1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.3. Foru Aginduak
21/2023 FORU AGINDUA, irailaren 26koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, zeinaren bidez aldatzen baita uztailaren 11ko 255/2006 Foru Agindua, Aria, Aribe, Orbaizeta eta Itzaltzuko udalerriak sartzeko hazitarako patata ekoizteko Pirinioetako eskualdean.
Nafarroak, bere foru araubideari esker, eskumen esklusiboa du nekazaritza eta abeltzaintza gaietan, ekonomiaren antolamendu orokorrarekin bat, hala ezarrita baitago Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 50.1.a) artikuluan.
Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurako kontseilariaren uztailaren 11ko 255/2006 Foru Aginduaren bidez onetsi egin zen Nafarroako Foru Komunitatean hazitarako patata ekoizteko araudia.
Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren apirilaren 25eko 101/2019 Foru Aginduaren bidez, uztailaren 11ko 255/2006 Foru Agindua aldatu zen, eta ezarri ziren gaur egun hazitarako patata ekoizteko baimenduta dauden eskualdeak.
Pirinioetako nekazariek Aezkoako eta Zaraitzuko udalerrietan hazitarako patata ekoizteko interesa agertu dute, baina, gaur egun, udalerri horiek ez daude hazitarako patata ekoiztea baimenduta dagoen eskualdean.
Ikusirik eremu horretan badagoela hizpide dugun jarduera garatzeko interesa, eta ikusirik, era berean, Nekazaritza Zerbitzuaren aldeko txostena.
Bidezkoa da, beraz, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurako kontseilariaren uztailaren 11ko 255/2006 Foru Agindua aldatzea, Aria, Aribe, Orbaizeta eta Itzaltzuko udalerriak sartzeko. Foru agindu horren bidez, Nafarroako Foru Komunitatean hazitarako patata ekoizteko araudia onetsi zen.
Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1.g) artikuluarekin bat,
AGINTZEN DUT:
Artikulu bakarra.–Nafarroako Foru Komunitatean hazitarako patataren ekoizpena arautzen duen uztailaren 11ko 255/2006 Foru Agindua aldatzea.
1. Uztailaren 11ko 255/2006 Foru Aginduaren 2. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita geldituko da:
"2. Ekoizpen eskualdeak.
Nafarroan hazitarako patata ekoizteko baimena duten eskualdeak eta haietako bakoitzean sartuta dauden udalerriak hauek dira:
–Pirinio aldea: Abaurregaina; Abaurrepea; Aria; Aribe; Auritz; Aurizberri; Espartza Zaraitzu; Ezkaroze; 18., 10., 9. eta 2. fazeriak; Garaioa; Garralda; Hiriberri; Itzaltzu; Jaurrieta; Otsagabia; Orbaizeta; Orbara; Orontze eta Orreaga.
–Kodes aldea: Cabredo, Genevilla, Marañón, Murieta, Antzin eta Mendaza.
–Izarbeibar aldea: Adios, Añorbe, Eneritz, Legarda, Muruzabal, Obanos, Gares, Tirapu, Ukar eta Uterga.
–Sakana aldea: Irañeta.
–Pirinio aldea eskualde itxi deklaratzen da, eta debekaturik dago beste mota bateko patatak ekoiztea.
–Kodes, Izarbeibar eta Sakana aldeak eskualde ireki deklaratzen dira, eta baimendurik dago kontsumorako patatak ekoiztea, I. eranskinean adierazten diren baldintzetan.
Dena dela, eskualde guztietan autokontsumorako patata hazten ahalko da, II. eranskinean adierazitako baldintzetan.
Kontsumorako eta autokontsumorako patata ekoizteko, labore-adierazpena aurkeztu beharko da, III. eranskinean ageri den ereduari jarraikiz".
Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera aplikatuko da.
Iruñean, 2023ko irailaren 26an.–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, José María Aierdi Fernández de Barrena.
Iragarkiaren kodea: F2313736