoera (25 puntu gehienez).

Proiektuan biltzen diren ikastetxeetan matrikulatutako ikasle behartsuen ehunekoa.

–%65 edo gehiago (15 puntu).

–%41 eta %65 artean (10 puntu).

–%26 eta %40 artean (5 puntu).

–%11 eta %25 artean (2,5 puntu).

–%10etik behera (0 puntu).

15 puntu

Proiektuan biltzen diren ikastetxeetan matrikulatutako ikasleen absentismoaren ehunekoa.

–%5 edo gehiago (10 puntu).

–%2,5 eta %4,9 artean (5 puntu).

–%1 eta %2,4 artean (2,5 puntu).

10 puntu

2. Testuinguruaren azterketa. Proiektuaren helburuak (25 puntu gehienez).

Proiektuan alderdi hauek garatzen dira: testuinguruaren azterketa, esku hartzeko eremuak eta esku hartzeko taldeak, eta badago koerlazioa helburuekin eta ekintzekin.

25 puntu

Proiektuan alderdi hauek garatzen dira: testuinguruaren azterketa eta esku hartzeko eremuak, eta badago koerlazioa helburuekin eta ekintzekin.

20 puntu

Proiektuan testuinguruaren azterketa garatzen da, eta badago koerlazioa helburuekin eta ekintzekin.

15 puntu

Proiektuan helburuak eta ekintzak garatzen dira.

10 puntu

Proiektuan egoeraren azterketa, eremuak eta esku hartzeko taldeak ageri dira.

5 puntu

3. Ebaluazio-adierazle argien ezarpena proiektuaren jarduketa-eremu guztietan (20 puntu gehienez).

Adierazle neurgarriak daude jarduketa-eremu guztietako ekintzetan (eskola, familia eta gizarte-komunitatea).

20 puntu

Adierazle neurgarriak daude bi jarduketa-eremutako ekintzetan (eskola, familia eta gizarte-komunitatea).

15 puntu

Adierazle neurgarriak daude jarduketa-eremu bateko ekintzetan (eskola, familia eta gizarte-komunitatea).

10 puntu

Adierazle neurgaitzak daude jarduketa-eremu bateko ekintzetan (eskola, familia eta gizarte-komunitatea).

5 puntu

4. Gizarte zerbitzuek edo gizarte zerbitzuen mankomunitateak ikastetxeekin koordinaturik aurretik izan diren esperientziak eta egin diren proiektuak (10 puntu gehienez).

6 proiektu edo gehiago.

10 puntu

3 eta 5 proiektu artean.

5 puntu

1 eta 2 proiektu artean.

2,5 puntu

Aurreko deialdietan proiektuak aurkeztu ditu, baina ez du laguntzarik jaso.

1 puntu

5. Proiektua ezartzeko hautagaiak kontratatzea (20 puntu gehienez).

Proiektua eginen duen pertsona izendatzea edo kontratatzea.

–Lanaldi osoa (15 puntu).

–Lanaldi partziala (7,5 puntu).

15 puntu

Urtebeterako kontratua (2023ko irailaren 1etik 2024ko abuztuaren 31ra arte), lehen kontratua denean izan ezean.

5 puntu

(*) Ikastetxeak bi eredu baditu (A-G eta D) eta batean bakarrik aurkeztu nahi badu deialdira, inguruabar hori aipatu beharko du eskaera-orrian.

V. eranskina.–Justifikazio teknikoa (deskargatu XLSX).

Iragarkiaren kodea: F2314009