210. ALDIZKARIA - 2023ko urriaren 9a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ZANGOZA

Tokiko Gobernu Batzarreko kideen izendapena eta Alkatetzaren eskudantziak eskuordetzea

Zangozako Udaleko alkateak, 2023ko uztailaren 20an, honako ebazpen hau eman du:

Zangozako Udalak, 2023ko ekainaren 29an egin osoko bilkuran, Gobernu Batzarra eratzea erabaki zuen. Legez –bereziki Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 23. artikuluan eta Toki Entitateen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamendua onetsi zuen azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretuaren 52. eta 112. artikuluetan xedatuari jarraikiz– esleituak ditudan eskudantziak erabiliz, honako hau,

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Honako zinegotzi hauek Tokiko Gobernu Batzarreko kide izendatzea:

–Marta Tiebas Lacasa.

–Miguel Erdozain Larrañaga.

–José Félix Ojer Plano.

Bigarrena.–Xedatzea Tokiko Gobernu Batzarraren ohiko bilkurak eginen direla hamabostean behin Zangozako udaletxean.

Hirugarrena.–Tokiko Gobernu Batzarraren esku uztea ondotik zehazten diren eskumenak:

A) Langileria.

1. Lan publikoaren eskaintza onestea.

2. Langileak hautatzeko eta lanpostuak betetzeko oinarriak onestea.

B) Hirigintza.

1. Planeamendu orokorra garatzeko planeamendu-tresnen hasierako onespena, Osoko Bilkurari berariaz ez badagozkio (plan partzialak, plan bereziak, xehetasun-azterketak).

2. Hirigintza kudeatzeko tresnak onestea (konpentsazio, birpartzelazio eta desjabetze proiektuak).

3. Urbanizazio proiektuak onestea.

4. Betearazpen aginduak eta kontraesaneko aurri-adierazpenak (betearazpen subsidiarioa barne).

5. Hirigintzako legezkotasunaren babesa eta berrezarpena.

6. Hirigintzako araudia ez betetzeagatiko zehapenak.

7. Kudeaketarako hirigintza hitzarmenak onestea.

8. Lizentziak ematea, lege sektorialek eskumen hori berariaz Osoko Bilkuraren esku uzten duenean izan ezik.

C) Ingurumena.

1. Ingurumenaren arloko legezkotasuna berrezartzea, jarduera sailkaturako udal lizentzia behar duten jardueretan.

2. Ingurumenaren arloko araudia ez betetzeagatiko zehapenak.

D) Kontratazio administratiboa.

1. Obra, zerbitzu eta horniduren kontratazioak eta mota guztietako kontzesioak, haien zenbatekoak gainditzen ez duenean aurrekontuaren baliabide arrunten ehuneko 10.

2. Zerbitzuen eta obren proiektuak onestea, haien kontratazio edo kontzesiorako eskumena duenean eta aurrekontuan sartuta daudenean.

E) Udalaren ondarea.

1. Ondasunak eta eskubideak eskuratzea, haien balioa aurrekontuko baliabide arrunten %10 baino gehiago ez bada eta, betiere, 3 milioi euro gainditu gabe, bai eta ondarearen besterentzea ere, ehuneko edo zenbateko hori gainditzen ez bada, kasu hauetan:

a) Ondasun higiezinak, betiere aurrekontuan aurreikusia badago.

b) Ondasun higigarriak, balio historiko edo artistikoaren deklarazioa dutenak izan ezik, haiek besterentzea aurrekontuan aurreikusia ez badago.

2. Ondare ondasunen kostu bidezko erabilera.

3. Udal ondasunei eginiko kalteengatik sortutako erreklamazioei buruzko espedienteak.

F) Ogasuna.

1. Diruzaintzako eragiketak hitzartzea, unean uneko eragiketa bizien zenbateko metatuak ez badu gainditzen aurreko ekitaldian likidatutako diru-sarrera arrunten %15.

2. Aurrekontu-aldaketak onestea, Alkatetzaren eskumenekoak badira.

G) Ondare erantzukizuna.

1. Ondare erantzukizuneko erreklamazioak ebaztea.

H) Dirulaguntzak.

1. Dirulaguntza deialdiak onestea, Osoko Bilkuraren eskumen ez direnean, eta haiek ebaztea.

Laugarrena.–Ebazpen hau izendatuei jakinaraztea, adieraz dezaten karguak onartzen dituzten ala ez.

Bosgarrena.–Aipatutako izendapenen iragarkia igortzea Nafarroako Aldizkari Ofizialera, argitara dadin, eta Udalaren iragarki-taulan ikusgai jartzea.

Seigarrena.–Udalbatzari ebazpen honen berri ematea, egiten duen hurrengo osoko bilkuran.

Zazpigarrena.–Izendapenak indarrean jarriko dira ebazpen honen dataren biharamunean.

Zortzigarrena.–Aditzera ematea Alkatetzak beregana ditzakeela eskuordetutako eskumenak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 14. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Zangozan, 2023ko irailaren 27an.–Alkatea, Javier Solozábal Amorena.

Iragarkiaren kodea: L2314018