211. ALDIZKARIA - 2023ko urriaren 10a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ZIZUR

Udalaren erregelamendu organikoa, bitarteko elektronikoak erabiltzeari buruzkoa. Onespena

Zizur Zendeako Udalak, 2023ko irailaren 20an egin bilkuran, onetsi zuen Bitarteko elektronikoak erabiltzeari buruzko udalaren erregelamendu organikoa, eta agindu zuen argitara zedila Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Gazolatzen, 2023ko irailaren 22an.–Alkatea, Rafael Ansó Ansó.

ERREGELAMENDUA, ZIZUR ZENDEAKO UDALEAN BITARTEKO ELEKTRONIKOAK ERABILTZEARI BURUZKOA, HAREN BARNE JARDUERARI BEREZIKI LOTUTAKO ZENBAIT KOLEKTIBORENTZAT

I

Administrazioak administrazio elektroniko bihurtu behar du, bereziki ekainaren 22ko 11/2007 Legea indarrean jarri zenetik (Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa izateari buruzko Legea), lege horren zioen azalpenean berean nabarmentzen denez.

Izan ere, lege horrek herritarren eskubidetzat eta, horren ondorioz, administrazioen betebehartzat jotzen du administrazio publikoekiko harremanak bitarteko elektronikoen bidez egin ahal izatea.

Udalaren barne funtzionamendurako, teknologia berriek hobetzeko aukerak dakartzate (efizientzia eta kostuen beheititzea), eta, horrenbestez, saihetsezina da izapidetze elektronikoa egiteko bideak aintzat hartzea. Eta, Udalaren barne jarduerari dagokionez, ezinbestekoa da hura ezartzea, pixkanaka-pixkanaka hedatzearen arrakasta udal jardueraren beraren mende egonen baita, neurri handi batean.

Administrazioarekiko harreman elektronikoaren nahitaezkotasuna ekarri zuen 39/2015 Legeak, bai eta aipatu den 11/2007 Legeak ere, zehazki interesdunak pertsona juridikoak direnean, edo pertsona fisiko jakin batzuk, gaitasun ekonomiko edo teknikoagatik, jardun profesionalagatik edo beste arrazoiren batengatik, behar diren bitarteko elektronikoez baliatzeko aukera dutenak. 14.3 artikuluan xedatzen da administrazioek badutela aukera betebeharra duten subjektuen esparrua zabaltzeko, erregelamendu bidez.

Eta, bestalde, urriaren 1eko 40/2015 Legeak ere (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa) garrantzi handiko aurrerapena ekarri zuen, ezarri baitzuen urruneko bitarteko telematiko edo elektronikoak baliatzen ahalko zirela kide anitzeko organoak eratzeko eta horiek bilkurak egin, erabakiak hartu eta aktak bidaltzeko.

II

Erregelamendu hau onetsi da erregelamenduak egiteko eta nork bere burua antolatzeko ahalei helduz, ahalok 39/2015 Legearen 128. artikuluan biltzen baitira, behar den esparrua eratzeko helburuz, administrazio elektronikoaren ezarpenean eta garapenean aurrera egin ahal izateko Zizur Zendeako Udalaren eremuan.

Urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikuluan (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea), administrazio publikoekin harreman elektronikoa izateko eskubidea eta betebeharra arautzen da, eta 3. apartatuak xedatzen du, erregelamendu bidez, administrazioek ezartzen ahalko dutela haiekin harremana nahitaez bitarteko elektronikoz izan beharra zenbait prozeduratarako eta pertsona fisikoen arteko zenbait multzorentzat, haien ahalmen ekonomikoagatik, gaitasun teknikoagatik, dedikazio profesionalagatik edo bestelako arrazoiengatik egiaztaturik badago behar diren bitarteko elektronikoez baliatzeko aukera badutela.

Horrela, besteak beste, bi multzo handi ezartzen dira: batetik, Udalbatzako kideek Udalarekin harremanak elektronikoki izateko nahitaezkotasuna, eta erakunde honetako kide anitzeko organoek bitarteko elektroniko eta telematikoak erabiltzeko beharra.

Hori guztia, bermatuz premiaren, efikaziaren, proportzionaltasunaren, segurtasun juridikoaren, gardentasunaren eta efizientziaren printzipioak, karga administratibo gehiagorik sartu gabe, baliabide publikoen kudeaketa efizienteagoa ahalbideturik.

Erregelamendu hau artikulatu da babes harturik erregelamenduak egiteko eta nork bere burua antolatzeko ahalak, horiek aitortzen baitira apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 4.1 artikuluan (Toki-araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legea) eta urriaren 1eko 39/2015 Legearen 128.1 artikuluan (Herri-administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea), eta haren garapenaren helburua da behar den esparrua izatea, administrazio elektronikoaren ezarpenean eta garapenean aurrera egiten segitu ahal izateko Zizur Zendeako Udalaren eremuan. Hala, aurrerapauso bat da administrazio elektronikoaren ezarpenean, izan behar baita, oroz gainetik, irisgarria, erraza, erabilgarria, erosoa, arina, segurua, konfidentziala, elkarreragingarria eta teknologia-ingurune berriei egokitua.

III

Erregelamendu hau onesteko prozedura da Foru Legearen 325. artikuluan ezarririk dagoena, kontuan izanik toki-erakundearen antolaketari bakarrik eragiten dion arauketa bat dela.

Erregelamendu honen onespena bat dator erregulazio onaren printzipioekin, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 129. artikuluan jaso bezala. Horiek horrela, arauak betetzen ditu premiaren, efikaziaren, proportzionaltasunaren, segurtasun juridikoaren, gardentasunaren eta efizientziaren printzipioak, koherentea da ordenamendu juridikoarekin, ez du sartzen karga administratibo gehiagorik eta baliabide publikoen kudeaketa efizienteagoa ahalbidetzen du.

Era berean, udal arau honek hasiera ematen dio Zizur Zendeako Udalak ekin beharreko arau-aldaketari, bere ordenantza eta erregelamenduak egokitzeko teknologiaren eta arauen aldetik dauden ingurune berriei.

1. artikulua. Erregelamenduaren xedea.

1.–Erregelamendu honen xedea da bitarteko elektroniko eta telematikoak aplikatu eta erabiltzea zenbait kolektiborentzat (urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.3 artikuluak ahalbidetzen duen bezala), horiek Zizur Zendeako Udalarekin izaten dituzten harremanetan, indarreko arauek ezarri bezala, ezertan eragotzi gabe arauok zehazturiko subjektuentzat xedatzen duten nahitaezkotasuna, bitarteko elektroniko eta telematikoak erabiltzeko.

2.–Horretarako, erregelamendu honek arautzen du zer baldintza eta ondorio juridiko dituen informazioaren teknologiak erabiltzeak Udalaren barne funtzionamenduan.

2. artikulua. Aplikazio-eremua.

1.–Erregelamendu hau Zizur Zendeako Udalari aplikatuko zaio.

2.–Zizur Zendeako Udalak zerbitzu elektronikoetarako sarbidea bermatuko die erregelamendu honen 3. artikuluan adierazitako subjektuei, arlo honetan indarrean diren arauek xedatutakoarekin bat.

3. artikulua. Zenbait kolektibok bitarteko elektronikoak nahitaez erabili beharra.

Zizur Zendeako Udalarekiko harremanetan, nahitaezkoa izanen dute bitarteko elektroniko eta telematikoak erabiltzea udal honetako kide anitzeko organoetan parte hartzen duten udalkide guztiek, beren kargua dela-eta egiten dituzten izapide eta jarduketetarako.

Udalkideek harreman elektronikoa nahitaez erabiltzeko duten betebehar hori hedatzen da honako hauetan –udalkide gisa– parte hartzera: Udalari loturiko edo haren mendeko erakunde publiko eta pribatuak, merkataritza-sozietateak eta zuzenbide publiko eta pribatuko beste erakunde batzuk.

4. artikulua. Udalaren kudeaketa elektronikorako plataforma.

4.1.–Deialdien komunikazioak eta jakinarazpenak modu elektronikoz eginen zaizkie udalkideei, jakinarazpena eskuragarri jarri izanaren abisua bidaliz posta elektronikora eta/edo, mezu bidez, emandako telefono-zenbakira.

4.2.–Ulertuko da deialdia egina dela eskuragarri dagoen unetik beretik, baldin eta erabili bada eskuragarri jarri izana jasota uzteko aukera ematen duen edozein bitarteko.

Azken xedapen bakarra.–Indarrean jartzea.

Erregelamendu hau indarrean jarriko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean, eta hala egonen da berariaz aldatu edo indargabetu arte.

Iragarkiaren kodea: L2313740