211. ALDIZKARIA - 2023ko urriaren 10a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

NABAZKO KONTZEJUA

Ordenantza, herri-ondasunen aprobetxamendua arautzen duena. Behin betiko onespena

Nabazko Kontzejuko Auzo Batzarrak, 2023ko abuztuaren 8an, hasiera batez onetsi zuen Herri-ondasunen aprobetxamendua arautzen duen ordenantza.

Hasierako onespen hori argitara eman zen 2023ko 169. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abuztuaren 17an. Jendaurreko aldia iragan da inork alegaziorik egin gabe, eta, hala, aipatutako ordenantza behin betiko onesten da, eta argitaratzeko agintzen, behar diren ondorioak izan ditzan; hori dena, jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea), zeina aldatu baitzen maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legearen bidez.

Nabatzen, 2023ko urriaren 2an.–Kontzejuko burua, Juan Miguel Ollo Idoate.

I. TITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da Nabazko Kontzejuaren herri-ondasunen administrazioa, xedapen egintzak, defentsa, berreskurapena eta aprobetxamendua erregulatzen dituzten arauak ezartzea.

2. artikulua. Herri-ondasunak dira herritar guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua. Herri-ondasunak dira besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak, eta ez dute tributurik izanen beren gain.

Ez da aldaketarik izanen haien izaeran eta tratamendu juridikoan, edozein dela ere haiek aprobetxatzeko edo erabiltzeko era.

4. artikulua. Herri-ondasunen gaineko arauak hauek dira: uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea, Toki Administrazioari buruzkoa, eta haren erregelamenduzko xedapenak; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herri-lurren ordenantza hau eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, galarazi gabe xedatzen dena Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoan, zehazki 40. artikuluko hirugarren apartatuan.

II. TITULUA.–ADMINISTRAZIOA ETA XEDAPEN EGINTZAK

5. artikulua. Nabazko Kontzejuari dagozkio herri-ondasunen gainean xedatzeko, administratzeko, aprobetxamendu-araubidea ezartzeko eta antolatzeko ahalmenak, ordenantza honetan xedatzen den moduan.

Herri-ondasunen arloan Nabazko Kontzejuak hartzen dituen erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Herri-ondasunei buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.

6. artikulua. Lurzati txikiak saltzeko edo trukatzeko desafektazioa egiteko, Nafarroako Gobernuak deklaratu beharko du onura publikoa edo soziala, eta, hori egin baino lehen, Nabazko Kontzejuak justifikatu beharko du dagoen asmoa ezin dela lortu beste bide batzuen bitartez, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek izanen baitira lehentasuneko aukerak.

Herri-ondasunak desafektatu ondoren, beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula bat jasoko da betiere, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertzen edo betetzen ez diren kasuetarako.

Itzuli beharra gertatzen bada, lur horiek Nabazko Kontzejuaren ondarera itzuliko dira, herri-ondasun gisa.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 140. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiko zaio.

III. TITULUA.–HERRI-ONDASUNAK DEFENDATU ETA BERRESKURATZEA

7. artikulua. Nabazko Kontzejua ahaleginduko da herri-ondasunak zaintzen, defendatzen, berreskuratzen eta hobetzen, eta kontra eginen dio edozein pribatizazio saiori, edo herri-ondasunetarako kaltegarri izan daitekeen edozein ekintzari.

8. artikulua. Nabazko Kontzejuak berez eta noiznahi berreskuratzen ahalko du herri-ondasunen jabetza, aldez aurretik legelariaren txostena ikusita eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezkoa denean, akzio zibilak sustatuko dira, herri-ondasunak berreskuratzeko eta defendatzeko.

9. artikulua. Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Nabazko Kontzejuak Nafarroako Gobernuari, lursailen immatrikulazioa edo herri-lurrekin mugakide diren lursailen gehiegizko hedadura direla eta. Komunikazio horien gaineko erabakia hartu beharko du Kontzejuak.

10. artikulua. Nabazko Kontzejuak Nafarroako Gobernuaren aldez aurreko eta berariazko onespena beharko du, ondasunak herri-ondarerako berreskuratzearren transakziorik egin nahi izanez gero.

11. artikulua. Baimena, emakida edo beste zernahi bide dela-eta herri-ondasunen gainean sortu diren eskubideak iraungitzeko, eta haiek ekarritako okupazioak ere iraungitzeko, Nabazko Kontzejuak administrazio bidea erabiliko du beti, ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.

12. artikulua. Nabazko Kontzejuak interpretatuko ditu herri-ondasunei buruzko kontratuak, haietan partaide denean, eta ebatziko ditu horiek betetzeaz sortzen diren zalantzak.

Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala betearaziko dira, horrek galarazi gabe kontratistek duten eskubidea bide jurisdikzionalean behar den deklarazioa lortzeko.

13. artikulua. Nabazko Kontzejuak herri-ondasunak defendatzeko bidezko diren akzioak sustatzen ez dituenean, posible izanen da auzotarren akzioa, horretarako ezartzen den eran. Akzio horrek aurrera eginez gero, sortu diren gastuak itzuli beharko dizkie Nabazko Kontzejuak auzotarrei.

IV. TITULUA.–HERRI-LURRETAKO ONDASUNEN APROBETXAMENDUA

I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

14. artikulua. Hauek dira ordenantza honek arautzen dituen aprobetxamenduak:

a) Herri-lurzatien aprobetxamenduak.

b) Herri-larreen aprobetxamendua.

c) Herri-lurretako beste aprobetxamendu batzuk.

15. artikulua. Nabazko Kontzejua ahaleginduko da herri-lurren ekoizpena abian jartzen, hobetzen eta egoki aprobetxatzen, eta duten izaera sozialarekin bateragarri eginen du hori guztia.

16. artikulua. Oro har, Nabazko herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia-unitateetako titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusia izatea, edo adingabe emantzipatua edo judizialki gaitua.

b) Txulapaingo Udalaren biztanle erroldan bizilagun gisa inskribaturik egotea hiru urteko antzinatasunez.

c) Kontzejuan gutxienez urtebete jarraian eta egiazki bizitzea.

d) Kontzeju honekiko zerga betebeharrak egunean izatea.

17. artikulua. Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia-unitateko kidetzat.

II. KAPITULUA.–HERRI-LURREN APROBETXAMENDUA

18. artikulua. Herri-lurretako larreen aprobetxamendua zuzenean adjudikatuko zaie ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateetako bizilagun titularrei.

19. artikulua. Nabazko Kontzejuak kanon bat ezarriko du erregu edo finka bakoitzeko, aprobetxamenduaren hasieran zehaztuko dena.

Kanona ez da izanen antzeko lurrak errentan emateko eskualdean dabiltzan prezioen ehuneko laurogeita hamar baino gutxiago.

Ordenantza honetan ezarririko kuotak aldatzen ahalko dira Kontzejuak egoki deritzonean, teknikari eskudun batek balorazioa egin ondoren herri-lurren balio errealari buruz eta egiten diren azpiegitura edo hobekuntzak amortizatzeko kostuari buruz, halakoak egiten direnean. Hurrengo kontratua sinatu baino lehen aldatuko dira kuotak, betiere. Kanona izanen da beti balio erreal horren %80tik %90era bitartekoa, 6/1990 Foru Legearen 150. artikuluari jarraikiz.

20. artikulua. Herri-lurrak aprobetxatzeko epea hamar urtekoa izanen da.

21. artikulua. Nabazko Kontzejuak ezarriko du onuradun bakoitzari adjudikatuko zaion larre-azalera, kontuan harturik herri-lurrek zenbaterainoko aukera ematen duten.

22. artikulua. Onuradunek herri-lurrak ezin izanen dituzte erabili, Kontzejuaren aldez aurreko baimena izan ezean, adjudikaziokoak ez diren beste aprobetxamendu batzuetarako, hala nola artoa edo soja hazteko, berotegiak jartzeko eta abar.

23. artikulua. Adjudikaturiko herri-lurretan itxiturak egiteko, beharrezkoa izanen da Nabazko Kontzejuaren baimena. Debeku da itxiturak egitea fabrika-obraz, adreiluz edo hormigoi-blokez.

24. artikulua. Ezin izanen da trukatu herri-lurren aprobetxamendua onuradunen artean, interesdunek ez baldin badute aldez aurretik eskatzen eta Kontzejuak ez badu baimenik ematen.

25. artikulua. Herri-lurren aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki eginen da, eta debeku dira azpierrentamendua zein lagapena.

26. artikulua. Nahitaezko baldintza izanen da urtean behin, gutxienez, ebakitzea eta ongarritzea. Baliabide mekanikoak erabiliz eginen da ebaketa, azienda bazkan ibili bada ere.

27. artikulua. Lurzatien errentariaren kontura izanen da konpontzea atakak, itxiturak eta elementu propioak.

Mendiko larreen aprobetxamendua

28. artikulua. Herri-larreetan bazkatzen den aziendak ziurtagiria beharko du, frogatzeko betetzen direla maiatzaren 4ko 5/1984 Foru Legearen 1. artikuluan eskatzen diren baldintzak (Herri-larreetan bazkatzen diren azienden osasun babesari buruzko Foru Legea), eta bete beharko dira lege horretan nahiz haren erregelamenduetan ezarritako gainerako baldintza guztiak.

29. artikulua. Debeku da zerri-azienda larrean bazkatzea.

30. artikulua. Nabazko Kontzejuak urtero ezarriko du aurrekontu arruntean larreen onuradunek ordaindu beharreko kanona, azienda mota bakoitzari eta larratze eremu bakoitzari dagokionez.

Etxerako egurraren aprobetxamendua

31. artikulua. Mendian aski izan eta, Nafarroako Gobernuak baimendu ondoren, Nabazko Kontzejuak epaitzak banatuko dizkie ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateei, b) apartatuan ezarritakoa izan ezik, kasu honetan urtebeteko antzinatasuna eskatuko baita.

Horretarako, basogintzako administrazioak epaitzak seinalatuko ditu, jasotako eskabide kopuruaren arabera, eta adjudikazioa interesdunen artean zozkatuko da.

32. artikulua. Nabazko Kontzejuak urtero ezarriko du familia-unitateei adjudikatu beharreko epaitzen bolumena, mendian dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada, eten eginen da aprobetxamendu hori, Kontzejuari egoki iruditzen zaion denborarako.

33. artikulua. Epaitzak zuzenean erabili beharko dira, eta onuradunak ez du zilegi izanen saltzea.

Epaitzako aprobetxamenduko egurra ateratzeko epea izanen da entregatzeko egunetik urte bereko abenduaren 31ra arte, eta betiere gutxienez 4 hilabetekoa izanen da. Kontzejuak, klimatologia dela eta, badu eskubidea epe hori luzatzeko, bai eta epaitzak entregatzeko eguna aldatzeko eta egoki iruditzen zaizkion beste aldaketa batzuk egiteko ere. Epealdi hori iraganik, epaitzak egiaztatuko dira. Kontzejuak zehapena ezarriko du aprobetxamendurik ez egiteagatik edo zati batean soilik egiteagatik.

34. artikulua. Kontzejuak ez du kanonik ezarriko epaitzen aprobetxamendurako, baina hori urtero aldatzen ahal du Kontzejuak aurrekontu arruntean.

35. artikulua. Onuradunak beharturik egonen dira hondarrak biltzera eta metatzera, egurra eraman eta gero; betiere, hondar horiek ezin izanen dira pilatu bideetan, mendiko pistetan edo pasabidea ixten duten beste toki batzuetan. Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei bi urtez ukatuko zaie aprobetxamendu hau.

36. artikulua. Epaitzan seinalatutako zuhaitz guztiak aprobetxatuko dira. Epaitza behar bezala aprobetxatzeko, markatuta ez dagoen zuhaitzen bat bota behar bada, kontsulta eginen zaie Nafarroako Gobernuko basogintzako administrazioari edo Kontzejuan lan horretaz arduratzen diren langileei. Kontzejuaren adostasuna beharko da, ez bada zehapenik nahi.

37. artikulua. Epaitzaren eskaera urtero eginen da. Lehenik eta behin, aztertuko da aurreko urteko epaitzen nondik norakoa, eta dagozkien herritarrei zehapenak aplikatuko zaizkie, bidezko bada. Eskaeren eta dagoen egurraren arabera markatuko dira epaitzak mendian. Gerora, jaso diren eskaeren artean zozketatuko dira.

38. artikulua. Erabat debekatuta dago zaborra, bidoiak edo edonolako hondakinak mendian uztea.

V. TITULUA.–HERRI-LURRETAKO BESTELAKO APROBETXAMENDUAK

39. artikulua. Ehiza barrutiak eratu baldin badira herri-lurrak sartuz, hango ehizaren aprobetxamendua eginen da jarraikiz 1981eko martxoaren 17an Nafarroako Foru Parlamentuak emaniko Arauari eta xedapen osagarriei.

40. artikulua. Nabazko Kontzejuak kasu bakoitzerako prestatzen dituen baldintza-agirien arabera eginen da ondareko uren emakida, herri-lurren okupazioa, herri-lurretako harrobien ustiapena eta herri-lurretan egin nahi den beste aprobetxamendu edo hobekuntza oro. Gainera, jendaurrean eduki beharko dira hamabost egunez gutxienez, eta Nafarroako Gobernuak onespena eman beharko du.

VI. TITULUA.–ADJUDIKAZIORAKO PROZEDURA

41. artikulua. Kontzejuaren erabakiaren ondotik eta iragarki-taulan ediktua argitaratuta, hamabost eguneko epea irekiko da, eskabidea aurkez dezaten herri-lurretako aprobetxamenduetarako eskubidea dutela uste dutenek.

42. artikulua. Aprobetxamendu eskabideei erantsiko zaie honako hauen gaineko zinpeko deklarazioa:

a) Kontzejuko bizilaguna izatea, gutxienez hiru urteko antzinatasunez, eta Kontzejuan urtebetean bederen bizitzea.

b) Familia-unitatea osatzen duten kideen kopurua, familia-liburuaren fotokopia erantsirik.

c) Eskatzaileak egunean izatea kontzeju honekin dituen zerga betebeharrak.

Zinpeko deklarazioa egiaztatzeko, Nabazko Kontzejuak ahalmena izanen du beharrezkoak iruditzen zaizkion agiriak eskatzeko, errenta mailak egiaztatu beharrez.

43. artikulua. Eskaerak ikusita, Kontzejuak aprobetxamendu bakoitzean onartutakoen zerrenda onetsiko du behin-behinekoz, aprobetxamendu tokia edo lotea adierazita.

44. artikulua. Kontzeju honen iragarki-taulan jarriko da jendaurrean behin-behineko zerrenda, hamabost egun balioduneko epean, alegazioak egin ahal izateko. Alegaziorik aurkezten ez bada, behin-behineko zerrendak behin betiko bihurtuko dira.

45. artikulua. Alegazioak eta zuzendu beharreko akatsak egonez gero, Kontzejuak haien gaineko ebazpena emanen du, eta aprobetxamenduetarako behin betiko bizilagun zerrendak onetsiko ditu, aprobetxamendu tokiak edo loteak adierazita.

VII. TITULUA.–ARAU-HAUSTE ETA ZEHAPENAK

46. artikulua. Honako egitate hauek hartzen dira arau-hauste administratibotzat:

a) Aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

Herri-lurren aprobetxamenduan: aprobetxamendu horretarako eskubidea galtzea hiru urterako.

Etxerako egurraren aprobetxamenduan: hartarako eskubidea urtebetean galtzea, baldin aprobetxamendua zati batean soilik egiten bada, eta hiru urtean galtzea, gehiegizko aprobetxamendua egiten bada. Gainera, isun ekonomikoa ere ezartzen ahal da, epaitzaren balorazioa halako 5ekoa.

b) Ez betetzea Herri-larreetan bazkatzen den Aziendaren Osasuna Zaintzeari buruzko Foru Legea eta hori garatzen duen Erregelamendua.

c) Aprobetxamenduen kanonak ez ordaintzea Kontzejuak ezarritako epeetan.

Halakoetan, hilabeteko epea emanen da %20ko errekarguarekin ordaintzeko. Epe horretan ordaindu ezean, aprobetxamendurako eskubidea galduko da.

Horren ondorioetarako, gordailuzainak zordunen idatzizko zerrenda bat aurkeztuko du, bai borondatez ordaintzeko aldiaren bukaeran, bai errekarguarekin ordaintzeko epearen bukaeran.

d) Nabarmen gaizki egitea edo osorik ez egitea bizilagunentzako aprobetxamendua, kasuan kasukoa.

Etxerako egurraren aprobetxamenduan: hartarako eskubidea urtebetean galtzea, baldin aprobetxamendua zati batean soilik egiten bada, eta hiru urtean galtzea, gehiegizko aprobetxamendua egiten bada. Gainera, isun ekonomikoa ezartzen ahal da, epaitzaren balorazioa halako 5 bitartekoa.

e) Zertarako adjudikatzen den herri-lurra, beste zerbaitetarako erabiltzea.

f) Lursailak urtean behin gutxienez ez ebakitzea eta ongarritzea.

g) Animalia hilak lurperatu gabe uztea.

h) Herri-lurretan zaborra eta bestelako hondakinak uztea.

Zabor edo hondakin unitate bakoitzeko 30,00 euro ordaintzea. Zenbateko horiei gehituko zaizkie zaborrak jasotzearen ondoriozko gastuak (araua hautsi duen titularraren kargura, osorik) eta sortutako kalte-galeren ordaina.

Ordenantza honetan xedatuta dagoena urratzen duten edo herri jabetzetan kalteak edo gehiegikeriak ekartzen dituzten beste egitate edo ekintza guztiei, bai eta zehapena ekartzen duten ekintza guztiei ere, aplikatzen ahalko zaie Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 178. artikulua; zehazki:

–Zehapenak izanen dira produktuen balioa halako bost eta hamar bitartekoak. Ezin denean kalkulatu aprobetxatu denaren balioa edo sortutako kaltearen balioa, zehapena izanen da 60 eurotik 12.000,02 eurora bitartekoa.

–Arestian xedatu dena gorabehera, kalteak ordaindu egin beharko dira eta erantzukizunei aurre egin beharko zaie, halakoak daudenean; halaber, bidezkoa bada, konfiskatuko dira legez kanpo lortu diren produktuak eta arau-haustean erabili diren bitartekoak edo tresnak.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Bakarra.–Ordenantza hau indarrean jartzen denetik, indargabetu eginen dira, baliorik eta ondoriorik batere gabe utzirik, kontra egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen edo ordenantzak oro.

AZKEN XEDAPENA

Bakarra.–Ordenantza hau indarrean jarriko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutakoan.

Iragarkiaren kodea: L2314103